2020/03/31

Jakingarria

Badakizue zer diren "Zozomikoteak"?

Jakingarria

Elurzaleak zarete?

B2.2 maila: Sare sozialak bakardadean

Itxialdi honetan gaudenetik, gora egin du sare sozialen erabilpenak.  Bakartuak direnentzako harreman bakarra dira, baina etengabeko informazioak kalteak eragin ditzake. Horri buruzko artikulu hau interesgarria gerta dakizuekeelakoan, irakur dezazuela gomendatzen dizuet. Horretarako, klikatu HEMEN.

Boluntarioen lana sendagai

Ikasleok, larrialdi egoera honetan, boluntarioen lana benetan eskertzekoa da. Horri buruzko jarduera bat duzue www.ikasbil.eus orrian. Berez, B1 mailakoa da. Egin nahi baduzue, klikatu HEMEN.

B2.2 mailako 46. eskola (on-line), 2020ko martxoaren 30 eta 31koa


46. eskola (on-line), 2020ko martxoaren 30 eta 31koa (gutxi gorabehera; izan ere, badakizue egun hauek ez direla errealak)

-Gaurkoan kausazkoei helduko diegu berriro. Gogora ditzagun ikusitako kausazko erabilienak eta hauen kokalekua:

o   Gobernuak hala agindu duELAKO, etxean egon beharra daukagu =
=  Etxean egon beharra daukagu, gobernuak hala agindu duELAKO.
o   Gobernuak hala aginTZEAGATIK, etxean egon beharra daukagu =
=  Etxean egon beharra daukagu, gobernuak hala aginTZEAGATIK.
o   Etxean egon beharra daukagu,  gobernuak hala agindu BAITu.
o   Etxean egon beharra daukagu, gobernuak hala agindu du ETA.
o   Gobernuak hala agindu duENEZ (GERO), etxean egon beharra daukagu.
o   Gobernuak hala agindu duELA ETA, etxean egon beharra daukagu.
o   Etxean egon beharra daukagu, ZEREN gobernuak hala agindu du / baitu / duen.

- Honezkero irakurria duzue nire teoria azalpena eta eginak dituzue lehenengo bi ariketak, ezta?  (“Euri asko egin duelako…”  eta  “Esan duzun guztiarekin ez nago ados…). Zalantzarik bai? Hala balitz, galdetu lasai.

- OHARRAK (Bi ariketa horietako zenbait ohar):

o   Egundoko isuna = izugarrizko isuna = ikaragarrizko isuna = sekulako isuna = isun izugarria = isun ikaragarria .
o   BEHARTU aditzak beti darama NOR-NORK (pertsona bat osorik behartzen duzulako) + -T(Z)ERA nominalizazioa eskatzen dut (zertara? + behartu): Dabidek behartzen = derrigortzen gaitu (digu) etxeko lanak egiTERA. Berdin funtzionatzen dute “gonbidatu” eta “animatu” edo “bultzatu” aditzek ere: Dabidek zu (zuri) gonbidatu zaitu (dizu) afalTZERA; Nik zu (zuri) animatzen zaitut (dizut) “Egunean behin” lehiaketan parte harTZERA…
o   Isilean eduki = isilpean eduki.
o   Lo eta jan baino ez dut egingo = lo eta jan besterik ez dut egingo = lo eta jan baizik ez dut egingo = lo eta jan bakarrik egingo dut.

Ikasleok, 2. ariketan, ohartu edo jabetuko zineten euskaraz – gaztelaniaz ez bezala – kausa bat baino gehiago elkarrekin doazenean, bakoitzak bere kausazko marka eraman behar duela ezinbestean (gaztelaniaz nahikoa izaten da lehenengoari jartzea). Adibidez: He llegado tarde, porque me he despertado tarde, no arrancaba el coche y he perdido el autobús” > Berandu heldu naiz, berandu esnatu naizELAKO (1. kausa), autoa ezin nuELAKO (2. kausa) martxan jarri eta autobusa galdu dudaLAKO (3. kausa).

Argi geratu da, beraz, euskaraz kausa bat baino gehiago kateatuta doazenean, kausazko perpaus bakoitzak eraman behar duela bere kausazko partikula edo marka baina… orain honako zalantza hau sor dakizueke zuei… Marka bera eraman behar dute? Ala marka desberdina eraman dezakete?  Hona azalpenerako adibideak:

a)                  Berandu iritsi naiz, autoa ez zebilELAKO eta autobusa berandu iritsi dELAKO ( bi kausa autonomo eta, beraz, marka bera).
b)                  Buruko minak lehertzen nago, izugarrizko ajea dudaLAKO, bart gauean gaupasa egin BAITut (bi kausak ez dira autonomoak; bata bestearen barruan dago, bata bestearen kausa da; horregatik, aldea nabarmentzeko, marka desberdinak).

1. adibidean, berandu iristeak bi kausa edo arrazoi autonomo dauzka, ETA lokailuarekin lotuta (=uztartuta). Beraz, marka bera eraman behar dute; biek –(e)LAKO, biek BAIT-…
Zergatik iritsi naiz berandu?
Lehenengo arrazoia edo kausa, autoa ez ibiltzea.
Zergatik iritsi naiz berandu?
Bigarren arrazoia edo kausa, autobusa berandu iritsi izana.

2. adibidean, ordea, egoera bestelakoa da. Bi kausak ez dira autonomoak, bata bestearen menpekoa baizik; bata bestearen kausa dira, ez dira maila berean dauden kausak. Horregatik, bien arteko aldea nabarmentzeko, marka desberdina eraman behar dute:
Zergatik zaude buruko minak lehertzen?
Kausa edo arrazoia honako hau da: Izugarrizko ajea (=bestondoa = biharamuna) edukitzea.
Zergatik daukazu izugarrizko ajea?
Honen kausa edo arrazoia honako hau da: bart gauean gaupasa egin izana.
Beste modu batera esanda, bart gauean gaupasa egin izana ez da zuzenean buruko mina izatearen kausa, ajea edukitzearen kausa baizik.

Ulertu baldin baduzue, gai izango zarete adibideotan maila bereko kausak diren ala ez bereizteko, ezta?

Ez du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ia idazlanik egin ez duelako, eskolako liburua erosi ere egin ez duelako eta etxerako lanak oso noizean behin egiten zituelako.
(Lau kausak maila berean daude, lauak dira ikasturtea gainditu ez izanaren arrazoi edo kausa autonomoak. Horregatik daramate marka bera eta horregatik doaz ETA batek lotuta).

Ez du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ama ospitalean izan baitu luzaroan gaitz sendaezin batek jota.
(Hemengo bi kausak ez dira autonomoak; ikasturtea gainditu ez izanaren kausa klasera gutxitan etorri izana da eta, klasera gutxitan etorri izanaren kausa, berriz,  ama ospitaleratuta eduki izana. Horregatik daramate marka desberdina, kausazko bat bestearen barruan dagoelako, bestearen menpekoa delako).

-        Orain, egin itzazue 3. eta 4. ariketak. Bi ariketaok –(e)NEZ (GERO) kausazkoa lantzeko dira. Gogoan izan, -(e)LAKO baino ahulagoa dela eta, beraz, ez dugula erabiliko “Zergatik?” galderari erantzuteko, kausazko azalpen bat emateko baizik. 4. ariketa, espresuki (= berariaz = beren beregi) prestatua dago, gaztelaniatiko kalkoa saihets dezazuen. Izan ere, oso ohiko akatsa, oso zabaldua dagoena, da gaztelaniaz erabiltzen duten “como...” kausazkoa euskaraz “nola...” itzultzea. Ba ez!! “como...” hori gaztelaniaz ere ez baita moduzkoa, kausazkoa baizik. Euskaraz, -(e)NEZ erabiliz itzuliko dugu (“como estoy cansado...” = “ya que estoy cansado”...) > “nekatuta nagoENEZ,...” (“nola nekatuta nago...”). Benetan diotsuet (=esaten dizuet), erdarakada itsusi eta trakets hau oso zabaldua dagoela; klasean ere, mintzan  diharduzuenean, bati baino gehiagori entzuten diot “nola...” trakets hori. Hona beste bi adibide: “nola nekatuta nago, eseri egingo naiz” > “Nekatuta nagoENEZ, eseri egingo naiz”; “nola berandu da, ohera noa” > “Berandu dENEZ, ohera noa”; “nola ez du gainditu, kurtsoa errepikatuko du” > “Gainditu ez duENEZ, kurtsoa errepikatuko du”.

-  AHOZKO JARDUERA: “Hau korapiloa!”. Ondoren egingo genukeen jarduera osssso interesgarria eta aberasgarria da, zuen artean mintzatzeko eta kausazkoak barra-barra erabiltzeko. Lastima klasean aurrez aurre ez egotea hau gauzatzeko. Dena den, nik gorde egingo dut, klasera itzultzen bagara, orduan egiteko, merezi duelakoan bainago.

       -Lehenik, etxean familia baten deskribapena irakurri behar da, Urrutikoetxehandia familiarena. Neuk asmatutako familia bat da, inspirazio momentu batean sortu nuena. Irakurri ahala, aholkatzen dizuet eskematxo bat egiteko edo arbola genealogikoren bat, senide bakoitzaren izaera eta gustuekin.

Urrutikoetxehandia familia garai bateko familia ugari haietakoa da, hamaika seme-alaba izan zituztenetakoa. Datorren asteburuan aitona-amonak ezkondu zireneko 50. urteurrena – Urrezko Ezteiak – ospatzekoak dira baserrian. Horretarako, familia osoa gonbidatu dute, baina aitona-amonak beldur dira senitartekoen artean liskarren bat edo beste sor ote daitekeen. Hain dira euren artean desberdinak! Horregatik, oturuntza hori arrakastatsua izatea nahi dutenez, ongi antolatu beharko dute nor noren ondoan eserrARAZI. Izan ere, beheko suaren aurreko mahai biribilean denak kabituko diren arren, ongi pentsatu beharra dago nor noren ondoan jarri. Gai izango zinatekete sendi osoa behar bezala kokatzeko inolako ika-mikarik edo sesiorik gerta ez dadin? Nor noren ondoan eserraraziko zenukete? Zergatik?

- Hurrengo klasean, taldeka bildu eta 26 senide horiek mahaian eserrarazi behar dituzue, hots, elkarrekin bazkaltzen jarri beharko dituzue mahai berean, baina konturatuko zarete batzuk ezin direla beste batzuen ondoan eseri, euren izaerak nahiz zaletasunak bateragarriak ez direlako eta, ondorioz, haserretu egin daitezkeelako. Beraz, nor noren ondoan eserraraziko duzuen erabakitzeko, kontuan izan beharko dituzue kide bakoitzaren izaera, zaletasunak, sekretuak, maniak, gustuak... Zuek zeuen artean ahoz eztabaidatu eta senide bakoitza non eseriko den erabaki beharko duzue gelan, kausazkoen bidez arrazoituz. Euren artean ahalik eta ondoen konpontzeko moduan eserrarazi behar dituzue, kontuan izanik oso desberdinak direla pertsonaia hauek. Mintzamen librerako eta adizki hipotetikoak nahiz kausazkoak lantzeko – argudioa lantzeko, beraz – oso jarduera egokia delakoan nago. Hori bai, errazkerian eror ez zaitezten, erabil itzazue iritzia emateko egitura desberdinak, baita adizki hipotetikoak ere.
            Hona hemen lau eredu:

·         Xek eta Yk elkarren ondoan eseri behar luketela uste dut.
·         Xek Yren ondoan eseri behar lukeela uste dut.
·         X eta Y elkarren ondoan eserraraziko nituzke.
·         X Yren ondoan eserraraziko nuke.
·         X eta Y ongi konponduko = moldatuko lirateke elkarrekin.
·         X ongi moldatuko  = konponduko litzateke Yrekin.

Esandakoa: ea luze baino lehen klasera itzultzen garen eta jarduera hau ahoz egiteko aukera dugun.

-   Demagun (=eman dezagun = suposa dezagun) gu ere Urrutikoetxehandiatarren Urrezko Ezteietara gonbidatu gintuztela. Joan ere joan ginen, baina ustekabean (=ezustean), jantzia edo soinekoa apurtu zitzaigun eta barregarri geratu ginen denen aurrean. Beraz, jantzi horren saltzaileari erreklamazio gutun bat idaztea erabaki dugu. Horretarako, gutun formala idazteko jarraibideak atxiki dizkizuet blogean, nahiz eta ikasturte hasieran ere eman nizkizuen (beste liburu batetik ateratakoak ziren eta, beraz, ez dira berdin-berdinak bi txostenak). Honako txosten honetan, azalpenak zehatzagoak dira eta, nire ustez, txosten hau egokiagoa da. Gainera, azalpenez gain, bi adibide ere badituzue.  Oharrak:

o   Datari dagokionez, edo biak deklinatu (lekua eta denbora), kasu berean, noski (non = noiz kasua) edo, bestela, bat bera ere ez: AndoainEN, 2020ko martxoaren 31n = Andoain_, 2020ko martxoaren 31. OiartzunEN, 2020ko apirilaren 2an = Oiartzun_, 2020ko apirilaren 2a. HendaiaN, 2020ko apirilaren 5ean = Hendaia_, 2020ko apirilaren 5a.

o   Gutun formalaren hartzailea gizona baldin bada: Jauna = Jaun hori (ez itzuli gaztelaniara!!!) = Jaun agurgarria (“agurgarria”k zera esan nahi du, “agurtzea merezi duena”).
o   Emakumeekin, berdin: Andrea = Andre hori = Andre agurgarria.
o   Ez baldin badakigu hartzailea gizona ala emakumea den (adibidez, imajinatu IKEAko salmenta-buruari idatzi nahi diodala eta nik ez dakidala gizonezkoa ala emakumezkoa den): Jauna / Andrea = Jaun / Andre hori = Jaun / Andre agurgarria.
o   Eta hartzailea gizona + emakumea baldin badira (hau gerta liteke, adibidez, enpesa handietan, non zuzendaritza batzordea gizon eta emakumeek osatzen duten edo gure eskolan bertan, non zuzendaritza taldea bi emakume eta gizon batek osatuta dagoen): Jaun-andreok = Jaun-andre horiek = Jaun-andre agurgarriOK.     –OK plural hurbila erabiliko dugu, kasu honetan, pluraleko 2. pertsonaren balioarekin (=zuek), hartzailearekiko hurbiltasuna adierazteko.
o   Agur t´erdi. Hau ere hasierako agurra da.
o   Kargua + agurgarria (zuzendari agurgarria, sustatzaile agurgarria, alkate agurgarria, sailburu agurgarria, ...).

-Hiria, eta honen barnean, trafikoa dugu langai azken egunotan. Horren harira, honako jarduera hau dakarkizuet: Auto-ilarak, gasolina eta pazientzia galtzen. Jarduera honen lehenengo zatia, lexikoa lantzekoa da. Testua irakurri ahala, hor dituzuen hitzak osatu behar dituzue, parentesi arteko aurrizki nahiz atzizki egokiak aukeratuta.  Ondoren, ebazpen orriarekin zuzen ezazue.

- Auto-ilarak, gasolina eta pazientzia galtzen. Jarraian, egizue bigarren ariketa. Bertan, azpimarratutako lau esaldiren baliokideak aukeratu behar dituzue. Ariketa egokia da ikusiak ditugun EZEAN eta –(e)Z GERO baldintzazkoak (lehenengoa ezezko perpausetan eta bigarrena, baiezkoetan), BA-...ERE kontzesibo egitura eta ZERTAN...+ partizipioa egitura errepasatzeko.

Erantzunak:
1-     Gure ohiturak aldatu EZEAN, autoan sartuta zain egotera kondenatuta gaude.
a)    Gure ohiturak aldatzen ez ditugulako,...
b)    Gure ohiturak aldatzen ez baditugu... (baldintza erreala, ondorioa ere – “gaude” – erreala delako).
c)    Gure ohiturak aldatuko ez bagenitu...

2-     Azken asteei erreparatuZ GERO, irailaren 26an beste kamioi batek istripua izan zuen.
a)    Azken asteei erreparatzen diegunez,...
b)    Azken asteei erreparatu ondoren,...
c)    Azken asteei erreparatzen badiegu,...

3-     Kamioien portzentajea (=ehunekoa)  %50era iristen BAda ERE, N1 osoan batez bestekoa %20koa da.
a)    Kamioien portzentajea %50era iristen den arren,...
b)    Kamioien portzentajea %50era iristen baldin bada,...
c)    Kamioien portzentajea %50era iristen denez gero,...

4-     Auto gehien jasotzen dituen hiriak ez du ZERTAN trafiko motelagoa IZAN.
a)    ...ez dauka (=du) trafiko motelagoa izan beharrik.
b)    ...ez du trafiko motelagoa izan behar.
c)    ... ez du trafiko motelagoa izaten.

 o   1. eta 2. itemetan, EZEAN eta –(E)Z GERO baldintzazkoak agertu zaizkigu. Lehenengoa ezezko baldintzak egiteko erabiltzen da; bigarrena, berriz, baiezkoak egiteko. Hori bai, bai bata, bai bestea, hiru baldintzak (erreala, hipotetikoa, irreala) egiteko erabil daitezke. Hona hemen zenbait adibide:

o   Etortzen bazara, elkarrekin bazkalduko dugu = EtorriZ GERO, elkarrekin bazkalduko dugu
o   Etorriko bazina, elkarrekin bazkalduko genuke = EtorriZ GERO, elkarrekin bazkalduko genuke.
o   Etorri (izan) bazina, elkarrekin bazkalduko genu(ke)en = EtorriZ GERO, elkarrekin bazkalduko genu(ke)en.
o   Etxeko lanak egiten ez badituzu, ez duzu gaindituko = Etxeko lanak egin EZEAN, ez duzu gaindituko.
o   Etxeko lanak egingo ez bazenitu, ez zenuke gaindituko = Etxeko lanak egin EZEAN, ez zenuke gaindituko.
o   Etxeko lanak egin (izan) ez bazenitu, ez zenuen gaindituko = Etxeko lanak egin EZEAN, ez zenu(ke)en gaindituko.

o   Jarraian, 3.itemean, BA- … ERE kontzesiboa agertu zaigu berriro. Ikusia dugu ikasturte hasieran eta hainbat aldiz agertu zaigu ordutik hona.

o   Azkenik,  4. itemean, ZERTAN…+ partizipioa egitura ageri zaigu. Hau  aitzakiatzat harturik, BEHARRIK eta BEHAR-en arteko aldea gogorarazi nahi dizuet, jarraian duzuen taula baliatuz. BEHAR vs. BEHARRIK:

o   “ EZ + EDUKI = UKAN /  EZ  + EGON (inperts.) = IZAN (inperts.) + partizipioa + BEHARRIK:  “Ez daukat = ez dut errepikatu beharrik / Ez dago = ez da errepikatu beharrik(baina nahi badut, errepikatuko dut, ez daukat debekatuta errepikatzea). Egitura honen parekoa da 4. itemean agertu zaigun ZERTAN…+ partizipioa(rik): Ez daukat = ez dut zertan errepikatu(rik) / Ez dago = ez da zertan errepikatu(rik).
o   eta
o   “EZ + EDUKI = UKAN / EGON (inperts.) = IZAN (inperts.) + ZERTAN + partizipioa”:  “Ez daukat = ez dut zertan errepikatu / Ez dago = ez da zertan errepikatu” (ídem).

 Ez hala:
o   EZ UKAN / IZAN (inperts.) + partizipioa + BEHAR”: “Ez dut errepikatu behar / Ez da errepikatu behar” (hemen, debekatzen ari naiz).


- Edonola ere, nahiz eta gure herri zein hirietan egunero auto-ilara luzeak sortzen diren, eta horrek, batetik, pazientzia nahiz gasolina galarazten dizkigun eta, bestetik, kutsadura (=poluzioa) eragiten duen, gutako askok, ahal bada, behintzat, edonora (=noranahi) autoz joan nahi izaten dugu, garraio publikoaren aldeko hautua egin beharrean. Horrekin duen loturagatik, entzungai hau ipiniko dizuet. ENTZUNAREN ULERMtENA: Kontsumo ohiturak eta Estitxu Elduaienen iritzia (gomendatutako abiadura x0,9). Itemak irakurri, bizpahiru aldiz entzun eta, jarraian, zuzendu ezazue, erantzun orria erabiliz (erantzun orrian jarri dizkizuet argudioak ere, taulatxoetan sartuta).

- Aditzaren tartea: Zer moduz moldatu zarete orainaldiko ahalera lantzeko indartze-ariketarekin? Orainaldiko Ahalera lantzeko indartze-ariketa. Bertan, nik 50 esaldi ipini nizkizuen, AHAL + indikatiboa erabiliz. Zuek horren baliokidea den ahalerako adizkia erabili behar zenuten. Nahasian zenituzten NOR, NOR-NORI (3. pertsonak), NOR-NORK (guztiak) eta NOR-NORI-NORK. Zalantzarik bai???

- Gaurkoan  jo ezazue Gramatika eta ariketak II liburuko 16. orrialdera. Bertan duzue  AHALERA HIPOTETIKOA edo ALEGIAZKO AHALERA: izan eta ukan (3. pertsonak baino ez). Ohar zaitezke, baldintza hipotetikoan gertatzen den bezalaxe,  ahalera hipotetikoan ere 3. pertsonek L- daramatela hasieran, alegiazko adizkiak edo hipotetikoak diren seinale: hura gurekin etor_ LITEKE; haiek hitzaldia entzutera joan_ LITEZKE, gaia oso interesgarria iruditzen zaielako; hark ogia ekar_ LEZAKE otorduetarako; hark azukrerik gabeko galletak ekar_ LITZAKE gosaltzeko; haiek jauregi hori eros_ LEZAKETE diruz ongi baitabiltza / haiek luxuzko bitxiak eros_ LITZAKETE bitxi-denda ospetsu horretan.

Alegiazko ahalera edo hipotetikoa – orainaldiarekin alderatzen badugu – noiz edo zertarako erabiltzen da?

o   Alde batetik, zerbait gertatzeko orainaldian baino aukera gutxiago dagoenean edo norbaitek zerbait egiteko daukan ahalmena hain garbi ez dagoenean, zalantzazkoagoa denean: Adituen esanetan, datozen urteetan tsunami nahiz lurrikara gehiago gerta LITEZKE (“podrían suceder”). Lanpostu horretan jarduteko, ni egokia izan NINTEKE. Horrela jarraituz gero, denon artean koronabirusa desagerraraz GENEZAKE (“podríamos hacer desaparecer…”).

o   Bestetik, planak nahiz proposamenak egiteko eta baimenak nahiz mesedeak kortesiaz edo era leunean (modu “edukatuan”) eskatzeko erabiltzen da:

·         BAIMENA:
Ireki dezaket leihoa? (gure artean konfiantza handia baldin badago) (“puedo abrir? “can I open?”).
Ireki nezake leihoa? (adibidez, ezagutzen ez dudan jendearekin    nagoenean) (“podría abrir?” “could I open?”).

·         MESEDEA:
Etor zaitezke nirekin gauza bat ikustera?  Ken dezakezu autoa hortik? (adibidez, ikaskide bati esango nioke).
Etor zintezke nirekin gauza bat ikustera? Ken zenezake autoa hortik?(adibidez, ezagutzen ez dudan norbaitek bere autoa nirearen parean utzi badu).

 ·      PLANAK EGITEKO:
Datorren asteburuan Soriara joan GAITEZKE / GINTEZKE eta han txerrikumea proba DEZAKEGU / GENEZAKE eta onddoak bil DITZAKEGU / GENITZAKE.
                 
OHARRA: praktikan, batez ere, planak edo proposamenak egiten ditugunean, orainaldikoak eta alegiazkoak berdintsuak dira, hots, neutralizatu egiten da bien arteko aldea eta, beraz, nahas genitzake gure planei buruz ari garenean. Adib: Datorren asteburuan Tuterara joan gintezke eta han zainzuriak, kukuluak  eta orburuak eros ditzakegu.

      Baldintza hipotetikoaren ondorio gisa ere erabil daiteke ahalera hipotetikoa  (ekialdeko euskalkietan joera hori dute), ondoriozko adizki hipotetikoen ordez (guk, hegoaldean, gehiago erabiltzen dugu ondoriozko aditz hipotetikoa). ERNE!!! Ohar zaitezte, ordea, baldintzaren ondorioan (egingo, iritsiko, etorriko, ikusiko…) ez bezala, ahalera erabiltzen dugunean aditzoina (egin_, irits_, etor_, ikus_…) baliatuko dugula, -I edo       –TU aditz-aspektu markarik gabe, alegia.

Bihar jai izango bazenu, elkarrekin egun pasa egingo genuke (“haríamos”)
= Bihar jai izango bazenu, elkarrekin egun pasa egin genezake (“podríamos hacer”).
Autoz joango banintz, garaiz iritsiko nintzateke bilera horretara (“llegaría”)
= Autoz joango banintz, garaiz irits­­_ ninteke bilera horretara (“podría llegar”)

-Orain, hau lantzen hasi behar dugu, teoria bezain garrantzitsua baita praxia. Horretarako, egin itzazue, hasteko, Gramatika eta ariketak II liburuko 17. orrialdeko ariketak, alegiazko ahalera edo hipotetikoa lantzekoak. Ez dut uste arazo handirik izango duzuenik, denak baitira IZAN edo UKAN (3. pertsona). Egin eta zuzendu.

-Halaber, alegiazko ahalera edo hipotetikoa lantzeko indartze ariketak ere igoko ditut blogera (izan eta ukan 3. pertsona). Esan bezala, ez dut uste zailtasun handirik izango duzuenik hauek egiteko, maila baxuagoetan jada lantzen baitira (hurrengo egunean, sistema guztiak ikusiko ditugu eta haiek bai, haiek askoz zailagoak dira).

-          ETXERAKO LANAK izan litezkeenak:
o   Gutun formala: Gaia: Urrutikoetxehandiatarren Urrezko Ezteietan gertatu zitzaizun ezbeharra (egin aurretik, arretaz irakurri gutun formalak idazteko jarraibideak, blogean ipini ditudanak).
o   Kohesioaren garrantzia dela-eta, lokailuak ezin ditugu alde batera utzi. Lantzen arituak gara, baina oraindik badira lokailuak nahasten dituzten ikasleak (eta, jakina, horrek testuaren ulergarritasuna oztopa lezake). Gramatika eta ariketak II liburuko 60. gaira jo ezazue (218-219. orrialdeak:  Gainera, bestela, beraz eta beste zenbait lokailu). Irakurri horko teoria eta egin teoria horrekin egin beharreko ariketak, liburuko 220. eta 221. orrialdeetan dauzkazuenak. Ea zer moduz egiten dituzuen (lan gehiegi baldin bada, Aste Santurako gorde dezakezue, datozen bi asteetan oporrak ditugu eta).
OHARRA: badakizue bere garaian lokailuen gaineko txosten zehatz bat banatu nizuela, neuk prestatua (berriz igoko dizuet blogera, badaezpada ere). Nire ustez, oso txosten egokia da hura eta 60. gai hau haren osagarria baino ez da. Esate baterako, ondoriozko lokailuak (hortaz = horrenbestez = beraz = horregatik = ondorioz = horren ondorioz = bada = hori dela eta...) neure txostenean gehiago ageri dira 60. gai honetan baino. Agian zer egin dakizueke ezezaguna gai honetan?
OROBAT: HALABER lokailuaren sinonimoa dena.
OSTERANTZEAN: BESTELA lokailuaren parekoa, bere bi balioekin.BESTELA = OSTERANTZEAN. Bi balio ditu:
 
 1. balioa: BESTELA = OSTERANTZEAN: baldintza zentzua (“si no ...”): aurreko perpausean  esaten dena betetzen ez bada, zer gertatuko den adierazten du. Adib.: Idazlana agindutako egunean aurkeztu behar duzu; osterantzean (=bestela), irakasleak ez dizu hartuko. (= agindutako egunean aurkezten ez baduzu). Armairu hori txikiegia da gure komunerako; osterantzean (=bestela), erosi egingo nuke, oso modu onean dago eta. (= hain txikia izango ez balitz). Isil zaitez behingoz; osterantzean (=bestela), kalera botako zaitut! (= isiltzen ez bazara).

2. balioa: BESTELA = OSTERANTZEAN: (= hori alde batera utzita, = gainerakoan (“por lo demás”). Adib.: Buruko mina daukat, hotzikarak, sukarra eta eztarria hartua daukat; osterantzean (=bestela) (=gainerakoan), ondo nago. Gramatika akats batzuk egin ditu; osterantzean (=bestela) (=gainerakoan), idazlan ona da, ongi garatua eta aberatsa.

OHAR OROKORRAK:
1.      Hurrengo klasea ostiral iluntzerako edo larunbat eguerdirako sartuko dut. Saiatuko naiz ostiralean sartzen.
2.      Halaber, gogorarazi nahi dizuet zuen zalantzak nahiz iradokizunak e-postaz bidal diezazkidakezuela nire helbidera, ikasleren batek egin ohi duen bezala. Blogean ere badaukazue zuen iruzkin edo komentarioak nahiz zalantzak idazteko aukera eta, azkenik, blogean baduzue txat bat ere – “Solasean” – zuen artean aritzeko. Mila esker guztioi.
3.      Azkenik, gogorarazi nahi dizuet idazlanak bidali behar dizkidazuenean, bidalialdi bakoitzean bakarra bidaltzeko eta ez bi edo hiru, atzeratuta zoaztela esanez.