2023/05/11

B2.2 maila: GOIZEKO TALDEAren 51. eskola (maiatzaren 9koa) eta ARRATSALDEKO TALDEAren 52.a (maiatzaren 10ekoa)

 

Goizekoen 51. eskola (maiatzak 9) eta Arratsaldekoen 52.a (maiatzak 10)

-     Goizeko taldean: Urtero, maiatzeko lehenengo igandean, Amaren Eguna ospatzen da. Horren harira, idatziaren ulermena lantzeko bidali nien jarduera zuzendu dugu, Ama izenekoa. Honako oharrok egin dizkiet (eurei kopia bana eman diet):

o   Miretsi (“admirar”) > miresgarria: mirestea merezi duena (“admirable”); mirespena: (“admiración”)

o   Miretsi = goraipatu = laudoriotu (laudorioa: elogio)

o   Leporatu: errua bota edo egotzi.

o   Larre motzean haziak dira” (gutxirekin ohituak)  // “esne-mamitan bizi izan da” (oparotasunean: “en la abundancia”)

o   Bapo jan dut : bete arte jan dut

o   Artoa jorratu, babarruna jorratu, gai bat jorratu: aitzurraz belarrak kentzea da. Baserri giroko aditza da, jatorriz. Baina gaur egun, baserri giroan ez ezik, beste arlo batzuetan ere erabiltzen da, “landu” adierazteko. Gaurko klasean, kausazko perpausak jorratuko ditugu =landuko ditugu. Biharko hitzaldian gai hau jorratuko dut = gai honetaz arituko dira.

o   Potro-jorran zaude: alferkerian zaude.

o   Garoa = iniztorra = iratzea: helecho. Gero eta baserri gutxiagotan ikusten dira egun garo-metak.

o   Hostoa (zuhaitzean dagoena, berdea) > orbela (udazkenean, zuhaitzetik erori eta ihartua, lehortua, marroia)

o   Jo eta ke = buru-belarri. Jo eta ke ari gara euskara ikasten = Buru-belarri ari gara euskara ikasten.

o   Izan ezik (=salbu) (salbuespena adierazten du) // ez ezik …ere (=ez bakarrik…ere) (bi osagai uztartzen ditu) (ez nahastu, badakizue esanahi desberdina dutela).

o   Errieta ematea = errieta egitea (“echar la bronca”), bronka botatzea. Honen antzekoa da “kargu hartzea” (“llamar la atención”): Ikasle bat Dabiden azalpenaren erdian whattsap bat idazten hasi da eta Dabidek kargu hartu dio.

o   Marmar batean = marmarka = marmarrean

-    Goizeko taldean: Joan den egunean NOREN eta NONGO kasuak bereizten irakatsi nien eta etxerako ariketa bat bidali nien, bi kauok bereiz zitzaten. Egin duten galdetu eta balizko zalantzak argitu ditugu.

-    Bi taldeetan: Joan den egunean, ERE lokailuaren arau nagusien berri eman nien, lokailu hau behar bezala erabil dezaten. Gaurkoan, arau horiek laburbildu dizkiet (“ERE lokailuaren urrezko arauak”).

-     Bi taldeetan: Ondoren, Jarri ERE bigarren esaldianderitzon jarduera zuzendu dugu. EREri buruzko teoriako puntu  nagusiak eurenganatzeko oso ariketa egokia delakoan nago. Hainbat esaldi bikote dituzte ariketa honetan eta ikasleek, bigarren osagaia zein den identifikatu ostean, ERE ipini behar izan dute dagokion tokian, bigarren osagaiaren ondo-ondoan, alegia. Kontuan izan behar dute, halaber, ERE justu aditz trinko baten aurrean doanean, honek ezinbestean BA- hartu behar duela eta ERE lokailuak bi aditz lotzen dituenean, 2.a partizipioa izaten dela (inoiz ez aditz jokatua:  ikusi dut ere…) eta derrigorrez indartu egin behar dela bigarrena, EGIN indartzailea erabiliz edo aditza bera errepikatuz:

Atzo dendako erakusleihoan alkandora hura begiz jo (part.)(1. osagaia)  EZ EZIK, erosi (part.)(2. osagaia) ERE EGIN nuen =… erosi (part.)(2. osagaia) ERE EROSI nuen.

Bestalde, aditza denboran zehar jokatzen baldin badugu – zuzendu berri dugun ariketako behealdeko azken biak – aditz denbora aspektua EGIN indartzaileak hartzen du, ERE lokailuaren aurreko aditza beti partizipio forman agertuko baita:

-          Ardiek belarra jaten dute + Ardiek belarra hausnartzen dute.

> Ardiek belarra HAUSNARTU (partizipioa) (2. osagaia) ere EGITEN dute.

= Ardiek belarra HAUSNARTU (partizipioa) (2. osagaia) ere HAUSNARTZEN dute (ohar zaitezte ohiturazko aspektu marka zeinek hartzen duen).

-          Zure semetxoak gauza guztiak begiekin ikusten ditu + ukitzen ditu.

> Zure semetxoak gauza guztiak begiekin ikusi (part.) (1. osagaia) ez ezik, UKITU (partizipioa) (2. osagaia) ere EGITEN ditu.

= UKITU (partizipioa) (2. osagaia) ere UKITZEN ditu.

-          Okinek ogia egingo dute + Okinek ogia salduko dute

> OKINEK OGIA SALDU (partizipioa) (2. osagaia) ere EGINGO dute.

= Okinek ogia SALDU (partizipioa) (2. osagaia) ere SALDUKO dute (ohar zaitezte geroaldiko aspektu marka zeinek hartzen duen).

- Bi taldeetan: Beno, ba… iritsi da ikasturte osoan zehar behin eta berriro hainbat testutan agertuz joan zaigun euskal subjuntiboa ikusteko garaia. SUBJUNTIBERA: Gramatika eta ariketak II 8. eta 9. gaian datorkie. Hasteko, 8. gaian (26-27. orr.), A atalean sarrera dator, baina hor daukaten taula gris hori ezabarazi diet, nahasgarria izan daitekeelakoan. B atalean, euskal subjuntiboa zertarako erabiltzen den azaltzen da. C atalean, nola osatzen diren adizki hauek. D atalean, taulak. Ondoren, liburuko 9. gaian (30 eta 31. orrialdeetan), azalpenerakin jarraitzen du eta euskaraz subjuntibo adizkiek dituzten lau erabilera esparruak azaltzen dira. Dena den, nire apunteak orrialde horiek baino egokiagoak direlako ustean, horiek banatu dizkiet: “Subjuntiboa. Teoria”.

     Hasteko, ohar bitez ahalera / subjuntiboaren arteko aldeaz:  ahalerako adizkiek derrigorrez –KE daramate (etor naiteke, egin dezaket, eraman nazakezu, eros diezaiokegu, hurbil dakiguke…)  Subjuntibokoek, berriz,  -ke horren ordez,  –(e)N daramate, bai orainaldian, bai lehenaldian (etor nadin, egin dezadan, eraman nazazun, eros diezaiogun, hurbil dakigun…). Gainerakoan, ahalerako adizkiak eta subjuntibokoak, formalki nahiko antzekoak dira eta subjuntiboko adizkiek, ahalerakoek bezalaxe, aurrean aditzoina daramate (-i eta  –tu gabe, alegia), salbuespenak salbuespen: etor_ zaitezen, ikus_ ditzadan, hurbil_ dakigun, bidal_ diezazkiogun…).

   Erabilerari dagokionez, Ahalerak zerbait gertatzeko aukera edo posibilitatea edota zerbait egiteko ahalmena edo gaitasuna adierazten du. Subjuntiboak, berriz, zer adierazten du? Zertarako erabiltzen dira subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera esparru dituela.

§  1. Helburuzkoa:

·         Zertarako? galderari erantzuten dio.

·         -T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

·         Amaieran –(e)N darama. 

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun, dezazuen, dezaten)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun, ditzazuen, ditzaten).

Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu eguneratuak eman diezazkiedaN.

Agian, ikasleei erabilerarik ezagunena lehenengoa egingo zaie; izan ere, ikasturtean zehar askotan agertu izan zaigu helburuzko subjuntiboa, helburua edo xedea adierazteko helburuzko esaldietan erabiltzen dena, alegia (“zertarako?” galderari erantzuten diona):

§  2. Nahia edo desioa adierazten duena:

·         Zer? galderari erantzuten dio.

·         Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.

·         -T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.

·         Amaieran –(e)N darama.

 

                        Zuek guztiok azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.

                        Eguberri jai zoriontsuak igaro ditzazuN opa dizut.

 

                                3. Aginduak ematekoa:

o        Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.

o   Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA behingoz, han atzean dauden ikasleak!

 

        4. Zehar-aginduak adieraztekoa:

o   Azpian agindu bat dauka.

o   Esan, eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu…

o   Zer? galderari erantzuten dio.

o   -T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

o   Amaieran –(e)LA darama.

 

                        Dabidek hiztegia erabil dezaguLA aholkatu digu.

                        Irakasleak ikasleei lanean has daitezELA agindu die.

                        Liburutegian ondokoari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot.

Gramatika eta ariketak II liburuko taulei erreparatuz gero, begiratu hutsarekin jabetuko dira ahalera eta subjuntiboa oso antzekoak direla itxura aldetik, baina ahalerak –KE daramala; subjuntiboko adizkiek, berriz,  amaieran -(e)N (orainaldian nahiz lehenaldian). Hau bitxia da, zeren orain arte, aditz batek amaieran  –(e)N baldin bazeukan, lehenaldia zen seinale. Orain, berriz, ikus dezaketenez, subjuntiboko adizkiek orainaldian ere –(e)N daramate (nadin, dakigun, gaitzazuen, diezaiodan…) baina…beti??? Ezzzzzzzz. Batzuetan –(e)LA baitaramate (nadila, dakigula, gaitzazuela, diezaiodala…). Arestian azaldutako lau erabilera horietan argi ikus dezakete noiz bata eta noiz bestea.

-         Goizeko taldean: AHOZKO ADIERAZPENA: Emakumeak…gizonen pare … ala menpe? (2. saioa). Gaiaren inguruko hiztegi lagungarria banatu nien joan den egunean.

HIZTEGI LAGUNGARRIA:

-          Emakumeak harrikatzen dituzte (harrikatu: harriak bota): lapidar

-          Inork ez du auzitan jartzen: auzitan jarri (=zalantzan jarri = dudatan jarri): poner en duda, en entredicho

-          lanaldi jarraia: jornada continua / lanaldi etena: jornada partida.

-          Lanaldi osoa / Lanaldi murriztua (lanaldi erdia, lanaldi   herena…)

-          Haurren kustodia edo zaintza partekatua: custodia compartida

-          Belaunaldia = gizaldia: generación

-          Antzinatasuna: antigüedad

-          Hitzarmena edo ituna: convenio

-          Tolerantea

-          Tolerantzia

-          Esanekoa: obediente, sumisa

-          Aitzindaria = aurrendaria = bide-urratzailea: pioner@, precursor@

-          Iraultzailea: revolucionari@

-          Auzo-lotsa: vergüenza ajena

-          Parekotasuna = parekidetasuna: paridad

-          Lana eta familia uztartzea = bateratzea: conciliar

-    Arratsaldeko taldea: AHOZKO BITARTEKOTZA: Mugikorraren, Interneten eta ordenagailuen erabilera lurraldeka eta Sare sozial nagusiak eta hauen erabilera 15-29 urte arteko gazteen artean. Ikasleak binaka bildu dira. Ondoren, A ikasleak Internet eta mugikorraren nahiz ordenagailuen erabilerari buruzko hiru grafiko azaldu behar izan dizkio B ikasleari. Hiru grafiko hauek lurraldearen, sexuaren  eta biztanleriaren jarduera nahiz helburuaren araberako Internet, mugikor eta ordenagailuaren erabilerari buruzkoak dira.

Jarraian, B ikasleak A ikasleari sare sozial nagusiei eta 15-29 urteko gazteek egiten duten erabilerari buruzko bi grafiko azaldu behar izan dizkio.

-     Arratsaldeko taldea: Bitartekotza jarduera honi ekin aurretik, ehunekoak edo portzentajeak mugagabean deklinatzen direla – salbuespenak salbuespen – adierazi diet: biztanleen %20, %20k, %30ek, %20ri, %30i, %30entzat, %20rentzat… Halaber, grafikoak interpretatzen dituztenean, superlatiboa erabiltzea ohikoa izaten dela adierazi diet eta berau bi modutara erabiltzen dela: erlatibozko batean txertatuta edo erlatibozkorik gabe esaldi sinpleago batean. Idatziz eman dizkiet aholkuok.

-          ETXERAKO LANAK:

-   Goizeko taldean: Presta dezatela bitartekotza fitxa“UEMAko herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat eta Euskararen kaleko erabilera Tolosaldeko herrietan.

-          Bi taldeetan: HAIN / BEZAIN / HAINBESTE / ADINA bereizteko ariketa egina ez badute, egin dezatela

-  Bi taldeetan: Orainaldiko subjuntiboko adizkiak. Liburukoak egin aurretik, neuk prestatu dizkiedan ariketekin hasiko gara: “Orainaldiko subjuntiboa langai”.  Ariketa horietako subjuntibo adizkiei dagokienez:

o   Denak dira orainaldiko subjuntiboa lantzeko ariketak.

o   Lehenengo bietan, NOR sistema praktikatuko dute.

o   Beste bietan, NOR-NORK (baina 3. pertsonak bakarrik jarri ditut, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen direnak baitira).

o   Esaldi bakoitzaren ondoren jar dezatela, parentesi artean, subjuntiboko adizkiak ikusi ditugun lau erabilera horietako zein duen eta, halaber, saia daitezela nominalizazio batekin berridazten. Adib.: “Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbil NADIN” (=”Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbilTZEKO” (1. erabilera, helburuzkoa, “zertarako?” galderari erantzuten diona).

-      Bi taldeetan: ERE lokailua. Gramatika eta ariketak II  liburuko 212-213. orrialdeak irakur ditzatela, nahi izanez gero (E atala izan ezik). Zergatik jarri dut “nahi izanez gero” irakurtzeko? Bada, liburua gutxietsi gabe, nire ustez, nik joan den egunen eta gaur emandako teoria orriak argiagoak eta ulerterrazagoak direlako. Baina agian norbaitek nahiago izango du liburuan nola dagoen azalduta.  Ondoren, egin ditzatela 214-215. orrialdeetako ariketak. Oso ariketa egokiak dira, ERE lokailuaren teoriako urrezko arauak edo punturik garrantzitsuenak agertzen baitira. OHARRAK:

-          3. ariketako 5. esaldian erantzun zuzena ERE da, aditza baitarama. Hau diot, erantzun koadernoan “ere bai” azaltzen delako erantzuntzat. Agian bitxia irudituko zaizue ERE hori esaldi amaieran bera bakarrik joatea eta “BAI” gehitzeko tentaldian eror zaitezkete, baina ez erori, ez ipini “BAI” esaldi horrek badaukalako aditz jokatu bat, baiezko esaldia dela adierazten duena. Beraz, erantzun zuzena ERE da, nahiz esaldi amaieran geratu: Gauza bera esan didate beste lagun guztiek ERE. Bitxia irudituko zaizue, agian, ordena estandarra ez delako, baina zuzen dago. Honen berdin-berdina da: Beste lagun guztiek ERE gauza bera esan didate.

-          Bestalde, 3. ariketako 6. esaldian joango bagara azaldu zaigu. Ikasturtean zehar behin baino gehiagotan agertua zaigun arren, labur-labur gogorarazi diet. Baldintza erreala dirudi (indikatiboko adizkia daramalako: gara), baina baldintza errealak   –TZEN BA- eraman ohi du normalean. Honek, berriz, -GO / -KO geroaldiko aspektua darama. Alegiazko baldintza al da orduan? Ez,alegiazkoa edo hipotetikoa izango balitz, “bagina” eramango lukeelako eta ez indikatiboko adizkia. Beraz, ez da, ez baldintza erreala, ez baldintza hipotetikoa. Zer da, orduan, nahasketa bitxi hau? Helburuzko balioa du eta ZERTARAKO? galderari erantzuten dio (Andoniren autoa ere behar dugu, denok joanGO BAGARA = …denok joaTEKO).

 

-          Denok joaTEN BAGARA (baldintza erreala)

-          Denok joanGO BAGINA (baldintza hipot.)

-          JoanGO BAGARA = joaTEKO (zertarako?)

Nik adibide bat ipini dizuet, zuek hobeto ulerTZEKO

Nik adibide bat ipini dizuet, zuek hobeto ulertuKO BADUZUE.

Nik adibide bat ipini dizuet, zuek  hobeto ulerTZE ALDERA.

Nik adibide bat ipini dizuet, zuek hobeto ulerTZEARREN.

Nik adibide bat ipini dizuet, zuek hobeto uler DEZAZUEN (subj.).

Berak nahi ez izan arren, azkenean betaurrekoak jarri behar izan dizkiote, urrutira ikusTEKO =…urrutira ikusiKO BADU = …urrutira ikusTE ALDERA = …urrutira ikusTEARREN = ….urrutira ikus DEZAN (subj.).

-          3. ariketako  8. esaldia honako hau ageri zaigu: “ederki ikasi du pailazoARENA EGITEN”. 4. ariketako 8. esaldian, honako hau: “Ez jakinARENA EGINEZ ez duzu ezer konponduko”. Bietan egitura bera ageri zaigu: NORENA + EGIN: paper edo rol hori betetzea esan nahi du, imintzio hori egitea. Hona hemen beste adibide batzuk:

Hainbat politikarik dirua lapurtu bitartean, beste hainbatek EZ JAKINARENA egiten dute (ezer ez balekite bezala jokatzen dutela, alegia).

Nire ikasle kuttuna txuleta batekin ikusi dut azterketan, baina EZ IKUSIARENA egin dut (txuleta ikusi ez banio bezala jokatu dut).

Norbaitek nitaz barrabaskeriak esan ditu, baina nik EZ ENTZUNARENA egin dut = nik ENTZUNGOR egin dut  (entzun ez banu bezala jokatu dut). 

-          4. ariketako 4. esaldian  bi aukera desberdin. Zeren arabera? Ba lehenengo osagaiaren arabera. Badakizue ERE horrek bi osagai berdin lotzen dituela. Lehenengo osagaia “piraguan” (non) baldin bada, erantzuna bat da, eta lehenengo osagaia “piraguan ibili (partizipioa)” baldin bada, erantzuna beste bat da:

Mendian piraguan (a osagaia: non) ibili gara; mendian eskalatzen (b osagaia: zertan= non) ERE ibili gara. 

Mendian piraguan ibili (a osagaia: ibili: partizipioa) ez ezik, eskalatu (b osagaia: partizipioa) ERE EGIN dugu = eskalatu ERE ESKALATU dugu (indartzailearekin).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina