21.
eskola: 2023ko abenduaren 14koa
- Kohesioa lantzen: Peñiscolatik bidalitako gutuna, lokailuekin osatzekoa, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleei ohartarazi diet gutun horretako ideiak – esaldi nahiz paragrafoak – zein ongi dauden uztartuta, euren arteko erlazioa adierazten duten lokailuekin, hauek ideiak lotzeko klipak balira bezala.
- Gramatika: erlatibozko perpausak. Erlatibozko perpausak lantzen 4 izenpean datozen itzulpenak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Horretarako, neuk itzuli eta arbel digitalean jarri dizkiet itzulpenak eta aipagarriak diren oharrak egin dizkiet; ondoren, ikasleek eurenak nireekin alderatu dituzte eta onar daitezkeen aldaerak onartu ditugu. Bigarren ariketa (erlatibozko deklinatuekin esaldiak amaitzekoa) nahi duenari neuk jasotzekotan geratu naiz, erantzun libreak baitira.
- Itzulpen horietako batzuetan EGIN aditz-indartzailea
agertu zaigu: Diru asko dutenak (=daukatenak) aspertu EGITEN
dira. Eskolan geratu direnak (< diren ikasleak) aspertu EGIN
dira. Hortaz, EGIN indartzailea noiz
eta nola erabiltzen den azaldu diet:
Esaldi bateko predikatuan (subjektua kontatu gabe) aditza bakarrik
dagoenean eta,
beraz, “protagonismoa” kenduko dion beste osagai bat ez dagoenean (non, noiz,
nola, zergatik, zenbat…), aditza bera
izaten da protagonista (“galdegai”) eta, beraz, derrigorrez, markatu edo indartu egin behar da “EGIN” gehituta (edo, aspektuaren arabera,
“egiten”, “egingo”).
Dena den, “egin” horrek ez du aditzaren erregimena aldatzen, IZAN / UKAN izaten jarraitzen du:
§
Txankete gaur
goizean (noiz) hil da.
§
Txankete istripu
batean (non) hil da.
§
Txankete ustekabean
(nola) hil da.
§ Txankete hil (part.) EGIN da (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz).
§
Maria askotan
(noiz) aspertzen da klasean.
§
Maria klasean
(non) aspertzen da.
§
Maria gai honekin
(zerekin) aspertzen da.
§ Maria aspertu (part.) EGITEN da (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz, kasu honetan, ohiturazko aspektuarekin: egiTEN).
§ Mariak etxean (non) bazkalduko du.
§ Mariak gurasoekin (norekin) bazkalduko du.
§ Mariak ordu bietan (noiz) bazkalduko du.
§ Mariak lekak (zer) bazkalduko ditu.
§ Mariak bazkaldu (part.) EGINGO du (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz; kasu honetan, geroaldiko aspektuarekin: eginGO).
§ Klase honek asko (zenbat) aspertzen nau.
§ Klase hauek aspertu (part.) EGITEN naute (predikatuan aditza bakarrik dagoenez, berau bihurtzen da “galdegai” edo “protagonista”, eta beraz, indartu egin behar da “egin” erabiliz; kasu honetan, ohiturazko aspektuarekin: egiTEN).
OHARRA: Baina batzuetan, predikatuan beste osagai bat agertu
arren, guk hala nahi dugulako, marka dezakegu aditza:
§ Bihar (noiz)
ezkonduko naiz (hemen, “bihar” ezkonduko naizela azpimarratzen ari gara,
ez gaur, ez etzi, ez datorren hilean).
§ Bihar ezkondu (part.) EGINGO naiz (hemen, bihar zer egingo dudan ari naiz azpimarratzen, ezkondu egingo naizela eta ez dibortziatu, depilatu, jubilatu… Horrexegatik markatu dugu aditza “egingo” gehituz).
- AHOZKO JARDUERA:
MINTZA KATEATUA. Indikatiboko iraganeko NOR-NORK adizkien erabileran
trebatzeko, ahozko saio bat egin dugu. Oinarritzat honako esaldi hau hartu dugu
gaurkoan:
“Igande goizean zuk (nork) gu (nor) Urbasan ikusi GINTUZUN, perretxikotan genbiltzala(rik)”.
Ikasle
bakoitzak ondoko ikaskideari konbinazio bat eskatu dio esaldi bera probextuz;
batzuetan, NORK edo ZERK aldatuta; beste batzuetan, subjektuari eutsi eta NOR
edo ZER aldatuta, eta, besteetan, biak (subjektua eta objektua) aldatuta.
Horrela, iraganeko NOR-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean.
Jarraian, beste saio bat egin dugu, NOR edo ZER 3. pertsona (hura / haiek) duten adizkiekin.
- AHOZKO ADIERAZPENA: BITARTEKOTZA: “Sexuaren
araberako erosketa joerak edo ohiturak” eta “Genero indarkeria edo
indarkeria matxista” (2. saioa). Ikasleak binaka jarrita, bakoitzari bitartekotza-fitxa bana eman nion
joan den egunean. Fitxa hauen gaiak, berariaz aukeratu nituen; izan ere, orain
dela bi aste, batetik, Emakumeen Kontrako
Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen (azaroak 25) eta,
bestetik, Black Friday eguna,
erosketak egitera bultzatzen gaituena. Horren harira, batetik, Ciudad de
Juarezeko errealitate gordina ezagutu genuen, non emakume asko hiltzen edota
bortxatzen baitituzte, eta bestetik, erosketen zurrunbilora garamatzaten egun
seinalatuen gainean hitz egiten jardun
genuen. Beraz, egoki deritzot bi gai hauek hautatzeari joan den eguneko
eta gaurko bitartekotza egiteko.
Ikasleei denbora-tarte bat utzi diet, euren jarduna presta zezaten eta, ondoren, ahoz azaldu diote elkarri euren infografian edo grafikoetan duten informaziorik esanguratsuena. Gaurkoa 2. saioa zenez, bikoteak aldatu egin ditut.
- Ariketari ekin aurretik, zenbait aholku edo gomendio eman dizkiet, bitartekotza fitxetan infografiak dituztenean hauek azaltzeko:
§ Honako
datu hau (=ehunekoa = portzentajea)
deigarria = nabarmena = azpimarragarria iruditzen zait:…
= Datu (=ehuneko = portzentaje) honek atentzioa eman dit: …
§ Ehunekoak,
printzipioz mugagabean: emakumeen % 20, herritarren % 20k, nerabeen % 20ri, gurasoen % 20rentzat, gazteen
%20 ren ustez…… 2008an emakumeen %34ri bota zieten atzera egindako babes-eskaria.
Salbuespena: konkretuak direnean (adibidez, erlatibozko batekin doanean): Salaketa jarri zuten emakumezkoen %19,5ak gero uko egin zion salaketari.
§ Konparaziozkoak ere barra-barra erabiltzen dira: Emakumeek gizonek baino gustukoAGO dituzte denda fisikoak. On-line dendak gustuko dituzten gizonen eta emakumeen ehunekoak (=portzentajeak) oso antzekoak dira.
- Emakumeen aurkako indarkeriaren gaiari helduta, Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita (=leporatuta), hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa, zuzentzen jardun dugu (hurrengoan amaitzekotan geratu gara), astiro, oharrak eginez. Ohar horien kopia bana eman diet eta zuzenketa egin ahala, azaldu egin dizkiet.
1. Leporatu = egotzi = errua bota = aurpegiratu: Norbaitek kristala puskatu du eta Dabidek Elenari leporatu dio ( kristala apurTZEA edo apurtu izana).
2. Sexu erasoak egin zizkioteLAKOAN (= zizkiotelako ustean = zizkiotela pentsatuz). USTEA adierazten du.
·
Batzuetan, kasu honetan bezala,
beste aditz batekin doa:
Gaur
nik liburua klasera ekarri dut, erabiliko duguLAKOAN = erabiliko duguLAKO
USTEAN = erabiliko duguLA PENTSATUZ.
Maila
honetan matrikulatu gara,
aurten asko ikasiko duguLAKOAN = ikasiko duguLAKO USTEAN = ikasiko duguLA
PENTSATUZ.
Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen, emakume bati sexu erasoak egin zizkioteLAKOAN = egin zizkioteLAKO USTEAN = zizkioteLA PENTSATUZ.
·
Beste batzuetan, berak darama EGON
aditza:
Alderdi
politiko horiek luze baino lehen adostasun batera iritsiko dirELAKOAN NAGO. = iritsiko
dirELA USTE DUT.
Iparraldeko
herrialdeetako bizitza-kalitatea gurea baino askoz hobea dELAKOAN NAGO = dELA
USTE DUT.
Sindikatuek
datorren iganderako deitu duten manifestazioan istiluak sortuko dirELAKOAN GAUDE
= sortuko dirELA USTE DUGU.
Txertoak
eraginkorrak dirELAKOAN ZAUDETE?= txertoak eraginkorrak dirELA USTE DUZUE?
3.
Autostop egiten ari zeLA(RIK). Denbora
adierazten du, baina puntukaria da; beraz,
a)
edo ARIrekin erabiliko dugu: dutxatzen ari nintzela(rik), deitu zenuen. Afaltzen ari
ginela(rik) argindar-hornidura moztu ziguten.
b) edo aditz trinko batekin: sofan nengoela(rik), txirrina jo zuten. Eskolara nentorrela(rik) /nindoala(rik) istripua izan nuen. Korrika nenbilela(rik), orkatila bihurritu nuen. Zure zain geundela(rik), sexu eraso baten lekuko izan ginen. Testuan bertan baditugu adibide gehiago: zirela(rik), zihoala(rik).
4. partizipioa + ostean = partizipioa + ondoren
5. Ustezko hiltzailea, ustezko erasotzailea, ustezko bortxatzailea, ustezko etakidea, ustezko bahitzailea, ustezko iruzurgilea… (-KO hori behar du klip baten moduan, ondoren doan izenari atxikitzeko).
6.
Jakinarazi = jakitera eman = adierazi
(eskutitz formaletarako egokia, aberatsa izateaz gain, formala ere izan
baitaiteke).
Gutun honen
bidez, jakinarazi nahi nizuke (=jakitera eman nahi nizuke) erositako telebista ez
dabilela.
Zuzendariak Eskola Kontseiluko kideei jakinarazi die (=jakitera eman die) ikasle kopuruak behera egin duela.
-
Etxerako lanak:
1. Kohesioa: Madrildik bidalitako gutuna,
lokailuekin osatu beharrekoa (gaur zuzendu dugun Peñiscolakoaren kalkoa da eta,
hortaz, gaurkoa ongi egina ez zutenentzat, oso egokia izan liteke).
2. Gramatika: Indikatiboko iraganeko
NOR-NORK / NOR-NORI-NORK nahasian. Ariketa honetan, 31 esalditako hutsuneak
bete behar dituzte iraganeko adizkiekin, kontuan izanik NOR-NORK
ala NOR-NORI-NORK erabili behar duten. Ebazpen orria ere banatu
diet eurek etxean zuzen dezaten.
3. Gramatika: Erlatibozko perpausari edota honek daraman
ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz (=espreski)
prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak
dituztenentzat oso egokia. Errepara diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari
kasu egokia hautatzeko. Erantzunak ere banatu dizkiet, egin ostean eurek
zuzentzeko.
Ederki
asperrarazi …nautenei / nautenak
(nor plurala) / nautenek
…nire lagunak dira.
4. Asteko
irakurgaia. Garaian garaikoa: Eguberrietan,
kontuan izan, kontuak egin. Artikulua irakur dezatela, datorren egunean
honezaz mintzatzeko, Gabonak ate-joka ditugu eta. Testu honetan solasaldian
erabiltzeko informazio aski esanguratsua topa dezakete.
5. Iritzi
artikulua. Honako bi gai hauetako baten gainean idatz dezatela: Zoritxarreko
(=zorigaitzeko) sexu jazarpena eta genero indarkeria / Erosketen
zurrunbiloan buru-belarri sartzera garamatzaten egun seinalatu horiek…
6.
JARRAITU EGITEN: EZ BEZALAKOA(K) eta
EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak banatu nizkien, egin ostean
zuzen zitzaten.
7. JARRAITU EGITEN: Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak (194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak) (erantzunak ere banatu nizkien). Ariketa hauek nahieran administra zitzatela esan nien. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean egongo.
-
Oraindik egina ez
baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit
batekin:
1. Erreklamatzen ere jakin egin behar da
izeneko jarduera bikoitza: batetik, lexikoa lantzeko egokia deritzot,
hitz-bankuko hitzak testuan txertatu behar baitituzte eta, bestetik, gramatika
lantzeko aproposa da, parentesi arteko hiru aukeren artean zuzena hautatu behar
baitute.
2. “Maite
Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo
gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira
euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez
argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle
jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan,
testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan,
distraktoreak saihestuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
3. NOIZNAHI EGITEKOA: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako
Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite
Asensio) (ebazpena ere banatu
nuen erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere
eskura dago blogean.
4. NOIZNAHI
EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak
deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak
eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera
eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi
dutenean, eta argituko diet.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina