33.
eskola: 2024ko otsailaren 20koa (Inaute astearen
ondokoa)
- Hasteko,
neuk berariaz prestatutako ariketa
osagarria (5. ariketa), alegiazko NOR-NORK baldintza lantzekoa, zuzendu dugu,
astiro, beharrezko azalpenak emanez.
Oharrak
(ariketaren atzealdean dauzkate):
a. Estimatu = preziatu, agurtu, besarkatu,
maite izan = maitatu, gonbidatu, animatu, bultzatu, tentatu, jipoitu, zigortu,
behartu = derrigortu, goraipatu, zaindu, zoriondu, musukatu, besarkatu,
engainatu, gorrotatu. Aditzok NOR-NORK gisakoak dira,
pertsona bat osorik estimatzen, agurtzen, maitatzen, goraipatzen,
zoriontzen…duzulako:
Zuk ni jipoitu nauzu / ninduzun; haiek gu
agurtu gaituzte / gintuzten; nik zuek besarkatu zaituztet / zintuztedan; biek
elkar musukatu dute / zuten; zuek ni zoriondu nauzue / ninduzuen; guk zu asko
estimatzen zaitugu / zintugun…
Esanahi aldetik berdinak izan arren, gramatikalki desberdinak dira honako
esaldi hauek, NOR-NORI-NORK
eskatzen baitute: Zuk niri
jipoi bat eman didazu / zenidan; haiek guri agur egin digute / ziguten; nik
zuei besarkada bat eman dizuet / nizuen; biek elkarri musu eman diote / zioten;
zuek niri zorionak eman dizkidazue / zenizkidaten; guk zuri estimu handia
dizugu / genizun; haiek guri
ziria sartu digute / ziguten.
b. Aditzari -ARAZI eranstean, hau gradu bat
igotzen da:
Ni lagunengandik urrundu = aldendu naiz (neuk hala nahi nuelako) > Zuk
ni lagunengandik urrunARAZI nauzu, oso jeloskorra baitzara.
Ni harrotu naiz >
Zuk ni harroARAZI nauzu egin dizkidazun laudorioekin.
Ni neu ohartu naiz horretaz >
Zuek ni horretaz ohartARAZI nauzue.
Ikasle hori isildu egin da >
Irakasleak ikasle hori isilARAZI du.
Ni hemen eseri naiz >
Zuk ni hemen eserrARAZI nauzu
(=eserTZERA BEHARTU nauzu).
c. Lagundu.
Gogoan izan bi modutara erabil
daitekeela: hegoaldeko euskalkietan, nor-nori-nork
gisa erabiltzen dugu (“faltsua”): Zuk niri lagundu didazu. Zuek guri lagunduko bazenigute,…Ekialdeko
euskalkietan, berriz, nor-nork gisa:
Zuk ni lagundu nauzu. Zuek gu
lagunduko bagintuzue…
d. Dudarik gabe = zalantzarik gabe = ezbairik gabe. Indar gehiago eman nahi izanez gero: duda izpirik gabe = zalantza izpirik gabe; inongo dudarik gabe = inongo zalantzarik gabe; inolako dudarik gabe = inolako zalantzarik gabe.
- Zuzenketa amaitutakoan, honako honetaz ohartARAZI DITUT: NOR-NORK adizki askok –T(Z)ERA nominalizazioa eskatzen dute, “zertara?” galderari erantzuten diona: -T(Z)ERA bultzatu, -T(Z)ERA animatu, -T(Z)ERA behartu, -T(Z)ERA derrigortu, -T(Z)ERA gonbidatu… Zuzendu berri dugun ariketa osagarriaren ebazpen orria arbelean jarrita, aisa ikusi ahal izan dute hori. Horrek emandako aitzakia baliatuta eta nominalizazioen taula arbelean ipinita, -T(z)ERA aditz-izena (nominalizazioa) zein aditzek eskatzen duten gogorarazi diet.
- Baldintza hipotetikoa edo alegiazkoa: NOR-NORI-NORK sistema. Adizki hipotetikoak nola sortzen diren gogorarazi diet. Gaurkoan NOR-NORI-NORK adizkiekin egin dugu proba. Arbel digitalean ipini eta zenbait adibide azaldu dizkiet, Indikatiboko iraganeko adizkietatik alegiazkoetara igarotzeko urratsak gogoraraziz. Jarraian, taulei erreparatu diegu, ikus dezaten ondoriozko adizkietan –KE amaieran geratzen dela, nork kasuko zuek eta haiek pertsonekin izan ezik (-KEte): nioke, zeniguke, zenidake, genieke, nizueke… baina… zenidakete, ligukete, zeniokete, liekete, lidakete, zenigukete...
-
Joan den asteazkenean, otsailak 14, San Valentin
eguna izan zela-eta, horren harira, Otsailak
14, San Valentin eguna, cloze-testa zuzendu dugu, astiro, beharrezko
azalpenak emanez.
Zenbait ohar egin dizkiet, besteak beste, honakook:
o
idatziRIKO
lerroak = idatziTAKO lerroak (erlatibozkoak, -KO hori behar dute, klip baten modura, ondoren datorkien
izenari itsasteko).
o
Minez edo pozez idatziak izan dira (honek
ere, aurreko erlatiboak bezala, ekintza amaitua dagoela adierazten du, baina
ondoan ez darama izenik).
o
HELDU + nori (nor-nori-nork faltsua);
Ezin ditut kaxa hauek guztiak eraman;
helduiozu, mesedez, kaxa honi.
o
Tradizioa
ez da gaur goizekoa; AITZITIK, aspaldikoa da.
o
Lanpostu
bat eskaini didate enpresa horretan, baina nik UKO EGIN diot = muzin
egin diot lanpostu horriiiiii (uko egitea =
muzin egitea: ezetz esatea, ez onartzea).
o
Nekez
= kostata
o
Aitzina: aurrea
(Iparraldean) > denborazkoak egin
litezke:
partizipioa + aitzin: Hil
aitzin = hil aurretik =hil baino lehen
o
Gibela: atzea (Iparraldean)
o
Hiltzean: hiltzen ari zen momentuan
o
Hildakoan: hil ondoren , hil eta
gero
HILTZERAKOAN:
juxtu hil baino lehen. Hiltzerakoan,
senide guztiak bere inguruan bil zitezen
nahi izan zuen.
HILTZEAN:
juxtu momentu horretan
HILDAKOAN:
hil eta gero, hil ondoren. Hildakoan,
herriko hilerrian ehortzi (=lurperatu) zuten.
o
-MEN: atzizki honek gaitasuna edo ahalmena adieraz dezake: ikusmena, entzumena, ukimena, usaimena, ulermena, dastamena, irudimena (irudiak
sortzeko ahalmena edo gaitasuna), sormena
(sortzeko ahalmena edo gaitasuna), nahimena
(zerbait nahi izateko ahalmena, borondatea)…
o
GEROZTIK = ORDUTIK = ORDUDANIK =
HARREZKERO. Gotzain hau
hil zutenETIK (noiztik)…
o
AURRERANTZEAN: HEMENDIK AURRERA (handik aurrera).
- Zuzendu dugun jardueran agertu zaigu AITZITIK aurkaritza lokailua, arreta berezia merezi duena, aurkaritza adierazten duen arren, ez baita orain arte ikusitako lokailuak (berriz, ostera, aldiz, ordea, dena den, hala ere…) bezalakoa. Lokailu honen azalpena eta adibideak biltzen dituen taula banatu eta gogorarazi diet (lehenago ere azaldu nien), lokailu hau aurkaritza adierazten duten beste zenbait lokailu (berriz, ostera, aldiz, ordea) ez bezalakoa dela azpimarratuz.
- AHOZKO ADIERAZPENA: “Maitia, nun zira?”.Familia ereduen gaia lantzen ari gara. Egun, familia eredu anitz ditugu
gure artean, horien artean, single-ak edo bakarrik bizi diren norbanakoak.
Hauetako batzuek, ordea, single izateari utzi nahi diote eta horretarako,
bikotekidea bilatzeko hautabide bat baino gehiago dauzkate. Garai batean (=aspaldi = antzina)
neska-mutilek herrietako festetara nahiz
erromerietara jotzen zuten neska-mutil
bila eta ia beti, bikoteek plazan ezagutzen zuten elkar. Geroago, tabernak
eta dantzalekuak (diskotekak) bihurtu ziren topaleku eta edozein gau zorotan
ezagutu zitekeen bihotzeko azukre
koxkorra. Egun, berriz, gero eta dantzaleku gutxiago ditugu. Egia da
jendeak tabernetan eta herriko jaietan bikotekidea topatzen jarraitzen duela,
baina geroz eta gehiago dira neska-mutiletan egiteko (=ligatzeko)
beste hautabide (alternatiba) bat hautatzen dutenak: Internet. Bertan, tabernetan
ez bezala, egunero 24 orduz izan genezake ligatzeko aukera.
Ikasleak binaka jarrita, elkarrekin gaiaz solastu dira.
-
Etxerako lanak:
o Alegiazko baldintza edo hipotetikoa:
NOR-NORI-NORK sistema lantzeko ariketa analitikoak (eta erantzunak).
o –T(Z)ERA nominalizazioa lantzeko ariketa analitikoa (erantzunak atzealdean dituelarik).
- Oraindik eginak ez badituzue…
zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:
§
ELKAR izenordea lantzeko ariketak II
(Iñigo Mendiaurreri egindako elkarrizketa eta hutsuneak betetzeko ariketa). Gelan zuzentzekoak.
§
Familia ereduen azpigaiarekin jarraituz eta
homosexualek haurrak izatearen edota adoptatzearen inguruan, Aran, Ariane eta Olaia, familia bat
beste askoren artean izeneko ulermen jarduera. Bertan, haur bat izan duen bikote homosexual baten
berri ematen zaigu. Testuaren zati bakoitzari dagokion ideia nagusia ondoen
laburbiltzen duen esaldia aukeratu behar
duzue. Oso jarduera egokia da idatziaren ulermenean trebatzeko. Gelan zuzentzekoa. EKARRI
OSTEGUNEAN!!!!
§
Daniela
Cutas: Guraso izateko modu asko
daude izeneko elkarrizketako 25 berridazketak (lehenengo bostak baino
ez genituen zuzendu). EKARRI JARDUERA + ZUZENKETA
OHARRAK OSTEGUNEAN!!
§ EZEAN
= EZIK // IZAN EZIK // a EZ EZIK, b ERE. Hiru hauen bereizten eta behar
bezala erabiltzen treba zaitezten, 40 esaldi sortu dizkizuet, zuek berridatz
ditzazuen (erantzun-orriak ere banatu dizkizuet). Nolanahi ere, denak egun
berean ez egiteko aholkatzen dizuet, pixkanaka eginez joan zaiteztela. Norberak zuzentzekoa.
§ 4. Kohesioa lantzen: LOKAILUAK. Gramatika
eta ariketak II testuliburuko 57. gaia (210-211. orrialdeak): Lokailuen
aurkezpena. 210. orrialdeko teoria irakurri. Bertan, hainbat lokailuren
sailkapena egiten da (dena den, nik bere garaian banatutako txostena osoagoa
da). Ondoren, teoria hori baliatuz, 211. orrialdeko ariketak egin (norberak zuzen ditzala,
ez dute zailtasunik).
§ Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (I)
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§ Deklinabidea lantzeko ariketa.
Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak
erabilita. Bigarren orrialdia, hau da, 32. esalditik (“Gipuzkoako
herrietako alkateak bildu dira…”) 61.era.
OHARRA: Norbaitek oraindik egina ez badu, nahi izatera, ariketa
hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§
“Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara
zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan –
identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako.
Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala)
aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari
eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira
hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina