20. eskola: 2024ko abenduaren 10ekoa
- ELKAR izenordea. Iñigo Mendiaurre arraunlariari egindako elkarrizketarekin batera zetorren bigarren ariketa zuzendu dugu, hutsuneak betetzekoa, astiro, beharrezko azalpenak emanez.
Ainarak eta Josuk ez ZUTEN ELKAR ezagutu…
ELKARRENGANDIK hurbil egoteko asmoz (NONDIK edo NORENGANDIK hurbil egon: etxeTIK HURBIL gaude, gurasoENGANDIK hurbil bizi naiz…)
ELKARRENGANA hurbiltzeko asmoz (NORA edo NORENGANA hurbildu: eskolaRA HURBILDU zaitez, udaltzainARENGANA hurbildu ginen argibide eske(an) ).
Ni zuregandik hurbil nago.
+
Zu niregandik hurbil zaude.
_________________________________
Gu biok elkarrENGANDIK hurbil gaude.
Baina…
Ni zuregana hurbildu naiz.
+
Zu niregana hurbildu zara.
__________________________________
Gu biok elkarrENGANA hurbildu gara.
NORA EZKONDU vs. NON EZKONDU:
Nire arreba bere senarraren herriRA (NORA) EZKONDU DA (ez dakigu non ezkondu den, baina bai ezkondu ondoren senarraren herrira joan direla bizitzera) /// Nire arreba senarraren herriAN EZKONDU DA(hemen badakigu non ezkondu den, baina ez dakigu gero non jarri diren bizitzen, nora joan diren bizitzera).
BERA vs. BERDINA:
Zu eta biok etxe BEREAN bizi gara (etxe bakarra), etxea partekatzen dugu. Zu eta biok etxe BERDINEAN bizi gara (bi familia bakarreko etxe berdin).
Zuk eta biok alkandora BERA daukagu (alkandora bat, batzuetan neuk janzten dut eta beste batzuetan, zeuk). Zuk eta biok alkandora BERDINA daukagu (bi alkandora), denda BEREAN erosi genituen merkealdian.
ELKARREKIN egoten dira. NOREKIN + EGON
ELKARRENGAN konfiantza (=uste osoa) eduki. Nik konfiantza (uste osoa) daukat zuregan, gurasoengan, amarengan…
Opariak egiten DIZKIOTE ELKARRI (3. sing.)
Iñaki Perurena euskaldun peto-petoa da.
ELKARREN antz handia zuten = zeukaten
= ELKARREN antzekoak ziren.
Testuinguruaren arabera:
ELKAR jotzen dute: aitak ama jotzen du + amak aita jotzen du (adibidez, haserretzen direnean).
ELKARREKIN jotzen dute: aitak amarekin jotzen du (larrua, gitarra, pianoa…) + amak aitarekin jotzen du.
ELKARRI jotzen diote: adarra, adibidez: Aitak Amari adarra jotzen dio = amak aitari adarra jotzen dio > ELKARRI adarra jotzen diote, oso umoretsuak baitira biak.
Aita-amek arazoren bat dutenean, ELKARREKIN jotzen dute psikologoarengana.
Gure testuinguruan, ordea, NORENGANA + JO (=joan):
ELKARRENGANA jotzen dute = joaten dira: arazoren bat daukanean, laguntza eske, aitak amarengana jotzen du + amak aitarengana jotzen du.
Zuzenketa amaitutakoan, gogorarazi diet joan den egunean bidali niela ELKAR
izenordearen erabileran trebatzeko indartze-ariketa bat eta, oraindik egina ez
badute, egin dezatela esan diet (H5P formatuan ere eskuragarri dute blogean).
- Autokarabanaz bidaiatzea modan jarri da. Barraskiloen modura deritzon jarduran, batetik ENTZUMEN ARIKETA (x 0´9) bat egin behar zuten (entzungaia blogean dute). Itemak arretaz irakurri (parentesi arteko sinonimoak eta oin-oharretako azalpenak barne) eta entzungaia birritan entzun behar zuten. Gaur:
i. Batetik, entzungaia bitan jarri diet eta entzumen-jarduera zuzendu dugu, erantzunak arbelean jarrita eta erantzun zuzenak behar bezala arrazoituta.
ii. Bestetik, idatzizko elkarrizketan ideien arteko kohesio edo lotura adierazteko lokailu egokia hautatu behar zuten, emandako hiru aukeretan zuzena zena, alegia. Astiro zuzendu dugu, zuzendu ahala, beharrezko argibide guztiak emanez, besteak beste, honakook:
DOAKIt, DOAKIo, DOAKIgu, DOAKIzu, DOAKIzue, DOAKIe: Kaixo, aspaldiko! Zer moduz doakizu Londres aldean?
DATORKIt, DATORKIo, DATORKIgu, DATORKIzu, DATORKIzue, DATORKIe: Bihar elkarrekin kafetxo bat hartzeko gera gintezke; zer moduz datorkizu bostetan? Eskutitz honen bidez, diru-laguntza eske(an) natorkizu.
2 -T(z)EAGATIK (kausazkoa edo helburuzkoa) / -AGATIK (ere) (kontzesiboa) arteko aldea gogorarazi diet.
3 -T(z)EARREN (helburuzkoa edo kausazkoa) / partizipioa + ARREN (kontzesiboa) arteko aldea gogorarazi diet.4 - ZERI edo NORI BURUZ + aditza (esan, adierazi, azpimarratu, irakurri, entzun…). Aditz baten beharra du esaldia osatzeko eta ez du testu antolatzaile gisa funtzionatzen / ZERI edo NORI DAGOKIONEZ. Ez du beste aditz baten beharrik, barnean baitauka aditza; hortaz, autonomoa da eta testu antolatzaile gisa funtziona dezake, ideiak (paragrafoak) elkarri lotzeko.
Kostaldeko hotel batean, zakurra nirekin edukitzeagatik, bidegabeki gau bakoitzeko 10 euro ordainTZERA behartu (=derrigortu) NINDUTEN.
Eta…
Haiek zu? … behartu
Zuek ni?... behartu
Zuk gu?...behartu
Haiek hura?... behartu
Haiek haiek?...behartu
- Esaldi hori abiapuntutzat hartuta, Indikatiboko Iraganeko edo Lehenaldiko NOR-NORK adizkiak errepasatu ditugu.
a. Horretarako, hasteko, adizki horien eskema banatu diet eta beharrezko azalpenak eman dizkiet: eskema nola dagoen egituratua, pertsona markak edo morfemak aurrean ala atzean doazen…
b. Jarraian, eskemaren azpiko bost oharrak arretaz azaldu dizkiet. Behin eta berriz azpimarratu diet 5. oharrak dioena, hau da, kontu izan dezatela NOR edo ZER 3. pertsona denean, adizki horietan NORK edo ZERK subjektuaren pertsona marka edo morfema aurrean baitoa (nuen, zenuen, genuen, zenituzten…), gainerakoetan ez bezala. Izan ere, gainerakoetan, atzean doa NORK edo ZERK subjektuaren pertsona marka (ninduzun, zintudan…). Beraz, NOR edo ZER 3. pertsona (hura / haiek) duten adizkiak EZINGO DIRA eskema horretatik atera, ezingo dira eskema horretan “enkajatu”.
c. Ondoren, adizkien taulak banatu dizkiet, bai horizontalki dagoena, bai bertikalki eskema eta adizkiak dakartzana. Lehenengoari arretaz erreparatu diogu eta ikasleei ohartarazi diet adizki horietan NOR pertsona marka aurrean doala, eta beraz, berdin hasten direla, 3. pertsonetan ez bezala; izan ere, arestian aipatu bezala, hauetan NORK marka da hasieran doana eta, beraz, subjektuaren arabera, modu desberdinean hasten dira 3. pertsonako adizkiok.
- Etxerako lanak:
- Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak (194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak) (erantzunak ere banatu dizkiet). Denak hurrengorako ez egiteko aholkatu diet, nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean egongo. Ebazpen-orriak, bai.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIZUE ELKAR izenordea lantzeko indartze-ariketa (ebazpen-orria ere banatu diet, eurek zuzen dezaten). Ikasleek esaldiak osatu behar dituzte ELKAR izenordeari deklinabide kasu marka egokia eta dagokion aditza ipiniz. Horretarako, alde batetik, kontuan izan dezatela esaldi arrunt batean aditz horrek zer kasu eskatuko lukeen (nor agurtu, nor besarkatu, nor maitatu, nor ezagutu, norekin bidaiatu, norekin egon, norekin bazkaldu, norekin maitemindu, norekin ezkondu, norengana hurbildu, norengandik urrundu, …) eta ELKAR izenordeari kasu hori ipini; bestetik, aditz egokia ipintzeko, ez dezatela ahaztu ELKAR singularreko 3. pertsona (hura) balitz bezala hartu behar dutela.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIZUE Erreklamatzen ere jakin egin behar da izeneko jarduera bikoitza: batetik, lexikoa lantzeko egokia deritzot, hitz-bankuko hitzak testuan txertatu behar baitituzte eta, bestetik, gramatika lantzeko aproposa da, parentesi arteko hiru aukeren artean zuzena hautatu behar baitute.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIZUE: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, Ciudad de Juarezen emakumeak hiltzen deritzona, genero indarkeriaren gaia eta testu antolatzaileen (lokailuen) erabilera uztartzen dituena.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIZUE: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, Andoaingo Udalaren adierazpen instituzionala, gaiarekin lotutako lexikoa ikasteko egokia (hitz bankua).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- NOIZNAHI EGITEKOA: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) (ebazpena ere banatu diet erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina