8. eskola: 2025eko urriaren 22koa
- Erlatibozko
perpausak lantzen (II) zuzentzen aritu gara arbel digitalean, astiro,
beharrezko azalpenak emanez, ezezkoen ordena eta erlatibozkoak bere ondokoa edo erreferentea galdu ostean
hartu beharreko kasu marka gogoraraziz, beti ere, aditz nagusiari
erreparatuta.
Oharrak:
a. Ez nahastu SINESKORRA eta SINESGARRIA: Sineskorra: edozer sinesten duen pertsona (“crédulo”) / Sinesgarria: sines daitekeen zerbait (“creíble”).
b. Ziria sartu: engainatu. Adib.: Gaur saltzaile bat etorri zait etxera eta ZIRIA SARTU DIT = engainatu egin NAU (Nor-nork) ). Niri ZIRIA SARTU nahian baldin bazabiltza, JAI DAUKAZU (=ez daukazu zereginik), HORTZAK EDERKI BERDINDUAK DITUT nik eta!
c.
Bitxia iruditu arren, MEREZI IZAN aditza jokatzean UKAN hartu arren (merezi DU),
nominalizazioa daramanean, honek ez du ZERK kasurik hartzen. “Merezi du
ikusTEA, joaTEA, egiTEA,…” (ikusTEAK, joaTEAK,
egiTEAK…)
d. Aho zabalik = harrituta = harriturik = txundituta = txunditurik = ahoa bete hortz = harri eta zur = zur eta lur nago / geratu naiz / utzi nauzu…
e. Zerraldo erori: luze-luze erori. “caerse redondo”
f. Kontuz. “txantxetan
+ ARITU” edo “txantxetan + IBILI”
(baina ez kalkatu gaztelaniatik “estar bromeando” > “txantxetan EGON”. Txantxetan nabil =
txantxetan ari naiz (txantxetan nago).
Jai + EDUKI = Jai + UKAN : jai daukazu = alferrik zabiltza = alferrik duzu
= ez daukazu zereginik. Adib.:
Zure aprobatua urdaiazpiko batekin
erosi nahi baduzu, JAI DAUKAZU! = JAI
DUZU! = alferrik duzu = alferrik zabiltza, barazkijalea naiz
eta.
Beste testuinguru batzuetan, adiera eso esanahi desberdina
du:
Jai + EDUKI = Jai + UKAN: lanera joan behar ez izatea: Bihar jai izango dut (festa izango dut) eta egun pasa joango naiz
Nafarroara.
“Hortzak ederki berdinduak ditut”. Zera adierazten du, ez naizela gaztea, baditudala urteak eta, horrekin batera, eskarmentua edo esperientzia eta, beraz, ni engainatzea ez dela erraza. Izan ere, urteetan aurrera joan ahala, hortzak gastatuz doazkigu. Niri ziria sartu nahian zabiltza, baina jai duzu (=alferrik zabiltza), hortzak ederki berdinduak ditut nik eta!
- Garaian garaikoa:
Aurrerantzean (=hemendik aurrera) egunak laburragoak izango dira eta askorentzat hori da eragozpen (= oztopo = traba) handienetako bat, baina ordu bat atzeratzeak abantailak ere baditu. Gatozen gaiari heltzera:
a) ENTZUNAREN
ULERMENA: Ordutegi-aldaketaren gorabeherak. Datorren asteburuan,
urri amaiera izanik, ohi bezala (=ohi legez), erlojuak ordubetez
atzeratu beharko ditugu (udaberrian berriz aurreratzeko). Jende askoren
bizimoduan eta ohituretan nahiz azturetan[1] hainbat
eragin (=ondorio) izaten ditu urtean bitan egiten den ordu-aldaketa horrek eta
behin eta berriz aldaketa gauzatuko den azken urtea izango dela esaten badigute
ere, aldatzen jarraitzen dugu.
Hasteko, gai honen inguruko entzungaia entzun ahala, zenbait esaldi egia ala gezurra diren adierazi behar izan dute ikasleek. Ondoren, ariketa zuzendu dugu, erantzunak behar bezala arrazoituz.
b) “Ordu-aldaketa: abantailak eta eragozpenak” izeneko artikulua banatu diet, baina paragrafoak nahastuta. Ikasle bakoitzak ozenki paragrafo horietako bat irakurri du, bitan, eta ikasleek paragrafo horrek dioena abantaila ala eragozpena den kontuan izanik, azpian duten taula osatu behar izan dute. IDATZIAREN ULERMENA lantzeko jarduera interesgarria bezain aberasgarria iruditu zait.
c) AHOZKO ADIERAZPENA (35´): Ondoren, mintzan jardun dute: ea ordutegi-aldaketak eurengan eraginik izaten duen, aldaketaren aldekoen / aurkakoen argudioak zeintzuk diren (energia aurreztea, besteak beste), ikasleek, ordutegi bakarra aukeratzekotan udakoa ala negukoa nahiago luketen…
-
Etxerako lanak:
1. Ordutegi-aldaketaren gorabeherak. 3.
ariketa: testua irakurri (“Uda eta neguko ordu-aldaketak kentzea
proposatu du Bruselak”) eta berridatzi bost esaldi. Berridazketa hauek
ongi etorriko zaizkie ikasleei orain arteko zenbait eduki errepasatzeko eta
ikasturtean zehar agertuko zaizkigun beste batzuk lantzeko.
2. Garaian garaikoa: ENTZUNAREN ULERMENA. Gaztainak
eta gaztainondoak. Garaian
garaiko gai bati buruzko entzungaia aukeratu dut gaurko: gaztainei buruzkoa, udazkenean
bete-betean sartuta baikaude eta udazkenaren adierazleetako bat baitira
gaztainak. Etxean irakurri arretaz itemak eta nik gehitutako oharrak.
Ondoren, entzun birritan audioa eta aukeratu erantzun zuzena.
Oharrak:
Gogoratu: Lurrak ematen dituen produktuak “bildu” egiten dira, ez “hartu”: loreak
bildu, perretxikoak bildu, babarrunak bildu, tomateak bildu, sagarrak bildu,
gaztainak bildu…(zizahorien
jardueran).
Gainbehera egin: caer en
declive. Krisialdia dela eta, etxeen
salmentak (zerk) gainbehera egin
du.
Baino ez = baizik ez = besterik ez = bakarrik
Gogoratu: “Ustiatu” (“explotar”): Zerbaiti
(negozio bati, meategiari, lursail bati, abeletxe bati…) etekin edo probetxu
ekonomikoa ateratzea (pisu turistikoei buruzko jardueran agertu zitzaigun).
UstiaTEGIa: “explotación”. Adib. “nekazaritza-ustiategia”. Nafarroako Caparrosoko ustiategian 4.700 abelburu dituzte, esnetarako. UstiaPENa edo ustiaKETA: “explotación”. Adib. “Baliabide
naturalen ustiapena egin zuten
errusiarrek Islandian”: “Petrolioaren ustiaketak
jende asko aberastu du Dallasen”.
Gogoan duzue aldea? Erabiltzeak (zerk, baina ekintza amaitu gabe dagoenean, “el utilizar”) // erabili izanak (zerk, baina ekintza amaitua dagoenean, “el haber utilizado”)
-
Biltegia:
1. Lehen
eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa. Ikasleek gure
HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko
perpaus libreak egin behar dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen
jokatuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa H5P formatuan
(interaktiboa) egin dezake blogean
3.
INDARTZE-ARIKETA
(eperik gabea): Gaurkoan azaldu eta landutako zenbait egitura ikasleak
pixkanaka eurenganatzen joan daitezen, indartze-ariketa: Ahozkotasuna
lantzearen garrantzia testutik ateratako hamar berridazketen parekoak.
Benetan gomendagarria deritzot ariketa hau egiteari.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina