2014/10/31

Tarteko Mailako 10. eskola, urriaren 29 eta 30ekoa



10.      eskola, urriaren 29 eta 30ekoa

- Erlezaina da erleen etsairik handiena izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu. Jarduera honetan, ikasleek Koldo Urrutia erleen lagunari eginiko elkarrizketan galderak eta erantzunak uztartu behar zituzten. Jarraian, hainbat hitz euren sinonimoekin lotu behar zituzten. Astiro zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Amaitzeko, GERO ETA…-AGO egitura azaldu diet.

GERO ETA…-AGO(A/AK).     Konparaziozko egitura honek bilakaera adierazten du eta:
a)  kualitatea (nolakoa(k)?) – Euskal Herriko klima GERO ETA  lehorrAGOA da, gaur egungo gazteak GERO ETA lotsagabeAGOAK omen dira –,
 b) modua (nola?) – GERO ETA azkarrAGO hitz egiten du euskaraz, GERO ETA HOBETO sentitzen naiz –
c) kantitatea (zenbat?) – GERO ETA langabetu GEHIAGO dago; GERO ETA diru GUTXIAGO irabazten dute funtzionarioek –
adierazteko erabiltzen da. Ohar zaitez, kantitatearen berri ematen duenean, aurreko izena MUGAGABEAN joan ohi dela: langabetu, diru
- MUGAGABEAren azalpen teorikoa. Luze jo duen arren, mugagabea noiz erabiltzen den azaldu diet, neure apunteak baliatuz.
o   Zortzigarren puntuan, ohartarazi: * Igela printze batean bihurtu zen (igela printze bihurtu zen); * neska bat hartu dugu neskame bezala (neska bat hartu dugu neskame). Erdarakada ohikoak dira hauek, kalkoagatik gertatzen direnak.
o   Sentipenak nola adierazi: MUGAGABEA + IZAN (gose naiz, egarri naiz, logura naiz, beldur naiz, hotz naiz, bero  naiz…)
edo NOLA? + EGON (goseAK nago, egarriAK nago, beldurrAK nago, logurAK nago, hotzAK nago, beroAK nago…)
o   Hitz eman” = agindu.
o   Kargu hartu”: Irakasleak Kontxiri kargu hartu dio, berandu iritsi delako (“errieta egin” edo “errieta eman” esapideen antzekoa, baina ez hain gogorra). Gaztelaniaz “llamar la atención”. Beraz, saihestu “bronka bota” eta “atentzioa deitu” erdarakadak.
-   AHOZKO JARDUERA: Pantxike etorkizun iragarleari galdezka. Joan den egunean, Mila etorkizun iragarleari buruzko entzungaia izan genuen. Gaurkoan, lanbide bitxi, berezi, ez-ohiko horrekin jarraituz, ahozko ariketa bat egin dugu. Ikasleak binaka jarri eta batek Pantxikerena egin du; besteak, berriz, bezeroarena edo kontsultara joan denarena. Jarduera honetan ezinbestean ahalerako adizkiak erabiliko dituzte – orainaldikoak nahiz alegiazko edo hipotetikoak- eta, beraz, hauen taulak banatu dizkiet errepasatzeko.
-          ETXERAKO LANAK:
§    Mugagabea azaldu dudanez, lehen orrialde osagarria (Bermeoko arrantzaleak…) egin dezatela, singularra, plurala eta mugagabea  erabiliz. Gaurko azalpenak kontuan izanik, apunteak ondoan dituztela egiteko aholkatu diet.
§  Kausazkoak: liburu meheko 34-35. orrialdeetako 7. eta 8. ariketak, Arraldeko institutuko berogailu sistemari buruzkoak.  Ohartarazi, 8. ariketako kausazkoei –ELAKO erabiliz erantzun behar dietela.
§  Ahalera lantzeko ariketa analitikoak : batetik, NOR motakoak eta bestetik, NOR-NORK motakoak. Orainaldia eta alegiazkoa erabiliz egin behar dituzte.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina