46. eskola (on-line),
2020ko martxoaren 30 eta 31koa (gutxi gorabehera; izan ere, badakizue egun
hauek ez direla errealak)
-Gaurkoan kausazkoei helduko diegu berriro. Gogora ditzagun ikusitako kausazko
erabilienak eta hauen kokalekua:
o
Gobernuak hala agindu duELAKO, etxean egon
beharra daukagu =
= Etxean egon
beharra daukagu, gobernuak
hala agindu duELAKO.
o
Gobernuak hala aginTZEAGATIK, etxean
egon beharra daukagu =
= Etxean
egon beharra daukagu, gobernuak
hala aginTZEAGATIK.
o
Etxean egon beharra daukagu, gobernuak hala agindu BAITu.
o
Etxean egon beharra daukagu, gobernuak hala agindu du ETA.
o
Gobernuak hala agindu
duENEZ (GERO), etxean egon beharra daukagu.
o
Gobernuak hala agindu duELA ETA, etxean egon beharra daukagu.
o
Etxean egon beharra daukagu, ZEREN gobernuak hala agindu du / baitu / duen.
- Honezkero
irakurria duzue nire teoria azalpena eta eginak dituzue lehenengo bi ariketak,
ezta? (“Euri asko egin duelako…” eta “Esan
duzun guztiarekin ez nago ados…). Zalantzarik bai? Hala balitz, galdetu
lasai.
-
OHARRAK (Bi ariketa horietako zenbait ohar):
o
Egundoko isuna = izugarrizko isuna = ikaragarrizko isuna = sekulako isuna = isun izugarria = isun ikaragarria .
o
BEHARTU aditzak beti darama NOR-NORK
(pertsona bat osorik behartzen duzulako) + -T(Z)ERA
nominalizazioa eskatzen dut (zertara? + behartu): Dabidek behartzen = derrigortzen gaitu (digu) etxeko lanak
egiTERA. Berdin funtzionatzen dute “gonbidatu” eta “animatu” edo “bultzatu”
aditzek ere: Dabidek zu (zuri)
gonbidatu zaitu (dizu) afalTZERA; Nik zu (zuri) animatzen zaitut
(dizut) “Egunean behin” lehiaketan parte harTZERA…
o
Isilean eduki = isilpean eduki.
o
Lo eta jan baino ez dut egingo = lo eta jan besterik ez dut egingo = lo eta jan baizik ez dut egingo = lo eta jan bakarrik egingo dut.
Ikasleok, 2. ariketan, ohartu edo jabetuko zineten euskaraz –
gaztelaniaz ez bezala – kausa bat baino gehiago elkarrekin doazenean, bakoitzak
bere kausazko marka eraman behar duela ezinbestean (gaztelaniaz nahikoa izaten
da lehenengoari jartzea). Adibidez: He
llegado tarde, porque me he despertado
tarde, no arrancaba el coche y he perdido el autobús” > Berandu heldu naiz,
berandu esnatu naizELAKO (1.
kausa), autoa ezin nuELAKO
(2. kausa) martxan jarri eta autobusa galdu dudaLAKO (3. kausa).
Argi
geratu da, beraz, euskaraz kausa bat baino gehiago kateatuta doazenean,
kausazko perpaus bakoitzak eraman behar duela bere kausazko partikula edo marka
baina… orain honako zalantza hau sor dakizueke zuei… Marka bera eraman behar
dute? Ala marka desberdina eraman dezakete?
Hona azalpenerako adibideak:
a)
Berandu iritsi naiz, autoa ez zebilELAKO
eta autobusa berandu iritsi dELAKO ( bi kausa autonomo eta, beraz,
marka bera).
b)
Buruko minak lehertzen nago, izugarrizko ajea dudaLAKO, bart gauean
gaupasa egin BAITut (bi kausak ez dira autonomoak; bata bestearen barruan dago, bata
bestearen kausa da; horregatik, aldea nabarmentzeko, marka desberdinak).
1.
adibidean, berandu iristeak bi
kausa edo arrazoi autonomo dauzka, ETA lokailuarekin lotuta (=uztartuta).
Beraz, marka bera eraman behar dute; biek –(e)LAKO, biek BAIT-…
Zergatik iritsi naiz berandu?
Lehenengo arrazoia edo kausa, autoa ez ibiltzea.
Zergatik iritsi naiz berandu?
Bigarren arrazoia edo kausa, autobusa berandu iritsi izana.
2.
adibidean, ordea, egoera
bestelakoa da. Bi kausak ez dira autonomoak, bata bestearen menpekoa baizik;
bata bestearen kausa dira, ez dira maila berean dauden kausak. Horregatik, bien
arteko aldea nabarmentzeko, marka desberdina eraman behar dute:
Zergatik zaude buruko minak
lehertzen?
Kausa edo arrazoia honako hau da: Izugarrizko ajea (=bestondoa =
biharamuna) edukitzea.
Zergatik daukazu izugarrizko
ajea?
Honen kausa edo arrazoia honako hau da: bart gauean gaupasa egin izana.
Beste modu batera esanda, bart gauean gaupasa egin izana ez da zuzenean
buruko mina izatearen kausa, ajea edukitzearen kausa baizik.
Ulertu baldin baduzue, gai izango zarete adibideotan maila bereko
kausak diren ala ez bereizteko, ezta?
Ez
du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ia idazlanik egin ez duelako, eskolako liburua erosi ere egin
ez duelako eta etxerako lanak oso
noizean behin egiten zituelako.
(Lau kausak maila berean daude, lauak
dira ikasturtea gainditu ez izanaren arrazoi edo kausa autonomoak. Horregatik
daramate marka bera eta horregatik doaz ETA batek lotuta).
Ez
du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ama ospitalean izan baitu luzaroan gaitz sendaezin batek
jota.
(Hemengo bi kausak ez dira autonomoak;
ikasturtea gainditu ez izanaren kausa klasera gutxitan etorri izana da eta,
klasera gutxitan etorri izanaren kausa, berriz,
ama ospitaleratuta eduki izana. Horregatik daramate marka desberdina,
kausazko bat bestearen barruan dagoelako, bestearen menpekoa delako).
- Orain, egin itzazue 3. eta 4.
ariketak. Bi ariketaok –(e)NEZ (GERO)
kausazkoa lantzeko dira. Gogoan izan, -(e)LAKO baino ahulagoa dela eta, beraz,
ez dugula erabiliko “Zergatik?” galderari erantzuteko, kausazko azalpen bat
emateko baizik. 4. ariketa, espresuki (= berariaz = beren beregi) prestatua
dago, gaztelaniatiko kalkoa saihets dezazuen. Izan ere, oso ohiko akatsa, oso
zabaldua dagoena, da gaztelaniaz erabiltzen duten “como...” kausazkoa euskaraz “nola...”
itzultzea. Ba ez!! “como...” hori gaztelaniaz ere ez baita moduzkoa, kausazkoa
baizik. Euskaraz, -(e)NEZ erabiliz itzuliko dugu (“como estoy cansado...” = “ya que estoy cansado”...) > “nekatuta nagoENEZ,...” (“nola
nekatuta nago...”). Benetan diotsuet (=esaten dizuet), erdarakada
itsusi eta trakets hau oso zabaldua dagoela; klasean ere, mintzan diharduzuenean, bati baino gehiagori entzuten
diot “nola...” trakets hori. Hona beste bi adibide: “nola nekatuta nago,
eseri egingo naiz” > “Nekatuta
nagoENEZ, eseri egingo naiz”; “nola berandu da, ohera noa”
> “Berandu dENEZ, ohera noa”;
“nola ez du gainditu, kurtsoa errepikatuko du” > “Gainditu ez duENEZ, kurtsoa
errepikatuko du”.
- AHOZKO JARDUERA: “Hau korapiloa!”. Ondoren egingo
genukeen jarduera osssso interesgarria eta aberasgarria da, zuen artean
mintzatzeko eta kausazkoak barra-barra erabiltzeko. Lastima klasean aurrez
aurre ez egotea hau gauzatzeko. Dena den, nik gorde egingo dut, klasera
itzultzen bagara, orduan egiteko, merezi duelakoan bainago.
-Lehenik, etxean
familia baten deskribapena irakurri behar da, Urrutikoetxehandia familiarena. Neuk
asmatutako familia bat da, inspirazio momentu batean sortu nuena. Irakurri
ahala, aholkatzen dizuet eskematxo bat egiteko edo arbola genealogikoren bat,
senide bakoitzaren izaera eta gustuekin.
Urrutikoetxehandia familia garai bateko familia ugari haietakoa da,
hamaika seme-alaba izan zituztenetakoa. Datorren asteburuan aitona-amonak
ezkondu zireneko 50. urteurrena – Urrezko Ezteiak – ospatzekoak dira baserrian.
Horretarako, familia osoa gonbidatu dute, baina aitona-amonak beldur dira
senitartekoen artean liskarren bat edo beste sor ote daitekeen. Hain dira euren
artean desberdinak! Horregatik, oturuntza hori arrakastatsua izatea nahi
dutenez, ongi antolatu beharko dute nor noren ondoan eserrARAZI. Izan ere, beheko suaren aurreko mahai biribilean denak
kabituko diren arren, ongi pentsatu beharra dago nor noren ondoan jarri. Gai izango zinatekete sendi osoa behar bezala
kokatzeko inolako ika-mikarik edo sesiorik gerta ez dadin? Nor noren ondoan
eserraraziko zenukete? Zergatik?
-
Hurrengo klasean, taldeka bildu eta 26 senide horiek mahaian eserrarazi behar
dituzue, hots, elkarrekin bazkaltzen jarri beharko dituzue mahai berean, baina
konturatuko zarete batzuk ezin direla beste batzuen ondoan eseri, euren izaerak
nahiz zaletasunak bateragarriak ez direlako eta, ondorioz, haserretu egin
daitezkeelako. Beraz, nor noren ondoan eserraraziko duzuen erabakitzeko,
kontuan izan beharko dituzue kide bakoitzaren izaera, zaletasunak, sekretuak,
maniak, gustuak... Zuek zeuen artean ahoz eztabaidatu eta senide bakoitza non
eseriko den erabaki beharko duzue gelan, kausazkoen
bidez arrazoituz. Euren artean ahalik eta ondoen konpontzeko moduan
eserrarazi behar dituzue, kontuan izanik oso desberdinak direla pertsonaia
hauek. Mintzamen librerako eta adizki
hipotetikoak nahiz kausazkoak lantzeko – argudioa lantzeko, beraz – oso
jarduera egokia delakoan nago. Hori bai, errazkerian eror ez zaitezten, erabil itzazue iritzia emateko egitura
desberdinak, baita adizki hipotetikoak ere.
Hona hemen lau eredu:
·
Xek eta Yk elkarren ondoan eseri behar luketela uste dut.
·
Xek Yren ondoan eseri behar lukeela
uste dut.
·
X eta Y elkarren ondoan eserraraziko
nituzke.
·
X Yren ondoan eserraraziko
nuke.
·
X eta Y ongi konponduko = moldatuko lirateke elkarrekin.
·
X ongi moldatuko = konponduko litzateke Yrekin.
Esandakoa:
ea luze baino lehen klasera itzultzen garen eta jarduera hau ahoz egiteko
aukera dugun.
- Demagun
(=eman dezagun = suposa dezagun) gu ere Urrutikoetxehandiatarren Urrezko
Ezteietara gonbidatu gintuztela. Joan ere joan ginen, baina ustekabean
(=ezustean), jantzia edo soinekoa apurtu zitzaigun eta barregarri geratu ginen denen aurrean. Beraz, jantzi horren
saltzaileari erreklamazio gutun bat idaztea erabaki dugu. Horretarako, gutun formala idazteko jarraibideak
atxiki dizkizuet blogean, nahiz eta ikasturte hasieran ere eman nizkizuen (beste
liburu batetik ateratakoak ziren eta, beraz, ez dira berdin-berdinak bi
txostenak). Honako txosten honetan, azalpenak zehatzagoak dira eta, nire ustez,
txosten hau egokiagoa da. Gainera, azalpenez gain, bi adibide ere
badituzue. Oharrak:
o
Datari
dagokionez, edo biak deklinatu (lekua eta denbora), kasu berean, noski (non =
noiz kasua) edo, bestela, bat bera ere ez: AndoainEN,
2020ko martxoaren 31n = Andoain_, 2020ko martxoaren 31. OiartzunEN, 2020ko apirilaren 2an =
Oiartzun_, 2020ko apirilaren 2a. HendaiaN,
2020ko apirilaren 5ean = Hendaia_, 2020ko apirilaren 5a.
o
Gutun
formalaren hartzailea gizona baldin bada: Jauna
= Jaun hori (ez itzuli gaztelaniara!!!) = Jaun agurgarria (“agurgarria”k zera esan nahi du, “agurtzea merezi
duena”).
o
Emakumeekin,
berdin: Andrea = Andre hori = Andre
agurgarria.
o
Ez
baldin badakigu hartzailea gizona ala emakumea den (adibidez, imajinatu IKEAko
salmenta-buruari idatzi nahi diodala eta nik ez dakidala gizonezkoa ala
emakumezkoa den): Jauna / Andrea = Jaun /
Andre hori = Jaun / Andre agurgarria.
o
Eta
hartzailea gizona + emakumea baldin badira (hau gerta liteke, adibidez, enpesa
handietan, non zuzendaritza batzordea gizon eta emakumeek osatzen duten edo
gure eskolan bertan, non zuzendaritza taldea bi emakume eta gizon batek osatuta
dagoen): Jaun-andreok = Jaun-andre horiek
= Jaun-andre agurgarriOK. –OK plural
hurbila erabiliko dugu, kasu honetan, pluraleko 2. pertsonaren balioarekin
(=zuek), hartzailearekiko hurbiltasuna adierazteko.
o
Agur t´erdi. Hau ere hasierako agurra da.
o
Kargua
+ agurgarria (zuzendari agurgarria,
sustatzaile agurgarria, alkate agurgarria, sailburu agurgarria, ...).
-Hiria, eta honen barnean, trafikoa
dugu langai azken egunotan. Horren harira, honako jarduera hau dakarkizuet: Auto-ilarak, gasolina eta pazientzia galtzen.
Jarduera honen lehenengo zatia, lexikoa lantzekoa da. Testua irakurri
ahala, hor dituzuen hitzak osatu behar dituzue, parentesi arteko aurrizki nahiz
atzizki egokiak aukeratuta. Ondoren,
ebazpen orriarekin zuzen ezazue.
-
Auto-ilarak, gasolina eta pazientzia
galtzen. Jarraian, egizue bigarren ariketa. Bertan, azpimarratutako lau
esaldiren baliokideak aukeratu behar dituzue. Ariketa egokia da ikusiak ditugun
EZEAN eta –(e)Z GERO baldintzazkoak (lehenengoa ezezko perpausetan eta
bigarrena, baiezkoetan), BA-...ERE kontzesibo egitura eta ZERTAN...+
partizipioa egitura errepasatzeko.
Erantzunak:
1- Gure ohiturak aldatu EZEAN, autoan sartuta zain egotera kondenatuta gaude.
a) Gure ohiturak aldatzen ez ditugulako,...
b)
Gure ohiturak
aldatzen ez baditugu... (baldintza erreala, ondorioa
ere – “gaude” – erreala delako).
c) Gure ohiturak aldatuko ez bagenitu...
2- Azken asteei erreparatuZ GERO, irailaren 26an beste kamioi batek istripua izan zuen.
a) Azken asteei erreparatzen diegunez,...
b) Azken asteei erreparatu ondoren,...
c) Azken asteei erreparatzen badiegu,...
3- Kamioien
portzentajea (=ehunekoa) %50era iristen
BAda ERE, N1 osoan batez bestekoa %20koa da.
a) Kamioien portzentajea %50era iristen den arren,...
b)
Kamioien
portzentajea %50era iristen baldin bada,...
c)
Kamioien
portzentajea %50era iristen denez gero,...
4- Auto
gehien jasotzen dituen hiriak ez du ZERTAN trafiko motelagoa IZAN.
a)
...ez dauka (=du) trafiko motelagoa
izan beharrik.
b)
...ez
du trafiko motelagoa izan behar.
c)
...
ez du trafiko motelagoa izaten.
o
1. eta
2. itemetan, EZEAN eta –(E)Z GERO baldintzazkoak agertu
zaizkigu. Lehenengoa ezezko baldintzak egiteko erabiltzen da; bigarrena,
berriz, baiezkoak egiteko. Hori bai, bai bata, bai bestea, hiru baldintzak
(erreala, hipotetikoa, irreala) egiteko erabil daitezke. Hona hemen zenbait
adibide:
o
Etortzen bazara, elkarrekin bazkalduko dugu = EtorriZ GERO, elkarrekin bazkalduko dugu
o
Etorriko bazina,
elkarrekin bazkalduko genuke = EtorriZ
GERO, elkarrekin bazkalduko genuke.
o
Etorri (izan) bazina,
elkarrekin bazkalduko genu(ke)en = EtorriZ
GERO, elkarrekin bazkalduko genu(ke)en.
o
Etxeko lanak egiten ez badituzu, ez duzu gaindituko = Etxeko lanak egin EZEAN, ez duzu
gaindituko.
o
Etxeko lanak
egingo ez bazenitu, ez zenuke gaindituko = Etxeko lanak egin EZEAN, ez zenuke gaindituko.
o
Etxeko lanak
egin (izan) ez bazenitu, ez
zenuen gaindituko = Etxeko lanak egin
EZEAN, ez zenu(ke)en gaindituko.
o
Jarraian, 3.itemean, BA- … ERE kontzesiboa agertu zaigu
berriro. Ikusia dugu ikasturte hasieran eta hainbat aldiz agertu zaigu ordutik
hona.
o
Azkenik, 4. itemean, ZERTAN…+ partizipioa
egitura ageri zaigu. Hau aitzakiatzat
harturik, BEHARRIK eta BEHAR-en arteko aldea gogorarazi nahi
dizuet, jarraian duzuen taula baliatuz. BEHAR vs. BEHARRIK:
o
“ EZ + EDUKI = UKAN / EZ +
EGON (inperts.) = IZAN (inperts.) + partizipioa + BEHARRIK”:
“Ez daukat = ez dut errepikatu
beharrik / Ez dago = ez da errepikatu beharrik” (baina nahi
badut, errepikatuko dut, ez daukat debekatuta errepikatzea). Egitura honen
parekoa da 4. itemean agertu zaigun ZERTAN…+
partizipioa(rik): Ez daukat = ez dut
zertan errepikatu(rik) / Ez dago = ez da zertan errepikatu(rik).
o
eta
o
“EZ + EDUKI = UKAN / EGON (inperts.)
= IZAN (inperts.) + ZERTAN + partizipioa”: “Ez daukat = ez dut zertan errepikatu / Ez dago = ez da zertan
errepikatu” (ídem).
Ez hala:
o
“EZ UKAN / IZAN (inperts.) + partizipioa +
BEHAR”: “Ez dut errepikatu behar / Ez
da errepikatu behar” (hemen, debekatzen ari naiz).
-
Edonola ere, nahiz eta gure herri zein hirietan egunero auto-ilara luzeak sortzen
diren, eta horrek, batetik, pazientzia nahiz gasolina galarazten dizkigun eta,
bestetik, kutsadura (=poluzioa) eragiten duen, gutako askok, ahal bada,
behintzat, edonora (=noranahi) autoz joan nahi izaten dugu, garraio publikoaren
aldeko hautua egin beharrean. Horrekin duen loturagatik, entzungai hau ipiniko
dizuet. ENTZUNAREN ULERMtENA: Kontsumo ohiturak eta Estitxu Elduaienen iritzia (gomendatutako
abiadura x0,9). Itemak irakurri, bizpahiru aldiz entzun eta,
jarraian, zuzendu ezazue, erantzun orria erabiliz (erantzun orrian jarri
dizkizuet argudioak ere, taulatxoetan sartuta).
- Aditzaren
tartea: Zer moduz moldatu zarete orainaldiko ahalera lantzeko
indartze-ariketarekin? Orainaldiko
Ahalera lantzeko indartze-ariketa. Bertan, nik 50 esaldi ipini nizkizuen,
AHAL + indikatiboa erabiliz. Zuek horren baliokidea den ahalerako adizkia
erabili behar zenuten. Nahasian zenituzten NOR, NOR-NORI (3. pertsonak),
NOR-NORK (guztiak) eta NOR-NORI-NORK. Zalantzarik bai???
- Gaurkoan jo ezazue Gramatika
eta ariketak II liburuko 16. orrialdera. Bertan duzue AHALERA
HIPOTETIKOA edo ALEGIAZKO AHALERA:
izan eta ukan (3. pertsonak baino ez).
Ohar zaitezke, baldintza hipotetikoan gertatzen den bezalaxe, ahalera hipotetikoan ere 3. pertsonek L- daramatela hasieran,
alegiazko adizkiak edo hipotetikoak diren seinale: hura gurekin etor_ LITEKE;
haiek hitzaldia entzutera joan_ LITEZKE,
gaia oso interesgarria iruditzen zaielako; hark ogia ekar_ LEZAKE otorduetarako; hark azukrerik gabeko galletak ekar_ LITZAKE gosaltzeko; haiek jauregi hori
eros_ LEZAKETE diruz ongi
baitabiltza / haiek luxuzko bitxiak eros_ LITZAKETE
bitxi-denda ospetsu horretan.
o
Alde
batetik, zerbait gertatzeko orainaldian
baino aukera gutxiago dagoenean edo norbaitek zerbait egiteko daukan ahalmena
hain garbi ez dagoenean, zalantzazkoagoa denean: Adituen esanetan, datozen urteetan tsunami nahiz lurrikara gehiago
gerta LITEZKE (“podrían suceder”). Lanpostu horretan jarduteko, ni egokia izan
NINTEKE. Horrela jarraituz gero, denon artean koronabirusa desagerraraz
GENEZAKE (“podríamos hacer desaparecer…”).
o
Bestetik,
planak nahiz proposamenak egiteko eta
baimenak nahiz mesedeak kortesiaz edo era leunean (modu “edukatuan”) eskatzeko
erabiltzen da:
·
BAIMENA:
Ireki dezaket
leihoa? (gure artean konfiantza handia baldin badago)
(“puedo abrir? “can I open?”).
Ireki nezake
leihoa? (adibidez, ezagutzen ez dudan jendearekin nagoenean) (“podría abrir?” “could I open?”).
·
MESEDEA:
Etor zaitezke
nirekin gauza bat ikustera? Ken dezakezu autoa hortik? (adibidez, ikaskide bati esango nioke).
Etor zintezke
nirekin gauza bat ikustera? Ken zenezake autoa hortik?(adibidez,
ezagutzen ez dudan norbaitek bere autoa nirearen parean utzi badu).
·
PLANAK EGITEKO:
Datorren asteburuan Soriara joan GAITEZKE / GINTEZKE eta han txerrikumea proba DEZAKEGU / GENEZAKE eta onddoak bil DITZAKEGU / GENITZAKE.
OHARRA: praktikan, batez ere, planak edo proposamenak egiten ditugunean,
orainaldikoak eta alegiazkoak berdintsuak dira, hots, neutralizatu egiten da
bien arteko aldea eta, beraz, nahas genitzake gure planei buruz ari garenean. Adib:
Datorren asteburuan Tuterara joan
gintezke eta han zainzuriak, kukuluak eta orburuak eros ditzakegu.
Baldintza
hipotetikoaren ondorio gisa ere erabil daiteke ahalera hipotetikoa (ekialdeko euskalkietan joera hori dute),
ondoriozko adizki hipotetikoen ordez (guk, hegoaldean, gehiago erabiltzen dugu
ondoriozko aditz hipotetikoa). ERNE!!! Ohar zaitezte,
ordea, baldintzaren ondorioan (egingo, iritsiko, etorriko,
ikusiko…) ez bezala, ahalera erabiltzen dugunean aditzoina (egin_, irits_, etor_, ikus_…) baliatuko
dugula, -I edo –TU aditz-aspektu
markarik gabe, alegia.
Bihar jai izango bazenu,
elkarrekin egun pasa egingo genuke (“haríamos”)
= Bihar jai izango bazenu, elkarrekin egun pasa egin
genezake (“podríamos hacer”).
Autoz joango banintz, garaiz iritsiko nintzateke bilera horretara (“llegaría”)
= Autoz joango banintz, garaiz irits_ ninteke bilera horretara (“podría
llegar”)
-Orain,
hau lantzen hasi behar dugu, teoria bezain garrantzitsua baita praxia.
Horretarako, egin itzazue, hasteko, Gramatika
eta ariketak II liburuko 17. orrialdeko ariketak, alegiazko ahalera edo
hipotetikoa lantzekoak. Ez dut uste arazo handirik izango duzuenik, denak
baitira IZAN edo UKAN (3. pertsona). Egin eta zuzendu.
-Halaber,
alegiazko ahalera edo hipotetikoa lantzeko indartze ariketak ere igoko ditut
blogera (izan eta ukan 3. pertsona). Esan bezala, ez dut uste zailtasun
handirik izango duzuenik hauek egiteko, maila baxuagoetan jada lantzen baitira
(hurrengo egunean, sistema guztiak ikusiko ditugu eta haiek bai, haiek askoz
zailagoak dira).
-
ETXERAKO
LANAK izan litezkeenak:
o
Gutun
formala: Gaia: Urrutikoetxehandiatarren Urrezko Ezteietan gertatu zitzaizun
ezbeharra (egin aurretik, arretaz irakurri gutun formalak idazteko
jarraibideak, blogean ipini ditudanak).
o
Kohesioaren
garrantzia dela-eta, lokailuak ezin ditugu alde batera utzi. Lantzen arituak
gara, baina oraindik badira lokailuak nahasten dituzten ikasleak (eta, jakina, horrek
testuaren ulergarritasuna oztopa lezake). Gramatika
eta ariketak II liburuko 60. gaira jo ezazue (218-219.
orrialdeak: Gainera, bestela, beraz eta beste zenbait
lokailu). Irakurri horko
teoria eta egin teoria horrekin egin beharreko ariketak, liburuko 220. eta 221.
orrialdeetan dauzkazuenak. Ea zer moduz egiten dituzuen (lan gehiegi baldin
bada, Aste Santurako gorde dezakezue, datozen bi asteetan oporrak ditugu eta).
OHARRA:
badakizue bere garaian
lokailuen gaineko txosten zehatz bat banatu nizuela, neuk prestatua (berriz
igoko dizuet blogera, badaezpada ere). Nire ustez, oso txosten egokia da hura
eta 60. gai hau haren osagarria baino ez da. Esate baterako, ondoriozko
lokailuak (hortaz = horrenbestez = beraz
= horregatik = ondorioz = horren ondorioz = bada = hori dela eta...) neure
txostenean gehiago ageri dira 60. gai honetan baino. Agian zer egin dakizueke
ezezaguna gai honetan?
OROBAT: HALABER
lokailuaren sinonimoa dena.
OSTERANTZEAN: BESTELA
lokailuaren parekoa, bere bi balioekin.BESTELA = OSTERANTZEAN. Bi balio ditu:
1. balioa: BESTELA = OSTERANTZEAN: baldintza zentzua (“si no ...”): aurreko
perpausean esaten dena betetzen ez bada,
zer gertatuko den adierazten du. Adib.: Idazlana
agindutako egunean aurkeztu behar duzu; osterantzean
(=bestela), irakasleak ez dizu hartuko. (= agindutako egunean aurkezten ez
baduzu). Armairu hori txikiegia da gure komunerako; osterantzean (=bestela), erosi egingo nuke, oso modu onean dago eta.
(= hain txikia izango ez balitz). Isil zaitez behingoz; osterantzean (=bestela), kalera botako zaitut! (= isiltzen ez
bazara).
2. balioa: BESTELA =
OSTERANTZEAN: (= hori alde batera utzita, = gainerakoan (“por lo demás”). Adib.: Buruko mina daukat, hotzikarak, sukarra eta eztarria hartua
daukat; osterantzean (=bestela)
(=gainerakoan), ondo nago. Gramatika
akats batzuk egin ditu; osterantzean
(=bestela) (=gainerakoan), idazlan ona da, ongi garatua eta aberatsa.
OHAR OROKORRAK:
1.
Hurrengo klasea
ostiral iluntzerako edo larunbat eguerdirako sartuko dut. Saiatuko naiz
ostiralean sartzen.
2.
Halaber, gogorarazi
nahi dizuet zuen zalantzak nahiz iradokizunak e-postaz bidal diezazkidakezuela nire
helbidera, ikasleren batek egin ohi duen bezala. Blogean ere badaukazue zuen
iruzkin edo komentarioak nahiz zalantzak idazteko aukera eta, azkenik, blogean
baduzue txat bat ere – “Solasean” –
zuen artean aritzeko. Mila esker guztioi.
3.
Azkenik, gogorarazi
nahi dizuet idazlanak bidali behar dizkidazuenean, bidalialdi bakoitzean
bakarra bidaltzeko eta ez bi edo hiru, atzeratuta zoaztela esanez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina