9. eskola: 2025eko urriaren 27koa
- Nire blogaren nondik-norakoak azaldu dizkiet,
batzuek berau erabiltzeko zailtasunak dituztela aitortu baitute.
- Garaian garaikoa: ENTZUNAREN ULERMENA. Gaztainak eta gaztainondoak (x1). Garaian garaiko gai bati buruzko entzungaia
aukeratu dut gaurko: gaztainei buruzkoa, udazkenean bete-betean sartuta baikaude
eta udazkenaren adierazleetako bat baitira gaztainak. Itemak azaldu eta
entzun egin dugu. Aurretiaz etxean birritan entzun zezatela aholkatu nien.
Ondoren, jarduera zuzendu dugu, erantzun zuzenak behar bezala argudiatuz.
OHARRA: Norbaitek entzunaren ulermen-jarduera hau berriro egin nahi badu, blogean izango du eskuragarri, bai ohiko formatuan, bai H5P formatuan (interaktiboa).
1. itemean EZ BEZALAKOA agertu zaigula-eta, ezezko moduzko egitura hau nola erabiltzen den azaldu diet.
Ezezko konparazioa da. EZ BEZALA(KOA). Konparazioa egiteko modu honetan, bi konparagaiak (a eta b) elkarren ondoan jartzen dira, hau da, baiezko konparazioek bezalako ordena du:
Nire mugikor berria (a) zurea (b) BEZALAKOA da >
Nire mugikor berria (a) zurea (b) EZ BEZALAKOA da.
= Nire mugikor berria (a) EZ da zurea (b) BEZALAKOA.
Kristauen ohiturak (a) musulmanenak (b) EZ BEZALAKOAK dira
= Kristauen ohiturak (a) EZ dira musulmanenak (b) BEZALAKOAK.
Nik (a) zuk (b) BEZALA jokatuko nuke balizko egoera horretan >
Nik (a) zuk (b) EZ BEZALA jokatuko nuke
balizko egoera horretan.
= Nik (a) EZ nuke jokatuko zuk (b) BEZALA balizko egoera horretan.
Biztanle
kopuruari dagokionez, …
Irun (a) Tutera (b) BEZALAKOA da.
Irun (a) Tutera (b) EZ BEZALAKOA da.
Irun (a) EZ da Tutera (b) BEZALAKOA.
Irun eta Barakaldo (a) Tutera (b) BEZALAKOAK dira.
Irun eta Barakaldo (a) Tutera (b) EZ BEZALAKOAK dira.
Irun eta Barakaldo (a) EZ dira Tutera (b) BEZALAKOAK.
Beraz, euskaraz bi modu desberdin ditugu
desberdintasuna adierazteko:
“A ez da B bezalakoa” (A eta B konparagaiak bereizita, ezezko esaldietan
ohikoa izaten den bezala): Gure zakurra (a) ez da zuena (b) BEZALAKOA.
edo
“A B ez bezalakoa da”
(A eta B konparagaiak elkarren ondoan jarrita, baiezkoetan bezalaxe): Gure
zakurra (a) zuena (b) EZ BEZALAKOA da.
Aurreko bi adibideetan, BEZALAKOA
“nolaKOA da?” galderaren erantzuna da.
Gauza bera gertatuko litzateke “nola?”
galderarekin ere:
“A ez dago (dabil…)
B bezala” (A eta B konparagaiak bereizita, ezezko esaldietan
ohikoa izaten den bezala): Herri txikietan (a) ez da bizi izaten hiri handietan (b) BEZALA.
edo
“A B ez bezala dago (dabil…)”(A eta B konparagaiak elkarren ondoan jarrita, baiezkoetan bezalaxe): Herri txikietan (a) hiri handietan (b) EZ BEZALA bizi izaten da.
EZ BEZALAKOA(k)
egitura oso egokia da gaztelaniazko “es diferente a…” euskaraz txukun
adierazteko, “A Bren desberdina da”
erdarakada erabili beharrean.
Ez
erabili A Bren desberdina da. Erabili: A B EZ BEZALAKOA da.
Adib.:
Herrietako
bizimodua (A) hirietakoa (B) EZ BEZALAKOA da (herrietako bizimodua hirietakoaren desberdina da).
EZ BEZALA
egitura asko erabiltzeaz gain, oso aproposa da gaztelaniazko “a diferencia
de…” euskaraz txukun eta aberats itzultzeko. Adib.:
Zizahoriak
(A), beste perretxiko espezie batzuk (B) EZ BEZALA, esportatzeko egokiak
dira, ez baitira erraz usteltzen (“a diferencia de…”).
Gaur
egun (A), garai batean (B) EZ BEZALA, emakume askok etxetik kanpo egiten
dute lan (“a diferencia de…”).
Egun
(A), duela berrogei urte (B) EZ BEZALA, bi gizonezko edo bi emakumezko
ezkon daitezke elkarrekin (“a diferencia de…”).
Mexikoko hotel askotan (A) hemengoetan (B) EZ BEZALA, helduek bakarrik har dezakete ostatu.[1]
- Garaian garaikoa: “Ordutegi-aldaketaren gorabeherak”. Pasa den asteburuan,
urri amaiera izanik, ohi bezala (=ohi legez), erlojuak ordubetez atzeratu behar
izan ditugu (udaberrian berriz aurreratzeko). Jende askoren bizimoduan,
egunerokotasunean eta ohituretan nahiz azturetan[2] hainbat eragin
(=ondorio) izaten ditu urtean bitan egiten den ordu-aldaketa horrek eta
behin eta berriz aldaketa gauzatuko den azken urtea izango dela esaten badigute
ere, aldatzen jarraitzen dugu. Etxean 4. ariketa egin behar zuten ikasleek:
testua irakurri (“Uda eta neguko ordu-aldaketak kentzea proposatu du
Bruselak”) eta bost esaldi berridatzi, nik emandako egiturak erabiliz. Berridazketa
hauek ongi etorriko zaizkie ikasleei orain arteko zenbait eduki errepasatzeko
eta ikasturtean zehar agertuko zaizkigun beste batzuk lantzeko. Gaur,
testua irakurri eta berridazketa horiek zuzendu ditugu, astiro, beharrezko
azalpenak emanez (IKUS
bere garaian emandako 23. fitxa). Honakook agertu zaizkigu:
§ Emendiozko
juntagailuak:
o
a EZ EZIK, b ERE
o
EZ
BAKARRIK a, b ERE
o
BAI
a, BAI b
o
NOLA
a, HALA b
o
(NAHIZ) a NAHIZ b
o (ZEIN) a ZEIN b
§
-T(z)EKOTAN II (baldintzazkoa, “behar ba-“ edo “nahi
ba-“ baldintzazkoen parekoa. Aurrerago ikusiko dugu).
§
BAIT- kausazkoa
§ Iritzi
egiturak:
o Noren
+ USTEZ
o NORK
+ USTE DU…-(e)LA
o NORI
+ IRUDITZEN ZAIO…-(e)LA
o NORK + DERITZO = IRIZTEN DIO...-T(z)EARI
- Hel diezaiogun gure gaiari:
Identifikazio pertsonala eta hizkuntzak: “euskara da euskaldun egiten gaituENA”
Euskaldunak izango ditugu aztergai. Ikasleei euren ustez euskaldunok nolakoak garen galdetu diet. Euren ustetan, euskaldunok leialak gara (ez omen diogu inori huts egingo), lotsatiak, itxiak (fidagaitzak eta, sentimenduak adierazterakoan, hotzak, sentimenduak ez omen ditugu hainbeste adierazten), fidagaitzak (norbait hobeto ezagutu arte, behintzat) aldarrikatzaileak, jatorrak, langileak, sukaldari onak, jale (=jatun) onak, burugogorrak (=egoskorrak = tematiak), serioak, umore beltzekoak, sudur-luzeak, baxuak, sendoak, ile-beltzekoak, belarri-luzeak…). Gutxi gorabehera, horrelakoa litzateke euskaldun peto-petoa.
- Ikasle batek euskaldunok serioak garela adierazi du, baina, egiazki, hain serioak al gara? Horren harira, “Hain serioak al gara euskaldunok?” izeneko ulermen jarduera zuzendu dugu. Bertan, ikasleek testutik ateratako zenbait esaldi txertatu behar zituzten hutsune egokietan.
OHARRA: Norbaitek idatziaren ulermen-jarduera hau berriro egin nahi badu, blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).
Etxerako lanak:
1.
Erlatibozko perpausak lantzen III (datorren asterako)
2.
Identifikazio pertsonalaren gaiari helduta, bada
Gipuzkoan herri polit askoa: Amezketa. Eta bertakoa zen hainbat pasadizo bizi
izandako gizon xelebre edo bitxi bat: Pernando
Amezketarra. Ikasleei Pernandoren asto itsuen pasadizoa (Elkar ezin ikusi) banatu diet,
hutsuneak deklinabide kasuekin osa ditzaten.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere
eskuragarri dago blogean.
-
Biltegia:
1. Lehen eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa. Ikasleek gure HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz.
2.
INDARTZE-ARIKETA
(eperik gabea): Gaurkoan azaldu eta landutako zenbait egitura ikasleak
pixkanaka eurenganatzen joan daitezen, indartze-ariketa: Ahozkotasuna
lantzearen garrantzia testutik ateratako hamar berridazketen parekoak.
Benetan gomendagarria deritzot ariketa hau egiteari.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina