2025/10/16

B2.2 mailako 6. eskola, 2025eko urriaren 15ekoa

 

6.      eskola: 2025eko urriaren 15ekoa

-    Garaian garaikoa: ENTZUNAREN ULERMENA: Udazkena: hostoak orbel bihurtzen diren urtaroa (x0.9). Urtaro honetan gure baso eta oihanetara jo besterik ez dugu zein koloretsu dauden ikusteko. Zuhaitzetako hostoen eta orbelen tonalitate anitzek ikuspegi gozagarria sortzen dute. Itemak azaldu ostean, bitan entzun dugu eta, ondoren, zuzendu egin dugu, beharrezko azalpenak emanez.

Oharrak:

a.       Mugagabea + bihurtu = bilakatu:ikuskizun_ bilakatzen da” eta ez “ikuskizun batean bilakatzen da” (“se convierte en un espectáculo”ren kalkoa).

b.       Gai izan = gauza izan + -T(z)EKO. Ni gai naiz = ni gauza naiz ingelesez jariotasun handiz hitz egiteko.

c.       Urtaro: Urte + aro. Urtaroa = urte-sasoia = urte-garaia. “Aro” hitza duen hitz konposatu gehiago ere badira euskaraz: haurtzaro, Erdi Aro, gaztaro, izotz-aro… 

d.       Hostoa / orbela: “Orbela” da zuhaitzetatik eroritako hosto ihartuen multzoa (“hojarasca”).  

OHARRA: Norbaitek entzunaren ulermen-jarduera hau berriro egin nahi badu, blogean izango du eskuragarri, bai ohiko formatuan, bai H5P formatuan (interaktiboa).


Identifikazio pertsonala eta hizkuntzak: “euskara da euskaldun egiten gaituENA”

-     Gure gaiari helduta, Yolanda Olasagarreri egindako elkarrizketa-testutik (Ahozkotasuna lantzearen garrantzia) ateratako hamar esaldi berridatzi behar zituzten ikasleek, nik emandako lexiko nahiz gramatika egiturak erabiliz. 5. saioan, horietako 9 zuzendu genituen eta bakarra utzi genuen gaurko, hain zuzen, 9. berridazketa. Zuzendu egin dugu eta banatu nien eranskinera jo dugu, 9. oharra azaltzeko.

9.  Emendiozko lokailuak, bi osagai (edo gehiago) uztartzeko edo lotzeko balio dutenak:

  BAI a, BAI b…

= EZ BAKARRIK a, BAITA b ERE…

= a EZ EZIK, b ERE…

= NOLA a, HALA b…

= a NAHIZ b…

= a ZEIN b…

OHARRA: gogorarazi diet, zuzendutako hamar berridazketetan agertu zaizkigun egiturak lantzeko badutela berariaz prestatutako indartze-ariketa (erantzun eta guzti), nahi dutenean euren kabuz egin dezaten eta merezi duela egitea, agertutako egitura horiek eurengana ditzaten.

-  IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA:Euskaraz ikasteko parada (=aukera) Iparraldean”. Frantzian hizkuntza gutxituak babesteko onartutako legea albiste ontzat jotzen duen arren, Iparraldean goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko dauden zailtasunen erradiografia egin du Maddalen Arzallusek. Orrian idatzita dauzkaten Maddalenen lau bertsoak entzun genituen bitan. Etxean, bertso horien ideia nagusia edo mamia, hau da, Maddalenek helarazi nahi digun mezua ondoen biltzen duen paragrafoa zein den aukeratu behar izan dute. Zuzendu egin dugu.

Erantzun zuzena B) da.

Iparraldean erabiltzen dute -T(z)EKO PARADA. Guk, -T(z)EKO AUKERA. Aste honetan Lidl supermerkatuan laranjak oso merke erosteko parada dago = erosteko aukera dago

-   Erlatibozko perpausen azalpena. Erlatibozko perpausen teoriako punturik esanguratsuenak azaldu dizkiet,  nahiz eta etxean teoria osoa  irakurria izan behar luketen. Gramatika eta ariketak II, liburuko 40. gaia (152 eta 153. orrialdeetan datorrena) eta 41.a azaldu dizkiet (156. eta 157. orrialdeetakoa). OINARRIZKOAK dira honako hauek:

§  152. orrialdeko  A atala (sarrera, erlatibozkoaren funtzioa: ondoan daraman izena zehaztea).

§  B atala (ordena: -(e)N + ondokoa).

 

§  C atala (ezezko erlatiboen ordena = baiezko ordena). 

§  153. orrialdeko D atala (ondoko osagaiaren deklinabide kasua, aditz nagusiari erreparatuta!!!!).

§  156. orrialdeko A atala (ondokoa isiltzea eta honen ondorioa: kasu markak erlatibozkoari atxikitzea).

Dena den, neure azalpenerako, berariaz prestatutako txostena banatu diet, liburuko teoriaren osagarri eta argigarri.

-  IDATZIZKO ADIERAZPENA: Amaitzera goaz hizkuntzak ikasteari buruzko gaia. Etxerako lehenengo idazlana bidaliko diet, e-mail formal bat, euskara ikasteko diru-laguntza eske. Ikasleei eskutitz edo e-mail formalak idazteko jarraibideak banatu eta azaldu dizkiet. Azalpen azkar bat eman diet (zein zati izan behar dituen, zein formula erabil daitezkeen…) eta eurek txostena etxean astiroago irakur dezatela esan diet. Azaldutakoa zuzenean ikus zezaten, Genially bidez egindako eredua (blogean ere ikusgai) arbelean jarri eta txostena azaldu ahala, eredu horretara jo dugu.

-          Etxerako lanak:

1.  Hizkuntzak ikastea (IU) izeneko ulermen jarduera. Paragrafo bakoitzaren hasierako esaldia hautatu behar dute ikasleek, kontuan izanik lehenengo esaldi horrek eta jarraian datorrenak koherentzia edo ideien arteko lotura gorde behar duela.

2.  Erlatibozko perpausak lantzen I. Ikasleek, gaurko azalpenean azpimarratu ditudan puntuak kontuan izanik (erlatibozkoen ordena, ezezko erlatibozkoena eta aditz nagusiarekiko komunztadura…), bi esaldi lotuz erlatibozkoak osatu behar dituzte.

3. IDATZIZKO EKOIZPENA: eskabide e-posta. Euskara ikasteko diru-laguntza eske Udalera idatzi beharreko e-maila. Horretarako, gutun nahiz e-mail formalak idazteko jarraibideak banatu dizkiet, lagungarri izango zaizkielakoan.

OHARRA: Erreparatu blogean ipini dizuedan ereduari. Genially bidez egina da eta gutunaren zati bakoitzean klikatuta informazioa agertzen da.

4.      INDARTZE-ARIKETA (eperik gabea): Gaurkoan azaldu eta landutako zenbait egitura ikasleak pixkanaka eurenganatzen joan daitezen, indartze-ariketa: Ahozkotasuna lantzearen garrantzia testutik ateratako hamar berridazketen parekoak. Benetan gomendagarria deritzot ariketa hau egiteari.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina