2024/12/17

B2.2 mailako 22. eskola, 2024ko abenduaren 17koa

 

22. eskola: 2024ko abenduaren 17koa

-     ENTZUNAREN ULERMENA. Gaztainak eta gaztainondoak. Garaian garaiko gai bati buruzko entzungaia aukeratu dut gaurko: gaztainei buruzkoa, udazkenean bete-betean sartuta baikaude eta udazkenaren adierazleetako bat baitira gaztainak. Horretarako, lehenik itemak azaldu dizkiet; gero, bitan entzun dugu entzungaia eta jarraian, zuzendu egin dugu, arbelean erantzunen argudioak seinalatuz; erantzun bakoitza berresteko, hirugarren aldiz entzun daiteke nahi izatera.

Un árbol de navidad

Descripción generada automáticamente con confianza media

  Oharrak:

[1] Gogoratu: Lurrak ematen dituen produktuak “bildu” egiten dira, ez “hartu”: loreak bildu, perretxikoak bildu, babarrunak bildu, tomateak bildu, sagarrak bildu, gaztainak bildu…(zizahorien jardueran).

[1] Gainbehera egin: caer en declive. Krisialdia dela eta, etxeen salmentak (zerk) gainbehera egin du.

[1] Baino ez = baizik ez = besterik ez = bakarrik

[1] Gogoratu: “Ustiatu” (“explotar”): Zerbaiti (negozio bati, meategiari, lursail bati, abeletxe bati…) etekin edo probetxu ekonomikoa ateratzea (pisu turistikoei buruzko jardueran agertu zitzaigun). UstiaTEGIa: “explotación”. Adib. “nekazaritza-ustiategia”. Nafarroako Caparrosoko ustiategian 4.700 abelburu dituzte, esnetarako. UstiaPENa edo ustiaKETA: “explotación”. Adib. “Baliabide naturalen ustiapena egin zuten errusiarrek Islandian”: “Petrolioaren ustiaketak jende asko aberastu du Dallasen”.

[1] Gogoan duzue aldea? Erabiltzeak (zerk, baina ekintza amaitu gabe dagoenean, “el utilizar”) // erabili izanak (zerk, baina ekintza amaitua dagoenean, “el haber utilizado”)

-   1. itemean EZ BEZALAKOA agertu zaigula-eta, ezezko moduzko egitura hau nola erabiltzen den gogorarazi diet. Ez da agertu zaigun lehenengo aldia.

Ezezko konparazioa da. EZ BEZALA(KOA). Konparazioa egiteko modu honetan, bi konparagaiak (a eta b) elkarren ondoan jartzen dira, hau da, baiezko konparazioek bezalako ordena du:

Nire mugikor berria (a) zurea (b) BEZALAKOA da  >

Nire mugikor berria (a) zurea (b) EZ BEZALAKOA da.

= Nire mugikor berria (a) EZ da zurea (b) BEZALAKOA.

Kristauen ohiturak (a) musulmanenak (b) EZ BEZALAKOAK dira

= Kristauen ohiturak (a) EZ dira musulmanenak (b) BEZALAKOAK.

Nik (a) zuk (b) BEZALA jokatuko nuke balizko egoera horretan >

Nik (a) zuk (b) EZ BEZALA jokatuko nuke balizko egoera horretan.

= Nik (a) EZ nuke jokatuko zuk (b) BEZALA balizko egoera horretan.

Beraz, euskaraz bi modu desberdin ditugu desberdintasuna adierazteko:

A ez da B bezalakoa” (A eta B konparagaiak bereizita, ezezko esaldietan ohikoa izaten den bezala): Gure zakurra (a) ez da zuena (b) BEZALAKOA.

edo

A B ez bezalakoa da” (A eta B konparagaiak elkarren ondoan jarrita, baiezkoetan bezalaxe): Gure zakurra (a) zuena (b) EZ BEZALAKOA da.

Aurreko bi adibideetan, BEZALAKOA “nolaKOA da?” galderaren erantzuna da.

Gauza bera gertatuko litzateke “nola?” galderarekin ere:

A ez dago (dabil…) B bezala” (A eta B konparagaiak bereizita, ezezko esaldietan ohikoa izaten den bezala): Herri txikietan (a) ez da bizi izaten hiri handietan (b) BEZALA.

edo

A B ez bezala dago (dabil…)”(A eta B konparagaiak elkarren ondoan jarrita, baiezkoetan bezalaxe): Herri txikietan (a) hiri handietan (b) EZ BEZALA bizi izaten da.

EZ BEZALAKOA(k) egitura oso egokia da gaztelaniazko “es diferente a…” euskaraz txukun adierazteko, A Bren desberdina da” erdarakada erabili beharrean.

Ez erabili A Bren desberdina da. Erabili: A B EZ BEZALAKOA da. Adib.:

Herriko bizimodua (A) hirikoa (B) EZ BEZALAKOA da (herriko bizimodua hirikoaren desberdina da).

EZ BEZALA egitura asko erabiltzeaz gain, oso aproposa da gaztelaniazko “a diferencia de…” euskaraz txukun eta aberats itzultzeko. Adib.:

Zizahoriak (A), beste perretxiko espezie batzuk (B) EZ BEZALA, esportatzeko egokiak dira, ez baitira erraz usteltzen (“a diferencia de…”).

Gaur egun (A), garai batean (B) EZ BEZALA, emakume askok etxetik kanpo egiten dute lan (“a diferencia de…”).

Egun (A), duela berrogei urte (B) EZ BEZALA, bi gizonezko edo bi emakumezko ezkon daitezke elkarrekin (“a diferencia de…”).

Kankuneko hotel askotan (A) hemengoetan (B) EZ BEZALA, helduek bakarrik har dezakete ostatu.[1]

-      Azaroaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan genuen. Horren harira, Andoaingo adierazpen instituzionala, Andoaingo udalak herrian izandako sexu erasoen harira plazaratutako ohartarazpena edo adierazpen instituzionala zuzendu dugu. Lexikoa ikasteko jarduera honetan, ikasleek testuko hutsuneak bete behar zituzten hitz-bankuko hitzak hutsune egokietan txertatuz.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-        Ondoren, Ciudad de Juarezen emakumeak hiltzen deritzon jarduera, genero indarkeriaren gaia eta testu antolatzaileen  erabilera uztartzen dituena, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

1. Kontuz 6. itemarekin. Erantzun zuzena IZAN ERE da, ondoren datorren ideia aurrekoaren kausa baita (ez ondorioa):

                                                              i.      Askok ez dute familiarik;

 izan ere,

mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira.

(familiarik ez edukitzearen kausa, gurasoak AEBetara joan izana da).

                                                            ii.      Asko mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira;

hortaz = beraz = ondorioz,

askok ez dute familiarik.

 (familiarik ez edukitzea, gurasoak AEBetara joan izanaren ondorioa da).

Ez dute familiarik; IZAN ERE, mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira

= Ez dute familiarik, ZEREN mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira

= Ez dute familiarik, mugan bizi dirELAKO eta gurasoak AEBetara joanak dirELAKO.

Mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira; HORTAZ = ONDORIOZ = BERAZ =HORREGATIK =HORRENBESTEZ = HORI DELA ETA, ez dute familiarik.

2. Azalpenen artean, arreta berezia eskaini diogu hiru denborazko hauen arteko aldeari: -T(z)ERAKOAN /  -T(z)EAN / -TAKOAN. Orri osagarri bat eman diet, hirurak bereiz ditzaten, ikasleen zenbait oker eta beste zenbait adibide zuzen biltzen dituena. Etxean irakur dezatela.

Oker egiten duten ikasleek  -T(z)ERAKOAN gerokotasuna adierazteko erabiltzen dute (etxera iristerakoan, telebista pizten dut) eta ez da hala;          -T(z)ERAKOAN denborazkoak justu aurretik gertatzen dela adierazten dut (etxera iristerakoan, ogia erosten dut atari ondoko okindegian). Gerokotasuna adierazteko, erabili -TAKOAN (etxera iritsitakoan, telebista pizten dut). Bereizketa hau hamaika bider azaldua dudanez, eurek irakur dezatela esan diet. Nik jarduera honi buruzko oharretan ipini diedana laburbildu diet:

–T(z)ERAKOAN (justu aurretik) /-T(z)EAN (bitartean) /-TAKOAN (justu ondoren) denborazkoak:

BazkalTZERAKOAN (= justu bazkaldu aurretik, bazkaldu baino lehen), eskuak garbitu behar dira.

BazkalTZEAN (bazkaltzen ari zarenean, bazkaldu bitartean), janaria ongi murtxikatu behar da.

BazkalduTAKOAN (=bazkaldu ondoren, bazkaldu ostean, bazkaldu eta gero), hortz-haginak garbitu behar dira.

         Emakume hauek hiltzen dituzte, torturak jasanDAKOAN (=torturak jasan  eta gero, torturak jasan ondoren). Izan liteke torturak jasaTEAN hiltzea ere, hau da, torturak jasaten ari diren bitartean.

**Baina torturak jasaTERAKOAN (= jasan baino lehen) hiltzea ezinezkoa da.

3. ORO = GUZTIA > OROTARA = GUZTIRA. Nire arazo guztiak = nire arazo_ oro = nire arazoak oro.

4. Ciudad de Juarezeko egoeraren balizko konponbideak datoz testuaren amaieran. Konponbideen enumerazio edo zerrendaketa bat denez, euren artean ez dago kausa /ondorio harremanik, EMENDIOZKOA baizik:

                                                          iii.      Alde batetik, borroka sozialerako fronteak sortu.

                                                          iv.      Bestetik, gobernuei presioa egin.

                                                            v.      Halaber = gainera, haurrak berdintasunean hezi. 

                                                          vi.      Gainera, emakumeek berdintasun ekonomikoa lortu behar dute.

                                                        vii.      Inpunitateari dagokionez, nazioarteko auzitegiak sortu.

-          AHOZKO ADIERAZPENA: Elkarrizketa (30`): Zoritxarreko genero indarkeria. Urtero, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Ikusia dugu Ciudad De Juarezeko emakumeen egoera lazgarria. Baina hurbilago ere badira kasuak, Andoainen, esaterako, gaur zuzendu dugun adierazpenean irakurri ahal izan dugunez. Horren harira, zoritxarreko genero indarkeriari buruz aritu gara solasean.

1.    Asko al dira zure ustez sexu-jazarpena edota tratu txarrak jasaten (=nozitzen = pairatzen) dituzten emakumeak?

2.    Orain dela urte batzuetatik hona, zoritxarrez, etengabeak dira indarkeria jasan duten emakumeei buruzko berriak; horietako asko senarrek akabatuta hiltzen dira; beste batzuk bortxatu egiten dituzte. Lehen ez al zen horrelakorik gertatzen ala isilpean sufritzen zuten emakumeek?

3.    Egokia al da hedabideek horrelako albisteak lau haizetara hedatzeko daukaten joera? Komeni al da horrelakoak zabaltzea? Zergatik? Morbo bila ote dabiltza? Ala emakumeen hobe beharrez egiten dute? (egoera horretan dauden gainerako emakumeei lagundu nahian eta emakume horiek euren bikotekidea salatzera bultzatu nahian).

4.    Nola jokatu behar luke, zure ustez, horrelako tratu txarra pairatzen dituen emakumezko batek? Izan ere, erraza da esatea, baina makina bat gauza hartu behar da kontuan: senarrarekiko menpekotasuna, senarrari dion beldurra, bizimodua berak bakarrik aurrera ateratzeko zailtasunak… Eta horrelako jazarpenen lekuko izanez gero, nola jokatzen dugu gainerakook?

-            Etxerako lanak:

1.    EZ BEZALA(KOA) lantzeko berariaz prestatutako bi ariketak (erantzun-orriak ere banatu dizkiet).

2.        Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa.

3.        EGINA EZ BADUZUE, EGIZUE: Kohesioa lantzen: Peñiscolatik bidalitako gutuna, lokailuekin osatzekoa (lokailu hauek ideiak lotzeko klipak balira bezala).

4.        EGINA EZ BADUZUE, EGIZUE: Erlatibozko perpausak lantzen V

5.        Irakurria ez baduzue, irakurri: Asteko irakurgaia. Garaian garaikoa: Eguberrietan, kontuan izan, kontuak egin. Artikulua irakur dezatela, datorren ostegunean honezaz mintzatzeko, Gabonak ate-joka ditugu eta. Testu honetan solasaldian erabiltzeko informazio aski esanguratsua topa dezakete.

6.    JARRAITU EGITEN: Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak (194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak) (erantzunak ere banatu dizkiet). Denak hurrengorako ez egiteko aholkatu diet,  nahieran administra ditzatela ariketa hauek.

7.        JARRAITU EGITEN: -T(z)EKOA(k) + IZAN egitura lantzeko espresuki (= berariaz = beren beregi) prestatutako berridazketak (ebazpen orria atzealdean daukate).

8.  NOIZNAHI EGITEKOA: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) (ebazpena ere banatu nien erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] Ostatu hartu: “alojarse”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina