2024/05/09

B2.2 mailako 51. eskola, 2024ko maiatzaren 7koa

 

51.  eskola:  2024ko maiatzaren 7koa

-    Urtero, maiatzeko lehenengo igandean, Amaren Eguna ospatzen da. Horren harira, idatziaren ulermena lantzeko bidali nien jarduera zuzendu dugu, Ama izenekoa. Honako oharrok egin dizkiet (eurei kopia bana eman diet):

o   Miretsi (“admirar”) > miresgarria: mirestea merezi duena (“admirable”); mirespena: (“admiración”)

o   Miretsi = goraipatu = laudoriotu (laudorioa: elogio)

o   Leporatu: errua bota edo egotzi.

o   Larre motzean haziak dira” (gutxirekin ohituak)  // “esne-mamitan bizi izan da” (oparotasunean: “en la abundancia”)

o   Bapo jan dut : bete arte jan dut

o   Artoa jorratu, babarruna jorratu, gai bat jorratu: aitzurraz belarrak kentzea da. Baserri giroko aditza da, jatorriz. Baina gaur egun, baserri giroan ez ezik, beste arlo batzuetan ere erabiltzen da, “landu” adierazteko. Gaurko klasean, kausazko perpausak jorratuko ditugu =landuko ditugu. Biharko hitzaldian gai hau jorratuko dut = gai honetaz arituko dira.

o   Potro-jorran zaude: alferkerian zaude.

o   Garoa = iniztorra = iratzea: helecho. Gero eta baserri gutxiagotan ikusten dira egun garo-metak.

o   Hostoa (zuhaitzean dagoena, berdea) > orbela (udazkenean, zuhaitzetik erori eta ihartua, lehortua, marroia)

o   Jo eta ke = buru-belarri. Jo eta ke ari gara euskara ikasten = Buru-belarri ari gara euskara ikasten.

o   Izan ezik (=salbu) (salbuespena adierazten du) // ez ezik …ere (=ez bakarrik…ere) (bi osagai uztartzen ditu) (ez nahastu, badakizue esanahi desberdina dutela).

o   Errieta ematea = errieta egitea (“echar la bronca”), bronka botatzea. Honen antzekoa da “kargu hartzea” (“llamar la atención”): Ikasle bat Dabiden azalpenaren erdian whattsap bat idazten hasi da eta Dabidek kargu hartu dio.

o   Marmar batean = marmarka = marmarrean

-    Joan den egunean Subjuntiboko orainaldiko adizkien osaera eta lau erabilera esparruak azaldu nizkien zehatz-mehatz. Gaurkoan, hasteko, errepaso gisa, joan den eguneko teoria laburbildu diet (kopia bana eman diet). Zertarako erabiltzen dira Subjuntiboko adizkiak euskaraz? Esan dezagun, lau erabilera-kasu ditugula:

§  1. Helburuzkoa:

·         Zertarako? galderari erantzuten dio.

·         -T(Z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

·         Amaieran –(e)N darama.

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, ni lehenbailehen joateko = joan nadiN (zaitezen, dadin, gaitezen, zaitezten, daitezen)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik nortasun agiria eramateko = eraman dezadaN (dezazun, dezan, dezagun, dezazuen, dezaten)

Eskolako idazkaritzatik deitu dute, nik agiriak aurkezteko = aurkez ditzadaN (ditzazun, ditzan, ditzagun, ditzazuen, ditzaten).

Eskolako idazkaritzatik deitu didate, nik haiei nire datu eguneratuak eman diezazkiedaN.

§  2. Nahia edo desioa adierazten duena:

·         Zer? galderari erantzuten dio.

·         Nahia adierazten duten aditzekin erabiltzen da.

·         -T(z)EA nominalizazioaren parekoa da.

·         Amaieran –(e)N darama.

                        Zuek guztiok azterketa gaindi dezazuEN nahi nuke.

                        Eguberri jai zoriontsuak igaro ditzazuN opa dizut.

 

      o         3. Aginduak ematekoa:

     o  Lehenengo pertsonan: Has gaitezEN lanean! Ikus dezaguN zer dagoen barruan.

     o  Hirugarren pertsonan: Etor dadiLA medikuren bat lehenbailehen!! Isil daitezELA behingoz, han atzean dauden ikasleak!

 

o   4. Zehar-aginduak adieraztekoa:

§  Azpian agindu bat dauka.

§  Esan, eskatu, aholkatu, gomendatu, agindu, erregutu

§  Zer? galderari erantzuten dio.

§  -T(z)EKO nominalizazioaren parekoa da.

§  Amaieran –(e)LA darama.

Dabidek hiztegia erabil dezaguLA aholkatu digu.

Irakasleak ikasleei lanean has daitezELA agindu die.

Liburutegian ondoko mutilari mesedez isilik egon dadiLA eskatu diot. 

-   Arrasto digitala, gure informazioa besteen esku(ra) testuko hamaika esaldi berridatzi behar zituzten ikasleek. Ongi etorri zaie orain arte landutako hainbat eduki errepasatzeko. Bertan agertu zaizkigu:

o   –AGATIK (ere) kontzesiboa (ez nahastu –T(Z)EAGATIK kausazkoarekin)

o   NORI edo ZERI + AURRE EGIN

o ADINA (= BESTE = BEZAINBESTE) berdintasunezko konparazio partikulak, kantitatea adierazten dutenak.

o   –(e)N SEINALE

o   Partizipioa + EZEAN = EZIK (ezezko baldintza egiteko “komodina”)

o   –T(Z)EA AHALBIDETU = -T(Z)EKO AUKERA EMAN

o   Ondo baino hobeto  = ezin hobeto

o   Partizipioa + –(E)Z GERO  (baiezko baldintza egiteko ¨komodina¨)

o   NORI edo ZERI + ERREPARATU

o   –TZAT kasua

o   “mantendu” aditzaren gehiegizko erabilera

-      Erantzun-orriaren eta azalpenen ale bana eman diet. Horien artean, arreta berezia merezi izan du 3.ak. Desberdintasunezko konparazioa errepasatzeko ongi etorri zaigu.

Datu pribatuen arrastoak (A) gure oroimenak (B) baino informazio handiagoa ematen du gutaz.

= Gure oroimenak (B) EZ du (ematen) (gutaz) datu pribatuen arrastoak (A) ADINA (=BESTE = BEZAINBESTE) informazio (ematen) (gutaz).

Adibideok arbeleratu dizkiet:

Nik (A) zuk (B) baino lagun gehiago egin ditut Interneten.

= Zuk (B) EZ d(it)uzu (egin) nik (A)  ADINA (=BESTE = BEZAINBESTE) lagun (egin) Interneten.

Irunen (a) Altzon (b) baino askoz ere biztanle gehiago bizi da.

= Altzon (b) EZ da (bizi) Irunen (a) ADINA (=BESTE = BEZAINBESTE) biztanle (bizi).

Urdaiazpiko moztu berria (a) bilduta dagoena (b) baino  osasuntsuagoa da.

= Bilduta dagoen urdaiazpikoa (b) EZ da moztu berria (a) BEZAIN  osasuntsua.

KUALITATE BERDINTASUNA: NOLAKOA(K)?

Ibilgailu elektrikoak (a) ohiko ibilgailuak (b) BAINO garestiAGOAK dira

= Ohiko ibilgailuak (b) EZ DIRA  ibilgailu elektrikoak (a) BEZAIN garestiak.

KANTITATE BERDINTASUNA: ZENBAT?

Epe luzean, auto elektrikoek (a) ohikoek (b) BAINO GEHIAGO kutsatzen omen dute.

= Epe luzean, ohiko autoek (b) EZ omen DUTE auto elektrikoek (a) ADINA kutsatzen.

Konparaziozkoak errepasa ditzagun adibideen bidez izeneko txostentxoa erabili dut azalpenerako. Bertan, berdintasunezko eta desberdintasunezko konparaziozko pepausak nola osatzen diren ikus dezakete, adibideen bidez. Hurrengo egunean sakontzekotan geratu naiz.

Kantitatea adierazteko, ADINA = BESTE = BEZAINBESTE erabiltzen da (Zenbat? galderari erantzuten dio eta “asko”ren konparazioa litzateke). Intentsitatea adierazteko, berriz – zenbatu edo kontatu ezin diren izenekin, abstraktuekin, adibidezADINAKO = BESTEKO = BEZAINBESTEKO erabiliko dugu (Zenbateko? galderari erantzuten dio eta, nolabait esateko, “handia”ren konparazioa litzateke). 

o   Herrietan (A) ez da ibiltzen hirietan (B) ADINA auto_ (zenbat auto?)(auto asko).

o   Herrietan (A) ez dago hirietan (B) ADINAKO trafikoA (zenbateko trafikoa?) (trafiko handia) (trafiko asko).

o   Hirietan (A) ez dago herrietan (B) ADINAKO lasaitasunA (zenbateko lasaitasuna?) (lasaitasun handia) (lasaitasun asko).

o   Nik (A) zuk (B) ADINAKO interesA daukat gai horretan (interes handia) (interes asko) .

o   Nik (A) zuk (B) ADINAKO gogoA daukat konfinamendua amaitzeko (gogo handia) (gogo asko).

-      Arreta berezia eskaini diogu, halaber, 10. berridazketari ere. Bertan, baiezko baldintzak (erreala, hipotetikoa nahiz irreala) egiteko komodina agertu zaigu: -(e)Z GERO.

Gizabanakoen arteko informazio gehien bildu eta prozesatzen dutenen artean, Google eta Facebook dira nagusi, tamainari erreparatuZ GERO.

= Gizabanakoen arteko informazio gehien bildu eta prozesatzen dutenen artean, Google eta Facebook dira nagusi, tamainari erreparaTZEN BAdiogu = erreparaTZEN BAzaio (inperts.)

Horrek emandako aitzakia baliatuz, bereizketa hau gogorarazi diet:

-(e)Z GERO  baiezko baldintza egiteko “komodina” da. Hiru baldintzetarako (erreala, alegiazkoa edo hipotetikoa, irreala edo iraganekoa) balio du eta oso erabilerraza da: partizipioari gehitzea nahikoa da, ez darama aditz jokaturik.        

EZEAN = EZIK partikulen baiezko bertsioa da.

 

- Baldintza erreala: Gurera (=gure etxera) etortzen BAzara, elkarrekin bazkalduko dugu, aspaldiko partez. = Gurera etorriZ GERO, elkarrekin bazkalduko dugu, aspaldiko partez.

 

- Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: Datorren igandean gurera etorriko BAzina, elkarrekin bazkalduko genuke, aspaldiko partez.  = Datorren igandean gurera etorriZ GERO, elkarrekin bazkalduko genuke, aspaldiko partez.

 

- Baldintza irreala edo lehenaldikoa: Joan den igandean gurera etorri (izan) BAzina, elkarrekin bazkalduko genu(ke)en = Joan den igandean gurera etorriZ GERO, elkarrekin bazkalduko genu(ke)en, baina nahiago izan zenuen jatetxe hartara joan.

 

- Euria eginEZ GERO, etxean geratuko gara (= euria egiten badu) (baldintza erreala).

- Euria eginEZ GERO, etxean geratuko ginateke (= euria egingo balu) (alegiazko baldintza edo hipotetikoa).

- Euria eginEZ GERO, etxean geratuko ginen = ginatekeen (=euria egin (izan) balu) (baldintza irreala edo lehenaldikoa), baina ateri zegoenez, paseotxo bat ematera irten gara zakurrarekin.

- Arazoren bat sortuZ GERO, deitudazu lehenbailehen, hitzordua bertan behera uzteko (=arazoren bat sortzen bazaizu) (baldintza erreala).

- Zalantzaren bat edukiZ GERO, galdedazue (=zalantzaren bat baldin badaukazue) (baldintza erreala).

- Jo eta ke  ikasiZ GERO, azterketa gaindituko dut (=jo eta ke ikasten badut…) (baldintza erreala).

Resultado de imagen de emoticon atencion

Baina KONTUZ!!!!! EZ NAHASTU HONEKIN:

 

ADITZ JOKATUA + -(e)NEZ GERO: Kausa adierazten du:

- Euria gogotik egin duENEZ (GERO), urtegiak gainezka daude (=euria gogotik egin duelako).

- Lan handia izan duzuNEZ (GERO), ezin izan zara etorri festara (=lan handia izan duzulako).

- Negu gorria igarotzen ari garENEZ (GERO), uda heltzeko irrikan nago (=negu gorria igarotzen ari garelako).

- Zalantza asko ditudaNEZ (GERO), hitzordua eskatuko diot Dabidi tutoretza-saio baterako (=zalantza asko ditudalako).

- Jo eta ke ikasi dudaNEZ (GERO), azterketa gainditu dut (=asko ikasi dudalako).

-      AHOZKO ADIERAZPENA: Internet bidez erostea (2. saioa) (30´). Gaurkoan, mintza-fitxa hau izan dute mintzagai. Hiztegi lagungarria banatu eta irakurri azkar bat egin diet.

Arriskuak gorabehera, batzuek Internet giza harremanetarako erabiltzen dute, lagun nahiz bikotekideak bilatzeko. Beste askok, berriz, nahiago izaten dute jendea aurrez aurre ezagutu, baina Internetera jotzen dute erosketak egiteko orduan. Egia esan, gero eta gehiago dira Internetez erosten dutenak (arropa, gailu elektronikoak, janaria – supermerkatu batzuek ematen baitute horretarako aukera – eta hamaika gai gehiago  Eta birus madarikatu honek gure mugikortasuna mugatu duenetik, Internet bidezko erosketek egundoko (=sekulako = izugarrizko) hazkunde (=hazkuntza) izan omen dute. Interneten ia denetarik aurki genezake salgai, baita “haziak” ere, kar-kar-kar.

-          Etxerako lanak:

o   Baldintzazko –(e)Z GERO eta kauszko –(e)NEZ (GERO) bereizteko berridazketak.

o  Konparaziozkoak lantzeko ariketak(erantzunak ere banatu dizkiet): OHARRA: oso garrantzitsua iruditzen zait 3. ariketa egitea. Denak batera egin beharrean, pixkanaka eginez joan daitezela aholkatu diet.

o  Orainaldiko subjuntiboko adizkiak lantzeko ariketak (I): Orainaldiko subjuntiboa langai”.  Eginak dituenak zuzen ditzala eta eginak ez dituenak egin eta zuzendu gaur banatu dizkiedan erantzun-orriekin. Ariketa horietako subjuntibo adizkiei dagokienez:

§  Denak dira orainaldiko subjuntiboa lantzeko ariketak.

§  Lehenengo bietan, NOR sistema praktikatuko dute.

§  Beste bietan, NOR-NORK (baina 3. pertsonak bakarrik jarri ditut, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen direnak baitira).

§  Esaldi bakoitzaren ondoren jar dezatela, parentesi artean, subjuntiboko adizkiak ikusi ditugun lau erabilera horietako zein duen eta, halaber, saia daitezela nominalizazio batekin berridazten. Adib.: “Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbil NADIN” (=”Oso eguraldi ona egin behar du ni hondartzara hurbilTZEKO” (1. erabilera, helburuzkoa, “zertarako?” galderari erantzuten diona).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   EKARRI:

§  KAUSAZKOEI BURUZKO TEORIA

§  CLOZE-TESTA: ZER EGIN BEHAR NUKE GOOGLEK NITAZ DAUKAN INFORMAZIO GUZTIA EZABATZEKO?

§  ERE LANTZEKO ARIKETAK (LIBURUKO 212-213.ORR.)

§  EDERTASUNA izeneko ulermen-jarduera

-  Oraindik eginak ez badituzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

o   -(e)LAKO + izena = -(e)N + izena egiturak lantzeko hamar berridazketak (gelan zuzenduko ditugu).

o   Ahalerako ariketa gehiago egin nahi dituenak, Gramatika eta ariketak II liburuko 1-7 unitateen errepaso-testa egin dezala (24 eta 25. orrialdeetan dagoena. Kopiatuta eman diet).

o   Hernaniko igogailua. Badira eraikinen barruko igogailuak, baina baita hirian hiritarren mugikortasuna (mugitzeko erraztasuna: “movilidad”) eta irisgarritasuna (norabait iristeko edo heltzeko erraztasuna: “accesibilidad”) errazteko eraikitzen direnak ere. Horien artean, aurrenekoetakoa (=lehenengoetakoa) izan zen Hernanin jarri zutena, hernaniarren  mugikortasuna eta irisgarritasuna errazte aldera (=erraztearren = errazteko), zehazki, Karabel auzotik goiko kaxkora igotzeko. Horri buruzko jarduera bat duzue: Igogailua, irisgarritasuna eta aukera berriak  deritzon cloze-testa. Egin ostean, zuzendu nire azalpen-ebazpen orriekin. Zuzendu ez ezik, nire azalpenei arretaz erreparatu eta horko azalpenak zeuengana itzazue.

o   AUKERAKOA: EZIK vs. IZAN EZIK vs. EZ EZIK…ERE errepasatzeko indartze-ariketa (blogean eskuragarri).

o  
Erlatibozko deklinatua lantzeko:

Arrazoia telebista ikusten ez duEN (pertson)ARENA > duENARENA da” eta Zure gainean ikusi nuen katu beltz horrek…(erantzun orriekin).

o   Cloze-testa: Zer egin behar nuke Googlek nitaz dakien informazio guztia ezabatzeko? deritzon cloze-testa. Gelan zuzenduko dugu.

o   ERE lokailua. Gramatika eta ariketak II  liburuko 212-213. orrialdeak irakur ditzatela, nahi izanez gero (E atala izan ezik). Zergatik jarri dut “nahi izanez gero” irakurtzeko? Bada, liburua gutxietsi gabe, nire ustez, nik joan den egunen eta gaur emandako teoria orriak argiagoak eta ulerterrazagoak direlako. Baina agian norbaitek nahiago izango du liburuan nola dagoen azalduta.  Ondoren, egin ditzatela 214-215. orrialdeetako ariketak (erantzun-orriak eman dizkiet). Oso ariketa egokiak dira, ERE lokailuaren teoriako urrezko arauak edo punturik garrantzitsuenak agertzen baitira.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Edertasuna izeneko ulermen-jarduera, testua esaldi zatiekin osatzean datzana.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II) (gelan zuzenduko dugu).

o   Kausazko perpausak. Irakurri teoria txostena.

o   Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina