45. eskola (on-line),
2020ko martxoaren 26 eta 27koa
Ikasleok:
zer moduz daramazue itxialdi hau? Eutsi goiari!! Goazen gaurko balizko klasea ematera.
-
ENTZUNAREN ULERMENA: Zer
berri? Gogoan duzue proba
txurian egin genuen bigarren entzumen jarduera? Halako bat dakarkizuet
oraingoan. Sei albistetxo entzungo dituzue
eta bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar duzue,
alegia, bakoitza zeri buruzkoa den edo
zertaz aritu diren hizketan jakin behar duzue; bigarren ariketan, berriz, horko
esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen
aukeratu behar duzue. Ariketa
bakoitzerako, behin entzun behar da
entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez bi ariketak egitekoak,
azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Zuzenketari ekiteko,
hirugarren aldiz entzun dezakezue eta, nahi izatera, zuzendu ostean, berriro
entzun daitezke.
- Gure
hirietako trafikoaz kexatzen gara sarri. Kotxe-ilara luzeak jasan behar izaten
ditugula, aparkatzeko lekurik ez dugula topatzen... Hain zuzen ere, aparkatzeko
aukera gehiago izan dezagun – teorian, bederen, horretarako sortu zen – ezarri
dute TAO sistema herri eta hiri askotan, hiri osoan ez bada ere, bai zenbait
gune eta auzotan. Baina antzematen al da abantailarik? Orain errazago aurki al
dezakegu aparkatzeko lekuren bat? Gainera, gauza jakina da TAO ez dela izaten
doakoa; aitzitik, ordaindu egin
behar izaten da. Bidezkoa al da hori? Horri buruzko jarduera honezkero egina
duzue. Goazen zuzentzera.
- AHOZKO GIROTZEA: Zuzenketari ekin aurretik, horren
gaineko mintza-saio labur bat egingo genuke ozenki, girotzeko eta gaian
murgiltzeko. Proposamen horren aldekoak
zareten ala ez galdetuko nizueke, TAO
sistema bidezkoa ala bidegabea iruditzen zaizuen.
- Arestian adierazi dudan bezala, gatozen TAO / OTA izeneko ulermen jarduera zuzentzera. Aitortu beharra dut testua zail
samarra izan daitekeela eta lehenengo paragrafoa oso ulergaitza dela.
Horregatik, lehenengo paragrafo horri buruzko galderarik ez nizuen egin.
Testua osatu behar izan duzue
lehenik. Badira azalpen bat merezi duten
hainbat gauzatxo. Oharrok orri batean gehituko dizkizuet blogean, nahiz eta
klasearen deskribapen honetan ere azaldu.
· AITZITIK. Gogora dezagun lokailu hau nola erabiltzen den. Aurretik ukatu dugun
ideiaren aukakoa adierazteko erabiltzen da, eta ez bi osagairen edo elementuren
arteko aurkakotasuna adierazteko: Gauza jakina
da TAO ez dela doakoa izaten; AITZITIK, ordaindu egin behar izaten da. Hona
hemen beste adibide batzuk: Adituen
esanetan, heziketan zorroztasunak ez du funtzionatzen; AITZITIK, ikasleen eta
irakasleen arteko tira-birak eragin ditzake. Ni ez naiz mutil lasaia; AITZITIK,
oso urduria naiz; gaur ez du euririk ari; AITZITIK, ateri dago.
Ez nahastu honako hauekin: Zu oso urduria zara; ni, BERRIZ = OSTERA = ORDEA = ALDIZ, oso lasaia.
Atzo euria barra-barra egin zuen; gaur, BERRIZ = OSTERA = ORDEA = ALDIZ, ateri
dago.
Hona hemen zuetako batek bere idazlanean jarri
didan adibide egoki bat: Gure
anbulategietan, espezialisten faltagatik, diagnostikoak ez dira zehatzak
izaten, hots, kaltea ez dute saihesten; AITZITIK, kaltea handiagotzen
da, tratamenduak ez baitira egokiak izaten.
· ZEREN edo NOREN + ordainetan = trukean: Musu eman
zion bilobak amonari, gozoki baten ordainetan = gozoki baten trukean.
· ZEREN edo NOREN + kontura: Gaur egungo “nini”ek ez dute
ikasten, ez lan egiten, eta euren gurasoEN KONTURA bizi dira = gurasoEN
BIZKAR(retik) bizi dira = gurasoEN
LEPOTIK bizi dira.
· DELAKOA: Koronabirusa DELAKOA (=deritzona = izenekoa) (= Koronabirusa delako gaixotasuna =
deritzon gaixotasuna = izeneko gaixotasuna) oso kutsakorra omen da. Azaro
amaieran “Black Fryday” DELAKOA (=izenekoa = deritzona) (=”Black Fryday” delako
eguna = izeneko eguna = deritzon eguna) ospatu genuen, dendaz denda erosketak
eginez. Goi-bilera horretan, Herrialde Aberatsak DIRELAKOAK (=deritzenak,
izenekoak) bildu dira.
· Bere heriotza
SUPITUKOA = BAT-BATEKOA (nolakoa?)
izan zen. SUPITUAN = BAT-BATEAN
(nola?) hil zen.
· -TZEARI EKIN = -TZEN HASI: Koronabirusa dela-eta etxean egin behar
dugun itxialdi honetan, youtubeko tutoretza bideoak ikusiz postreak
prestatzeari ekingo diot = postreak prestatzen hasiko naiz.
· GAIZKI-ESAKA + ARITU = IBILI. Diotenez,
belarria gorritzen bazaizu, norbait zutaz gaizkiesaka ari den = dabilen
seinale. –KA atzizki horrek (korrika,
presaka, lasterka, oihuka, itsu-itsuka, kexaka…) aditzondo edo adberbioak sortzen
ditu eta “nola?” galderari erantzuten dio. Norbaiti edo zerbaiti buruz gaizki
hitz egiten aritzea esan nahi du, zentzu txarrean kritikatzea. “Maiseatu”
aditzak ere esanahi hori dauka, baina pertsonei buruz ari garenean bakarrik: Gure bizilaguna auzokide guztiei buruz
maiseatzen aritzen = ibiltzen da egun osoan.
· GAUZAK BEREN ONERA + ETORRI = ITZULI: lehengo egoerara itzuli, lasaitu, baretu,
lehengoratu. Adibidez, AEBetan
izugarrizko istiluak jasaten ari dira Trump presidente denetik; ea laster gauzak
bere onera etortzen diren. Horrenbeste jende zegoen bilera-areto hartan,
hizlaria zorabiatu egin zen, baina, zorionez, handik gutxira, bere onera etorri
= itzuli zen.
-
Beraz,
testuko 9. hutsunean “BEREN ONERA” ipini
behar zenuten: “Jendea oraindik galduta
eta gaizkiesaka ari da, baina hori ere normala da. Etorriko dira gauzak BEREN
ONERA”. Honek esan nahi du
gauzak lehengo egoerara itzuliko direla, lehengoratuko direla edota baretu,
lasaituko direla. Esapide honi arreta berezia jarriko diogu. Euskaraz asko
dira “on” eta “hobe” erabiliz sortutako hizkuntza egiturak edo esapideak.
Esapideon taula atxikiko dizuet. Hor dauzkazue esapide horien esanahia eta
hemen, klasean jarriko nituzkeen adibideak:
o
Donostiara kotxez joan eta aparkalekurik aurkitzen ez dudanean, neure onetik ateratzen =irteten
NAIZ (=pazientzia galtzen dut).
o
Aparkalekurik ez aurkiTZEAK
(zerk) neure onetik
ateratzen NAU (=pazientzia galarazten dit).
o
Ikasle horrek (nork) neure onetik ateratzen NAU
(=pazientzia galarazten dit).
o
Igogailuaren zain egon behar izaTEAK
neure onetik ateratzen
NAU.
o
Jendea hitzordura berandu helTZEAK
neure onetik ateratzen NAU.
o
Aktore hori onenak
emana dago, orain ez ditu ganorazko (=fundamentuzko) filmak egiten eta
Alpujarretako herrixka batean bizi da bakartuta.
o
Aktore hori bere
onenean dago eta zine zuzendari guztiek berarekin egin nahi dute lan (momenturik
onenean); garai honetan daude beren
onenean laranjak.
o
Azken egunetakoarekin alderatuta, eguraldiak nabarmen egin du hobera.Larrialdietan
zegoen gaixo hark hobera egin zuen eta gela arrunt batera igo zuten.
o
Gaixo hori ospitaleko gela arrunt batean zegoen, baina okerrera egin du eta
UCIra jaitsi behar izan dute.
o
Datorren astean eguraldiak negu itxura (=negu tankera) hartuko omen du
eta nabarmen egingo omen
du okerrera.
o
Etxerako lan asko bidaltzen dizuet, baina ez haserretu, zuen hobe beharrez egiten
baitut (zuentzat hobe delakoan, zuentzat hobe delako ustean, zuentzat hobe dela
pentsatuz, asmo onarekin, alegia).
o
Guk egindako proposamena ontzat eman =hartu dute (=onartu egin dute) / txartzat eman = hartu dute
(=gaitzetsi egin dute) udaletxean egin duten ez-ohiko bileran (“reunión
extraordinaria”).
-
Azalpenaren
ostean, egizue aztertu berri dugun taularekin batera ipini dizuedan ariketa.
Justu, 16 esaldi ipini dizkizuet, esapide horietako bana erabili ahal izateko.
Ea zer moduz egiten duzuen.
-
Ondoren,
TAO testuarekin batera datorren hurrengo ariketa zuzendu dugu. Lau adierazpen
egiazkoak ala gezurrezkoak diren adierazi behar izan duzue (ebazpen horrian
dauzkazue erantzunak, ez ahaztu).
-
Azkenik, testuaren ideia nagusia edo muina, testu osoa ondoen laburbiltzen
duen esaldia B da (hau ontzat
emateko argudioak zehatz-mehatz idatzi dizkizuet ebazpen orrian).
-
Hirietako
trafikoa hizpide dugun honetan, honako galdera hau egin nahi nizueke: Zer
gertatuko litzateke gure herri nahiz hirietako trafiko-ikurrak kenduko
bagenitu? Anabasa (=kaosa) sortuko litzateke? ala... agian jendeak arreta
gehiagoz gidatuko luke?? Horri buruzko testu bat dakarkizuet jarraian: Zer gertatuko litzateke trafiko ikurrak
kenduko bagenitu? izeneko ulermen jarduera (ulermen zehatza). Egizue
eta zuzendu ebazpen orria baliatuz. Oharrak:
o
Istripu
baten berri izan dut = jakin dut
istripu bat gertatu dela (gaztelaniazko “enteratu naiz”).
Istripu baten berri eman dizuet = jakinarazi dizuet
istripu bat gertatu dela (hau da, zuei
eman dizuet berria).
ZEREN BERRI IZAN: Irratian istripu baten berri izan dut
(istripu bat gertatu dela jakin dut); Renon
euskara ikasteko beka baten berri izan dut (Renon euskara
ikasteko beka bat badagoela jakin dut);
- Mirenen aitona ospitaleratu omen dute. – Bai, badut horren berri
(badakit). Aspaldian ez dut zure berri(rik) (ez dakit ezer zutaz).
ZEREN BERRI EMAN: Istripu baten berri eman didate
(istripu bat gertatu dela jakinarazi didate); Dabidek beka baten berri eman
digu (Dabidek beka bat badagoela jakinarazi = jakitera eman = adierazi digu).
Kultura sailburuak Euskadi Literatur Sarien berri eman du (sariak
jakinarazi edo ezagutarazi ditu). Gutun honen bidez izan dudan arazo baten
berri eman nahi dizut (arazo bat jakinarazi = ezagutarazi nahi dizut).
o
Nonahi = non-nahi (edozein tokitan). Ikusten
duzuene, bi idazkera onartzen ditu.
o
Ohi baino ikasle gehiago etorri dira gaur. Honek zer adierazten du? Ba, normalean ikasle gutxiago etortzen direla,
ez dela normala horrenbeste ikasle etortzea.
o
Egunetik egunera, gero eta
ikasle gehiago etortzen dira. (honek, berriz,
bilakaera adierazten du).
o
Anabasa = kaosa
o
Segurtasun eza = segurtasunIK EZA; arau eza = arauRIK EZA;
kontzientzia eza =
kontzientziaRIK EZA…
o Astiro = mantso = motel
o
gidaTZEN dute = gidatu OHI dute
= (gogoratu partizipioa + OHI = -TZEN ohiturazko aditz aspektu marka).
o
232 gelako gaixoak (nork) hobera egin du / okerrera egin du.
Eguraldiak (nork) arratsaldean hobera
egingo du / okerrera egingo du.
o
MUZIN EGIN + ZERI = UKO EGIN + ZERI: Zuk niri opari bat ekarri didazu eta ni, esker
txarrekoa naizenez, opariari MUZIN EGIN DIOT = opariari UKO EGIN DIOT (ikasleok, gogoan al duzue? Duela gutxi agertu
zitzaigun “uko egin”, San Valentini buruzko testuan: Claudio II.a zen Erromako enperadoreak agindu bat eman zuen: gerrara
erabat emanak bizitzeko, gazteei ezkontzea debekatu (=galarazi) zien. Agindu horri muzin eginez, Valentin
gotzain erromatarrak bikoteei dei egin zien joateko, isilpean ezkonduko zituela
esanez.).
o
ERREPARATU + ZERI: Erreparatu egin dituzun akatsEI eta nire oharrEI.
-
AHOZKO JARDUERA:
Zer gertatuko
litzateke trafiko ikurrak kenduko bagenitu? Jakina, azken jarduera,
ahozkoa, alegia, ezin dugu egin. Lastima! Klasera itzultzen garenean egin
genezake, baina egia esan, ari naiz hori baino mintzagai interesgarriagoak
gordetzen ordurako.
-
Eta
ikasleok, zer gertatuko litzateke gure herri nahiz hirietako telefono kabinak
kenduko bagenitu? Edo, galdera hobeto planteatuta....Zer egin liteke gure herri
nahiz hirietan geratu diren eta mugikorren neurrigabeko hedapena dela eta,
inork erabiltzen ez dituen edo inor
gutxik erabiltzen dituen telefono kabina horiekin? Hona hemen prestatu dizuedan
jarduera bikoitz bat: Zer egingo zenuke
telefono-kabinekin? Hasteko, testutik ateratako zenbait esaldi hutsune
egokietan txertatu behar dituzue (lasai, ez dago distraktorerik); zuzendu
ondoren, bigarren ariketa egin behar duzue. Testutik zortzi esaldi atera ditut,
zuek nik emandako egitura erabiliz berridatz ditzazuen. Ea zer moduz egiten
duzuen! Berridazketa horietako batzuetan apropos sartu ditut kausazkoak, orain
lantzen ari garen edukia baita. Zuzendu ahala, erreparaiezue nire
zuzenketa-orriei (bi artxiboak erantsi dizkizuet, noski, ebazpen orria eta
zuzenketa-oharrena).
-
Aditzaren tartea: Orainaldiko ahalera: joan den egunean orainaldiko ahalerako
adizkiak nola sortzen diren azaldu nizuen, Indikatibotik abiatuta. Horiek
lantzeko, Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko ariketak egin behar
zenituzten. Zalantzarik bai? Bi ohar:
o
3. ariketako 4. eta 5. esaldietan,
ez ahaztu orainaldiko ahalera adizkiari
–(e)N eranstea, esaldi horiek
zehar-galderak baitira:
Lagunak garenez, esadazu,
mesedez, nola lagun(du) DIEZAZUKET +
-(e)N > DIEZAZUKEDAN eta kito!
Bi aldiz galdetu diogu ea noiz eman DIEZAZKIGUKE + -(e)N > DIEZAZKIGUKEEN (aditz
batek amairan –KE daukanean bi E
elkartzen dira: -keen,-keela,-keelako,-keenean…) azterketaren emaitzak.
o
2. ariketako 3. esaldian honako
hau agertu zaigu: Horrela engaina
nazaketela uste badute, ondo ezagutzen ez nautEN SEINALE
(da). Gogoan duzue –(e)N
SEINALE? (behin baino gehiagotan agertu zaigu, esate baterako, Eguberrietako
erosketei buruzko berridazketetan).
Tripa zorriak dauzkat, gose
naizEN SEINALE.
Ikasle horrek berokia jantzi
du, hotzak dagoEN SEINALE.
Beherapenetan jende gutxi
dabil dendaz denda; krisialdian gaudEN
SEINALE.
-
Beno,
gaurkoan ez dizuet aditz berririk irakatsiko; beraz, lasai!! Egingo duguna zera
izango da: joan den eguneko azalpena gogoraraziko dizuet jarraian duzuen
taulatxoa baliatuz (Indikatiboko orainaldiko adizkietatik Ahalerako orainaldiko
adizkietara igarotzeko zein urrats eman behar diren) eta ariketa bat bidaliko
dizuet hauek lantzen jarrai dezazuen.
Nor orainaldiko
adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). Erreparaiozue 14.
orrialdeko lehenengo taulari.
Nor-nori
orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak
bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula):
Indikatiboko orainaldiko ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu>
dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio > dakizkiO…
Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror dakiZUke; orain hartzen ez
badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal
zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu
dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu
ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil
dakiGUke…
Nor-nork
orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki –ZAKE
bihurtzen da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez
deus. Erreparaiezue 14. orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan. Ohartuko
zarete, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen
markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen
dutela, hau da, hasieran nor pertsona
markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu >
naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte >
gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAtKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman
ahal naUzu autoz eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz eskolaraino?;
nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu
ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida
zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak ariketak egitera derrigor gaitZAKE > haiek zuek haserrarazi
ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz
zaitZAKEtete…
Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta
Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz
plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka:
dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari
NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo
bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu eta NORI eta NORK pertsona
marken artean, -KE tartekatuko dugu: DIEZA(zki) + NORI pertsona
marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue
> diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu >
diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat
eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia
bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei
materiala blogean ipini ahal dizuet
= nik zuei materiala blogean ipin
diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal
digute = haiek guri lagun
diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu
ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi
diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi
ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz
diEZAzkieKEte…
-
Hau
kontuan izanik, hona hemen ariketa: Orainaldiko
Ahalera lantzeko indartze-ariketa. Bertan, nik 50 esaldi ipini
dizkizuet, AHAL + indikatiboa erabiliz. Zuek horren baliokidea den ahalerako
adizkia erabili beharko duzue (ez ahaztu aditzari –I /-TU kentzea, hau da,
“aditzoina” erabiltzea). Nahasian dituzue NOR, NOR-NORI (3. pertsonak),
NOR-NORK (guztiak) eta NOR-NORI-NORK. Egin eta zuzendu.
-
ETXERAKO
LANA: TAO idazlana (kontuz!!! Alegiazko egoera bat da, hipotetikoa!!: Lehenengo eta behin, Udalak TAO sistema jarriko BALU...)
OHARRA: Ikasleok: hurrengo klasea
asteartean ipiniko dizuet. Halaber, gogorarazi nahi dizuet zuen zalantzak nahiz
iradokizunak e-postaz bidal diezazkidakezuela (zein ongi erabiltzen dudan
nor-nori-nork ahalera!!) nire helbidera, ikasleren batek egin ohi duen bezala.
Blogean ere badaukazue zuen iruzkin edo komentarioak nahiz zalantzak idazteko
aukera eta, azkenik, blogean baduzue txat bat ere – “Solasean” – zuen artean aritzeko. Mila esker guztioi.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina