2014/04/11

Tarteko Mailako 46. eskola, apirilaren 8 eta 9koa



46.  eskola, apirilaren 8 eta 9koa
-          Zaletasunen katea: erlatibozkoak eta zaletasunak uztartzen dituen jarduera honen kopiak banatu dizkiet ikasleei, eurek ekoiztutako esaldiak direnez, koadernoak txukun-txukun jar ditzaten.

-          Goizeko taldean, esku artean dugun eduki gramatikala (erlatibozko perpausak) eta musikazaletasuna uztartzen dituen jarduera egin dugu jarraian: “Gure koadrila”. Banaka nahiz binaka egin dute. Bertan, musika zaletasuntzat duten koadrilakideak ageri dira eta ikasleek koadrilakide bakoitzaren taula osatu behar dute. Ulermen jarduera egokia da oso. Bide batez, esaldi horietan ageri diren erlatibozkoak azpimarrarazi dizkiet ikasleei eta erlatibozko horiek NOR ala NORK kasuan dauden galdetu diet, aditz nagusiak duen eraginaz jabetu daitezen. Jarraian, arbelean zuzendu dugu.
-          Goizeko taldean, Ostegunak liburuaren mintza-saiorako taldeak osatu ditugu. Ikasle bakoitzari esan diot zein istorio prestatu behar duen oporretatik itzultzen garenean horrezaz hitz egiteko.
-          Goizeko taldean, AHOZKO ADIERAZPENA I: Alergiari aterperik ez eta Tristurarik ez testuak laburbildu dizkiote elkarri.
-    Goizeko taldean, AHOZKO ADIERAZPENA II: Txangoa Euskal Herrian barrena izeneko ahozko jarduera, elkarrekintza lantzekoa. Ordu laurdenez bakarrik aritu garenez, hurrengoan jarraitzekotan geratu gara, oso jarduera aberasgarria baita. Jarduera hau gauzatzeko, ikasleak hirunaka jarri ditut eta asteburu baterako txangoa antolatzen aritu dira, udaberriko giro ederra aprobetxatuz.
-          NOMINALIZAZIOEN taula azaldu diet Taularen azalpen zehatza egin diet ikasleei. Ohar berezia merezi izan dute honakook:
o   Posible da bihar euria egiTEA >  BALITEKE bihar euria egiTEA
(baina ez du balio mesedeak eskatzeko: posible da leihoa irekiTZEA?  baliteke leihoa irekitzea? > Leihoa ireki AHAL DA = leihoa ireki DAITEKE? Leihoa ireki DEZAKET?
o   Argia itzalTZEA ahaztu zait; ni gaurko tortilla bat egitekotan geratu nintzen, baina  tortilla egiTEA ahaztu zait gaurko hamaiketakorako (nahiz eta badakidan tortillak egiten); etxetik irteterako, pertsianak jaisTEA ahaztu zait. // Lehen banekien, baina tortilla egiTEN ahaztu zait, aspaldian ez dut egin eta; txikitan pianoa jotzen nuen, baina aspaldian ez dut praktikatu eta joTZEN ahaztu zait; ikastolan oso ona nintzen ingelesean, baina ikastolatik atera nintzenetik ez dut ingelesa erabili eta horregatik, ingelesez hitz egiTEN ahaztu zait; Alzehimerra duenari pertsianak jaisTEN (nola jaisten diren) ahaztu zaio.
o   Goiz osoan ariketa egiten jardun dugu = aritu gara; egunero ariketak zuzentzen jarduten dugu = aritzen gara; bihar  hori egiten   jardungo dugu  = arituko gara; orain = momentu honetan, nominalizazioak aztertzen dihardugu = ari gara.
o   -tzen geratu: Gure semea liburutegian geratu da ikasTEN.
o   -tzen nekatu: Hau guztia azalTZEN nekatu naiz eta segur aski zuek hau guztia entzuTEN nekatu zarete.
o   Dabidek gu etxerako lanak egiTERA behartu GAITU /GINTUEN (digu)
o   Dabidek “8 euskal abizen” filma ikusTERA animatu GAITU (digu).
o   Kalera jaitsiko naiz zaborra botaTZERA
o   Trastelekura igoko naiz liburu hauek uzTERA.
o   Euri asko egiten badu, uholdeak gertaTZEKO ARRISKUA DAGO
o   Aste honetan Lidlen txokolatea oso merke erosTEKO AUKERA DAGO
o   Eskola honetan euskarako C1 maila etxetik ikasTEKO AUKERA DAGO.
o   Ni gai naiz bizkotxo bat egiTEKO baina ez naiz gai vichisoise bat prestaTZEKO.
o   Ni gauza naiz eskalaTZEKO, baina ez naiz gauza puenting egiTEKO.
o   Ni arduratuko naiz tortillak eramaTEAZ; Iñigo arduratuko da gitarra eramaTEAZ; Monika arduratuko da gidaTZEAZ; Maite arduratuko da edariak erosTEAZ.
o   -tzen utzi: baimena ematea: Dabidek ez digu uzten mobila erabilTZEN; aitak ez digu utzi bere autoa gidaTZEN; gurasoek ez diete uzten gaupasa egiTEN.
o   - tzeari utzi: lehen egiten zen ekintza bat orain jada ez egitea: EdaTEARI utzi diot; erreTZEARI utzi diot; bingoan dirua jokaTZEARI utzi diot; ezkondu nintzenetik, gaupasak egiTEARI utzi diot; ikasle horrek klasera etorTZEARI utzi dio...
o   Euskara ikasTEARI ekin diot = euskara ikasTEN hasi naiz
o   Zer deritzozu (=irizten diozu) bihar txango bat egiTEARI? = zer iruditzen zaizu bihar txango bat egiTEA?
-          Arratsaldeko taldean, Futbolak pasioa ala erokeria eragiten du? izeneko ulermen jarduera zuzendu dugu (ulermen galderak eta sinonimoak dituena), astiro, beharrezko azalpenak emanez. Honela, beste zaletasun bati heldu diogu: futbolzaletasuna. Ikasleei gogorarazi behar izan diet:
o   Eragin aditza denean, “provocar”, “afectar”, “influenciar” esan nahi duela eta izena denean, berriz, “influencia”.
o   Usteaz galdetzeko ikusia dugula honako hau. Zer DERITZOZU… NORI? = Zer IRUDITZEN ZAIZU… HAU?
o   Ohia: ex. Senar-ohia, lagun-ohia, lankide-ohia…
o   Biribilena > biribilenETAKOA
o   NOREN esanetan edo NOREN hitzetan (baina ez NOREN arabera)
o   Ordezkatu > ordezkoa / ordezkaria
o   Areagotu = handitu
o   Argudioa = arrazoia = argumentua > argudio-testuak. Argudiatu edo arrazoitu.
-          Arratsaldeko taldean, AHOZKO ADIERAZPENA: Futbolak pasioa ala erokeria eragiten du?  Horretarako, berariaz mintza-fitxa bat prestatu diet eta banatu egin diet. Binaka horretaz hitz eragiteko asmoa nuen arren, zazpi ikasle baino etorri ez direnez, denon artean jardun dugu gaiaz hizketan. Futbolak mugitzen duen dirutzaz hasi eta etorkinek jasotzen dituzten diru-laguntzez hizketan amaitu dugu; dena den, mintza librea izanik eta ikasleen parte hartzea ikusirik, utzi egin diet (guztira 45 minutuz jardun dugu). Merezi izan du.
-          ETXERAKO LANAK:       
o   Erlatibozko perpausak. 145. orrialdea (astiro, ez baita erraza). Erlatibozko deklinatuak: azaldu diet ariketa zaila denez, lehenik aditza identifikatzeko eta astiro egiteko.
o   Nominalizazioa praktikatzeko lehenengo ariketak eta erantzunak (hiru orrialde: 100. or., 137. or. eta nik prestatua).
o   Aste Santurako Etxerako lanak  izeneko txostena, berariaz Aste Santuko oporraldian egiteko prestatua. Txosten honetan, ezezko erlatibozkoak lantzeko ariketak; kontzesiboak, kausazkoak, hainbat lokailu…errepasatzeko berridazketak; deklinabidea lantzeko  ariketak, eta lexikoa lantzekoak dituzte. Ariketa hauek erantzunekin datoz, eurek zuzen ditzaten.
o   Ostegunak liburua irakurtzen amai dezatela.
o   GPSari buruzko ulermen jarduera: GPSa alboan, ibili munduan deritzona.

Bi idazlan: bata, Aste Santuan hotel bat erreserbatzeko emaila eta, bestea, bidaian izandako arazoengatik idatzitako erreklamazio gutuna. Lehenengoa, aukerakoa da, Inauterietan landetxearen erreserba egiteko idatzi zuten emailaren berreskurapen modukoa (horretarako, idazlan hartan egindako akatsak berrikus ditzatela honi ekin baino lehen); bigarrena, derrigorrezkoa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina