27.
eskola: 2024ko urtarrilaren 23koa
- ENTZUNAREN ULERMENA: Zer
berri? (3.). Sei albistetxo
entzun dituzte eta bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar izan
dute, alegia, berri bakoitza zeri
buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute;
bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein
hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute, beti ere, dauden bi
distraktoreak saihestuz. Ariketa
bakoitzerako, behin entzun behar da
entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean,
azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu
ostean, berriro entzun daitezke. Oharra:
- “Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.
- Familia ereduak: bikotean, bakarka, umeekin edo gabe izeneko jarduera zuzentzen amaitu dugu (azken laurak falta zitzaizkigun). Testua irakurri ahala, arbel digitalean jarrita, berridazketak zuzentzen aritu gara. Testuko 14 esaldi ziren eurek beste modu batean berridatzi behar zituztenak. Berridazketa horietan behin eta berriz agertu zaizkigu egitura kontzesiboak. Baita bestelako hainbat eduki ere (eurei kopia bana eman diet).
NOREN + ESANETAN = NOREN + HITZETAN = NORK + DIOENEZ
(* Noren arabera)
NOREN + mesedetan = NOREN + onerako = Noren hobe
beharrez
NOREN + kaltetan = NOREN + kalterako
Beraz,
hiru egitura hauek parekoak dira:
Tabernak eta terrazak irekitzea herritarrEN KALTERAKO
izango da.
= tabernak eta terrazak irekitzea herritarrENTZAT KALTEGARRIA izango da.
= tabernak eta terrazak irekitzeaK (zerk) herritarrEI
KALTE EGINGO die.
Musukoa uneoro jantzita edukitzea ikasleEN ONERAKO
da = ikasleEN MESEDETAN da = ikasleEN HOBE BEHARREZ da.
= musukoa uneoro jantzita edukitzea ikasleENTZAT ONURAGARRIA da = ikasleENTZAT
MESEDEGARRIA da.
= musukoa uneoro jantzita edukitzeaK (zerk) ikasleEI ON EGITEN die = ikasleEI MESEDE EGITEN die.
- Zuzendu berri ditugun berridazketa horietan agertu den
perpaus kontzesibo mordoak horretarako aitzakia emanda, perpaus kontzesiboak nola egiten diren azaldu diet.
Joan den egunean, Gramatika eta
ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetan duten teoria (42. gaia)
etxean irakur zezatela agindu nien. Gaur, neure hitzekin azaldu dizkiet
orrialde horiek: Sarrera – perpaus kontzesiboak noiz eta zertarako erabiltzen
diren – eta perpaus kontzesiboak osatzeko menderagailu nagusiak:
1.
Partizipioa + ARREN
2.
Aditz jokatua + -(e)n + ARREN
3.
NAHIZ ETA…+
partizipioa
4.
NAHIZ ETA…+ aditz jokatua + -(e)N
5.
BA-…ERE
6.
Partizipioa + -TA ERE = Partizipioa
+ -RIK ERE
7.
Partizipioa + -AGATIK (ERE)
8.
Izena + GORABEHERA = izena +
ETA GUZTIZ ERE.
9.
Egitura kontzesibo bat gehitu diet (liburuan ageri ez
dena):
partizipioa + GABE ERE (bizkaieraz, partizipioa + BARIK ERE). Azken hau, ezezkoetan bakarrik erabil daiteke. Azalpenerako, neuk prestatutako txostena erabili dut, arbelean ipinita (blogean eskuragarri).
- AHOZKO ADIERAZPENA. GIZA HARREMANAK:
Honen barneko lehen azpigaia: familia ereduak
(2. saioa, 0´30). Joan den
egunean eman nien mintza-fitxa, familia ereduei buruzkoa, atera eta horretaz
jardun dute elkarrizketan. Gaur hirunaka jardun dute eta, ahal den neurrian,
joan den eguneko ikaskideekin ez. Abiapuntua:
Sarkozyk homosexualen arteko ezkontzak eta
hauen adopzio eskubideak GAITZESTEN ditu (“gaitzetsi”:
txartzat ematea, ez onartzea, “condenar”, “rechazar”, “desaprobar”,
“reprobar”). Beste adibide bat: ELKARRETARATZEAK
egingo dira udaletxeen aurrean,
atzoko hilketa GAITZESTEKO.
Familia tradizionalaren izenean egiten diren elkarretaratzeetan, askotan beste familia ereduak GUTXIESTEN dira (gutxietsi: gutxiago balio dutela pentsatzea, “menospreciar”). Gaur egun, oraindik, zoritxarrez, gizon batzuek emakumezkoak GUTXIESTEN dituzte. GAITZETSI / GUTXIETSI
Honako hauek ere azaldu dizkiet:
BAT ZATOZ + ZEREKIN edo NOREKIN
= ADOS ZAUDE + ZEREKIN
edo NOREKIN:
Bat
zatoz nirekin? = Ados zaude nirekin?
Bat
zatoz esandakoarekin? = Ados
zaude esandakoarekin?
Bat
zatoz esan dudanarekin? = Ados zaude esan dudanarekin?
Bai, bat nator zurekin // Ez, ez nator bat zurekin = Bai, ados nago zurekin // Ez, ez nago ados zurekin.
Euskaraz –GAI atzizkiak honako hau adierazten du: etorkizunean rol, funtzio edo zeregin hori
izan dezakeela:
§ HautaGAIA: hautatua izan daitekeena
(candidato/a), adibidez, hauteskundeetan (hautesLEak = boto-emaileak, gu,
alegia).
§ PresidenteGAIA: presidente izan
daitekeena.
§ SenarGAIA: egunen batean senarra izan
daitekeena.
§ EmazteGAIA, andreGAIA: egunen batean
emaztea izan daitekeena.
§ ApaizGAIA: egunen batean apaiza izan daitekeena, apaiztegian apaiz izateko prestatzen ari dena (“seminarista”).
- Joan den astean, ALEGIAZKO BALDINTZA edo HIPOTETIKOAren zantzu nagusiak azaldu nizkien (osaera, ezezko ordena eta erabilera). Gaurkoan, teoriaren amaierako taulan duten oharra azpimarratu diet, hagitz garrantzitsua delakoan.
Ohar horrek zera dio, baldintza atalean baldintza hipotetikoa
erabiliz gero, ondorioak ere hipotetikoa izan behar duela derrigorrez (eta ez
lehenaldia): Loteria tokatuKO BALITZAIT,
Mirakontxan etxe dotore bat erosiKO (nuen) NUKE.
Nire landetxea zabalduKO BANU, inguruko
zelaiak garbi egonGO
(ziren) LIRATEKE; horrez gain, kanpotarrek Euskal Herriko ohiturak
eta kultura ezagutuKO
(zituzten) LITUZKETE eta nekazaritza-sektorea sustatuKO (zen)
LITZATEKE,
zeren bertako produktuak erosiKO LITUZKETE
(zituzten).
- Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR sistema.
Adizki hauek lantzeko espreski bidalitako ariketa analitikoetan zalantzarik
baduten galdetu eta balizko zalantzak argitu.
OHARRA: nahi duenak eskuragarri ditu blogean H5P formatuan.
-
Etxerako lanak:
1. Perpaus kontzesiboak. Gramatika eta ariketak II liburuko 162. eta 163. orrialdeetako ariketak.
4. ariketa (a eta b) klasean zuzenduko dugu.
Ostegunerako, gutxienez, 4.a egina izan dezatela.
2. Alegiazko
baldintza edo hipotetikoa: NOR sistema lantzeko Euskaljakintza.com
web-orriko bi ariketak (neuk egokituak). Klasean zuzentzekoak
OHARRA: nahi duenak eskuragarri
ditu blogean H5P formatuan.
3. AHOZKO BITARTEKOTZA: Hurrengo egunerako presta dezatela gaur banatu diedan bitartekotza fitxa, ahoz jarduteko. Horretarako, aurreko saioko bikote berak egin eta fitxak trukatu dituzte. Fitxak honakook dira: Haurrak txertatu ala ez / Usurbilgo Udalaren aurrekontua (atzean, zenbait aholku edo gomendio ditu).
- Oraindik egina ez
baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit
batekin:
1.
Deklinabidea:
Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak. Eguberrietarako
bidalia, erantzun-orriarekin batera. Hurrengoan
balizko zalantzak argitu eta zenbait ohar egingo dizkiet.
2. Deklinabidea lantzeko ariketa.
Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak
erabilita ( Getariako arrantzaleek…). Lehenengo 31
esaldiak. Egina ez badute, egin dezatela eta egina baldin badute, zuzen
dezatela gaurko ebazpen-orriekin. Hurrengoan
balizko zalantzak argituko dizkiet.
OHARRA: Gogoan izan, norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dagoela blogean.
3.
Singleak izeneko ulermen-jarduera.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
4. Berdintasunezko
konparazioa errepasatzeko ariketa: Berdintasunezko konparazioa errepasa dezagun.
Ikasleek 30 esalditako hutsuneak osatu behar dituzte, HAIN / BEZAIN / HAINBESTE
/ ADINA (=BESTE) erabiliz, kontuan izanik:
§ Termino bakarra
dagoen ala bi termino konparatzen diren.
§ Kantitatea ala
kualitatea adierazten duen.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
5. “Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara
zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan –
identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako.
Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala)
aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari
eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela
hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
6. NOIZNAHI EGITEKOA: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan
izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat
banatu diet, non, erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak
zehatz-mehatz idatzi dizkiedan. Irakur dezatela arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina