2024/01/07

B2.2 mailako 22. eskola, 2023ko abenduaren 19koa (Eguberri aurretiko azken klasea)

 

22.  eskola: 2023ko abenduaren 19koa

-   Madrildik bidalitako eskutitza (Peñiscolatik bidalitakoaren parekoa) zuzendu dugu. Eskutitz horretan ikasleek testutik ateratako hainbat lokailu txertatu behar izan dituzte. Zuzenketak luze jotzen duen arren, oso egokia deritzot ariketa honi. Etxerako jarduera honen pareko indartze-ariketa – Tuteratik bidalitako eskutitza – banatu diet.

Hor atera zaigu honako hau: partizipioa + EZINIK = partizipioa + EZINDA (“nola?” galderari erantzuten dio):

Berandu iritsi naiz klasera, autoa aparkatu ezinIK = aparkatu ezinDA ibili naizelako. Eguberrietako gehiegikerien ondoren, asko urtarrilean, hilabete amaierara iritsi ezinIK = iritsi ezinDA ibiltzen dira.

 Lo hartu ezinIK = Lo hartu ezinDA nabil.

Zarata honekin, gogoa bildu ezinIK gabiltza (= kontzentratu ezinIK) = gogoa bildu ezinDA gabiltza.

Alderantziz ere egin daiteke: EZIN + partizipioa + -(r)IK = -TA:

Berandu iritsi naiz klasera, autoa ezin aparkatuRIK = ezin aparkatuTA ibili naizelako. Eguberrietako gehiegikerien ondoren, asko urtarrilean, hilabete amaierara ezin iritsiRIK = ezin iritsiTA ibiltzen dira.

Lo ezin hartuRIK = Lo ezin hartuTA nabil.

Zarata honekin, gogoa ezin bilduRIK gabiltza (= ezin kontzentratuRIK) = gogoa ezin bilduTA gabiltza.

-      Erreklamatzen ere jakin egin behar da izeneko jarduera bikoitza zuzendu dugu. Batetik, lexikoa lantzeko egokia, ikasleek hitz-bankuko hitzak testuan txertatu behar izan baitituzte, eta bestetik, gramatika lantzeko aproposa, parentesi arteko hiru aukeren artean zuzena hautatu behar izan baitute. Zuzenketak luze jo duen arren, merezi izan duelakoan nago. Zuzendu ahala egin ditudan azalpenak oro biltzen dituen orria banatu diet eta ure oro egin diet erreferentzia horko ohar nahiz azalpenei.

-   AHOZKO ADIERAZPENA: Eguberrietako gehiegizko kontsumoa hizpide. Girotzeko ikasbil dokumentu biltegiko bideo-pasartetxo bat jarri diet bitan.

    Telebistan eta saltoki handietan, Eguberrietako produktuen iragarkiak eta eskaintzak gero eta lehenago hasten dira. Zergatik ote? Gu kontsumitzera bultzatzeko. Eta joera horrekin bat egiten ez duena pertsona “berezitzat” hartzen da[1]. Jendearen jokabidea nolakoa izaten da garai honetan? Zer iruditzen zaizu batzuk gastu horiei aurre egiteko zorpetzea?

     Zure jokabidea sasoi (=garai) honetan. Azpian harrapatzen zaitu olatu kontsumistak? Zeure burua gehiegizko kontsumo (=kontsumismo) horren barruan ikusten duzu? Zeure burua kontrolatzeko arazoak izaten dituzu jai hauetan (otorduetan, erosketetan…)?Ala gai zara gehiegizko kontsumo horri aurre egiteko, hau da, kontsumismoa saihesteko (=ekiditeko)?

     Horrenbeste kontsumitzeak zer ondorioa izan litzake? (etxeko ekonomian, ingurumenean…). Esaterako, kontsumitzeko modu jasangarriagoa (“sostenible”) bilatu behar genukeela diote adituek eta ezinbestekoa dela gure pentsaera eta jarrera aldatzea, gutxiago kontsumitze aldera (=kontsumitzearren). Zuk ere uste duzu beste kontsumo eredu bat posible dela? Zein?

   Eguberrietan gutxiago gastatzeko badira zenbait aholku (aurretiaz zerrenda egitea, erosi aurretik birritan pentsatzea, gastuak idaztea, erosketak garaiz egitea…). Betetzen al dituzu aholkuok?

     Zer da Eguberrietan gehien atsegin duzuna? Kaleetako argiak? Etxeak apaintzea? Otorduak? Opariak jaso nahiz egitea? Senideekin elkartzea?... Eta gutxien gustatzen zaizuna?

Un grupo de personas en una tienda

Descripción generada automáticamente


 

-          Eguberrietarako etxerako lanak:

  1. Eguberrietako bideoarekin (blogean ikusgai) – “Zenbat diru gastatuko duzu Gabon hauetan?” – batera datozen lau berridazketak egin itzazue. Ongi etorriko zaizkizue egitura berri batzuk ikasteko. Gelan zuzentzekoak.
  2. Elikagaien bankuak izeneko cloze-testa. Badirudi urte-sasoi honetan bakarrik gogoratzen garela beharrean edo premian daudenez. Edozein saltoki handiren aurrean topa ditzakegu boluntarioak elikagaien bankurako jangai eske. Elikagaien bankuek, ordea, urte osoan zehar gauzatzen dute euren lan isila. Gelan zuzenduko dugu.
  1. Tuteratik bidalitako eskutitza osa ezazue bertatik ateratako lokailuak hutsune egokietan txertatuz. Jarduera hau Peñiscolako eta Madrilgo gutunen antzekoa da eta, beraz, indartze-ariketa gisa ongi etorriko zaizue (ebazpen orria, itzulitakoan emango dizuet eskura, baina lehenago nahi baduzue, blogean izango duzue eskuragarri).
  1. Aditza: Indikatiboko iraganeko NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK bereizteko berariaz prestatutako ariketa (“Anderrek ni Ken Zazpi taldearen kontzertuan ikusi NINDUEN (nor-nork), baina (berak niri) ez ZIDAN (nor-nori-nork) batere kasurik egin”) (erantzunak ere badituzue, zeuek zuzentzeko).
  1. Berridazketak: Itzulitakoan, hurrengo gaiari helduko diogu – Giza harremanak – eta honen barnean, lehenengo azpigaiari: Familia ereduak.  Familia ereduak: bikotean, bakarka, umeekin edo gabe, izeneko testua arretaz irakurri eta berridatz itzazue testutik ateratako esaldiak (gelan zuzenduko dugu).
  1. AUKERAKO JARDUERA: Cloze-testa: Ardilatxa, larretik errepidera izeneko cloze-testa. Ardilatxa omen da euskaldunon irudia edo euskal kulturaren ezaugarria, bereizgarria. Erantzunak (azalpenekin) ere banatu dizkizuet, zeuek zuzentzeko. Arretaz erreparatu erantzunekin batera dauden azalpenei eta, zalantzarik sortuz gero, galdetu niri.
  1. DEKLINABIDEA:
    1. Batetik, Deklinabidea gogoratzeko txostena banatu dizuet.
    2. Bestetik, Mugagabea noiz erabili? izenekoa.
    3. Txosten horiekin, deklinabidearen eta, bereziki, mugagabearen erabileran trebatzeko, Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak! izeneko ariketa. 51 esaldi dira, deklinabide kasu egokiarekin osa ditzazuen. Erantzunak atzean daude eta erantzun horietako zenbakiek – 4. kasua, 6. kasua… - mugagabearen txosteneko puntuei egiten diete erreferentzia. Zeuek zuzendu.
  1. Erreklamazio gutuna. Amesgaiztoko bidaia. Hau idatzi aurretik, erreparatu arretaz banatu dizuedan txostenari: Gutun edo e-posta formala idazteko jarraibideak.
  1. AUKERAKO JARDUERA SORTA, Gabonei buruzkoa (blogean eskuragarri). Erantzun orriak ere badituzue. Jarduera multzo honetatik, nahi dituzuenak egin itzazue                 – komenigarriena denak egitea litzatekeen arren, badakit ariketa asko direla eta beraz, norberak ikusiko du zenbat denbora eta zenbateko gogoa daukan – eta egiten dituzuenak, erantzun-orriekin zeuek zuzendu.

-  Oraindik egina ez baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

1. Gramatika: Indikatiboko iraganeko NOR-NORK / NOR-NORI-NORK nahasian. Ariketa honetan, 31 esalditako hutsuneak bete behar dira iraganeko adizkiekin, kontuan izanik NOR-NORK ala NOR-NORI-NORK erabili behar den. Ebazpen orria ere badute, eurek etxean zuzen dezaten.

2. Gramatika: Erlatibozko perpausari edota honek daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak ere banatu dizkiet, egin ostean eurek zuzentzeko.

Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.

3.       EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak ere badituzte, egin ostean zuzen zitzaten.

4.       Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

5.       Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) (ebazpena ere banatu nuen erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

6.       Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] -TZAT + hartu / jo / eduki / ukan. Berezitzat hartzen da = Berezia dela pentsatzen da

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina