2023/12/13

B2.2 mailako 20. eskola, 2023ko abenduaren 12koa

 

20.  eskola: 2023ko abenduaren 12koa

-        Duela urtebete eskas, puri-purian zegoen gaia da Irulegiko Eskuarena. Horri buruzko artikulu bat eman nien, testutik ateratako esaldiak bertan txerta zitzaten eta, ohi bezala, nik emandako sinonimoei eta oin-oharretako azalpenei errepara ziezaieten. Jarduera zuzendu dugu, astiro, irakurri ahala beharrezko azalpenak emanez.

-   IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA: Mattin Aiestaran, Irulegiko Eskuaz hizketan. Irulegiko aztarnategia gidatu zuen arkeologoa da Mattin Aiestaran. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaz eta aztarnategiaz hitz egin digu bideo-pasarte honetan. Itemak azaldu ostean, birritan ikusi dugu bideo-pasartea eta, jarraian, jarduera zuzendu dugu, erantzunak behar bezala arrazoituz. Ariketa oker egin duenak blogean berriz egin lezakeela adierazi diet.

-     Itemak irakurri ahala, zenbait ohar egin dizkiet. Horietako batzuk behin baino gehiagotan azalduak ditudanez, eurek irakur ditzatela esan diet; beste batzuk, berriak izaki, gaur azaldu ditut.

1.     oharra: a osagaia EZ EZIK, b osagaia ERE

1.      Emendiozko juntagailu hau bi osagai gehitzeko erabiltzen da. Hauen parekoa da:

     Juanma (a) EZ EZIK, Arrate (b) ERE leiho ondoan eserita dago.

EZ BAKARRIK Juanma (a), Arrate (b) ERE leiho ondoan eserita dago.

EZ Juanma (a) BAKARRIK, Arrate (b) ERE leiho ondoan eserita dago.

Juanma (a) ETA Arrate (b) leiho ondoan eserita daude.

(NAHIZ) Juanma (a) NAHIZ Arrate (b) leiho ondoan eserita daude.

(ZEIN) Juanma (a) ZEIN Arrate (b) leiho ondoan eserita daude.

BAI Juanma (a), BAI Arrate (b) leiho ondoan eserita daude.

NOLA Juanma (a), HALA Arrate (b) leiho ondoan eserita daude.

HALA Juanma (a), NOLA Arrate (b) leiho ondoan eserita daude.

2.     oharra:   PARTIZIPIOA + BERRIA + IZAN / BERRI + UKAN

https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEiBT-abyKEJt2WS2BHtplVecHXTA_aYma_mKLtUMeTXz9x6YHB45dkzdzdgul_HSpPO5bOAiYnvEQ42Czn0DGBeJgKpBpduSUxNgH5b_MOzhHb7TawWQfLTN_1pyZHeS9RhDE-1g7J8SPw/s320/DGIzjYoWAAEEZyi.jpgOrain dela gutxi gertatua dela adierazten du. Adib.: Duela gutxi argitaratu da = Argitaratu + BERRIA da. Adib. gehiago: Ezkonberria, jaioberria,… Denda hori zabaldu berria da; jertse hau estreinatu berria da; nire autoa erosi berria da; bidaiatik iritsi berria naiz; irakurri berri dut liburu hori; egin berri dut zuk agindutakoa, ekarri berri dute zuk Amazonen erositako erlojua…

Egitura hau  ere erabil liteke, nahiz eta askoz gutxiago

erabiltzen den: Denda hori ez da zabaldu zaharra;

nire autoa ez da erosi zaharra; ez naiz iritsi zaharra,

liburu hori ez dut irakurri zaharra

3.     oharra: ZERK edo NORK ATENTZIOA EMAN

= ZER edo  NOR DEIGARRIA IZAN 

-  Egunkarian irakurritako datuAK (zerk) atentzioa eman dit = Egunkarian irakurritako datuA (zer) deigarria iruditu zait = deigarria egin zait.

- Amaiaren poltsAK (zerk) atentzioa eman dit, hain da koloretsua! = Amaiaren poltsA (zer) deigarria iruditu zait = deigarria egin zait.

- Aneren poltsAK (zerk) atentzioa ematen du = Aneren poltsA (zer) deigarria da.

-       Euskararen arloan azken urteotan horrenbeste hiztun galdu izanAK (zerk) atentzioa ematen digu = Euskararen arloan azken urteotan horrenbeste hiztun galdu izanA (zer) deigarria iruditzen zaigu = deigarria egiten zaigu.

-    Ehuneko (=portzentaje) horrek (zerk) atentzioa ematen dit = ehuneko hori (zer) deigarria iruditzen zait = deigarria egiten zait.

4.     oharra: X baino ez = x baizik ez = x besterik ez  = x bakarrik

“Hizkuntza bat ikasteak edota menderatzeak onurak BAINO EZ dakartza.”

… onurak   BAINO EZ   dakartza

= …onurak   BAIZIK EZ   dakartza

= …onurak   BESTERIK EZ   dakar (sing.)

=…onurak   BAKARRIK   dakartza.

 

5.     oharra: BERE HORRETAN + UTZI / EGON / GERATU / JARRAITU / EUTSI…

Lehen zegoen bezala, ukitu gabe, inongo aldaketarik egin gabe uztea edo geratzea.

Aurten etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa bere horretan utzi dugu. Donostiako udalak pisu turistikoak arautzeko aurkeztuko duen ordenantza berria bere horretan onartzea espero du Asierrek. Batzuetan hobe izaten da gauzak bere horretan uztea, konpontzen hasi eta okerrago utzi beharrean.

6.     oharra: EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA

 

EZ BEZALA egitura asko erabiltzeaz gain, oso aproposa da gaztelaniazko “a diferencia de…” euskaraz txukun eta aberats itzultzeko. Adib.:

Zizahoriak (A), beste perretxiko espezie batzuk (B) EZ BEZALA, esportatzeko egokiak dira, ez baitira erraz usteltzen (“a diferencia de…”).

Gaur egun (A), garai batean (B) EZ BEZALA, emakume askok etxetik kanpo egiten dute lan (“a diferencia de…”).

Egun (A), duela berrogei urte (B) EZ BEZALA, bi gizonezko edo bi emakumezko ezkon daitezke elkarrekin (“a diferencia de…”).

Kankuneko hotel askotan (A) hemengoetan (B) EZ BEZALA, helduek bakarrik har dezakete ostatu.[1]


8.     oharra: -T(z)ERAKOAN //// -TAKOAN denborazkoak

 

–T(z)ERAKOAN (justu aurretik) / -T(z)EAN (bitartean) / -TAKOAN (justu ondoren) denborazkoak:

BazkalTZERAKOAN (= justu bazkaldu aurretik, bazkaldu baino lehen), eskuak garbitu behar dira.

BazkalTZEAN (bazkaltzen ari zarenean, bazkaldu bitartean), janaria ongi murtxikatu behar da.

BazkalduTAKOAN (=bazkaldu ondoren, bazkaldu ostean, bazkaldu eta gero), hortz-haginak garbitu behar dira.

9.    oharra:    ZEIN = NAHIZ

o   Bi osagai  (edo gehiago) elkartzeko balio dute; “nahiz” edo “zein” “eta”ren parekoak dira, baina perpausa baino osagai txikiagoak (sintagmak...) elkartzeko bakarrik erabiltzen dira.

Gaur Errenteriako jaiak hasi dira ETA udalak jarduerak ETA = NAHIZ = ZEIN   ospakizunak antolatu ditu.

o   Aukerakoa izaten da bakarra jarri ala osagai bakoitzari aurrean berea ipini:

NAHIZ Paula, NAHIZ Julen, NAHIZ Maialen, NAHIZ Sergio oso ikasle        jatorrak dira.  

= Paula, Julen, Maialen NAHIZ Sergio oso ikasle jatorrak dira.

 

o   Halaber, aukerakoa da aurreko osagaiak deklinatu ala ez; azkena deklinatzearekin, nahikoa. Bestela esanda, lotuta dauden sintagma guztiak deklina daitezke (kasu berean, jakina) edo, nahi izanez gero, azkenekoa bakarrik, aurrekoak mugagabean utzita:

 Donostian makina bat kale-lan gauzatzen ari dira, hiritar(rentzat) NAHIZ  kanpotarrENTZAT gustagarriagoa izan dadin (=izateko).

Irungo udalak hainbat jarduera antolatuko ditu Eguberrietarako, ume(entzat), heldu(entzat) NAHIZ adinekoENTZAT.

-     Igaro berri dugu azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Andoaingo udalak herrian izandako sexu erasoen harira plazaratutako ohartarazpen edo adierazpen instituzionala, hutsuneak betetzekoa, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Oharrak:

1.      Helarazi (heldu + arazi: hacer llegar). Oso aproposa gutun formaletan erabiltzeko. Adib.:

Eskutitz honen bidez, nire kexa helarazi nahi nizuke, joan den astean erositako mikrouhin-labea ez baitabil.

Eskola honetako langile guztiok gure dolumina helarazi nahi genioke auto-istripuan gurasoak galdu dituen ikasleari.

2.      Aurre egin = kontra egin (“afrontar, hacer frente a”)

             Aurrea hartu (“prevenir”)

    Aurre egitea, arazo bat daukagunean arazo hori konpontzen saiatzea da; aurrea hartzea, berriz, arazoa agertu aurretik saihestea. Adib.:

Minbiziari aurre egiteko, tratamendu oldarkorrak erabiltzen dira, kimioterapia eta erradioterapia, esatera baterako.

Minbiziari aurrea hartzeko, komenigarria da urtean behin emakumeek euren bularren azterketa sakon bat egitea.

-   AHOZKO ADIERAZPENA: BITARTEKOTZA: Sexuaren araberako erosketa joerak edo ohiturak” eta “Genero indarkeria edo indarkeria matxista”. Ikasleak binaka jarrita, bakoitzari bitartekotza-fitxa bana eman diot. Fitxa hauen gaiak, berariaz aukeratu ditut; izan ere, orain dela bi aste, batetik, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen (azaroak 25) eta, bestetik, Black Friday eguna, erosketak egitera bultzatzen gaituena. Horren harira, batetik, Ciudad de Juarezeko errealitate gordina ezagutu genuen, non emakume asko hiltzen edota bortxatzen baitituzte, eta bestetik, erosketen zurrunbilora garamatzaten egun seinalatuen gainean hitz egiten jardun  genuen. Beraz, egoki iritzi diot bi gai hauek hautatzeari gaurko bitartekotza egiteko.

Ikasleei denbora-tarte bat utzi diet, euren jarduna presta zezaten eta, ondoren, ahoz azaldu diote elkarri euren infografian edo grafikoetan duten informaziorik esanguratsuena.

OHARRA: Hurrengo egunean berriro egitekotan geratu gara, gaurkoan, lehena izanik, galdu samar ibili baitira.

-    Ariketari ekin aurretik, zenbait aholku edo gomendio eman dizkiet, bitartekotza fitxetan infografiak dituztenean hauek azaltzeko:

§  Honako datu hau (=ehunekoa = portzentajea)  deigarria = nabarmena = azpimarragarria iruditzen zait:…

= Datu (=ehuneko = portzentaje) honek atentzioa eman dit: …

§  Ehunekoak, printzipioz mugagabean: emakumeen % 20, herritarren % 20k, nerabeen      % 20ri, gurasoen % 20rentzat, gazteen %20 ren ustez…… 2008an emakumeen %34ri bota zieten atzera egindako babes-eskaria.

Salbuespena: konkretuak direnean (adibidez, erlatibozko batekin doanean): Salaketa jarri zuten emakumezkoen %19,5ak gero uko egin zion salaketari.

§  Konparaziozkoak ere barra-barra erabiltzen dira: Emakumeek gizonek baino gustukoAGO dituzte denda fisikoak.  On-line dendak gustuko dituzten gizonen eta emakumeen ehunekoak (=portzentajeak) oso antzekoak dira.

-          Etxerako lanak:

1.      Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa.

2.      Erlatibozko perpausak lantzen IV.

3.      JARRAITU EGITEN: EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak banatu nizkien, egin ostean zuzen zitzaten.

4.      JARRAITU EGITEN: Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak (194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak) (erantzunak ere banatu nizkien). Ariketa hauek nahieran administra zitzatela esan nien. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean egongo.

-          Oraindik egina ez baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

1.  Erreklamatzen ere jakin egin behar da izeneko jarduera bikoitza: batetik, lexikoa lantzeko egokia deritzot, hitz-bankuko hitzak testuan txertatu behar baitituzte eta, bestetik, gramatika lantzeko aproposa da, parentesi arteko hiru aukeren artean zuzena hautatu behar baitute.

2.      Kohesioa lantzen: Peñiscolatik bidalitako gutuna, lokailuekin osatzekoa (lokailu hauek ideiak lotzeko klipak balira bezala).

3. Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4.  NOIZNAHI EGITEKOA: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) (ebazpena ere banatu nuen erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

5.  NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] Ostatu hartu: “alojarse”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina