44. eskola (on-line): 2020ko martxoaren 24 eta 25ekoa
(kontuan izan balizko egunak, hots, egun hipotetikoak direla)
- Ikasleok, honezkero egina duzue
“Parekotasun Legea” izeneko jarduera, entzunaren ulermena lantzekoa. Horko
azken itemean ageri den esapide bat azpimarratu nahiko nizueke: “Hamaika
ikusteko / entzuteko jaioak gara!” (gaztelaniaz “lo que hay que ver
/oír”). Esapide hau dezente erabiltzen da euskaraz. Joan den egunean bertan,
gure amari entzun nion ditxosozko koronabirusari buruz ari ginelarik: “Eneeee, adin honetara heldu eta hau ikusi
behar! Hamaika ikusteko jaioak gara!”.
- Deklinabideko –(e)KO eta “Nolako?” galderari erantzuten dion –(e)KO. Azalpena aurreko egunean egin nizuen blogean eta bazenuten berau
lantzeko ariketa interesgarri bat, eskaneatuta bidali nizuena. Erantzun-orria
ere atxiki nizuen eta bertan, ariketaren erantzunez gain, beste zenbait
adibide. Zer moduz egin duzue? Zalantzarik bai? Hona hemen nolakotasuna
adierazten duen –(e)KO horren adibide gehigarri horiek:
o
25 metro neurtzen duen igerilekua > 25 metroKO igerilekua (nolako, zenbateko)( neurria adierazten du) (25 metrotako igerilekua).
o
38 urte dituen emakumea > 38 urteKO (nolako, zenbat urteko) emakumea (adina adierazten du) (38 urtetako emakumea).
o
50 kilo pisatzen duen zakua > 50 kiloKO (nolako, zenbateko) zakua (pisua adierazten du) (50 kilotako zakua).
o
1.300 metro neurtzen duen kalea > 1.300 metroKO (nolako, zenbateko) kalea (neurria edo tamaina adierazten du) (1.300 metrotako kalea).
o
600 orrialde dauzkan txostena > 600 orrialdeKO (nolako, zenbateko) txostena (neurria edo tamaina adierazten du) (600 orrialdetako txostena).
o
Lau aste irauten duen bidaia > lau asteKO (nolako, zenbateko) bidaia (iraupena adierazten du) (lau astetako bidaia).
o
Hiru gela dauzkan etxebizitza > Hiru gelaKO (nolako) etxebizitza (neurria edo tamaina adierazten du) (hiru
gelatako etxebizitza).
Beraz, honako bi esaldiok ez dute adiera (=esanahi) bera:
Gure sotoan 20 urteko
ardoak dauzkagu = 20 urte dauzkaten ardoak dauzkagu, 20 urte dituzten ardoak
(nolako ardoak).
Gure sotoan 20 urtetako
ardoak dauzkagu (noizko ardoak): 20 urtetan (zehar) ekoiztutako edo jasotako
ardoak.
- Bestalde,
gogorarazi nahi nizueke posposizioek (zeri buruz, zeren aurka, zeren gainean…)
ondoren izen bat daramatenean, izen horri atxikitzeko –(e)KO hartu behar izaten dutela,
“klip” bat bailitzan (=balitz bezala):
Posposizio sintagma + -(e)KO.
Hona hemen zenbait adibide: (horiz daudenak izenak dira). Linguistikari buruz hitz egingo dugu > Linguistikari buruzKO + (artikulua, liburua, artxiboa,
apunteak…); Ikasleak sailkatuko ditut adinaren arabera > Adinaren
araberaKO + sailkapena
egingo dut; Harreman ona daukagu gure artean >Gure arteKO + harremana ona da; Legearen
aurka nago > Legearen aurkaKO + manifestazioa…; Gaur modaren gainean aritu gara hizketan >Modaren
gaineKO + aldizkaria
erosi dut; Nik edaten dudan garagardoa alkoholik gabe egiten dute >
Alkoholik gabeKO + garagardoa
edaten dut.
- AHOZKO
BATERATZE SAIOA: IRUN HOBETZEKO PROPOSAMENAK.. Udal talde bakoitzak bere proposamenen eta
egitasmoen berri eman behar die gainerako taldeei eta irakasleari, behar bezala arrazoituz, funtsezko
arrazoiak emanez. Irakasleak arbelean laburbildu, orraztu eta ondoriozko adizki hipotetikoak letra larriz
azpimarratuko ditu. Jarduera honek luze jotzen duen arren, aberasgarria
iruditzen zait. Beste taldekoek euren
adostasuna / desadostasuna azaldu beharko diete, behar bezala arrazoituz,
funtsezko argudioak emanez. Adostasuna / desadostasuna adierazteko, honako
egituraok erabil ditzakezue:
-
Ados gaude / ez gaude ados bidegorria egiTEAREKIN (zerekin +
ados egon)
-
Renfeko
geltokia lurperaTZEAREN alde / aurka gaude (zeren + alde / aurka egon).
- OHARRA: jarduera hau,
joan den egunekoaren jarraipena izanik,
klasean egitekoa litzateke. Beraz, klasera itzultzen garenerako gordeko
dugu. Ea luze baino lehen itzultzen garen!!
-
Udal batzordeek euren egitasmoak eta
proposamenak oposizioko alderdiei azaldu eta hauen aurrean defendatzeko
garaian, ezinbestean erabili beharko dituzte kausazko perpausak, euren hautua edo aukeraketa arrazoitzeko.
Beraz, gaurkoan euskarazko kausazko perpausen azalpena dakarkizuet blogera, kausazkoak derrigorrez erabili behar
baitituzue zeuen iritzia arrazoitzeko, bai zeuen iritzi artikuluetan, bai zeuen
solasaldietan.
Hauetxek dira ikusitko ditugun kausazko menderagailuak: -(E)LAKO,
ETA,
BAIT-, -T(Z)EAGATIK nahiz –T(Z)EARREN,
-(e)NEZ
(GERO), -(E)LA ETA
(eta honen kidekoak: -(e)la medio, -(e)la kausa, -(e)la bide, -(e)la zio) eta ZEREN (eta). Azken honi
dagokionez, azalpen zehatza apunteetan daukazuen arren, zera azpimarratu nahi
nuke:
Idatziz hiru aukera dituela: bera bakarrik erabil daiteke, nahikoa
baita kausaltasuna adierazteko (Bihar
ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukat espezialistarenean); -BAIT
kausazkoarekin konbina daiteke (Bihar
ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua baitaukat espezialistarenean) edota
–ENekin konbina daiteke (Bihar ezin
izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukadan espezialistarenean).
Ahoz bat-batean hitz egiten dugunez, hots, inprobisatzeko
joera dugunez eta beraz, esaldia noiz amaituko dugun ez dakigunez, barra-barra erabiltzen dela, “ze...”
moduan. Aurrean “ze...” esan eta lixto, gero, nahi adina luza dezakezu kausa. Nik
neuk askotan erabiltzen dut.
- Gatozen orain kausazkoak
praktikatzera. Bi ariketa dituzue (“Euri
asko egin duelako…” eta “Esan
duzun guztiarekin ez nago ados…). OHARRA: gaur
lehenengo bi ariketak – lehenengo bi orrialdeak – bakarrik egin itzazue!! Eta,
noski, zuzendu. Erantzunak artxibo berean dauzkazue, atzean.
o
Egundoko isuna = izugarrizko isuna = ikaragarrizko isuna = sekulako isuna = isun izugarria = isun ikaragarria .
o
BEHARTU aditzak beti darama NOR-NORK
(pertsona bat osorik behartzen duzulako) + -T(Z)ERA
nominalizazioa eskatzen dut (zertara? + behartu): Dabidek behartzen = derrigortzen gaitu (digu) etxeko lanak
egiTERA. Berdin funtzionatzen dute “gonbidatu” eta “animatu” edo “bultzatu”
aditzek ere: Dabidek zu (zuri)
gonbidatu zaitu (dizu) afalTZERA; Nik zu (zuri) animatzen zaitut
(dizut) “Egunean behin” lehiaketan parte harTZERA…
o
Isilean eduki = isilpean eduki.
o
Lo eta jan baino ez dut egingo = lo eta jan besterik ez dut egingo = lo eta jan baizik ez dut egingo = lo eta jan bakarrik egingo dut.
Ikasleok, 2. ariketan, ohartu edo jabetuko zineten euskaraz – gaztelaniaz
ez bezala – kausa bat baino gehiago elkarrekin doazenean, bakoitzak bere
kausazko marka eraman behar duela ezinbestean (gaztelaniaz nahikoa izaten da
lehenengoari jartzea). Adibidez: He
llegado tarde, porque me he despertado
tarde, no arrancaba el coche y he perdido el autobús” > Berandu heldu naiz,
berandu esnatu naizELAKO (1.
kausa), autoa ezin nuELAKO
(2. kausa) martxan jarri eta autobusa galdu dudaLAKO (3. kausa).
Argi
geratu da, beraz, euskaraz kausa bat baino gehiago kateatuta doazenean, kausazko
perpaus bakoitzak eraman behar duela bere kausazko partikula edo marka baina… orain
honako zalantza hau sor dakizueke zuei… Marka bera eraman behar dute? Ala marka
desberdina eraman dezakete? Hona
azalpenerako adibideak:
a)
Berandu iritsi naiz, autoa ez zebilELAKO
eta autobusa berandu iritsi dELAKO ( bi kausa autonomo eta, beraz,
marka bera).
b)
Buruko minak lehertzen nago, izugarrizko ajea dudaLAKO, bart gauean
gaupasa egin BAITut (bi kausak ez dira autonomoak; bata bestearen barruan dago, bata bestearen
kausa da; horregatik, aldea nabarmentzeko, marka desberdinak).
1.
adibidean, berandu iristeak bi
kausa edo arrazoi autonomo dauzka, ETA lokailuarekin lotuta (=uztartuta).
Beraz, marka bera eraman behar dute; biek –(e)LAKO, biek BAIT-…
Zergatik iritsi naiz berandu?
Lehenengo arrazoia edo kausa, autoa ez ibiltzea.
Zergatik iritsi naiz berandu?
Bigarren arrazoia edo kausa, autobusa berandu iritsi izana.
2.
adibidean, ordea, egoera
bestelakoa da. Bi kausak ez dira autonomoak, bata bestearen menpekoa baizik; bata
bestearen kausa dira, ez dira maila berean dauden kausak. Horregatik, bien
arteko aldea nabarmentzeko, marka desberdina eraman behar dute:
Zergatik zaude buruko minak
lehertzen?
Kausa edo arrazoia honako hau da: Izugarrizko ajea (=bestondoa =
biharamuna) edukitzea.
Zergatik daukazu izugarrizko
ajea?
Honen kausa edo arrazoia honako hau da: bart gauean gaupasa egin izana.
Beste modu batera esanda, bart gauean gaupasa egin izana ez da zuzenean
buruko mina izatearen kausa, ajea edukitzearen kausa baizik.
Ulertu baldin baduzue, gai izango zarete adibideotan maila bereko
kausak diren ala ez bereizteko, ezta?
Ez
du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ia idazlanik egin ez duelako, eskolako liburua erosi ere egin
ez duelako eta etxerako lanak oso
noizean behin egiten zituelako.
(Lau kausak maila berean daude, lauak
dira ikasturtea gainditu ez izanaren arrazoi edo kausa autonomoak. Horregatik
daramate marka bera eta horregatik doaz ETA batek lotuta).
Ez
du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ama ospitalean izan baitu luzaroan gaitz sendaezin batek
jota.
(Hemengo bi kausak ez dira autonomoak;
ikasturtea gainditu ez izanaren kausa klasera gutxitan etorri izana da eta,
klasera gutxitan etorri izanaren kausa, berriz,
ama ospitaleratuta eduki izana. Horregatik daramate marka desberdina,
kausazko bat bestearen barruan dagoelako, bestearen menpekoa delako).
- Irun hiria hobetzeko
proposamenen artean, litekeena da honako hau proposatu izana: trafikoa
murriztea, horrela, kutsadura edo poluzioa ere murriztuko delakoan. Baina, zer
egin liteke hirietako trafikoa gutxitzeko? Trafikoa murrizteko modu bat
baino gehiago dago. Jarraian entzungo duzuen entzungaian, Stockholm-en nola
jokatzen duten entzungo duzue, han “hiri sarrera ordainduaren sistema”
erabiltzen baitute. ENTZUNAREN ULERMENA: Hirien erdian autorik ez (gomendatutako
abiadura: x0,9). Bizpahiru bider entzun ezazue (OHARRA:
jarduera hau egiteko, lehenengo zatia baino ez da entzun behar; dena den, nahi
izatera, entzungai osoa entzun dezakezue, ez baitizue inolako kalterik egingo).
Ondoren, zuzendu. Zuzendu ondoren, erantzunak berresteko berriz entzuteko
aholkatzen dizuet.
o Erreparaiozue sarrera gisa ipini
dizuedan taulatxoari: Zer iritziko zenioke Irungo erdigunera autoz sartzeagatik ordaindu behar izateari? “Iritzi” aditzaren erabilera gogorarazi nahi
nizueke:
o
Zer DERITZOZU Behobia auzoa
eraldaTZEARI?(NORI = ZERI kasua
darama).
o
Zer IRIZTEN DIOZU(nor-nori-nork)
Behobia auzoa eraldaTZEARI?(NORI = ZERI
kasua darama).
o
Zer IRUDITZEN ZAIZU (nor-nori)
Behobia auzoa eraldaTZEA? (NOR = ZER
kasua darama).
o
Adizki hipotetikoekin, gauza bera:
o
Zer IRITZIKO ZENIOKE (nor-nori-nork)
Behobia auzoa eraldaTZEARI? (NORI =
ZERI kasua darama).
o
Zer IRUDITUKO LITZAIZUKE (nor-nori)
Behobia auzoa eraldaTZEA?(NOR edo
ZER kasua darama).
- “Hirien erdian autorik ez”. Entzungaitik zortzi esaldi atera dizkizuet, eskatutako egitura erabiliz
berridatz ditzazuen. Egin eta zuzendu erantzun orria baliatuz. Azalpenak:
o
Lehenengo berridazketak horretarako
aitzakia eman didanez, BEHARREAN azaldu
nahi dizuet. Badakizue noiz erabili behar den eta nola? Nahiz eta esanahi
bakarra duen, hiru erabilera desberdin ditu:
o
Bi osagai aurkajarriz (adiz bera
dutelarik).
o Bi aditz desberdin aurkajarriz
eta bigarren aditza EGINekin indartuz, predikatuan
beste osagairik ez dagoenez, aditza delako galdegai edo protagonista eta beraz,
derrigorrez markatu behar delako.
o
Bi aditz aurkajarriz baina bigarrena indartu gabe, bigarren aditz
horrek badaramalako beste osagairen bat eta beraz, aditza ezin delako izan
protagonista edo galdegaia, beste osagai hori baizik. Ondorioz,
aditz partizipio horrek ez darama EGIN indartzailerik.
Azalpen zehatzagoa eta adibideekin osatua duen
orria atxiki dizuet blogean.
o
Halaber, lehenengo berridazketa
horretan, AGIDANEAN = NONBAIT
partikulak, zalantza adierazten dutenak, agertu zaizkigu. Ez da agertu
zaizkigun aurreneko aldia eta ez dira agertu zaizkigun zalantzazko partikula
bakarrak. Zalantza edo ziurtasun(ik) eza adierazten duten hitz, esapide nahiz
egiturak eta ziurtasuna adierazten dutenak bildu eta orri hori atxiki dizuet
blogean. Erreparaiezue orain, zalantza adierazten dutenei. Zalantzarik??
Jarraian dituzue zalantza edo ziurra ez den
zerbait adierazteko erabili ohi diren hitz, esapide nahiz
egiturak:
·
AGIAN kazetaritza-ikasketak egingo ditu gure seme zaharrenak.
·
BEHARBADA ez da bilerara agertuko.
·
MENTURAZ, hobe nuke isilik egon, baina esan egingo dizut.
·
Jende asko hartzen ari dira lantegi horretan; AUSAZ, gu ere bai.
·
EZ DA ERRAZA aurtengo liga zein futbol-taldek irabaziko duen aurreikusTEA.
·
Egun dagoen aukera ikusirik, ZAILA DA zein auto erosi erabakiTZEA.
·
BALITEKE egunen batean gure kostaldeko hondartzak desagerTZEA.
·
LITEKEENA da datorren asteburuan mendi-gailurrak zuriTZEA.
·
DIRUDIENEZ, Sitgeseko hondartzetan nudismoa debekatu dute.
·
BADIRUDI datorren astean fronte hotz bat
hurbilduko dELA gurera.
·
ANTZA DENEZ, gero eta bikote homosexual gehiago ezkontzen dira.
·
Etorri behar zuela ahaztu egin zaio, ANTZA = ANTZA, etorri behar zuela ahaztu egin zaio..
·
ITXURA DENEZ, emakume horrek gaixotasun larria du.
·
Ihes egindako emakumeak Parisen amorantea zuen, NONBAIT = NONBAIT, ihes egindako emakumeak Parisen amorantea
zuen = Ihes egindako emakumeak, NONBAIT, Parisen amorantea zuen.
·
Ordenagailu hau, AGIDANEAN, beste hori baino azkarragoa da.
·
AGIDANEZ, epez kanpo aurkeztu zuen eskaera; horregatik ez zuten onartu eskolan.
·
Datorren udan kolore biziak jarriko OMEN (=EI)
dira modan.
·
Haurdun OTE dago? Bihar ere
eguraldi ona egingo OTE du?
o
Azkenik, arreta berezia ipini dugu
azkeneko berridazketan (Garraio
publikoaren ordutegia egokitu beharko litzatekeELAKOAN NAGO).
Egitura honek iritzia adierazteko balio du (makina bat bider agertu izan zaigu,
ezta?)
o Batzuetan, kasu honetan bezala, beste aditz batekin doa:
o Gaur nik liburua klasera ekarri dut,
erabiliko duguLAKOAN. = erabiliko duguLAKO USTEAN. = erabiliko duguLA
PENTSATUZ.
o Maila honetan matrikulatu gara,
aurten asko ikasiko duguLAKOAN. = ikasiko duguLAKO USTEAN. = ikasiko duguLA
PENTSATUZ.
o Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen,
emakume bati sexu erasoak egin zizkioteLAKOAN. = egin zizkioteLAKO USTEAN. =
zizkioteLA PENTSATUZ.
o Beste batzuetan, berak darama EGON aditza:
o Bihar eguraldi bikaina egingo
duELAKOAN NAGO. = egingo duELA USTE DUT.
o Ikasle hauek oso jatorrak
dirELAKOAN NAGO. = dirELA USTE DUT.
o Bartzelonan datorren
iganderako deitu duten manifestazioan istiluak sortuko dirELAKOAN NAGO. =
sortuko dirELA USTE DUT.
Honek
eskainitako aitzakia baliatuz, euskaraz iritzia eskatzeko eta iritzia
emateko erabil ditzakegun egituren azalpena egingo nizueke,
horretarako berariaz prestatutako nire orria baliatuz. Atxikia duzue orri hori.
Arreta berezia merezi du IRITZI aditzak (trinko nahiz perifrastiko moduan):
o
Zer iruditzen zaizu nire alkandora (zer sing.)?
o
Zer deritzozu nire alkandorARI (zeri sing.) ?
o
Zer irizten diozu nire
alkandorARI (zeri sing.)?
o
Zer iruditzen zaizu klaseak
lorategian emaTEA (zer sing. Nominal. >sing.)?
o
Zer deritzozu klaseak
lorategian emaTEARI (zeri sing.
Nominal. > sing.)?
o
Zer irizten diozu bihar jai egiTEARI
(zeri sing. Nominal. > sing.)?
o
Zer iruditzen zaizkizu nire praka berriak (zer pl.)?
o
Zer deritzEzu nire praka
berriEI (zeri pl.) ?
o
Zer irizten diEzu nire praka
berriEI (zeri pl.)?
- Gure
hirietako trafikoaz kexatzen gara sarri. Kotxe-ilara luzeak jasan behar izaten
ditugula, aparkatzeko lekurik ez dugula topatzen... Hain zuzen ere, aparkatzeko
aukera gehiago izan dezagun – teorian, bederen, horretarako sortu zen – ezarri
dute TAO sistema herri eta hiri askotan, hiri osoan ez bada ere, bai zenbait
gune eta auzotan. Baina antzematen al da abantailarik? Orain errazago aurki al
dezakegu aparkatzeko lekuren bat? Gainera, gauza jakina da TAO ez dela izaten
doakoa; aitzitik, ordaindu egin
behar izaten da. Bidezkoa al da hori? Horri buruzko jarduera egin behar duzue
jarraian.
Jarduera hirukoitza
da: batetik, artikuluaren muina edo mamia, ideia nagusia, alegia, zein den
identifikatu behar duzue; bestetik, testua osatu behar duzue testutik ateratako
hitzak hutsune egokietan txertatuz eta, azkenik, adierazpen batzuk egia ala
gezurra diren adierazi behar duzue. Erantzunak
nahiz azalpenak, hurrengorako utziko ditugu.
- Joan den egunean ahalerako adizkiei heldu genien. Hasteko,
ahalerari buruzko sarrerako azalpena laburbildu eta atxiki nizuen, Gramatika eta ariketak II liburuko
10. orrialdean daukazuena, baina nire orrian, ustez behintzat, argiago ipini nizuena. 11. orrialdeko ariketak
ere eginak izango dituzue, ezta? Kontuan izan 3. ariketan – ezintasuna nola
adierazi – aukera bat baino gehiago daudela. Ariketa honen bidez, ezintasuna adierazteko aukera desberdinak ezagutu
ditugu. Ohar zaitezte honako honetaz: indikatiboa
darabilgunean (“dut”, “naiz”…), partizipioa
gehitu beharko diogu: “hartu”, “kontzentratu”; ahalerako adizkiak erabiltzean, aldiz, aditzoina: “”har_”, “kontzentra_”.
o EZIN DUT
kaferik HARTU EZIN NAIZ kontzentratu
o EZ DEZAKET
kaferik HAR_ EZ NAITEKE
kontzentra_
o
EZIN DEZAKET kaferik HAR_ EZIN
NAITEKE kontzentra_
o
EZIN HAR_ DEZAKET kaferik EZIN
KONTZENTRA_ NAITEKE
- 12.
orrialdean, orainaldiko ahalerako adizkiak ditugu, baina NOR eta NOR-NORK
sistemako 3. pertsona bakarrik. Errazenak, alegia. Horiek lantzeko, 13.
orrialdeko ariketak eta nik blogera igotako ariketa osagarria – erantzun eta
guzti – dituzue. Eginak dauzkazue? Nik ohartxo bat egin nahi nizueke:
o
OHARRA: Erreparaiozue 13. orrialdeko 2. ariketako adibideari: Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena ulertzen
du = Ingelesez astiro hitz egiten
badiote, dena uler dezake. Hemendik
zer ondorio atera daiteke? Ba, ahalera hau erabil daitekeela baldintza errealaren bigarren zatian, ondorio
gisa:
Euria
egiten badu, busti egingo gara.
Euria
egiten badu, busti egin_ gaitezke.
Ingelesez
astiro hitz egiten badiote, dena ulertzen du.
Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena uler_ dezake.
- Jo
ezazue orain Gramatika
eta ariketak II liburuko 14. orrialdera. Orainaldiko ahalerarekin
jarraituko dugu, bai, baina oraingoan, sistema guztiak ikusiko ditugu: nor / nor-nori / nor-nork (pertsona
guztiak) / nor-nori-nork.
Egokiena, ezbairik gabe (=dudarik gabe), hau
arbelean azaltzea litzateke, nire eskema arbelean jarrita, urratsez urrats edo
pausoz pauso. Baina egoera honetan hori ezinezkoa denez, nik eskema blogean
txertatuko dizuet (“Indikatiboko orainalditik Ahalerako orainaldirako
urratsak”) eta orain, indikatiboko adizkietatik ahalerako adizkietara
igarotzeko urrats nagusien berri emango dizuet idatziz (ahoz egingo nukeen
azalpena idatzi dizuet, gutxi gorabehera):
o Nor orainaldiko
adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). Erreparaiozue 14.
orrialdeko lehenengo taulari.
o Nor-nori orainaldikoak,
singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak bakarrik) (14.
orrialdeko 2. taula): Indikatiboko orainaldiko
ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori
pertsona marka + -KE. Adib.:
zait > dakiDAke; zaizu> dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke;
zaizkio > dakizkiO… Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak
bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale
hori diru eske hurbildu ahal zaigu =
eskale hori diru eske hurbil dakiGUke…
o Nor-nork orainaldikoak:
horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki –ZAKE bihurtzen da. Gainerakoan, ez
da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. Erreparaiezue 14.
orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan. Ohartuko zarete, alde batetik, aipatutako
aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE)
eta, bestetik, pertsonen markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena
bera jarraitzen dutela, hau da, hasieran
nor pertsona markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.:
naUzu > naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte >
gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAtKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz
eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz
eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak
ariketak egitera derrigor gaitZAKE
> haiek zuek haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz zaitZAKEtete…
o Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta
Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz
plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka:
dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari
NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo
bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu eta NORI eta NORK pertsona
marken artean, -KE tartekatuko dugu: DIEZA(zki) + NORI pertsona
marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue
> diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu >
diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin diEZAzueKEt; haiek guri lagundu
ahal digute = haiek guri lagun
diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu
ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi
diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi
ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz
diEZAzkieKEte…
-
Argi
geratu zaizue? Ala bada, goazen praktikatzera. Blogean, “Indikatibotik Ahalerara PRAKTIKA” izeneko artxiboa gehitu dizuet. Nire azalpena kontuan izanik,
ea gai zareten bertako indikatiboko orainaldiko adizkiak orainaldiko ahalerara
pasatzeko (lehenik nor-nori sistema jarri dizuet; gero, nor-nork eta, azkenik,
nor-nori-nork). Erantzunak ere igoko ditut.
-
BALIZKO
ETXERAKO LANAK:
o
Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko ariketak egin
itzazue. Ea zer moduz egiten dituzuen. Zeuek zuzendu, noski.
OHARRA: Konturatuko zineten, honezkero, etxerako lan gutxi
bidaltzen ditudala; izan ere, dena etxean egin behar duzuenez, saioetara
bideratu dut klasean eginez gero etxerako izango zenuketen material asko. Eta
jakina, horrek esan nahi du, klase bakoitzean egin beharko zenuketen jarduera
kopurua eta irakurri beharreko azalpen kopurua – ahoz eman ezin dizkizuedanez, azalpen horiek
zehatz-mehatz idazten saiatzen naiz – handiagoak direla. Bata arintzeak bestea
sendotzea dakarrela, alegia.
Hurrengo eskola ostiral arratsaldean edo larunbat goizean
izango duzue ikusgai. Mila esker eta eutsi goiari!!!!!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina