2024/12/06

B2.2 mailako 19. eskola, 2024ko abenduaren 5ekoa

 

19. eskola: 2024ko abenduaren 5ekoa

-    Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak) behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak eta lokailuak erabiliz, “klipak” balira bezala. Funtsezkoa da ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesio edo loturaz ohartaraztea. Lokailurik erabilienen teoria azaldu ostean, lumi bidez sortutako ariketa bat bidali nien etxerako. Bertan, 30 lokailu esanahiaren arabera sailkatu  behar zituzten. H5P artxiboa arbelean irekita, denon artean zuzendu dugu sailkapena.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) eskura dago blogean.

-          AHOZKO JARDUERA: Adizkien katea (III). Honako esaldi hau ipini diet arbelean:

(Nik zuei) joan den asteko kopiak (zer pl.) armairu barruko erretiluan eskura(garri) utzi NIZKIZUEN.    

Ikasle bakoitzari konbinazio bat eskatu diot eta esaldi bera probestuz, beste ikasle batzuei beste zenbait aldaera, ikasleak adizki hauen erabileran treba zitezen. Horrela, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak lantzen jardun dugu.

-    Iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak lantzeko ariketak egin dituzten edo egiten ari diren galdetu diet. Egitearen garrantzia azpimarratu diet. Eginak ez badituzte, jarrai dezatela egiten. Horren harira, askotan azaldu dut NOR-NORI-NORK aditzetan hiru osagai izaten direla (nor edo zer, nori eta nork), baina izan badira NOR-NORI-NORK “faltsuak”, sasi-NOR-NORI-NORK aditzak, objekturik (nor edo zer) ez dutenak. Hauen azalpena egin diet (azalpenaren kopia badute).

a.      Batetik, Iparraldean eta Hegoaldean desberdin erabiltzen direnak (biak ongi egon arren): DEITU, LAGUNDU, ENTZUN (Iparraldean, NOR-NORK gisa erabiltzen dituzte; Hegoaldean, berriz, NOR-NORI-NORK “faltsu” gisa).

b.      Bestetik, bakarrik doazenean NOR-NORK direnak eta NORI edo ZERI daramatenean, berriz, sasi-NOR-NORI-NORK direnak: BEGIRATU, JARRAITU, ITXARON.

c.       Azkenik, beti NOR-NORI-NORK “faltsuak” direnak: EUTSI = HELDU, ERASO.

-       Turismoaren gaira itzulita, ENTZUNAREN ULERMENA: Turismoa Euskal Herrian (x 0´9). Itemak azaldu ondoren, birritan entzun dugu audioa. Gero, zuzendu egin dugu eta zalantza gehien sortu duten itemetan, entzungaiaren zati hori hirugarrenez entzun dugu. Itemetan agertu direnez, honako egitura hauek azaldu dizkiet, nahiz eta lehendik ere ezagunak dituzten, aurten agertu baitzaizkigu jada:

Gogoratu: “Bere horretan + utzi / egon / geratu / jarraitu / eutsi...”: lehen zegoen bezala, ukitu gabe, inongo aldaketarik egin gabe. Aurten etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa bere horretan utzi dugu.

Gogoan izan: a EZ EZIK, b ERE. Egitura honek bi osagai elkartzen ditu:

Turismoa ez ezik, beste jarduera ekonomikoak ere…”

Honen parekoa da:

Ez bakarrik turismoa, beste jarduera ekonomikoak ere…”

 = “Turismoa eta beste jarduera ekonomikoak…

= “Bai turismoa, bai beste jarduera ekonomikoak…”

= “Nola turismoa, hala beste jarduera ekonomikoak…”

= “Turismoa nahiz beste jarduera ekonomikoak…”

= “Turismoa zein beste jarduera ekonomikoak…”

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  AHOZKO ADIERAZPENA (30´): Erosketen zurrunbiloan buru-belarri sartzera garamatzaten (=eramaten gaituzten) egun seinalatu horiek… Joan den ostiralean, azaroak 29, ditxosozko Black Friday (“Ostiral Beltza”) eguna izan genuen, Eguberrietako erosketa-aldi zoroari hasiera ematen diona. Egun hori aitzakiatzat hartuta, mintza-fitxan dituzten puntuen gainean solastu dira binaka nahiz  hirunaka jarrita.

 Bai, joan den ostiralean, azaroak 29, ditxosozko Black Friday (“Ostiral Beltza”) eguna izan zen, Eguberrietako erosketa-aldi zoroari hasiera ematen diona (egia den arren saltoki batzuek egun hori asteburura luzatzen dutela eta, honela, Black Weekend (“Asteburu Beltza”) delakoa sortu dutela). Ondoren, Cyber Monday – urdina, baina ez ekologikoa – datorkigu, tresna elektronikoetan sekulako beherapenak eskaintzen dituen eguna. Eguberrietako erosketen zurrunbiloaren ostean, otsailaren 14an, San Valentin eguna ospatzen da, bikotekideari zerbait oparitzeko egun seinalatua. Martxoan, berriz, San Jose eguna, tradizioz, “Aitaren Eguna”. Maiatzean, Amaren Eguna. Ezkongabe baldin bazaudete eta bikotekiderik ez baduzue, lasai, zuentzat ere bai baita egun jakin bat eta igaro berria da, gainera: azaroak 11, Single-en Eguna.

Egun zehatz (=jakin = konkretu) horien aitzakian, gure ingurukoentzat nahiz geure buruarentzat eros genitzakeen hamaika balizko[1] opari (askotan, gutiziak, ez baitira beharrezko gauzak izaten) iragartzen dizkigute hedabideetan: arropa, lurrinak – sarkorrenetatik freskoenetara – , punta-puntako gailu elektronikoak… 

-          Etxerako lanak:

0.  ELKAR izenordea lantzeko indartze-ariketa (ebazpen-orria ere banatu diet, eurek zuzen dezaten). Ikasleek esaldiak osatu behar dituzte ELKAR izenordeari deklinabide kasu marka egokia eta dagokion aditza ipiniz. Horretarako, alde batetik, kontuan izan dezatela esaldi arrunt batean aditz horrek zer kasu eskatuko lukeen (nor agurtu, nor besarkatu, nor maitatu, nor ezagutu, norekin bidaiatu, norekin egon, norekin bazkaldu, norekin maitemindu, norekin ezkondu, norengana hurbildu, norengandik urrundu, …) eta ELKAR izenordeari kasu hori ipini; bestetik, aditz egokia ipintzeko, ez dezatela ahaztu ELKAR singularreko 3. pertsona (hura) balitz bezala hartu behar dutela.

      1. Autokarabanaz bidaiatzea modan jarri da. Barraskiloen modura deritzon jarduran, batetik ENTZUMEN ARIKETA bat egin behar dute. Itemak arretaz irakurri (parentesi arteko sinonimoak eta oin-oharretako azalpenak barne) eta entzungaia birritan entzun dezatela (blogean dute). Bestetik, idatzizko elkarrizketan ideien arteko KOHESIO edo lotura adierazteko lokailu egokia hautatu behar dute, emandako hiru aukeretan zuzena dena, alegia. 2. ariketa gelan zuzenduko dugu.

    2.  Erreklamatzen ere jakin egin behar da izeneko jarduera bikoitza: batetik, lexikoa lantzeko egokia deritzot, hitz-bankuko hitzak testuan txertatu behar baitituzte eta, bestetik, gramatika lantzeko aproposa da, parentesi arteko hiru aukeren artean zuzena hautatu behar baitute.

     3.    AMAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak  (erantzun-orriak ere banatu nizkizuen). Zeuen nahieran administra itzazue, baina egin itzazue. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri egongo.

  4.  EGINA EZ BADUZUE, EGIZUE: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, Ciudad de Juarezen emakumeak hiltzen deritzona, genero indarkeriaren gaia eta testu antolatzaileen (lokailuen) erabilera uztartzen dituena.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

   5.  EGINA EZ BADUZUE, EGIZUE: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, Andoaingo Udalaren adierazpen instituzionala, gaiarekin lotutako lexikoa ikasteko egokia (hitz bankua).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

  6. NOIZNAHI EGITEKOA: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) (ebazpena ere banatu diet erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

7.      EKARRI: Hurrengo klasean hizpide izango dugun gaiarekin – umerik gabeko hotelak – zerikusia duen bideo pasartea ikusi behar duzue eta 1. ariketa egin. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko hotelak. Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko aitzakiarekin, baina gaia aski eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea edo baztertzailea da hori. Birritan ikus ezazue bideoa eta, ikusi ahala, zortzi esaldiak ordenatu. Ondoren, 2. jarduera egin: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz (=lotuz). Bi ariketak gelan zuzenduko ditugu.



[1] Balizko: posible

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina