2015/03/25

Tarteko Mailako 41. eskola, martxoaren 23 eta 24koa



41.  eskola, martxoaren 23 eta 24koa

-          NOR-NORK iraganean: perpausak osatzeko ariketa, orainaldiko adizkiak iraganean jartzekoa (nahi duenak adizki hauekin perpausak egin eta niri eman diezazkidala tarte bat dudanean zuzentzeko) eta zuzendu beharreko esaldien ariketa zuzendu ditugu.
o   Ohartarazi ditut AGURTU aditza NOR-NORK dela, pertsona bat osorik agurtzen delako (nik zu agurtu zaitut > zintudan) baina,  AGUR EGIN edo AGUR ESAN, nor-nori-nork (nik zuri agur egin = agur esan dizut > nizun), KASU EGIN edo JARAMON EGIN bezala (zuk niri kasu egin = jaramon egin didazu > zenidan). Halaber, “nik zu besarkatu zaitut > zintudan” (nor-nork)  baina “nik zuri besarkada bat eman dizut > nizun” (nor-nori-nork)

-       NOR-NORK iragana eta bizidunen deklinabidea uztartzen dituen ariketa zuzendu dugu. Hutsuneetan, adizkiak eta bizidunen deklinabide kasuak txertatu behar zituzten ikasleek. Ariketa honek beste ate bat ireki digu, bizidunen deklinabidearena.
-     Bizidunekin erabil daitezkeen kasuak garbi uztearren, honako bereizketa hau egin diet. Arbel digitalean ipini diet eta banan-banan azaldu dizkiet hiru puntuak. Azaldu ahala, kopiarazi egin dizkiet.
 

a) NORENGAN / NORENEAN
 Uste osoa dut nire amARENGAN (amarenean) / AmARENEAN (amaren etxean) bazkaldu dut (amarengan).
 
b) NORENGANA / NORENERA (aldea ez da horrenbestekoa)
Haurra gurasoENGANA hurbildu da / GurasoENERA (gurasoen etxera) noa lotara.  ArzakENERA goaz afaltzera.

c) NORENGANDIK / NORENETIK
Aitona hil zaigu baina ez dut ezer espero aitonARENGANDIK oinordetzan / AitonARENETIK (aitonaren baserritik) nator arrautzekin.
Gelako guztiok amARENGANDIK gatoz / AmarENETIK nator (amaren etxetik), han bazkalduta.

-          Ulertu duten jakiteko, arbelean honako bi esaldiok jarri eta aukera zuzena eginarazi diet:
Arkitektoarengan / arkitektoarenean /arkitektoan izan gara planoak ikusten
Askotan pentsatzen dut Afrikako haur behartsuetan / behartsuengan / behartsuenean.
-          Jarraian, etxean egin beharreko bigarren ariketa zuzendu dugu:
-          Atzo amonaRENEAN (amonaren baserrian) bazkaldu genuen.
-          Ez nuen horrelakorik espero lagun HORRENGANDIK
-          Oraintxe iritsi naiz etxera medikuARENETIK (medikuaren kontsultatik)
-          Albiste onak jaso ditut medikuARENGANDIK
-          Bihar MarisaRENEAN (Marisaren tabernan, etxean, jatetxean…) afalduko dugu.
-          Izan ezazu konfiantza MarisaRENGAN, oso neska leiala da eta.
-      Gramatika eta ariketak I  liburuko 194 eta 196. orrialdeak azaldu dizkiet (66. gaia), hau da, bizidunen deklinabideari dagokion gaia, D salbu.
-          Goizeko taldean: Musika zaletasunarekin jarraituz, musikaterapia izeneko ulermen jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez eta erantzun zuzena behar bezala argudiatuz (amaitzeke geratu zaigu, gutxi falta den arren). Besteak beste, ohar hauek egin dizkiet:

·         NORI edo ZERI + AURRE EGIN: Arazoren bat duzunean, arazoARI aurre egin behar diozu, negar egin beharrean; arazoEI aurre egin behar diezu; berokia jantzi dut hotzARI aurre egiteko; jertsea erantzi dut, beroARI aurre egiteko; botika hau hartzen ari naiz gripeARI aurre egiteko…
·         Baliagarria: balio duena  = erabilgarria
·         (Begi)-bistan daude = argi daude
·         Haur ZEIN helduekin = haur NAHIZ helduekin = haur ETA helduekin = BAI haurrekin, BAI helduekin
·         Taldeka NAHIZ banaka = taldeka ZEIN banaka = taldeka ETA banaka = BAI taldeka, BAI banaka
·         Musika-tresnEZ (zertaz) BALIATZEN DA = musika-tresnak (zer) BALIATZEN DITU = ERABILTZEN DITU.
·         Eraginkorra: eragina duena, “efectivo”
·         Ahalmena = gaitasuna
·         Musika-terapia espezializazioAREN BERRI IZAN zuenean…
·         ZEREN BERRI IZAN: zerbait jakitea, zerbaitetaz enteratzea. Adib.: Renon euskara ikasteko beka batEN BERRI IZAN DUT.
·         ZEREN BERRI EMAN: zerbait jakinaraztea, informazioa ematea. Adib.: Renon euskara ikasteko beka batEN BERRI EMAN DIET ikasleei.
·         Bide HORRI (zeri) EKITEA erabaki zuen. NORI = ZERI + EKIN. Adib.: LanARI EKIN DIOT etxera iritsi orduko = LanEAN HASI NAIZ etxera iritsi orduko; Euskara ikasTEARI EKIN DIOT Irungo HEOean = Euskara ikasTEN HASI NAIZ Irungo HEOean. Testu hau zuzenTZEARI ekingo diogu = Testu hau zuzenTZEN hasiko gara.
·         Uztartzea = lotzea = bateratzea (kontestu honetan): compaginar
·         UztarTZEA AHALBIDETZEN ZION = uztarTZEKO AUKERA EMATEN ZION
·         Egituratu = antolatu
·         Antzeman = nabaritu = sumatu
·         AlzheimerrAK JOTAKO helduekin…; DepresioAK JOTAKO pertsona batekin,…
·         BukatuTZAT EMAN = bukatuTZAT HARTU = bukatuTZAT JO; tratamenduTZAT HARTU.
·         Onuragarria = mesedegarria // kaltegarria da…TZEA.
·         Frogatu = egiaztatu: Frogagiria = egiaztagiria
-          Arratsaldeko taldean: ENTZUNAREN ULERMENA: Eguraldi goibela eta psikologia. Ikasleek hiru aldiz entzun dute entzungaia eta hainbat galderari erantzun behar izan diete. Ondoren, zuzendu egin dugu, erantzunak behar bezala argudiatuz. Erantzunak arbel digitalean ipini dizkiet ikasleei.
-          Arratsaldeko taldean: NOR-NORI-NORK lehenaldian. Azalpena egin diet. Horretarako, eskemak banatu   dizkiet, bai orainaldikoa, bai iraganekoa. Orainaldikoaren eta iraganekoaren arteko aldea ikusi dugu eta azaldu diet NORK pertsona-markak aurrera igarotzen direla, aurrean doazela eta, beraz, errazagoa gerta daitekeela iraganeko nor-nork  baino. Eskemaren atzeko aldean, NOR-NORI-NORK faltsuak dituzte. Bere garaian azaldu nituenez, ez dut errepikatu, oso argi daukate eurek irakurtzeko.
-          ETXERAKO LANAK:
o   Egin ez dituenak, egin ditzala erlatibozkoa lantzeko ariketak
o   Gramatika eta ariketak I liburuko 195 eta 197. orrialdeetako 1,2,3 eta 4. ariketak egin ditzatela (gelan zuzenduko ditugu).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina