2025/10/21

B2.2 mailako 7. eskola, 2025eko urriaren 20koa

 7.      eskola: 2025eko urriaren 20koa

-      Erlatibozko perpausen teoriako punturik esanguratsuenak azaltzen aritu nintzen joan den egunean; gaur, hasteko, puntu nagusiak laburbildu eta gogorarazi dizkiet ikasleei, hala nola,

1.   ezezkoen ordena (baiezkoaren berdina): “Gainditu dutEN ikasleak / Gainditu EZ dutEN ikasleak”

2.     erlatibozkoaren ondoko izenak edo erreferenteak hartu beharreko kasu marka (beti ere, aditz nagusiaren araberakoa, honekin komunztatu behar baitu):“Nire ondoan esertzen dEN ikasleAK (nork) Jon izena DU”.

3. eta ondoko izena edo erreferentea isiltzeko aukera (honek zeramatzan determinatzailea eta deklinabide kasua –(e)N erlatiboari itsasten zaizkiolarik): “Nire ondoan esertzen dENA / dENAK / dENARI / dENAREKIN…” 

-       Jarraian, Erlatibozko perpausak lantzen I zuzendu dugu, arbelean. Zuzenketa hau egokia izan da laburbildu berri dizkiedan puntu nagusiak ikasleei gogorarazteko. Zuzenketa amaitutakoan, ebazpen orria banatu diet.

-        Hizkuntzak ikastea (IU) izeneko ulermen jarduera zuzendu dugu. Paragrafo bakoitzaren hasierako esaldia hautatu behar zuten ikasleek, kontuan izanik lehenengo esaldi horrek eta jarraian datorrenak koherentzia edo ideien arteko lotura gorde behar duela (OHARRA: gelan ere egin liteke jarduera hau: ikasleek paragrafo bakoitza irakurri ondoren, nik neure hitzekin laburbildu ahal diet eta minutu pare bat utzi eurek paragrafo horren hasierako esaldia hauta dezaten).

OHARRA: Ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

-       Zuzendu ahala, hainbat azalpen eman diet, horietako batzuk, jada, joan den asteko berridazketetan agertu zitzaizkigunak (kopia bana dute):

1.      Subjuntiboaren erabilera HELBURUZKO perpausak egiteko.

“Gaur egungo mundu globalizatuan gero eta beharrezkoagoa da hizkuntzen ezagutza herrialde desberdinetako herritarrak elkarrekin komunika_ DAITEZEN (=komunikatzeko)”.

2.    EKIN aditzaren adiera (=hasi) eta erabilera (beti darama NORI edo ZERI kasua).

“…euren ama hizkuntza ez den beste hizkuntzaren bat ikasTEARI ekiten DIOTE (=ikasTEN hasten dira)”.

3.      -T(z)EAR nominalizazioa (=-T(z)EKOTAN = -T(z)EKO ZORIAN = -T(z)EKO ARRISKUAN) ia gertatu dela edo gutxi falta dela adierazteko.

“Hauek normalean hizkuntza bitxiak, galTZEAR (=galtzekotan = galtzeko zorian = galtzeko arriskuan) daudenak  edo modan ez daudenak aukeratzen dituzte, sanskritoa eta grekera klasikoa, esaterako”.

4.      X BAINO EZ = X BAIZIK EZ = X BESTERIK EZ = X BAKARRIK.

“Hizkuntza bat ikasteak edota menderatzeak onurak BAINO EZ dakartza “.

5. Arestian (=lehentxeago = gorago) aipatu dudan bezala” TESTU ANTOLATZAILEA, aurretik adierazitako ideia bati berriz heltzeko.

6.      PARTIZIPIOA + EZEAN = PARTIZIPIOA + EZIK. Ezezko baldintzak egiteko “komodina”.

“Derrigorrezko ikasketak amaitutakoan, hizkuntza horiek ikasten jarraitu EZEAN = jarraitu EZIK (=jarraitzen ez badute), ikasitakoa herdoiltzen eta ahazten zaie”.

7.      EGOKITU aditzaren forma TRINKOAren BI ERABILERAK (aditz gisa / testu antolatzaile gisa).

-          Aditz gisara erabil daiteke:

Objektu sing. (zer): dagokit, dagokik /n, dagokio, dagokigu, dagokizu, dagokizue, dagokie.

Obj. plurala (zer): dagoZkit, dagoZkik /n, dagoZkio, dagoZkigu, dagoZkizu, dagoZkizue, dagoZkie).

-       Testu antolatzaile gisako erabilera: Sukaldeari dagokionez, komunari dagokionez, kopuruari dagokionez, arrazoiei dagokienez…) (“con respecto a…”).

Bai erabilera batean, bai bestean, NORI edo ZERI kasua eskatzen du aurrean:

-      AHOZKO ADIERAZPENA: Heziketa ala…diziplina? (0,35-40¨). Aurreko egunetan,  euskara ikasteko euren prozesuaz edo ibilbideaz eta erabiltzen dituzten nahiz erabil daitezkeen baliabideez jardun zuten solasean, besteak beste, Mintzalaguna eta Mintzanet.net ekimenei buruz. Gaurkoan, heziketak urteen joan-etorrian izan duen bilakaeraz aritu dira.

Hezkuntza-irakaskuntza arloan azken urteotan gauzatu diren berrikuntza guztiek irakaskuntza “estatikoa” saihestu nahi izan dute eta irakaskuntza parte-hartzaile bat sustatu: sormena garatzen duena, ikasleek gogoeta egiteko (=hausnartzeko) aukera ematen diena, talde-lana eta elkarlana bultzatzen dituena… Ikasleek eurek jasotako heziketa eta euren ustez egokiena litzatekeena izan dute mintzagai, horretarako banatu diedan mintza-fitxa baliatuz.

-          Etxerako lanak:

1.      Erlatibozko perpausak lantzen II (ondokoa edo erreferentea ezkutuan dutenak).

2.      Hain serioak al gara euskaldunok? izeneko ulermen-jarduera, testua bertatik ateratako esaldiekin osatzean datzana.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa H5P formatuan (interaktiboa) egin dezake blogean

3.      Garaian garaikoa: Berriro ere, ordu aldaketa izeneko testua irakurri, nire oin-oharrei eta sinonimoei arretaz erreparatuta. Datorren egunean hizpide izango dugun gairako ideia interesgarriak topa daitezke artikulu horretan.

-          Biltegia:

1.  IDATZIZKO EKOIZPENA: eskabide e-posta. Euskara ikasteko diru-laguntza eske Udalera idatzi beharreko e-maila. Horretarako, gutun nahiz e-mail formalak idazteko jarraibideak banatu dizkiet, lagungarri izango zaizkielakoan.

OHARRA: Erreparatu blogean ipini dizuedan ereduari. Genially bidez egina da eta gutunaren zati bakoitzean klikatuta informazioa agertzen da.

2.   Lehen eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa. Ikasleek gure HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz.

3.   INDARTZE-ARIKETA (eperik gabea): Gaurkoan azaldu eta landutako zenbait egitura ikasleak pixkanaka eurenganatzen joan daitezen, indartze-ariketa: Ahozkotasuna lantzearen garrantzia testutik ateratako hamar berridazketen parekoak. Benetan gomendagarria deritzot ariketa hau egiteari. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina