2023/05/16

B2.2 maila. GOIZEKO TALDEAREN 52. eskola (maiatzak 11) eta ARRATSALDEKO TALDEAREN 53. eskola (maiatzak 15)

 

Goizekoen 52. eskola (maiatzak 11) eta Arratsaldekoen 53.a (maiatzak 15)

-      Arratsaldeko taldean: Genero berdintasunaren gaian murgilduta, eta Historian zeresana eman duten emakumeen lana eta meritua aitortze aldera, gaur Elbira edo Elbire Zipitriari buruzko ulermen jarduera zuzendu dugu, testua irakurri ahala. Zipitria bere garaian aitzindaria, aurrendaria, bide-urratzailea izan zen eta ikastolen sortzaileetako bat izan zela baiezta liteke.

-     Arratsaldeko taldean: Euskal Herritik haratago, beste emakume bide-urratzaile bat Coco Chanel izan zen. Berari buruzko ulermen-jarduera (Coco Chanel: moda-diseinatzaile ausarta baino zerbait gehiago)  zuzendu dugu, testu osoa irakurri beharrean, pasarte esanguratsuenak irakurriz.

-   Bi taldeetan: Egun ere, izan badira emakume aitzindariak, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun eza gaitzesten dutenak eta bi sexuen artean erabateko berdintasuna aldezten (= defendatzen) eta aldarrikatzen dutenak. Horietako bat dugu, besteak beste, Josebe Iturrioz. Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feminista” izeneko ulermen-jardura, galderak eta erantzunak uztartzekoa, distraktoreak saihestuz, zuzendu dugu. Honako oharrok egin dizkiet, gehienak, ikasturtean zehar agertu zaizkigunak:

NOREN ONERAKO = NOREN ONURARAKO = NOREN MESEDERAKO  = NOREN HOBE BEHARREZ/////////////////////////////// NOREN KALTERAKO = NOREN KALTETAN 

ZERTAZ / -(e)LA + jabetu = ohartu = konturatu: Feminismoaren garrantziaz gero eta gehiago jabetzen gara = ohartzen gara = konturatzen gara. Ikasle kopuruak behera egin duELA jabetu naiz = ohartu naiz = konturatu naiz.

           Baina ez biak!!!!!: Ikasle kopuruak behera egin duELAZ jabetu naiz. 

Mugagabea + ESKE(AN): Bozka_ eske (=boto_ eske).

 -T(z)EKE + EGON = -T(z)EKO + EGON:  oraindik egin edo gertatu gabe egotea. “estar por ver” 

Izena + GORABEHERA egitura kontzesiboa:

ZERTAN + JOKATU (kiroletan nahiz mahai-jokoetan, lehia = norgehiagoka edo irabazteko asmoa dagoenez, “JOKATU” egiten da, ez “JOLASTU”):

Trebatu = prestatu = hezi > trebakuntza-ikastaroak edo prestakuntza-ikastaroak > Mikel oso trebea da bere lanean.

Adierazgarria = esanguratsua (significativo).

Gailendu = azpimarratu (destacar)

Norberak (=bakoitzak) jakingo du azterketa egin ala ez.

-    Goizeko taldean: Gatozen orain beste emakume aitzindari = aurrendari = bide-urratzaile bat ezagutzera: Virginia Woolf idazle eta pentsalaria. ENTZUNAREN ULERMENA: Virginia Woolf, feminismoaren aitzindari (=aurrendari = bide urratzaile)(x0,9). Virginia Woolf  feminista zen. Euskadi Irratiko erreportaje honetan, bere biografia kontatzen dute eta bere liburu bat (“Gela bat norberarena”) euskaratu duen Maria Colera itzultzailearen iritzia ere bildu dute. Ikasleei itemak azaldu ostean, birritan entzun dute entzungaia eta, jarraian, (hirugarren entzunaldia egin eta eten ahala) zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak eta hauek berresteko transkripzio zatiak arbel digitalean jarrita.

-      Goizeko taldean: Izenorde bihurkariak: Entzun berri dugun entzungaian, esatariak honako hau zioen: 1941eko martxoan, Bigarren Mundu Gerra betean, berokiko poltsikoak harriz bete eta etxe ondoko Ouse ibaian murgilduta, bere buruaz beste egin zuen Virginia Woolf idazle eta pentsalariak”. Horrek emandako aitzakia baliatuta, izenorde bihurkariak (neure burua, zeure burua, bere burua, geure burua, zeuen burua, beren burua = euren burua) noiz erabiltzen diren gogorarazi diet: ekintza baten subjektua eta objektua pertsona bera denean, hau da, zerbait egiten duena eta jasaten duena pertsona bera denean.  Horrelakoetan, euskaraz ezingo ditugu UKAN moduko aditzak IZAN gisara erabili: galdetzen naiz, bota zara, ikusten naiz

                   Osaera: izenorde indartua (neure, heure, bere, geure,  ,zeure, zeuen, beren = euren) + BURUA (beti singularrean: geure burua…).

                    Aditza: 3. pertsonatzat hartu behar dugu: Goizero, etxetik irteterakoan, ispiluan ikusten dut neure burua (=3. sing. = hura). Gehiago maitatu behar zenuke zeure burua (=3. sing. = hura).

                    Hona adibide batzuk: Udan atzerrira joan nahi dudanez, nire ingeles maila hobetu beharrean ikusten dut neure burua (ikusten naiz). Praka estu hauekin oso ongi ikusten dut neure burua (ikusten naiz). Tranpolin horretatik uretara botako dugu geure burua (botako gara). Gizagaixoak bere burua hil zuen = bere buruaz beste egin zuen. Gure amona zenak askotan hitz egiten zuen bere buruarekin. Zeure buruari galdetu diozu (galdetu zara) zergatik ez duzun lagunik?

                   Salbuespenak: badira “neure burua”  eraman ezin duten aditzak: apaindu, dutxatu, jantzi, erantzi, garbitu, prestatu eta orraztu. Goizero dutxatzen naiz (dutxatzen dut neure burua). Jaikitakoan, berehala jantzi naiz (neure burua jantzi dut).

-   Bi taldeetan: Joan den egunean Subjuntiboko orainaldiko adizkien osaera eta lau erabilera esparruak azaldu nizkien zehatz-mehatz. Gaurkoan, hasteko, errepaso gisa, joan den eguneko teoria laburbildu diet (kopia bana eman diet). Zertarako erabiltzen dira Subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera-kasu ditugula:

o   1. Helburuzkoa:

·         Zertarako? galderari erantzuten dio.

·         -T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

·         Amaieran –(e)N darama.

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun, dezazuen, dezaten)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun, ditzazuen, ditzaten).

Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu eguneratuak eman diezazkiedaN.

o   2. Nahia edo desioa adierazten duena:

·         Zer? galderari erantzuten dio.

·         Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.

·         -T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.

·         Amaieran –(e)N darama.

                        Zuek guztiok azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.

                        Eguberri jai zoriontsuak igaro ditzazuN opa dizut.

 

o          3. Aginduak ematekoa:

o   Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.

o   Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA behingoz, han atzean dauden ikasleak!

 

o                 4. Zehar-aginduak adieraztekoa:

·     Azpian agindu bat dauka.

·     Esan, eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu

·     Zer? galderari erantzuten dio.

·     -T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

·     Amaieran –(e)LA darama.

Dabidek hiztegia erabil dezaguLA aholkatu digu.

Irakasleak ikasleei lanean has daitezELA agindu die.

Liburutegian ondoko mutilari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot.

-   Bi taldeetan: Ondoren, etxerako bidalitako ariketetan (subjuntiboko orainaldiko adizkiak lantzeko lehenengoak) izandako balizko zalantzak argitu dizkiet.

-  Goizeko taldean: AHOZKO BITARTEKOTZA: UEMAko herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat eta Euskararen kaleko erabilera Tolosaldeko herrietan. Binaka elkarri hor dituzten infografiak ahoz interpretatu edo azaldu behar izan dizkiote.

-    Goizeko taldean: Ariketari ekin aurretik, zenbait aholku edo gomendio eman dizkiet, bitartekotza fitxetan infografiak dituztenean hauek azaltzeko:

Honako datu hau (=ehunekoa = portzentajea)  deigarria = nabarmena = azpimarragarria iruditzen zait:…= Datu (=ehuneko = portzentaje) honek atentzioa eman dit: …

Ehunekoak, printzipioz mugagabean: biztanleen % 20, herritarren % 20k, nerabeen      % 20ri, gurasoen % 20rentzat, gazteen %20 ren ustez…… UEMAko herrietan, ikasleen   % 35,6k ikusten du ETB1 katea.Salbuespena: konkretuak direnean (adibidez, erlatibozko batekin doanean): Eskola honetan ikasten duten ikasleen % 20a, % 20ak, % 20ari. Youtube plataforman edukiak ikusten dituzten gaztetxoen % 9,4ak bakarrik ikusten ditu euskaraz.

Superlatiboa maiz erabiltzen da (askotan erlatibozkoarekin konbinatuta) horrelako infografien irakurketan: Telebista kateen artean GEHIEN ikusten dENA ETB1 katea da. UEMAko herrietako ikasleek Energy katea ikusten dute GUTXIEN. Plataformen artean, Netflix ikusten da GEHIEN.  Lehen hezkuntzako haurrek GEHIEN ikusten dutEN katea Clan izaten da; GUTXIEN ikusten dutENA, berriz, Energy.

Konparaziozkoak ere barra-barra erabiltzen dira: UEMAko herrietako gaztetxoek GEHIAGO ikusten dute ETB1 Tele5 BAINO. Haurrek Clan katea ETB1 BAINO GEHIAGO ikusten dute. Haurrek EZ dute ikusten ETB3 katea ETB1 ADINA. Haurrek gustukoAGO dute Disney katea Tele 5 BAINO.

-      Arratsaldeko taldea: AHOZKOA ADIERAZPENA: Klima aldaketa eta zaborraren kudeaketa (2. saioa). Urriaren 24a Klima Aldaketaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, ingurumenaz jardun dugu solasean, horretarako banatu diedan berariazko fitxa baliatuz. 1. saioan, lehenengo bi puntuak izan genituen mintzagai (industriak eragiten duen kutsadura eta trafikoak sorrarazten duena). Gaurkoan, 2. puntuari heldu diogu berriro eta, jarraian, 3. eta 4. puntua izan dituzte mintzagai.

-          ETXERAKO LANAK:

-   Bi taldeetan: Orainaldiko subjuntiboa lantzeko indartze-ariketak, “Subjuntiboko adizkiek eragiten dizkiguten buruhausteak” deritzona (erantzunak ere banatu dizkiet, egindakoan zuzen ditzaten).

-       Bi taldeetan:Konparaziozkoak errepasa ditzagun adibideen bidez izeneko txostentxoa irakur dezatela. Bertan, berdintasunezko eta desberdintasunezko konparaziozko pepausak nola osatzen diren ikus dezakete, adibideen bidez.

-       Bi taldeetan:Konparaziozkoak lantzeko ariketak(erantzunak ere banatu dizkiet): OHARRA: oso garrantzitsua iruditzen zait 3. ariketa egitea.

-    Bi taldeetan:ERE lokailuaz azaldutakoa laburbilduz” izeneko teoria-orria banatu diet, ERE lokailuaren teoriako arau nagusiak laburbiltzen dituena. Halaber, gogorarazi diet, oraindik egin ez badituzte, komeni zaiela Gramatika eta ariketak II  liburuko 214-215. orrialdeetako ariketak egitea (erantzun-orriak eman dizkiet). Izan ere, oso ariketa egokiak dira, ERE lokailuaren teoriako urrezko arauak edo punturik garrantzitsuenak agertzen baitira.

-          Goizeko taldean: izenorde bihurkariak lantzeko berariaz prestatutako ariketa.

-      Arratsaldeko taldea:  Andreak izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzean datzana (Karmele Jaioren testua da).

-        Arratsaldeko taldea: ASTEKO IRAKURGAIA: Gaztea, argala eta liraina izan behar duzu…emakumea bazara”, hurrengoan zuzenduko dugun “Fashion izan nahi, kosta ahala kosta” deritzon jarduerarekin zerikusia duena.

-   Arratsaldeko taldea: Orainaldiko subjuntibo adizkiak lantzeko: Gramatika eta ariketak II liburuko 32. eta 33. orrialdeetako ariketak. Erantzun orriak banatu dizkiet, beharrezko azalpenekin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina