2024/02/24

B2.2 mailako 34. eskola, 2024ko otsailaren 22koa

 

34.  eskola:  2024ko otsailaren 22koa

-     Familia ereduen gaira itzulita, Guraso izateko modu asko daude izeneko elkarrizketako hainbat esaldi berridatzi behar zituzten etxean. Hori zuzentzen jardun dugu. 6. berridazketatik 25.era artekoak zuzendu ditugu, beharrezko azalpenak emanez (zuzenketa-oharrak). 25 esaldi dira, ikasleek guk emandako egiturak erabiliz berridatzi behar zituztenak. Berridazketa batzuk ongi etorri zaizkigu zenbait eduki errepasatzeko (perpaus kontzesiboak, esaterako); beste batzuetan, berriz, egitura berriak agertu zaizkigu, hala nola, 2., 13. eta 18. berridazketetan agertu zaiguna:

Ez du ZERTAN txarra IZAN = Ez du txarra IZAN  BEHARRIK.

Atera zaizkigun egiturak:

o   Perpaus kontzesiboak (ARREN, NAHIZ ETA, BA- ERE, -AGATIK ERE, -TA ERE, GABE ERE).

o   BESTERIK EZ = BAIZIK EZ = BAINO EZ = BAKARRIK.

o   DEMAGUN…-(e)LA = EMAN DEZAGUN…-(e)LA.

o   Kausazko perpausak (-eLAKO, BAIT-, ETA). Gogorarazi diet, bi kausa edo gehiago ETA batek kateatuta dauzkagunean, gaztelaniaz ez bezala, euskaraz kausazko perpaus bakoitzak eraman behar duela kausazko aurrizki edo atzizkia: Niri dagokidanez, oraindik ez zait iritsi ezkontzeko unea, hemezortzi urte baino ez BAITitut (1. kausa) eta goizegi BAITa (2. kausa) horretarako.

o   -TZAT + HARTU / JO / UKAN / EDUKI.

o   BAINO…-AGO / BEZAIN.

o   Ezintasuna nominalizazioarekin: EZ DAUKAT / EZ DAGO…-T(z)ERIK.

o   Ahalmena nominalizazioarekin: BADAUKAT / BADAGO…-T(z)EA.

o   ZILEGI IZAN (zilegiak).

-    ENTZUNAREN ULERMENA: Guraso homosexualak (x0,9). Bikote homosexual bat ezagutu dugu, bi emakume nafarrek osatua (ikasbil. 29411 zk.). Itemak azaldu ostean, birritan entzun dugu. Bigarren entzunaldia egin ostean, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Zuzendu ahala, nahi izanez gero, hirugarren aldiz entzun liteke, etenez, erantzun zuzenak berresteko eta oker egindakoetan ikasleek arreta berezia jartzeko.

-      Familia ereduei eta, guraso izateari buruz ari garelarik, ikasleei gogorarazi diet familia eredu anitz ditugula gaur egun, garai batean ez bezala: horietako eredu bat sexu bereko bi kidek osatutakoa litzateke, familia homosexuala, alegia. Halakoxe familia osatzen dute Aran eta Ariane andoaindarrek euren alaba Olaiarekin. Aran, Ariane eta Olaia, familia bat beste askoren artean izeneko ulermen jarduera zuzendu dugu. Bertan, haur bat izan duen bikote homosexual baten berri ematen zaigu. Ikasleek testuaren zati bakoitzari dagokion ideia nagusia ondoen laburbiltzen duen esaldia  aukeratu behar zuten. Oso jarduera egokia da idatziaren ulermenean trebatzeko. Zuzendu ahala, honako oharrok egin dizkiet (eurei kopia bana eman diet):

1.   “Oraindik bada horrelako egoeren aurrean zer esan ez dakiELA(rik) geratzen denIK”. Hemen, moduzko –ELA(RIK) agertu zaigu, “nola?” galderari erantzuten diona, beste adibide hauetan ere ikus daitekeena: Ikasle bat sartu da txapela buruan duELA(RIK) (txapelarekin buruan). Bart gauean zure semea ikusi dut kale bazterrean zigarroa ahoan zuELA(RIK) (zigarroarekin ahoan). Goizeko bederatziak laurden gutxitan auzoko neska-mutilak eskolarako autobusaren zain egoten dira motxila bizkarrean dutELA(RIK) (motxilarekin bizkarrean).

Oso egokia dugu euskaraz NOREKIN + NON konbinaketa (erdarakada: con…en…) saihesteko.

2.  Bestalde, partitiboa baiezko perpaus batean (“Oraindik bada = badago horrelako egoeren aurrean zer esan ez dakiela geratzen deNIK”) agertu zaigu. Hona beste adibide bat: Gela honetan badago ikasle jatorrik!. Gela honetan badaude ikasle jatorrak guztiz zuzena da baina –(r)IK partitiboa eransteak enfasia edo indarra gehitzen dio: Gela honetan badago ikasle jatorrIK! (“Mira que hay, anda que hay, sí que hay…).

Laburbilduz: baiezko esaldieta –®IK erabil daiteke baiezko esaldi horri indarra emateko.

3. Lexikoa: GAITZETSI: txartzat jotzea edo hartzea, ez onartzea (“condenar”, “rechazar”, “desaprobar”, “reprobar”…). Adib.: Sarkozy presidenteak homosexualen arteko ezkontzak GAITZETSI zituen; elkarretaratze bat egingo dugu udaletxearen aurrean, Irungo hilketa GAITZESTEKO.

Antzera osatutako aditza dugu GUTXIETSI ere: Familia tradizionalaren izenean egiten diren elkarretaratzeetan, askotan beste  familia ereduak GUTXIESTEN dira (gutxietsi: gutxiago balio dutela pentsatzea, “menospreciar”).

Hausnarketa = gogoeta (“reflexión”). Aditza: hausnartu = gogoeta egin. Nik gauero hausnartzen dut egunean zehar egindakoa. Gogoeta egin behar genuke gai horren gainean.

Hautua = aukeraketa: “elección”. Aditza: hautatu = aukeratu. Hortik sortuak dira, “hauteskundeak” (“elecciones”), “hautagaia” (“candidato”), “hauteslea” (“elector”), “hautetsontzia” (“urna”)…

Ezinbestekoa = Nahitaezkoa = Derrigorrezkoa  = Behar-beharrezkoa.

4.      Baliteke…-t(z)ea = Litekeena da…-t(z)ea. Aukera edo posibilitatea adierazten dute eta –T(Z)EA nominalizazioa eskatzen dute: Baliteke bihar goizean zoko batzuetan izotza botatzea. Litekeena da urte batzuen buruan gasolioa darabilten ibilgailuak desagertzea, kutsagarriak izateagatik.

5.      Zeren berri eman = zer jakinarazi = zer ezagutarazi: Horren berri eman diegu = hori jakinarazi diegu = hori ezagutarazi diegu.

Badute horren berri = Jakinaren gainean daude = Horren jakitun dira = Hori badakite.  Badut horren berri = Jakinaren gainean nago = Horren jakitun naiz = Hori badakit.

6.     Ugaritasuna adierazten duten determinatzaile zenbatzaile zehaztugabeak: Hamaika familia eredu = makina bat familia eredu = Hainbat familia eredu = Familia eredu anitz = Familia eredu asko = Familia eredu ugari = Familia eredu mordo bat.

7.  Partizipioa + Ostean = ondoren (noiz): Klasea amaitu ostean = amaitu ondoren, erosketak egitera joango naiz supermerkatura. Osteko = ondorengo (noizko) + izena: Opor osteko = opor ondorengo sindromea existitzen omen da.

8.  IZENA + GORABEHERA. Arlo honetako lorpenak GORABEHERA, oraindik traba eta zeregin ugari dago (izena + GORABEHERA egitura kontzesiboa) (= arlo honetan lorpenak egin (diren) arren = lorpenak lortu (diren) arren…).

                   OHARRA: Erdia zuzendu dugunez, hurrengo klasean zuzentzen amaitzekotan geratu gara. 

-      AHOZKO ADIERAZPENA: Gaurkoan, batetik, Aran eta Ariane andoaindarren bizipena eta bestetik, bi neska nafarren kasua ezagututa, mintza-fitxako azken bi puntuak izan ditugu mintzagai, hots, ea bikote homosexualek eta bakarkako amek edo aitek haurrak behar bezala hezi ditzaketen  eta ea gurasoen joera sexualak baldintzatzen duen seme-alabena.

Girotzeko, entzun berri dugun entzungaian (“Guraso homosexualak”) atera zaizkigun zenbait ideia gogorarazi dizkiet, erantzun orria arbelean jarrita.

           Hiztegitxoa lagungarria:

Ø  Sasikoa = sasikumea: “bastardo”

Ø  Bulkada: “impulso”

Ø  Sena: “instinto” > “senez”: “por instinto”

Ø  Ongizatea = Ongi izatea, “bienestar”. Ongizate estatu batean bizi garenez, badugu Gizarte Segurantza.

Ø  Zorrotza: “rígido, estricto” / Malgua: “flexible”

Ø  Pentsaera = pentsamoldea: mentalidad”

Ø  Aurreiritzia: norbait ezagutu aurretik duzun iritzia: “prejuicio”

Ø  Umeak ekartzea HAUTU edo AUKERAKETA bat da, ez da BETEBEHARRA.

Ø  ADOS NAGO zuREKIN = ADOS  NAGO esan duzunAREKIN = ADOS NAGO zuk esandakoAREKIN.

Ø  = BAT NATOR zuREKIN = BAT NATOR esan duzunAREKIN = BAT NATOR zuk esandakoAREKIN.

-          Etxerako lanak:

o   Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORI-NORK sistema lantzeko ariketa osagarria.

o       Idatzizko bitartekotza lantzeko idazlantxoa: Estatistika Institutu Nazionala.

o   AUKERAKOA: Identifikazio pertsonalaren gaiaren barnean, gure izaeraren (izaera: izateko era edo modua)  adierazle izan daitezke horoskopoak,  horretan sinetsiz gero, jakina. Gaurkoan, Horoskopoak esanda bezalaxeulermen-jarduera bidali diet, esaldiak testuan txertatzean datzana.

-  Oraindik eginak ez badituzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

o Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORI-NORK sistema lantzeko ariketa analitikoak (eta erantzunak).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   –T(Z)ERA nominalizazioa lantzeko ariketa analitikoa (erantzunak atzealdean dituelarik).

o   ELKAR izenordea lantzeko ariketak II (Iñigo Mendiaurreri egindako elkarrizketa eta hutsuneak betetzeko ariketa). Gelan zuzentzekoak. EKARRI ASTEARTEAN!!

o   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (I).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   EZEAN = EZIK // IZAN EZIK // a EZ EZIK, b ERE. Hiru hauen bereizten eta behar bezala erabiltzen treba zaitezten, 40 esaldi sortu dizkizuet, zuek berridatz ditzazuen (erantzun-orriak ere banatu dizkizuet). Nolanahi ere, denak egun berean ez egiteko aholkatzen dizuet, pixkanaka eginez joan zaiteztela. Norberak zuzentzekoa.

o   4. Kohesioa lantzen: LOKAILUAK. Gramatika eta ariketak II testuliburuko 57. gaia (210-211. orrialdeak): Lokailuen aurkezpena. 210. orrialdeko teoria irakurri. Bertan, hainbat lokailuren sailkapena egiten da (dena den, nik bere garaian banatutako txostena osoagoa da). Ondoren, teoria hori baliatuz, 211. orrialdeko ariketak egin (norberak zuzen ditzala, ez dute zailtasunik).

§  Deklinabidea lantzeko ariketa. Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak  erabilita. Bigarren orrialdia, hau da, 32. esalditik (“Gipuzkoako herrietako alkateak bildu dira…”) 61.era.

OHARRA: Norbaitek oraindik egina ez badu, nahi izatera, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina