10. eskola: 2025eko urriaren 29koa
Identifikazio pertsonala eta hizkuntzak: “euskara da euskaldun egiten gaituENA”
- Gai honetan, euskaldunak
ditugu aztergai. Ikasleei euren ustez euskaldunok nolakoak garen galdetu nien
joan den egunean. Euren ustetan, euskaldunok
leialak gara (ez
omen diogu inori huts egingo),
lotsatiak
itxiak (sentimenduak adierazterakoan, hotzak, sentimenduak
ez omen ditugu hainbeste adierazten)
fidagaitzak edo mesfidatiak (norbait hobeto ezagutu arte,
behintzat)
aldarrikatzaileak
jatorrak
langileak
sukaldari onak
jale (=jatun) onak
burugogorrak (=egoskorrak = tematiak)
serioak
kantariak edo kantazaleak
umore beltzekoak
sudur-luzeak
sendoak
ile-beltzekoak
belarri-luzeak...
Gutxi gorabehera, horrelakoa litzateke euskaldun peto-petoa.
- Ondoren, ohikoa baino
garaiagoa (=altuagoa) zen euskaldun bati buruzko ikus-entzunezkoa jarri diet,
“Altzoko Handia”ri buruzkoa. IKUS-ENTZUNAREN
ULERMENA: Altzoko Handia, erraldoi euskalduna (x0,9). Sarrera irakurri
ostean, itemak astiro azaldu eta bideoa ikusi dugu birritan. Ondoren, zuzendu
egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Nahi izanez gero, etxean
berriro ikus dezakete, blogean izango baitute ikusgai.
OHARRA: Ikus-entzunezkoaren ulermen-ariketa hau berriro egin nahi duenak
blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).
- Ondoren, youtube-ra jo eta Altzoko Handiaren hezurren aurkikuntzari buruzko bideoa jarri diet, ikus dezaten, bideoan bere hezurrak lapurtu egin zituztela esaten den arren, ez dela egia eta Altzo Azpiko hilerrian aurkitu zituztela orain dela urte gutxi.
Altzoko Handia (A) garaiko
beste euskaldunak (B) EZ
BEZALAKOA zen.
= Altzoko Handia (A) EZ ZEN garaiko beste euskaldunak (B) BEZALAKOA.
Adibide
hauetan oinarrituta, EZ BEZALA(KOA) laburbildu diet, joan den egunean
azaldu nuena.
Euskaraz bi modu desberdin ditugu desberdintasuna adierazteko:
·
“A ez da B bezalakoa”
(A eta B konparagaiak bereizita, ezezko esaldietan ohikoa izaten den bezala): Gure
zakurra (a) ez da zuena (b) BEZALAKOA.
edo
·
“A B ez bezalakoa da” (A eta B
konparagaiak elkarren ondoan jarrita, baiezkoetan bezalaxe): Gure zakurra
(a) zuena (b) EZ BEZALAKOA da.
(zuenaren desberdina da)
Aurreko bi adibideetan, BEZALAKOA “nolaKOA da?” galderaren erantzuna da.
Gauza bera gertatuko litzateke “nola?” galderarekin ere:
·
“A ez dago (dabil…) B bezala” (A eta B konparagaiak bereizita, ezezko esaldietan
ohikoa izaten den bezala): Gure tailerra (a) ez da kudeatzen enpresa atzerritar hori (b) BEZALA,langile gutxi gara eta.
edo
· “A B ez bezala dago (dabil…)”(A eta B konparagaiak elkarren ondoan jarrita, baiezkoetan bezalaxe): Gure tailerra (a) enpresa atzerritar hori (b) EZ BEZALA kudeatzen da, langile gutxi gara eta.
·
EZ BEZALA egitura asko erabiltzeaz gain, oso aproposa da gaztelaniazko “a
diferencia de…” euskaraz txukun eta aberats itzultzeko. Adib.:
Gaur egun (A), garai batean (B) EZ BEZALA, emakume askok etxetik kanpo egiten dute lan (“a diferencia de…”).
- Identifikazio pertsonalari buruzko gai honetan,
euskaldunak ditugu hizpide, eta horien artean, euskaldun bereziak, bitxiak, ez-ohikoak: Altzoko Handia ezagutu
ondoren, goazen Pernando Amezketarra ezagutzera. Ez dakigu berari
egozten (=leporatzen) zaizkion pasadizo
xelebre eta barregarri guztiak egiazkoak diren ala ez, baina ukaezina
(ukatu ezin dena) da gizon xelebrea izan zela. Amezketakoa zen Fernando Amezketarra, hamaika pasadizo (“anécdota”), bitxikeria edo xelebrekeria (“ocurrencia”) bizi eta egin izandako amezketarra. Fernando Amezketarra: Elkar ezin ikusi izeneko
pasadizoa biltzen duen testua zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak
emanez. Ikasleek testua deklinabide kasu egokiekin osatu behar zuten.
OHARRA: Norbaitek deklinabidea lantzeko jarduera hau berriro egin
nahi badu, blogean izango du eskuragarri, bai ohiko formatuan, bai H5P
formatuan (interaktiboa).
- Oharra:“Erosleak bi astoAK erosi zituen” (plurala: “los dos burros”). Kasu honetan, zenbaki batekin agertu arren, hitza pluralean deklinatua dago, bi astoak konkretuak direlako, ezagunak, testuan lehenago agertu direnak. “Bi asto__ erosi zituen” (mugagabea: “dos burros”) esango bagenu, horrek adieraziko luke asto gehiago zeudela salgai eta berak horietako bi aukeratu zituela.
Honek emaniko aitzakia baliatuta, mugagabearen erabilerari buruzko 5. puntua, zenbakiekikoa, azaldu diet:
ZENBATZAILE ZEHAZTUEKIN edo ZENBAKIEKIN
(bi, hiru, zazpi, hamar, hogeita bi...) mugagabea
erabiltzen da askotan:
Bi lagun_ hil dira atzo goizaldeko istripuan.
Bost herriTAN izango dira jaiak datorren
asteburuan.
Hogei ikasleK gainditu dute azterketa eta beste horrenbestek, ez.
OHARRA: honek ez du esan nahi zenbaki
bat ikusten dugun bakoitzean mugagabea erabili behar denik; posible da plurala
ere erabiltzea, baina esanahi desberdinarekin:
Auzoko hiru etxeTAN
(mugagabea) gertatu dira lapurretak (“en 3
casas”).
Auzoko hiru etxeETAN
(plurala) gertatu dira lapurretak (“en
las 3 casas”, alegia, honek esan nahi du gure auzoan hiru etxe daudela).
Gaur hogei bizilagun_ (mugagabea) bildu dira auzokideen
bileran (“20 vecinos”).
Gaur hogei bizilagunAK (plurala) bildu dira auzokideen bileran (“los 20 vecinos”.
Horrek esan nahi du, guztira 20 garela eraikinean).
Bi ikasleK (mugagabea) gainditu dute iraileko azterketa (“2
alumnos/as”).
(Azterketara aurkeztu diren) Bi ikasleEK (plurala)
gainditu dute iraileko
azterketa (“los 2 alumnos/as”, alegia, ezagunak, konkretuak dira, aurkeztu
diren guztiak).
Erriberriko (Olite)
kanpinean bi igerileku_ (mugagabea) (“dos piscinas”) daude eta bi
igerilekuAK (plurala) (“las dos piscinas”), kanpoaldean daude.
Hiru seme_ (mugagabea) (“tres hijos”) dauzka eta hiru semeAK (plurala) (“los tres hijos”) aitarekin aritzen
dira lanean.
Istripuan bost lagun_
(mugagabea) (“cinco personas”) zauritu dira eta bost laguAK = bostAK
(plurala) (“las cinco personas” edo “las cinco”) erietxera eraman dituzte ziztu
bizian.
Pernando Amezketarrak bere ukuiluan bi asto_ (mugagabea) (“dos burros”) zeuzkan eta bi astoAK (plurala) (“los dos burros”) azokara eraman zituen saltzeko asmoz.
Ikusten duzuenez, ohikoa izaten da lehenengo aurkezpena mugagabean izatea, ezezagunak direlako, baina gero, plurala erabiltzea, jada konkretuak edo ezagunak direlako.
- Bide
batez, Pernandori buruzko testuan agertu denez, ASKO(A)
graduatzailearen berri eman diet. Egia da ASKO ezaguna dutela
ikasleek, determinatzaile zenbatzaile zehaztugabe gisa erabiltzen baita
izenekin: diru asko, lagun asko, ariketa asko, jende asko, barazki asko,
turista asko… Baina, ASKO(A) izenondo (adjektibo) eta aditzondoak
(adberbioak) graduatzeko ere erabil daiteke, OSO graduatzailearen sinonimo
gisa:
Oso gustura nago klasean = Gustura asko nago klasean
Oso ederki ibili gara oporretan = Ederki
asko ibili gara oporretan
Katedral hori barrutik oso polita da = …polit
askoa da
Oso lasai nago, nik ez baitut ezer
txarrik egin = Lasai asko nago,
…
Horrelakoetan,
ASKI(A) ere erabil daiteke:
Gustura aski nago, ederki aski ibili gara, polit askia da, lasai aski nago
Gogorarazi diet, halaber, “eramaten
dira” erdarakada
saihestu behar dutela:
Pernandoren bi astoak gaizki konpontzen
dira = gaizki moldatzen dira elkarrekin (gaizki eramaten dira).
Nire
gurasoekin oso ongi konpontzen naiz = oso ongi moldatzen naiz
(oso ongi eramaten naiz).
- AHOZKO ADIERAZPENA: Telebista, hutsaren hurrengoa (25´).Banatu diedan mintza-fitxa baliatu dugu mintza saio honetarako. Hor dituzten puntuen gainean aritu dira solasean: telebistan (gaur) egun fundamentuzko saiorik ba ote dagoen, eurek zer ikusten duten, iragarkien eraso bortitza, nolakoa izan beharko lukeen programazio ideal batek, haur nahiz gaztetxoentzako saio hezigarririk badagoen, kate guztiak berdinak diren, bikotekidea bilatzeko saioetako partaideak gure gaztetxo eta nerabeentzat eredugarriak (eredutzat hartzeko modukoak) diren, egungo gizartean itxura lehenesten den, ordainpeko kate nahiz plataformak kontratatzeko joera gero eta hedatuagoa… Hurrengoan bigarren saio bat egitekotan geratu gara.
Etxerako lanak:
1. Altzoko
Handiari buruzko entzungaiaren atzeko aldean datozen bi ariketak. Lehenengoan,
bideotik ateratako bost esaldi berridatzi behar dituzte ikasleek, gramatika
nahiz lexiko egitura desberdinak lantzeko; bigarrenean, zenbait hitz
baliokideak ala aurkakoak diren adierazi behar dute.
2.
Altzotik mundura izeneko jarduera,
idatziaren ulermena lantzekoa.
3.
EZ BEZALAKOA(K) eta
EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak ere badituzte, egin ostean zuzen
ditzaten.
4. Garaian garaikoa: Hemen dugu Halloween ate-joka izeneko ulermen jarduera. Izan
ere, ostiral gauean, urriak 31 Gau Beltza edo Arimen Gaua izango da eta
larunbatean, azaroak 1, Santu Guztien Eguna (“saria edo ziria”)
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ataza honen 1. ariketa (esaldiak
testuan txertatzekoa) H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
5. Garaian garaikoa: Tradizioa nagusi izeneko testua irakur dezatela. Bertan, Euskal
Herriko hileta ohituren berri ematen da. Ohitura eta usadio bitxiak
ezagutuko dituzte testu honetan. Osorik irakurri arren, hirunaka adostuta,
zatitxo bat presta dezatela ahoz elkarri laburbiltzeko.
6. Idazlana: Eskabide gutun formala. Ikasleek diru-laguntza eskatu beharko diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, landetxe bat ireki ahal izateko. Idazlan hori egiteko, gutun edo e-mail formalak idazteko argibideak eta jarraibideak biltzen dituen txostena banatu nien: Gutun edo e-mail formalak idazteko jarraibideak I (30. fitxa). Errepara diezaiotela arretaz, idazlana idazteari ekin baino lehen!!!!!!
-
Biltegia:
1.
Erlatibozko perpausak lantzen III (datorren asterako)
2. Lehen eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa. Ikasleek gure HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz.
3.
INDARTZE-ARIKETA
(eperik gabea): Gaurkoan azaldu eta landutako zenbait egitura ikasleak
pixkanaka eurenganatzen joan daitezen, indartze-ariketa: Ahozkotasuna
lantzearen garrantzia testutik ateratako hamar berridazketen parekoak.
Benetan gomendagarria deritzot ariketa hau egiteari.

