2024/02/02

B2.2 mailako 30. eskola, 2024ko otsailaren 1ekoa

 

30.  eskola:  2024ko otsailaren 1ekoa

-     Alegiazko NOR-NORI baldintza lantzeko berariaz prestatu nien ariketa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ohar bitez, nominalizazio bat tartean denean, nahiz eta nominalizazio horrek berekin daraman objektua plurala izan, aditza singularrean doala, nominalizazioak ekintza bakarra adierazten baitu:

Gure amari entsaladarako tomateak (objektu plurala) erostea (nominalizazioa) ahaztuKO BALITZAIO,…(balitzaizkio)

Txokolatezko bonboiak jatea gustatuKO BALITZAIT,…(balitzaizkit)

-    Alegiazko adizkiekin jarraituz, gaurkoan, NOR-NORK sistemari heldu diogu. Indikatiboko iraganeko adizkietatik abiatuta nola sortzen diren gogorarazi diet. Horretarako, hainbat adibide egin ditugu arbelean, eurek ikus zezaten Indikatiboko lehenaldiko adizkietatik baldintzako adizkietara igarotzeko zer-nolako aldaketak egin behar dituzten (amaierako –(e)N kendu, BA- jarri eta 3.  pertsonako Z > L. Bestalde, 1. pertsonako adizkian amaieran –DA geratzen bada, -T bihurtu). Halaber, ondorioko adizkietan –KE non sartu behar duten azaldu diet, oso nahasgarria baita. Eurei azalpen orriaren kopia bana eman diet. Jarraian, baldintzaren apunteetan dituzten taulei erreparatu diegu, adizki  horien osaeraz ohar zitezen eta, bereziki, -KE non tartekatzen den ikus zezaten.

-     ENTZUNAREN ULERMENA: Kaixomaitia.com (x1). Familia ereduen gaiaren barnean, egun, bakarrik bizitzeko hautua (= bakarrik bizitzeko aukeraketa = bakarrik bizitzeko apustua) egiten dutenak gero eta gehiago direla jakin genuen, single izenez ezagutzen ditugunak, alegia. Batzuk gustura daude “single” moduan, ezkongabe, baina badira, kosta ahala kosta bikotekide bat topatu nahi dutenak. Horiek hautabide bat baino gehiago dituzte (herriko jaietara jotzea, taberna edo dantzalekuren batera, San Antoniori eskatzea…) eta horietako bat dugu bikotekidea topatzeko berariaz (=espresuki) sortutako web-guneetako batean izena ematea, Kaixomaitia.com web-gunean, esaterako. Itemak azaldu ostean, ikasleek bitan entzun dute web-gune honi buruzko entzungaia. Ondoren, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.

Bide batez, NORBERA (“uno mismo”) eta BAKOITZA (“cada uno”)ren arteko aldea azaldu diet. Izan ere, ikasle batek honako hau idatzi du bere artikuluan: “Gazteek, gurasoenean bizi direnean, dena egina izaten dute; gurasoenetik joandakoan eta beste batzuekin pisua partekatzean, NORBERAk (bakoitzak) egin behar izaten ditu lanak” / “Pisua lau ikasleren artean partekatzen dugu eta BAKOITZAk zeregin bat egiten du egunero; niri, harrikoa egitea dagokit; Xabiri, otorduak prestatzea; Amaiari, arropa garbitzea eta lisatzea; Ikerri, oheak egitea eta zurgagailua pasatzea”.

-    Familia ereduen gaiaren barnean, egun bakarrik bizitzeko hautua (= bakarrik bizitzeko aukeraketa = bakarrik bizitzeko apustua) egiten dutenak gero eta gehiago direla jakin genuen, single izenez ezagutzen ditugunak, alegia.

Batzuk gustura daude single egoeran, baina beste batzuek bikotekidea (bikotea) topatu nahi izango lukete, kosta ahala kosta (=nola edo hala).

Horretarako, bada Internetera jotzen duenik, kaixomaitia.com bezalako web-guneetara (entzuna dugu Xabierren lekukotza); beste batzuek, ordea, nahiago dute hautabide (hautatzen edo aukeratzen den bidea =alternatiba) tradizionalagoa, hala nola, Urkiolako San Antoniori eskatzea.

Horren harira, San Antonio deritzon ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez (hainbat oin-ohar ipini nizkien lagungarri jarduerarekin batera, horietako asko, ikusitako edukien errepaso gisa).

Izerdi larria sentitu du bizkarrean behera (larritasunak eragiten duen izerdia da, ez nekeak eragindakoa, adibidez, istripu batetik ozta-ozta libratu garenean edo azterketa hasterakoan sentitzen duguna).

-      AHOZKO ADIERAZPENA: Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2023. urterako aurrekontu irekiak (35´)(2. saioa). Urte amaiera gerturatzearekin (=hurbiltzearekin) batera, ekitaldi ekonomikoa[1] ixteko eta datorren ekitaldirako aurrekontuak egiteko garaia iristen da. Egun, hainbat udalek eta Foru Aldundiak herritarrei aurrekontu irekietan esku hartzeko (=parte hartzeko) aukera eskaintzen diete, herritarrek dirua zertara bideratu aholka edo proposa dezaten. Ikasleei Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023rako duen aurrekontua banatu nien. Taldeka bilduta (talde bakoitza alderdi politiko bat), eztabaidatu eta adostu egin behar izan zuten zein egitasmo (=proiektu) iruditzen zitzaizkien garrantzitsuenak, zein arlori ematen zieten lehentasuna (=zein arlo lehenesten zituzten) eta zer kopuru (zer ehuneko edo portzentaje) bideratuko zuten horietako bakoitzera. Gaur, beste tartetxo bat utzi diet amaitzeko eta, jarraian, bateratu egin dugu denon artean.

(OHARRA: gaur egitekoak ginen Usurbilgo Udalaren aurrekontuaren gaineko bitartekotza, baina hain gustura aritu dira aurrekontu irekiekin, hurrengoan egitekotan geratu gara).

-          Etxerako lanak:

o   Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK sistemako ariketa analitikoak (erantzunekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Gaur zuzendu dugun Guraso izateko modu asko daude izeneko elkarrizketa, bertan azpimarratuta dauzkaten 25 esaldiak berridatz ditzaten, nik emandako egitura erabiliz.

o   Deklinabidea lantzeko ariketa. Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak  erabilita. Bigarren orrialdia, hau da, 32. esalditik (“Gipuzkoako herrietako alkateak bildu dira…”) 61.era. OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Iritzi artikulua: Erretiroa atzeratzen / Lesaka Hills golf & spa

o   ENTZUNAREN ULERMENA: Faktoria I (blogean entzungai). Itemak astiro irakurri eta birritan entzun dezatela albistegia. Ondoren, zuzen dezatela erantzun orriarekin. Albistegi osoa batera entzun beharrean, arloka entzun daiteke: osasun arloko albisteak lehenik; gero, ekonomia arlokoak; geroago, trafikoari eta errepideei buruzkoak, eta, azkenik, eguraldiaren iragarpena. Hori bai, atal bakoitza bi aldiz entzuteko aholkatu diet, azterketan bezala.

Itemak irakurri ahala, honako ohar hauei arretaz errepara diezaietela esan diet:

o    Ez da eskaTZEAREN ALDEKOA = Ez dago eskaTZEAREN ALDE. Bi egiturok parekoak dira: NOREN edo ZEREN ALDEKOA + IZAN = NOREN = ZEREN ALDE + EGON.

o    Har dadin nahi du = Hartzea nahi du. Subjuntiboaren 2. erabilera, nahia adierazteko.

o     Gogoratu: Indarrean jarri / egon / sartu: Lege munduan erabiltzen da (legea, araua, araudia, neurria…): “poner / estar / entrar en vigor”. Indarrean jarri dute abortuaren aurkako lege berria. Indarrean dagoen araudiaren arabera, debekatuta dago eskolan erretzea. Koronabirusari aurre egiteko neurri zorrotzak jarri ditu indarrean Gobernuak.

o     Gogoratu: “Bere horretan + utzi / egon / geratu...”: lehen zegoen bezala, ukitu gabe, inongo aldaketarik egin gabe. Aurten etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa bere horretan utzi dugu.

o     HALAKO + Zenbaki zehatza: Konparaziozko egitura da. Zuk bost otarrainxka jan dituzu; nik, zuk halako bi jan ditut (hamar, beraz), zure bikoitza, alegia. Ez da asko erabiltzen eta normalean, zenbaki baxuekin.

o     EZ BEZALA eta EZ BEZALAKO(A)(K). Askotan agertzen zaizkigu moduzko ezezko egitura hauek.

o     Bizkaieraz “beharra” hitzak “lana” esan nahi du. “Beharrean aritzea “ “lanean aritzea” da eta horretan jarduten duena edo aritzen dena “behargina” da (“langilea”).

o     EKIN = HASI. Baina “ekin” aditzak NORI edo ZERI kasua eskatzen du: Ekin lanari!! = Hasi lanean!! Irungo HEOn euskara ikasTEARI EKIN DIOT = …euskara ikasTEN HASI NAIZ. Aditz horretatik dator “ekiMENA” (“iniciativa”).

o     Egotzi = leporatu = aurpegiratu = errua bota: Norbaitek ikasgelako kristala apurtu du eta Dabidek Mikeli egotzi dio kristala apurtu izana.

o     Luze baino lehen = laster. Luze baino lehen iritsiko da Madriletik datorren trena. Luze baino lehen izango ditugu Eguberrietako oporrak.

o     Egoera lehengoratzea = lehengo egoerara itzultzea = gauzak bere onera etortzea / itzultzea. Adibidez, Europako zenbait herrialdetan izugarrizko istiluak jasaten ari dira kaleetan, gobernuek birusaren aurkako neurriak zorroztu dituztelako eta herritarrak txertatzera behartu nahi dituztelako; ea laster gauzak bere onera etortzen diren. Horrenbeste jende zegoen bilera-areto hartan, hizlaria zorabiatu egin zen, baina, zorionez, handik gutxira, bere onera etorri = itzuli zen.

o     Izena + GORABEHERA. Gogoan duzue egitura kontzesibo hau? (161. orrialdeko F atalean). Azaldu nizuen aditzik gabe osatua dagoela. Atzerapenak gorabehera = atzerapenak jasan edo izan arren.

o     BERTAN BEHERA UTZI = GERATU (“cancelar”, “suspender”, alegia, aurreikusitako ekintza, ekitaldi edo jarduera bat ez egitea):  Shakiraren kontzertua bertan behera utzi dute antolatzaileek. Shakiraren kontzertua bertan behera geratu da, Shakira ohean dagoelako sukarrak jota. Bilborako hegaldia bertan behera geratu da, haize bolada bortitzengatik.

o     AmaiTZEAR = amaiTZEKOTAN = amaiTZEKO ZORIAN. Gutxi falta dela amaitzeko, alegia, ia-ia amaitu dela.

o     Zerbaitetaz kexu izan = zerbaitetaz kexatu: Jexux Mari kexu da txikitan jasotako heziketaz = Jexux Mari txikitan jasotako heziketaz kexatzen da.

o     Hautua = aukeraketa, “hautatu” eta “aukeratu” aditzetik sortutako izenak dira (“elección”).

o     Bizpahiru graduko aldea baino ez dago = baizik ez dago = besterik ez dago = bakarrik dago.

o     Partizipioa + AHALA. Denborazko egitura honek bilakaera adierazten du. Nik urteak igaro AHALA, gero eta zimur gehiago dauzkat = Urteak igarotzen dirEN HEINEAN, gero eta zimur gehiago dauzkat = urteen joan-etorrian, gero eta zimur gehiago dauzkat  (urteak pasata gero zimur gehiago dauzkat).

-   Oraindik egina ez baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

o   Perpaus kontzesiboak: Indartze ariketak (eta ebazpen-orriak).

o   -T(z)EKOA(k) + IZAN egitura lantzeko espresuki prestatutako berridazketak (ebazpen orria atzealdean daukazue).

o   Berdintasunezko konparazioa errepasatzeko ariketa: 30 esalditako hutsuneak osatu, HAIN / BEZAIN / HAINBESTE / ADINA (=BESTE) erabiliz, kontuan izanik:

§  Termino bakarra dagoen ala bi termino konparatzen diren.

§  Kantitatea ala kualitatea adierazten duen.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   NOIZNAHI EGITEKOA: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu nizuen, non erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi nizkizuen. Irakurri arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!



 

 

[1] Ekitaldi ekonomikoa: ejercicio económico

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina