2024/02/29

B2.2 mailako 35. eskola, 2024ko otsailaren 27koa

 

35.  eskola:  2024ko otsailaren 27koa

-    Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORI-NORK sistema. Neuk bidalitako orria (www.euskaljakintza.com web-orriko bi ariketak, baina neuk moldatuak) zuzendu dugu. Zuzendu ahala, honako ohar hauek egin dizkiet:

Azalpenak:

o   TZERAKOAN (justu zerbait gertatu aurretik) / -TAKOAN (ondoren): Etxera irisTERAKOAN, telebista ikusten dut >Etxera iritsiTAKOAN, telebista ikusten dut.

                         AfalTZERAKOAN, eskuak garbi itzazu.

                                                AfalTZEAN, janaria ongi murtxikatu.

                                                          AfalduTAKOAN, hortz-haginak garbi itzazu

o   NOREKIN + ZORRETAN + EGON: Ni bankuarekin zorretan nago (“estar en deuda con”). Mila esker ni salbatzeagatik!! Zurekin zorretan egongo naiz bizitza osoan.

o   ZORPETUTA + EGON / BIZI: Gaur egun zenbat jende bizi den zorpetuta besteen aurrean itxurakeriak egiteagatik! (“estar / vivir endeudado/a”).

o   ZORRAK + KITATU: Etxebizitza erosteko hainbeste urtez zorpetuta egon ondoren, azkenean lortu dut banketxearekiko zorra kitatzea (“saldar una deuda”).

o   Eskertu + singularra, ekintza bat (ekarri izana / ekartzea, oparitu izana / oparitzea) eskertzen delako, nahiz eta objektua pluralean egon (“liburuak”, “loreak”).

o   Dabidek Itziarri kargu hartu dio berandu iritsi delako (gaztelaniazko “llamar la atención”) =  Dabidek Itziarri errieta egin dio = errieta eman dio. Ikusia dugu beste “llamar la atención” bat ere, adiera edo esanahi desberdina duena: Grafiko honetan, Internet erabiltzen duten ikasleen kopuruak  atentzioa eman dit (atentzioa deitu dit), ehuneko edo portzentaje hori oso altua delako.

o   Izenondoa + HUTSA: Lotsagabe hutsa zara, alfer hutsa  zara, bekaizti hutsa zara, tonto hutsa zara, arduragabe hutsa zara…. Kualitate txarra indartzeko erabiltzen da. Adibide on bakarra: Artista hutsa zara!!!

o   Odolkiak (=txerrikiak) ordainetan jaso / izan. Esamolde honen jatorria baserrietako txerri hilketetan dago. Baserritarrek txerriKIak (txerriaren produktuak) inguruko baserritarrei banatzen zizkieten (urdaiazpikoa, solomoa, hankak, odolkiak…) baina gero, beste baserritarrengandik jasotzekotan, haiek euren txerriak hiltzean. Egun, baserri mundutik haratago hedatu da eta testuinguru batzuetan – ariketa honetan, kasu –  zera esan nahi du, norbaitek zerbait egin badizu, zuk ere itzuli egingo diozula, beste zerbait egingo diozula ordainetan / mendeku gisa.

o   TUTIK ERE EZ= EZER(TXO) ERE EZ + JAKIN, ESAN, ULERTU, ENTZUN, IKUSI. Adib. Ez dakit tutik ere zentral nuklearrei buruz. Ez dut tutik ere ulertzen.

o   BARRU / -REN BURUAN: BARRU erabiltzeko erreferentzia momentuak oraina izan behar du, hau da, momentu honetatik hasita kontatzen da; -REN BURUAN, berriz, beti erabil daiteke, erreferentzia momentua une hauxe denean, iraganekoa denean eta geroaldikoa denean.

Hamabost urte BARRU erretiroa hartuko dut.

Hamabost urteREN BURUAN erretiroa hartuko dut.

HEMENDIK hamabost urteRA erretiroa hartuko dut.

 

Abuztuaren 1ean Saloura joan nintzen eta bi asteREN BURUAN itzuli nintzen Irunera.

 HANDIK bi asteRA itzuli nintzen Irunera.

Bi aste BARRU itzuli nintzen Irunera.


 

Datorren igandean oporrak hartuko ditut eta hamar egunEN BURUAN itzuliko naiz lanera.

HANDIK hamar egunERA itzuliko naiz lanera.

Hamar egun BARRU itzuliko naiz lanera (* beste esanahi bat du)

 -      Familia ereduei eta, guraso izateari buruz ari garelarik, ikasleei gogorarazi diet familia eredu anitz ditugula gaur egun, garai batean ez bezala: horietako eredu bat sexu bereko bi kidek osatutakoa litzateke, familia homosexuala, alegia. Halakoxe familia osatzen dute Aran eta Ariane andoaindarrek euren alaba Olaiarekin. Aran, Ariane eta Olaia, familia bat beste askoren artean izeneko ulermen jarduera zuzentzen jarraitu eta amaitu dugu. Bertan, haur bat izan duen bikote homosexual baten berri ematen zaigu. Ikasleek testuaren zati bakoitzari dagokion ideia nagusia ondoen laburbiltzen duen esaldia  aukeratu behar zuten. Oso jarduera egokia da idatziaren ulermenean trebatzeko. Zuzendu ahala, honako oharrok egin dizkiet (eurei kopia bana eman nien joan den egunean):

1.   “Oraindik bada horrelako egoeren aurrean zer esan ez dakiELA(rik) geratzen denIK”. Hemen, moduzko –ELA(RIK) agertu zaigu, “nola?” galderari erantzuten diona, beste adibide hauetan ere ikus daitekeena: Ikasle bat sartu da txapela buruan duELA(RIK) (txapelarekin buruan). Bart gauean zure semea ikusi dut kale bazterrean zigarroa ahoan zuELA(RIK) (zigarroarekin ahoan). Goizeko bederatziak laurden gutxitan auzoko neska-mutilak eskolarako autobusaren zain egoten dira motxila bizkarrean dutELA(RIK) (motxilarekin bizkarrean).

Oso egokia dugu euskaraz NOREKIN + NON konbinaketa (erdarakada: con…en…) saihesteko.

2.   Bestalde, partitiboa baiezko perpaus batean (“Oraindik bada = badago horrelako egoeren aurrean zer esan ez dakiela geratzen deNIK”) agertu zaigu. Hona beste adibide bat: Gela honetan badago ikasle jatorrik!. Gela honetan badaude ikasle jatorrak guztiz zuzena da baina –(r)IK partitiboa eransteak enfasia edo indarra gehitzen dio: Gela honetan badago ikasle jatorrIK! (“Mira que hay, anda que hay, sí que hay…).

Laburbilduz: baiezko esaldieta –®IK erabil daiteke baiezko esaldi horri indarra emateko.

3.  Lexikoa: GAITZETSI: txartzat jotzea edo hartzea, ez onartzea (“condenar”, “rechazar”, “desaprobar”, “reprobar”…). Adib.: Sarkozy presidenteak homosexualen arteko ezkontzak GAITZETSI zituen; elkarretaratze bat egingo dugu udaletxearen aurrean, Irungo hilketa GAITZESTEKO.

Antzera osatutako aditza dugu GUTXIETSI ere: Familia tradizionalaren izenean egiten diren elkarretaratzeetan, askotan beste  familia ereduak GUTXIESTEN dira (gutxietsi: gutxiago balio dutela pentsatzea, “menospreciar”).

Eta HOBETSI (aukera bat bestea baino hobea dela pentsatzea): “Ni Bilbora joan behar naiz” ongi dagoen arren, “Nik Bilbora joan behar dut” HOBESTEN du Euskaltzaindiak.

Ezinbestekoa = Nahitaezkoa = Derrigorrezkoa  = Behar-beharrezkoa.

4.      IZENA + GORABEHERA. Arlo honetako lorpenak GORABEHERA, oraindik traba eta zeregin ugari dago (izena + GORABEHERA egitura kontzesiboa) (= arlo honetan lorpenak egin (diren) arren = lorpenak lortu (diren) arren…).

Ø  ENTZUNAREN ULERMENA: Xabier Madariaga: “Kostu ekonomiko altua du baina oso pozik gaude”(0,9)(2x10=20´). Bitartekotza edo mediazioa. Izenburu horren pean, EITBko kazetari Xabier Madariagari egindako elkarrizketa izan dugu entzungai. Behin entzun dugu. Ikasleak binaka jarrita, bikotekide bakoitzak entzungaiaren zati bati jarri dio arreta – lehenengo zatiari ala bigarrenari – , ahalik eta datu eta informazio gehien biltzeko. Entzun ahala, eskematxo batean ideiarik esanguratsuenak edo adierazgarrienak idatzi dituzte, gero bikotekideari ahoz azaltzeko.

Andoaingo Aran eta Arianek osatutako bikote homosexuala ezagutu genuen. Haur bat izateko hautua (=aukeraketa) egin zuten eta Aran Olaiaz erditu zen. Biak gizonezkoak direnean, ordea, bestelako hautabide bat hartu behar izaten da, hala nola, adopzioa edota haurdunaldi subrogatua deritzona (=izenekoa). Halaxe egin zuten Euskal Irrati Telebistako kazetari eta lehenago Parisko berri-emaile zen Xabier Madariagak eta bere bikotekide Urko Pikazak. Lea eta Jon bikiak haurdunaldi subrogatuaren bidez izan zituzten eta esperientzia (=bizipen) ahaztezin honen berri eman digute Faktoria saioan.

Ø  AHOZKO BITARTEKOTZA: Xabier Madariaga: “Kostu ekonomiko altua du baina oso pozik gaude”. Binaka adostu bezala, bikoteetako kide bakoitzak bere zatia laburbildu dio ahoz bikotekideari. Amaitutakoan, neuk ateratako ideiak idatziz banatu dizkiet, etxean irakurri eta informazioa zenbateraino jaso duten ikus dezaten.

-          Etxerako lanak:

o   Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. Ikusiak ditugu lau sistemak eta, horien artean, NOR-NORK (bagintu, banindute, bazintugu,  bazenu, nindukete, zintuzkete, gintuzkezue, zenuke, lituzkete…) eta NOR-NORI-NORK (banio, bazenit, balizkigu, bazenigu, genizkioke, zeniguke, nieke…) dira zailtasun gehien eragiten dutenak. Hauek bereizteko eta hauen erabileran trebatzeko, berariazko ariketa: NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK (erantzunekin).

       OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Nik emandakoarekin, egiazta dezatela Xabier Madariagari egindako elkarrizketako ideia esanguratsuenak jaso dituzten eta zenbateraino ibili diren zuzen informazio hori kideari azaltzean.

-   Oraindik eginak ez badituzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

o   AUKERAKOA: Identifikazio pertsonalaren gaiaren barnean, gure izaeraren (izaera: izateko era edo modua)  adierazle izan daitezke horoskopoak,  horretan sinetsiz gero, jakina. Gaurkoan, Horoskopoak esanda bezalaxeulermen-jarduera bidali diet, esaldiak testuan txertatzean datzana. EBAZPEN ORRIA BLOGEAN IKUSGAI

o   ELKAR izenordea lantzeko ariketak II (Iñigo Mendiaurreri egindako elkarrizketa eta hutsuneak betetzeko ariketa). Gelan zuzentzekoak. EKARRI OSTEGUNEAN!

o   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (I). EKARRI OSTEGUNEAN!

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   EZEAN = EZIK // IZAN EZIK // a EZ EZIK, b ERE. Hiru hauen bereizten eta behar bezala erabiltzen treba zaitezten, 40 esaldi sortu dizkizuet, zuek berridatz ditzazuen (erantzun-orriak ere banatu dizkizuet). Nolanahi ere, denak egun berean ez egiteko aholkatzen dizuet, pixkanaka eginez joan zaiteztela. Norberak zuzentzekoa.

o   4. Kohesioa lantzen: LOKAILUAK. Gramatika eta ariketak II testuliburuko 57. gaia (210-211. orrialdeak): Lokailuen aurkezpena. 210. orrialdeko teoria irakurri. Bertan, hainbat lokailuren sailkapena egiten da (dena den, nik bere garaian banatutako txostena osoagoa da). Ondoren, teoria hori baliatuz, 211. orrialdeko ariketak egin (norberak zuzen ditzala, ez dute zailtasunik).

o   Deklinabidea lantzeko ariketa. Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak  erabilita. Bigarren orrialdia, hau da, 32. esalditik (“Gipuzkoako herrietako alkateak bildu dira…”) 61.era.

OHARRA: Norbaitek oraindik egina ez badu, nahi izatera, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

B2.2 maila: Aran, Ariane eta Olaia andoaindarrak, familia eredu bat, beste askoren artean. EBAZPENA

B2.2 maila: Arain, Ariane eta Olaia andoaindarrak, familia eredu bat beste askoren artean. Zuzenketa-oharrak

B2.2 maila: Haurdunaldi subrogatua. Xabier Madariagaren testigantza

B2.2 maila: Haurdunaldi subrogatua. Xabier Madariagaren testigantza

B2.2 maila: Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORI-NORK adizkiak lantzeko ariketak (II). EBAZPENA

B2.2 maila: Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORI-NORK adizkiak lantzeko ariketak (II). Zuzenketa-oharrak

B2.2 maila: Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK

B2.2 maila: Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK. Ebazpena

B2.2 maila: (H5P) Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK