2024/02/09

B2.2 mailako 31. eskola, 2024ko otsailaren 6koa

 

31.  eskola:  2024ko otsailaren 6koa

-   Hasteko, alegiazko baldintza edo hipotetikoari heldu diogu. NOR-NORK adizkiak lantzeko etxerako bidalitako ariketa analitikoetan zalantzarik baduten galdetu eta, izanez gero, argitu. Gogorarazi diet kontu izan behar dutela ondorioko adizkietan   –KE sartzerakoan:

o   Ondorioa egiteko, BA- horren ordez, -KE- ipiniko dugu. Alegiazko edo hipotetikoa denez, 3. pertsonek L- pertsona markari eutsiko diote.

o   KONTUZ!!!!! –KE- hori ez doa amaieran, NORK kasuaren aurrean baizik: (zuk ni) ninduKEzu (ninduzuke), (guk zu) zintuzKEgu, (zuek gu) gintuzKEzue (gintuzueke)…

o   Nor “hura” edo “haiek” denean izan ezik: hauetan, -KE amaieran doa: (nik hura) nuke, (guk hura) genuke, (guk haiek) genituzke, (zuk haiek) zenituzke, (hark haiek) lituzke (zenuKEte, zenituzKEte eta luKEte, lituzKEte, salbu).

(IKUS txosteneko taulak)

-          Joan den eguneko entzungaian (Kaixomaitia.com) honako esaldi hau agertu zitzaigun:

aurrez aurre elkar_ ezagutzeak baino mesfidantza edo errezelo gehiago eragin dezake Internetez ezagutzeak”.

Zergatik  (nor kasuan) ezagutzea eta ez ELKARRI ezagutzea? Zergatik ez ELKARREKIN ezagutzea?

Pernando Amezketarraren astoen pasadizoan, berriz, honako hauek:

Pernandok erosleari esan dio (astoak) elkarrekin egon direla (NOREKIN + egon) eta ezin dutela elkar_ ikusi (NOR + ikusi).

 

Esaldi horiek aitzakia ezinhobea eman digute ELKAR partikula edo izenorde elkarkaria (erreziprokoa) azaltzekoa eta lantzeko. Horretarako, neure eskemako zortzi batuketak egin ditugu arbelean, azalduz batuketa horietako bakoitzean ELKAR partikulak zein kasu-marka daraman eta zergatik (ikasleei kopia bana eman diet). Hiru arauok laburbildu dizkiet:

ELKAR izenordearen urrezko arauak:

1) Ongi erreparatu aditzari, horren arabera ondorioztatzeko ELKAR izenordeak esaldi horietako bakoitzean zein kasu-marka hartu behar duen (aditz horrek kasu marka hori eskatzen duelako):

       Adibidez, “ezkondu”, “egon”, “bizi”, “bidaiatu”, “hitz egin”, “afaldu”, “oheratu”… aditzek NOREKIN kasua eskatzen dute eta beraz, ELKAR izenordea kasu horretan deklinatuko da:

ELKARREKIN ezkondu, ELKARREKIN egon, ELKARREKIN bizi, ELKARREKIN hitz egin, ELKARREKIN afaldu, ELKARREKIN ongi konpondu, ELKARREKIN ibili, ELKARREKIN bidaiatu...

 

       Baina “ezagutu”, “agurtu”, “maitatu”, “gorrotatu”, “musukatu”…aditzek, berriz, NOR kasua eskatzen dute eta, hortaz, ELKAR izenordea NOR kasuan joango da:

ELKAR maite dute, ELKAR gorrotatzen dute, ELKAR ikusi dute, ELKAR agurtu dute, ELKAR ezagutzen dute...

2) Aditz laguntzaile egokia nola ipini zalantzak izanez gero, hona hemen  trikimailutxo bat: ELKAR partikula singularreko 3. pertsona bailitzan hartuta: ipotxa, amona, Irungo alkatea, Aitziber…) (IKUS goiko adibideak).

3)maite dira”, “ezagutzen dira”, “ikusten gara”, “agurtu dira... bezalako erdarakadak onartezinak dira erreziprokotasuna adierazteko; izan ere, aditz hauek UKAN motakoak dira (transitiboak, alegia) eta ezin dira erabili IZANekin.

-      Gure gaiarekin – familia ereduak – jarraituz,  Guraso izateko modu asko daude” izeneko jarduera zuzendu dugu. Daniela Cutas adituari egindako elkarrizketa da eta bertan, erantzun bakoitzari dagokion galdera topatu behar zuten amaierako zakuan, erantzunen aurrean ipintzeko. Zuzenketa azkarra egin dugu, ez dugu testu osoa irakurri, eurek irakurria izan behar baitzuten.

-       Guraso izateko modu asko daude izeneko elkarrizketako hainbat esaldi berridatzi behar zituzten etxean. Hori zuzentzen jardun dugu. Lehenengo bostak zuzendu ditugu, beharrezko azalpenak emanez (zuzenketa-oharrak). 25 esaldi dira, ikasleek guk emandako egiturak erabiliz berridatzi behar zituztenak. Berridazketa batzuk ongi etorri zaizkigu zenbait eduki errepasatzeko (perpaus kontzesiboak, esaterako); beste batzuetan, berriz, egitura berriak agertu zaizkigu, hala nola, 2., 13. eta 18. berridazketetan agertu zaiguna: Ez du ZERTAN txarra IZAN = Ez du txarra IZAN  BEHARRIK. Hurrengo egunean azaltzekotan geratu naiz. 

Atera zaizkigun egiturak:

o   Bilakaera adierazten duten denborazkoak: part. + AHALA, aditz jokatua + -(e)N HEINEAN = -(e)N NEURRIAN, ZENBAT ETA…-AGO(a), ORDUAN ETA…-AGO(a).

o   NOREN edo ZEREN INGURUAN = NOREN edo ZEREN GAINEAN = NORI edo ZERI BURUZ.

o   a EZ EZIK, b ERE.

o   -T(z)EAZ GAIN.

o   EZ BAKARRIK a, b ERE. (baizik)

o   a NAHIZ b = a ZEIN b.

o   BAI a, BAI b.

-          EZ EZIK…ERE erabiltzeko ikasle batzuek dituzten zailtasunak ikusirik, gogorarazi diet:

o    bi osagai elkartzeko, lotzeko edo uztartzeko erabiltzen dela egitura hau eta bi osagai horiek ezinbestean kategoria gramatikal berekoak izan behar dutela (bi izen, bi izenondo, bi aditzondo, bi aditz partizipio…). Beste modu batera esanda, “ez ezik” eta “ere”ren aurreko bi osagaiek galdera berari erantzun behar diote (Zer? Noiz? Nola? Norekin? Zer ekintza?...).

Gainera, uztartzen diren bi osagaiak aditzak direnean, lehenengoa derrigorrez partizipioa izaten da (ez aditz jokatua!!!: joan naiz ez ezik, ikusi dugu ez ezik, egin ditugu ez ezik…) eta bigarrena nahitaez indartu egin behar da, EGIN indartzailea erabiliz edo aditz bera errepikatuz.

o   Jarraian, honako hau gogorarazi diet: (a) EZ EZIK, (b) ERE egitura erabiltzen dugunean, aditza (b) osagaiarekin komunztatu behar da:

Alvaro eta Iban atzean eserita daude (plurala).

Baina…

Alvaro (a) EZ EZIK, Iban (b) ERE atzean eserita dago.

Alvaro (a) EZ EZIK, ni (b) ERE atzean eserita nago.

Alvaro (a) EZ EZIK, zu (b)ERE atzean eserita zaude.

Alvaro (a) EZ EZIK, David eta Iban (b) ERE atzean eserita daude.

o   Azkenik, aipatu diet EZ EZIK…ERE egitura, oro har, ongi erabiltzen dutela beste edozein kategoria uztartzeko, baina bi aditz lotzerakoan askotan oker egiten dutela; izan ere, ez da batere erraza: batetik, kontuan izan behar da bi aditz horiek partizipioak izan behar dutela eta ez adizki jokatuak; bestetik, derrigorrezkoa da bigarrena indartzea:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onartu (part.) (1. osagaia) EZ EZIK, hemengo askoren mespretxua jasan (part.) (2. osagaia) ERE egiten dute = …jasan (part.) (2. osagaia) ERE  jasaten dute.

Horrelako ur handietan sartu nahi izan ezean, hona hemen beste aukera bat gauza bera adierazteko, samurragoa dena:

Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onarTZEAZ GAIN, hemengo askoren mespretxua jasaten dute.

Ahalera hipotetikoa errepasatu (part.) EZ EZIK, lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE egingo dizuet = … lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE azalduko dizuet.

= Ahalera hipotetikoa errepasaTZEAZ GAIN, lehenaldiko ahalera azalduko dizuet.

-     AHOZKO BITARTEKOTZA: UEMAko herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat eta Euskararen kaleko erabilera Tolosaldeko herrietan. Prestatzeko tartetxo bat utzi ostean, binaka bilduta, elkarri hor dituzten infografiak ahoz interpretatu edo azaldu behar izan dizkiote. Horretarako, grafikoak interpretatzeko jarraibideak eta zenbait gomendio biltzen dituen orria banatu eta azaldu diet.

-          Etxerako lanak:

o   Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK lantzeko 5. Ariketa osagarria. Gelan zuzenduko dugu.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   EZIK = EZEAN / IZAN EZIK / EZ EZIK…ERE bereizteko berridazketak.

o   ELKAR izenordea lantzeko lehenengo  hiru ariketak (esaldiak uztartu eta zuzentzekoak), izenordain honen azalpena eurenganatu duten ikusteko eta erabiltzen trebatzeko.

-          Oraindik eginak ez badituzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

o   Deklinabidea lantzeko ariketa. Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak  erabilita. Bigarren orrialdia, hau da, 32. esalditik (“Gipuzkoako herrietako alkateak bildu dira…”) 61.era.

OHARRA: Norbaitek oraindik egina ez badu, nahi izatera, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Iritzi artikulua: Erretiroa atzeratzen / Lesaka Hills golf & spa

o   ENTZUNAREN ULERMENA: Faktoria I (blogean entzungai). Itemak astiro irakurri eta birritan entzun dezatela albistegia. Ondoren, zuzen dezatela erantzun orriarekin. Albistegi osoa batera entzun beharrean, arloka entzun daiteke: osasun arloko albisteak lehenik; gero, ekonomia arlokoak; geroago, trafikoari eta errepideei buruzkoak, eta, azkenik, eguraldiaren iragarpena. Hori bai, atal bakoitza bi aldiz entzuteko aholkatu diet, azterketan bezala.

Itemak irakurri ahala, honako ohar hauei arretaz errepara diezaietela esan diet:

-     Ez da eskaTZEAREN ALDEKOA = Ez dago eskaTZEAREN ALDE. Bi egiturok parekoak dira: NOREN edo ZEREN ALDEKOA + IZAN = NOREN = ZEREN ALDE + EGON.

-          Har dadin nahi du = Hartzea nahi du. Subjuntiboaren 2. erabilera, nahia adierazteko.

-        Gogoratu: Indarrean jarri / egon / sartu: Lege munduan erabiltzen da (legea, araua, araudia, neurria…): “poner / estar / entrar en vigor”. Indarrean jarri dute abortuaren aurkako lege berria. Indarrean dagoen araudiaren arabera, debekatuta dago eskolan erretzea. Koronabirusari aurre egiteko neurri zorrotzak jarri ditu indarrean Gobernuak.

-      Gogoratu: “Bere horretan + utzi / egon / geratu...”: lehen zegoen bezala, ukitu gabe, inongo aldaketarik egin gabe. Aurten etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa bere horretan utzi dugu.

-       HALAKO + Zenbaki zehatza: Konparaziozko egitura da. Zuk bost otarrainxka jan dituzu; nik, zuk halako bi jan ditut (hamar, beraz), zure bikoitza, alegia. Ez da asko erabiltzen eta normalean, zenbaki baxuekin.

-       EZ BEZALA eta EZ BEZALAKO(A)(K). Askotan agertzen zaizkigu moduzko ezezko egitura hauek.

-        Bizkaieraz “beharra” hitzak “lana” esan nahi du. “Beharrean aritzea “ “lanean aritzea” da eta horretan jarduten duena edo aritzen dena “behargina” da (“langilea”).

-        EKIN = HASI. Baina “ekin” aditzak NORI edo ZERI kasua eskatzen du: Ekin lanari!! = Hasi lanean!! Irungo HEOn euskara ikasTEARI EKIN DIOT = …euskara ikasTEN HASI NAIZ. Aditz horretatik dator “ekiMENA” (“iniciativa”).

-           Egotzi = leporatu = aurpegiratu = errua bota: Norbaitek ikasgelako kristala apurtu du eta Dabidek Mikeli egotzi dio kristala apurtu izana.

-           Luze baino lehen = laster. Luze baino lehen iritsiko da Madriletik datorren trena. Luze baino lehen izango ditugu Eguberrietako oporrak.

-       Egoera lehengoratzea = lehengo egoerara itzultzea = gauzak bere onera etortzea / itzultzea. Adibidez, Europako zenbait herrialdetan izugarrizko istiluak jasaten ari dira kaleetan, gobernuek birusaren aurkako neurriak zorroztu dituztelako eta herritarrak txertatzera behartu nahi dituztelako; ea laster gauzak bere onera etortzen diren. Horrenbeste jende zegoen bilera-areto hartan, hizlaria zorabiatu egin zen, baina, zorionez, handik gutxira, bere onera etorri = itzuli zen.

-       Izena + GORABEHERA. Gogoan duzue egitura kontzesibo hau? (161. orrialdeko F atalean). Azaldu nizuen aditzik gabe osatua dagoela. Atzerapenak gorabehera = atzerapenak jasan edo izan arren.

-     BERTAN BEHERA UTZI = GERATU (“cancelar”, “suspender”, alegia, aurreikusitako ekintza, ekitaldi edo jarduera bat ez egitea):  Shakiraren kontzertua bertan behera utzi dute antolatzaileek. Shakiraren kontzertua bertan behera geratu da, Shakira ohean dagoelako sukarrak jota. Bilborako hegaldia bertan behera geratu da, haize bolada bortitzengatik.

-    AmaiTZEAR = amaiTZEKOTAN = amaiTZEKO ZORIAN. Gutxi falta dela amaitzeko, alegia, ia-ia amaitu dela.

-           Zerbaitetaz kexu izan = zerbaitetaz kexatu: Jexux Mari kexu da txikitan jasotako heziketaz = Jexux Mari txikitan jasotako heziketaz kexatzen da.

-           Hautua = aukeraketa, “hautatu” eta “aukeratu” aditzetik sortutako izenak dira (“elección”).

-       Bizpahiru graduko aldea baino ez dago = baizik ez dago = besterik ez dago = bakarrik dago.

-       Partizipioa + AHALA. Denborazko egitura honek bilakaera adierazten du. Nik urteak igaro AHALA, gero eta zimur gehiago dauzkat = Urteak igarotzen dirEN HEINEAN, gero eta zimur gehiago dauzkat = urteen joan-etorrian, gero eta zimur gehiago dauzkat  (urteak pasata gero zimur gehiago dauzkat).

o   Perpaus kontzesiboak: Indartze ariketak (eta ebazpen-orriak).

o   -T(z)EKOA(k) + IZAN egitura lantzeko espresuki prestatutako berridazketak (ebazpen orria atzealdean daukazue).

o   Berdintasunezko konparazioa errepasatzeko ariketa: 30 esalditako hutsuneak osatu, HAIN / BEZAIN / HAINBESTE / ADINA (=BESTE) erabiliz, kontuan izanik:

§  Termino bakarra dagoen ala bi termino konparatzen diren.

§  Kantitatea ala kualitatea adierazten duen.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   NOIZNAHI EGITEKOA: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu nizuen, non erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi nizkizuen. Irakurri arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina