2024/01/21

B2.2 mailako 26. eskola, 2024ko urtarrilaren 18koa

 

26.  eskola: 2024ko urtarrilaren 18koa

-        Joan den egunean, baldintzaren ikuspegi orokorra azaldu nien eta euskaran ditugun hiru baldintza desberdinen berri eman nien (erreala / alegiazkoa edo hipotetikoa / irreala edo iraganekoa), zertan desberdintzen diren azpimarratuz. Gaurkoan, etxean irakurria behar luketen txostena baliatuz, txostenaren lehenengo orrira jo eta hiru baldintzen arteko alde hori gogorarazi diet; ondoren, 2. baldintzari heldu diogu bete-betean: ALEGIAZKO BALDINTZA edo HIPOTETIKOA. Azalpen zehatza eman diet txosteneko adibideak irakurri ahala:

1.      Formalki –KO-KO daramate, bai baldintza ataleko aditz nagusiak, bai ondorio atalekoak. Horregatik deitzen diot “koko”.

2.      Ezezkoen ordena baiezkoenaren berdina da hiru baldintzetan, (menpeko esaldietan ohikoa den bezala).

3.      Alegiazko baldintzaren erabilera, hots, zertarako erabiltzen den (amets nahiz desioak adierazteko, mesedeak eskatzeko, proposamenak egiteko, zerbait modu leunean edo adeitsuan adierazeko).

4.      Azkenik, nondik sortzen diren baldintza hipotetikoko adizkiak:

(Indikatiboko iraganeko adizkiei amaierako –(e)N kendu eta aurrean BA- ipinita, ñabardurak ñabardura. Hirugarren pertsonako adizkietan (3. pertsona hori izakia nahiz objektua izan daiteke), iraganeko Z- > L- bihurtzen da: zuen > *bazu > baLu). Adibidez:

§  NOR. Ni atzo mendira joan NINTZEN.

Ni datorren asteburuan mendira joango BANINTZ_

§  NOR-NORI. Niri mugikorra galdu ZITZAIDAN.

Niri mugikorra galduko *BAZITZAIDA_ > *BALITZAIDA_ > BALITZAIT_...

§  NOR-NORK: Zuk atzo ogia erosi ZENUEN.

Zuk gaur ere ogia erosiko  BAZENU_...

Hark gu bere etxean hartu GINTUEN.

Hark gu bere etxean hartuko BAGINTU_...

Mikelek ogia erosi ZUEN.

Mikelek ogia erosiko *BAZU_ > BALU_…

§  NOR-NORI-NORK: Zuk guri musu bat eman ZENIGUN.

Zuk guri musu bat emango BAZENIGU_....

§  Zuk niri musu bat eman ZENIDAN.

Zuk niri musu bat emango *BAZENIDA_ > BAZENIT_

§  Mikelek guri musu eman ZIGUN.

Mikelek guri musu emango *BAZIGU > BALIGU_….

-       AHOZKO ITZULIA: Eguberriekin estuki lotuta dago loteria (joan den egunean zuzendu genuen honi buruzko jarduera). Ikasleei loterian sosik tokatu zaien galdetu diet eta datorren urtean edo urteren batean tokatuKO BALITZAIE, zer eginGO LUKETEn.


Ahoz banan-banan galdera horri erantzun diote; jakina, erantzuteko esaldi osoa egin zezaten behartu ditut, alegiazko adizkiak sar zitzaten.

-       Ondoren, Alegiazko baldintza edo hipotetikoaren barnean, NOR sistema errepasatu dugu, taula arbelean jarrita. Ohar bitez, sistema honetan ondorioak           –TEKE daramala (gainerako sistemetan, -KE bakarrik).

-    Hurrengo gaiari heldu diogu: FAMILIA EREDUAK. Hasteko, Familia ereduak: bikotean, bakarka, umeekin edo gabe izeneko jarduera zuzentzen jardun dugu. Testua irakurri ahala, arbel digitalean jarrita, berridazketak zuzentzen aritu gara. Testuko 14 esaldi ziren eurek beste modu batean berridatzi behar zituztenak. Berridazketa horietan behin eta berriz agertu zaizkigu egitura kontzesiboak. Baita bestelako hainbat eduki ere (eurei kopia bana eman diet). 11 zuzendu ditugu. Azken hirurak, hurrengorakon utzi ditugu.

Zertan? + DATZA: Nire  lana klaseak ematean datza. Gizontasunaren eredu berrian datza aldaketaren arrazoia.

IZANAGATIK / IZATEAGATIK

Oso langilea IZANAGATIK (ere), ez dute lanean hartu enpresa horretan (= oso langilea izanda ere, izan arren, nahiz eta oso langilea izan…) (kontzesiboa)

Oso langilea IZATEAGATIK  kontratatu dute, ez bere itxuragatik (= oso langilea delako) (kausazkoa)

Zerk? + BEHERA EGIN / GORA EGIN

Bihar kantauri isurialdean tenperaturek behera egingo dute; langabetuen kopuruak gora egin du hilabete honetan, udako lan kontratuak amaitu baitira.

Noren edo zeren? + ALDEAN konparaziozko egitura.

§  Ni txikia naiz zurekin alderatuta = konparatuta

= Ni zu BAINO txikiAGOA naiz.

= Ni ZURE (NOREN) ALDEAN txikia_ naiz (txikiagoa).

§  Nire autoa dotorea da zure autoarekin (=zurearekin) konparatuta = alderatuta

= Nire autoa zure autoa (=zurea) BAINO dotoreAGOA da.

= Nire autoa zure autoaren (=zurearen) ALDEAN  dotorea da (dotoreagoa).

§  Madril hiri jendetsua da Bilborekin konparatuta = alderatuta.

= Madril Bilbo BAINO hiri jendetsuAGOA da.

= Madril BilboREN ALDEAN (hiri) jendetsua da (jendetsuagoa).

-     AHOZKO ADIERAZPENA.  GIZA HARREMANAK: Honen barneko lehen azpigaia: familia ereduak (1. saioa, 0´30).  Horren harira, mintza fitxa eman diet, familia ereduei buruzkoa, eta horretaz jardun dute elkarrizketan binaka. Horretarako, abiapuntutzat, testutxo bat irakurri dugu, non Sarkozy Frantziako presidente-ohiak homosexualen arteko ezkontzak eta hauen adopzio eskubideak gaitzesten dituen. Gaurkoan lehenengo bizpahiru puntuak izan ditugu hizpide. Honako hau da testutxoaren ideia nagusia: Sarkozy Frantziako presidente-ohiak berriz presidente izanez gero, ez lukeela ezkontza homosexualik onartuko eta seme-alabak izateko “ezinbestekoak” direla gizonezko bat eta emakumezko bat.

Alegia, Sarkozyk homosexualen arteko ezkontzak eta hauen adopzio eskubideak GAITZESTEN ditu (“gaitzetsi”: txartzat ematea, ez onartzea, “condenar”, “rechazar”, “desaprobar”, “reprobar”). Beste adibide bat: ELKARRETARATZEAK egingo dira udaletxeen aurrean, atzoko hilketa GAITZESTEKO.

Familia tradizionalaren izenean egiten diren elkarretaratzeetan, askotan beste  familia ereduak GUTXIESTEN dira (gutxietsi: gutxiago balio dutela pentsatzea, “menospreciar”). Gaur egun, oraindik, zoritxarrez, gizon batzuek emakumezkoak GUTXIESTEN dituzte.

-          Etxerako lanak:

1.   Deklinabidea lantzeko ariketa. Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak  erabilita ( Getariako arrantzaleek…). Lehenengo 31 esaldiak. Egina ez badute, egin dezatela eta egina baldin badute, zuzen dezatela gaurko ebazpen-orriekin.

OHARRA: Gogoan izan, norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dagoela blogean.

2.  Alegiazko baldintza edo hipotekoa. NOR motakoak. Ariketa analitikoa (erantzun-orria atzealdean) (kontuz! Blogeko artxiboan nor eta nor-nork motako ariketak artxibo berean datoz. Oraingoz NOR motakoak bakarrik egin itzazue).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

3.      Singleak   izeneko ulermen-jarduera.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4.    Irakurri perpaus kontzesiboei buruzko teoria. Teoria Gramatika eta ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetan dator. Irakur dezatela neuk klasean azaltzerako.

5.      Iritzi artikulua: ezkontzea / futbola idazgai

-  Oraindik egina ez baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

1. Berdintasunezko konparazioa errepasatzeko ariketa: Berdintasunezko konparazioa errepasa dezagun. Ikasleek 30 esalditako hutsuneak osatu behar dituzte, HAIN / BEZAIN / HAINBESTE / ADINA (=BESTE) erabiliz, kontuan izanik:

§  Termino bakarra dagoen ala bi termino konparatzen diren.

§  Kantitatea ala kualitatea adierazten duen.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

2.  Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

3.   NOIZNAHI EGITEKOA: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu diet, non, erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi dizkiedan. Irakur dezatela arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina