2023/12/07

B2.2 mailako 19. eskola, 2023ko abenduaren 4koa (Abenduko zubiaren aurretikoa)

 

19.  eskola: 2023ko abenduaren 4koa

-  Autokarabanaz bidaiatzea modan jarri da. Barraskiloen modura deritzon jarduran, batetik ENTZUMEN ARIKETA bat egin behar zuten (entzungaia blogean dute). Itemak arretaz irakurri (parentesi arteko sinonimoak eta oin-oharretako azalpenak barne) eta entzungaia birritan entzun behar zuten. Gaur, batetik, entzungaia behin jarri diet eta entzumen-jarduera zuzendu dugu, erantzunak arbelean jarrita eta erantzun zuzenak behar bezala arrazoituta. Bestetik, idatzizko elkarrizketan ideien arteko kohesio edo lotura adierazteko lokailu egokia hautatu behar zuten, emandako hiru aukeretan zuzena zena, alegia. Astiro zuzendu dugu, zuzendu ahala, beharrezko argibide guztiak emanez, besteak beste, honakook:

1 - Etorri / Joan NOR-NORI adizki trinkoen berri eman diet:

DOAKIt, DOAKIo, DOAKIgu, DOAKIzu, DOAKIzue, DOAKIe: Kaixo, aspaldiko! Zer moduz doakizu Londres aldean?

DATORKIt, DATORKIo, DATORKIgu, DATORKIzu, DATORKIzue, DATORKIe: Bihar elkarrekin kafetxo bat hartzeko gera gintezke; zer moduz datorkizu bostetan?

Eskutitz honen bidez, diru-laguntza eske(an) natorkizu.

2 -T(z)EAGATIK (kausazkoa edo helburuzkoa) / -AGATIK (ere) (kontzesiboa) arteko aldea gogorarazi diet.

3 -T(z)EARREN (helburuzkoa edo kausazkoa) / partizipioa + ARREN (kontzesiboa) arteko aldea gogorarazi diet.

4 - ZERI edo NORI BURUZ + aditza (esan, adierazi, azpimarratu, irakurri, entzun…). Aditz baten beharra du esaldia osatzeko eta ez du testu antolatzaile gisa funtzionatzen / ZERI edo NORI DAGOKIONEZ. Ez du beste aditz baten beharrik, barnean baitauka aditza; hortaz, autonomoa da eta testu antolatzaile gisa funtziona dezake, ideiak (paragrafoak) elkarri lotzeko.

-    AHOZKO ADIERAZPENA (0,30´): Umerik gabeko hotelak. Zuzendu berri dugun jarduerako elkarrizketan zera agertu zaigu, autokarabana erosleen bi profil daudela, horietako bat, haurrak dituzten bikote gazteena, hotel nahiz apartamentu batera jo beharrean, nahiago dutenak autokarabanak ematen dien askatasunaz gozatu eta asteburuetan ere irteerak egin. Horren harira, haur / animaliarik onartzen ez duten hoteli buruz jardun dugu solasean.

1. Ezagutzen al duzue umerik onartzen ez duten hotelik? Eta izan al zarete inoiz halako batean?

2. Zer deritzezue horrelako hotelei?[1] Diskriminatzaileak direla iruditzen zaizue? Legea urratzen [2]ote dute? Ala ulertzen al duzue bezero batzuek haurrak inguruan nahi ez izatea?

3. Horrelako ostatuen aldekoa bazara, non gehiago ukatu behar litzaieke sarbidea haurrei?

4. Eta animaliei dagokienez? Ongi iruditzen zaizue hainbat ostatu eta hoteletan – oraindik, gehienetan – ez onartzea? Eta onartzeagatik gehigarri bat ordaindu behar zatea?

5. Non debekatu behar litzateke animaliekin ibiltzea eta non ez? (garraio publikoan, jatetxeetan, dendetan, hondartzan...)

-     Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, hitz bankuko hitzak txertatu behar zituzten hutsuneetan eta, halaber, mugagabearen erabilera errepasatzeko testa egin. Zuzendu egin dugu, beharrezko argibideak emanez eta testuarekin batera dituzten oin-oharrak azalduz.

- Zuzendu berri dugun jardueran agertu diren mugagabeek emandako aitzakia baliatuz, mugagabearen erabilera txosteneko 3. eta 6. puntua azaldu dizkiet:

3. ZER, ZEIN  eta ZENBAT GALDETZAILEEKIN agertzen diren hitzak (galderetan eta zehar-galderetan) mugagabean deklinatu behar dira:

-          Zer ordu__ da?  (zer orduA da?)

-          Zein etxeTAN bizi zarete? (zein etxeAN, zein etxeETAN)

-          Zenbat zuhaitz__ kimatu dituzu? (zenbat zuhaitzA, zenbat zuhaitzAK)

-          Zein bizilagunI tokatu zaio loteria? (zein bizilagunARI, zein bizilagunEI)

-          Zenbat laguneKIN izan zarete oporretan? (zenbat lagunAREKIN, zenbat lagunEKIN)

-          Zein kaleTAN (zein auzoTAN) bizi zara? (zein kaleAN, zein kaleETAN, zein auzoAN, zein auzoETAN) > Erantzuna singularrean izango da, zehatza edo konkretua delako: Puiana auzoAN (sing.) bizi naiz; Nafarroa kaleAN (sing.) bizi naiz. Zein unibertsitateTAN (mugagabea) ikasi duzu? Deustuko unibertsitateAN (sing.) ikasi dut.

OHARRAK:

1. Hitzak  amaierako –a bokala berea edo propioa duenean, mugagabean ez du galtzen: zein dendaTAN, zenbat seme-alaba, zein fabrikaTAKO, zer gauza, zein eskolatara...

2. ZER eta ZEIN harridura perpausetan daudenean, ez da mugagabea erabiltzen: zer politA den!!, zein ederrAK diren!! Zer jatorrA zaren!!

6. ZENBATZAILE ZEHAZTUGABEEKIN (ZENBAIT, ASKO, GUTXI, HORRENBESTE, HAINBESTE, HAINBAT, UGARI, GEHIAGO, GUTXIAGO, NAHIKOA, PILO BAT, MAKINA BAT, ANITZ, FRANKO, DEZENTE, HAMAIKA...) doazen izenak edota zenbatzaile  horiek eurak mugagabean deklinatu behar dira:

-          Herritar_ askoK zekien = zekiten alkatea ustelkeriagatik espetxeratu zutela.

-          Hainbat arazo__ izan genuen= genituen bidaia hartan.

-          Herri honetan jende__ gutxi bizi da, herritarrek inguruko hirietara jo baitute bizimodua ateratzeko.

-          Nahikoa ardo__ edan duzu jada; utz iezaiozu edateari, mozkortu ez zaitezen.

-          Zertarako duzu horrenbeste diru__?

-          Aurtengo uzta-bilketan sagar__ ugari bildu dute = dituzte eta gustura agertu dira sagardogileak.

-          Zenbait lagunI aitortu diot = diet egindakoa.

-          Lan__ gehiago egin behar zenuke, zorria baino alferragoa zara.

-          Herritar__ anitz = Anitz herritar__ bildu zen herriko plazan.

-          Istilu _franko gertatzen da = dira Israelen egunero.

-          Abokatu horrek diru__ dezente irabazten omen du irabazten duen epaiketa bakoitzeko.

-          Makina bat istiluTAN sartuta dabil zuen semea!

-          Hainbat herritarrI  bidegabea iruditzen zaio = zaie auzoan aparkatzeagatik ordaindu behar izatea.

OHARRA: Hauetako gehienek – izena zenbakarria baldin bada – aditzean singularra eta plurala onartzen dituzte.

-    AHOZKO JARDUERA: MINTZA KATEATUA (I. saioa): Indikatiboko iraganeko NOR-NORK adizkiak :

Dabidek (nork) joan den egunean gu (nor) aditzak ziztu bizian (=oso azkar) esatera (zertara?)  behartu (=derrigortu) GINTUEN, adizkien erabileran trebatzearren (=trebatzeko)“.

 Indikatiboko iraganeko NOR-NORK adizkien osaera eta egitura gogorarazi ostean (NOR 3. Pertsona denean – hura / haiek – kontu izan behar dutela) goiko esaldia oinarritzat hartuta, ikasle bakoitzari konbinazio bat eskatu diot; batzuetan, NORK edo ZERK kasua, aditzaren subjektua, alegia, aldatuta; beste batzuetan, subjektuari eutsi eta NOR edo ZER, hots, aditzaren objektua aldatuta, eta, besteetan, biak (subjektua eta objektua) aldatuta. Horrela, iraganeko NOR-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean.

-          Etxerako lanak:

1.  Gaur zenbait aholku edo gomendio ezagutu ditugu, gure bidaietan ezustekorik edo ustekaberik izan ez dezagun. Nolanahi ere, aholku horiek gorabehera, litekeena da nolabaiteko arazoren bat sortzea bidaian zehar.  Horrelakoetan, ohikoa izaten da erreklamazioa jartzea, baina jakina, hori behar bezala egiten jakin behar da. Horren harira, Erreklamatzen ere jakin egin behar da izeneko jarduera bikoitza egin dezatela esan diet: batetik, lexikoa lantzeko egokia deritzot, hitz-bankuko hitzak testuan txertatu behar baitituzte eta, bestetik, gramatika lantzeko aproposa da, parentesi arteko hiru aukeren artean zuzena hautatu behar baitute.

2.      Kohesioa lantzen: Peñiscolatik bidalitako gutuna, lokailuekin osatzekoa (lokailu hauek ideiak lotzeko klipak balira bezala).

3.  Idatziaren ulermena. Duela urtebete eskas, puri-purian zegoen gaia da Irulegiko Eskuarena. Horri buruzko artikulu bat dute, testutik ateratako esaldiak bertan txerta ditzaten (gelan zuzenduko dugu). Errepara diezaietela, ohi bezala, nik emandako sinonimoei eta oin-oharretako azalpenei.

4.      JARRAITU EGITEN: EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak banatu nizkien, egin ostean zuzen zitzaten.

5.  JARRAITU EGITEN: Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak (194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak) (erantzunak ere banatu nizkien). Ariketa hauek nahieran administra zitzatela esan nien. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean egongo.

-          Oraindik egina ez baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

§  Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  NOIZNAHI EGITEKOA: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) (ebazpena ere banatu nuen erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] Zer deritzezue horrelako hotelei? = Zer irizten diezue horrelako hotelei? = Zer iruditzen zaizkizue horrelako hotelak?

[2] Gogoratu: legea urratzea = legea ez betetzea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina