2022/03/30

B2.2 mailako 45. eskola, 2022ko martxoaren 28 eta 29koa

 

45. eskola, 2022ko martxoaren 28 eta 29koa

- ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? (3):  Sei albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan dituen edo zein berritan aipatu diren aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun dugu entzungai bakoitza; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Zuzentzeko, berrien transkribaketak arbelean ipini dizkiet, erantzun zuzenak arrazoitzeko.

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua

- Kausazko perpausak lantzeko 3. eta 4. ariketa osagarriak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Bi ariketaok –(e)NEZ (GERO) kausazkoa lantzeko dira.  

·         1. OHARRA: Gogoan izan, -(e)LAKO baino ahulagoa dela eta, beraz, ez dugula erabiliko “Zergatik?” galderari erantzuteko, kausazko azalpen bat emateko baizik; beraz, normalean ez da aditzaren aurrean joango, ez delako galdegaia edo esaldiko osagairik markatuena izaten (Lanik ez zuenez (gero), guri laguntzeko esan genion” eta ez “Lanik ez zuenez (gero) esan genion guri laguntzeko”).

·         2. OHARRA: 4. ariketa, espresuki (= berariaz = beren beregi) prestatua dago, gaztelaniatiko kalkoa saihets dezaten. Izan ere, oso ohiko akatsa, oso zabaldua dagoena, da gaztelaniaz erabiltzen duten “como...” kausazkoa euskaraz “nola...” itzultzea. Ba, ez!! Euskaraz,  -(e)NEZ erabiliz itzuliko dugu:

(“como estoy cansado...” = “ya que estoy cansado”...) > “nekatuta nagoENEZ,...” (“nola nekatuta nago...”).

Benetan diotsuet (=esaten dizuet), erdarakada itsusi eta trakets hau oso zabaldua dagoela; klasean ere, mintzatzen ari direnean, bati baino gehiagori entzuten diot “nola...” trakets hori. Hona beste bi adibide:

nola nekatuta nago, eseri egingo naiz” > “Nekatuta nagoENEZ, eseri egingo naiz”; “nola berandu da, ohera noa” > “Berandu dENEZ, ohera noa”; “nola ez du gainditu, kurtsoa errepikatuko du” > “Gainditu ez duENEZ, kurtsoa errepikatuko du”.

·      3. OHARRA: Ikasle batek baino gehiagok gaztelaniaz erabiltzen den “como”rekin zalantzak izaten dituzte, ez dakitelako euskaraz moduzkoa ala kausazkoa egin. Gaztelaniaz bi “comodesberdin daudela gogorarazi diet: bata, moduzkoa eta bestea, kausazkoa.

o   moduzkoa (“como he leído, el vírus se ira extendiendo”). Kasu honetan, euskaraz –(e)NEZ edo –(e)N BEZALA moduzkoa erabiliko dugu: Irakurri dudaN BEZALA, birusa hedatuz joango da = irakurri dudaNEZ, birusa hedatuz joango da.

o   kausazkoa (“como no lo entendo (=ya que no lo entendo), se lo voy a preguntar al profesor”).  Euskaraz, -(e)NEZ edo –(e)NEZ GERO kausazkoa erabiliko dugu: Ulertzen ez dudaNEZ (GERO), irakasleari galdetuko diot (=ulertzen ez dudalako, ez baitut ulertzen, ez dut ulertzen eta).

- Genero berdintasunaren eta genero indarkeriaren gaiari helduta, Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa, zuzendu dugu, astiro, oharrak eginez. Ohar horien kopia bana eman diet eta zuzenketa egin ahala, azaldu egin dizkiet.

- Ikasleen idazlanetan sarritan topatu dudan akats baten berri eman diet: BESTEA (= BESTEAK, pluralean) eta BESTE BAT (=BESTE BATZUK, pluralean) arteko nahasketa; izan ere, oso ohikoa da mugagabea (BESTE BAT) erabili beharko luketen kasuetan ikasleek mugatua (BESTEA) erabiltzea. Azalpena argitzeko, txostentxo bat prestatu diet, non bien deklinabide taula, biak bereizteko zenbait adibide eta ikasleek urteotako idazlanetan egindako esaldi okerrak – neuk zuzenduak – ageri diren. Klasean taula eta neuk prestatutako adibideak irakurri eta azaldu dizkiet eta ikasleen esaldiak eurek etxean irakur ditzatela esan diet.

o   Batak (=batek) ez dauka gogorik, eta besteak bai (bi direla esan nahi du).

o   Bata(=bat)  ona da, baina bestea, txarra (bi direla esan nahi du).

o   Batari (=bati) gustatu zaio; besteari, ez (bi direla esan nahi du).

o   Batarekin (=batekin) oso gustura dago; bestearekin, ez (bi direla esan nahi du).

o   Nire familia medikua bajan dagoela eta, beste mediku batekin eman didate hitzordua (bi mediku baino gehiago daude anbulatorioan).

o   Kantariak kontzertua amaitu zuenean, bertaratutako zaleek “Beste bat!!” oihukatzen zioten (“bestea” jarriko bagenu, abeslari horrek bi abesti bakarrik dituela esan nahiko genuke edo abesti konkretu bat eskatzen ari direla).

- Goizeko taldea: Baldintza irrealaren edo lehenaldikoaren azalpen teorikoa egin nien aurreko egunean:

o   Lehenik, iraganeko baldintza edo irrealaren esanahiaz eta adieraz ohartarazi nituen (bere garaian gertatu ez zenez, orain ez dago gertatzeko inolako aukerarik edo posibilitaterik. Horregatik deritzo “irreala”).

o Ondoren, zertarako erabiltzen den azaldu nien (askotan, besteen hutsegiteak kritikatzeko edota nork bere damua adierazteko).

o   Jarraian, osaerari erreparatu genion.

o   Gaur, arreta berezia merezi ipini diegu IZAN laguntzaileaz osatutako aditz konposatuei, hau da, behar izan, nahi izan, ahal izan, ezin izan, merezi izan, balio izan, bizi izan, axola izan… eta kideko aditz esapideei, hauek derrigorrezkoa baitute “izan” hartzea baldintza irrealean. Aditz arruntek, berriz, aukerakoa dute “izan” (etorri_ banintz = etorri izan banintz) hartu ala ez baldintza irrealean.

·         Hipotetikoa. Aditz normala: EtorriKO balitz, hemen eseriKO litzateke

·         Hipotetikoa (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan, …): Hiru aukera:

A)                Etorri NAHIKO BALU, beharKO BAZENU…

B)                Etorri NAHI IZANGO BALU, behar IZANGO BAZENU…

C)                Etorri NAHI­_ BALU…, BEHAR_ BAZENU…

·      Irreala. Aditz normala: Etorri_ (izan) balitz, hemen eseriKO zen. Aukerakoa dute “izan”.

·      Irreala (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan…): Derrigorrez hartu behar dute “izan”: Nahi IZAN BALU, behar IZAN BAZENU… 

- Arratsaldeko taldean: AHOZKO BITARTEKOTZA: Diskriminazioa edo bazterkeria arrazoi askorengatik izan daiteke: emakume izateagatik, beste kultura nahiz erlijio batekoa izateagatik… Horregatik da oinarrizkoa eta ezinbestekoa diskriminazio oro errotik (=sustraitik) saihestea eta gure gizarteko aniztasuna onartzea nahiz errespetatzea. Hauxe da, hain zuzen ere, Irungo HEOko Hezkuntza Proiektuaren helburuetako bat: gure eskolako aniztasunak aintzat hartzea eta hauen trataera lantzea. Aniztasun hori lau motatakoa izan daiteke: genero aniztasuna, kultur aniztasuna, aniztasun sozio-ekonomikoa eta gaitasun pertsonalen aniztasuna.

Zure semeak / alabak gure Hizkuntza Eskolan ikasten du eta aniztasunaren gaia interesgarria iruditzen zaio eskolarako lan bat egiteko. Horretarako, grafiko batzuk bildu ditu han-hemen, baina lanak ditu grafiko horiek ulertzeko (=kosta egiten zaio ulertzea). Lagun iezaiozu.

Gaurkoan, 3., 4. eta 5. grafikoak egin dituzte.

- Goizeko taldea: AHOZKO ADIERAZPENA: Emakumeak…gizonen pare…ala menpe?  Gaurkoan, denon artean jardun dugu, ikasle gutxi baitzeuden. Mintza-fitxako 6.,7. eta 8. puntuak izan ditugu mintzagai, genero indarkeriarekin eta tratu txarrekin lotura zuzena dutenak.

- ETXERAKO LANAK:

§  Parekotasun (=parekidetasun) legea izeneko entzumen-jarduera (entzungaia blogean).

§  BESTEA vs. BESTE BAT. Emandako adibideak irakurri eta bien arteko aldea eurengana dezatela.

§  Iraganeko baldintza edo irreala lantzeko 1. eta 2. ariketak zuzentzeko ebazpen orria banatu diet.

§  Iraganeko baldintza edo irreala lantzeko gainerako ariketak (3,4,5,6) egin eta zuzen ditzatela. OHARRA: bada azaldu ez dudan gauzatxo bat. Ea ikasleak ohartzen diren.

§  Fashion izan nahi, kosta ahala kosta izeneko ulermen-jarduera.

B2.2 maila: Zer berri (3)

B2.2 maila: Zer berri (3)

B2.2 maila: Zer berri (3). EBAZPENA

B2.2 maila: Kausazko perpausak lantzeko 3. eta 4. ariketen EBAZPENA

B2.2 maila: Autostopa egiteak emakumeei ekar diezaiekeen arriskua. EBAZPENA

B2.2 maila: Autostopa egiteak emakumeei ekar diezaiekeen arriskua. Zuzenketa-oharrak

B2.2 maila (GOIZEKOAK): Genero indarkeria mintzagai

B2.2 maila (ARRATSALDEKOAK): Aniztasuna eta bazterkeria (2. saioa)

B2.2 maila: Iraganeko baldintza edo irreala laburbilduz

B2.2 maila: Iraganeko baldintza edo irreala lantzeko 1. eta 2. ariketak (eta EBAZPENA)

B2.2 maila: Iraganeko baldintza edo irreala lantzeko 3., 4., 5. eta 6. ariketak (eta EBAZPENA)

B2.2 maila: BESTEA (pluralean, BESTEAK) vs. BESTE BAT (pluralean, BESTE BATZUK)

B2.2 maila: Fashion izan nahi, kosta ahala kosta (= nola edo hala)

2022/03/26

B2.2 mailako 44. eskola, 2022ko martxoaren 23 eta 24koa

 

44. eskola, 2022ko martxoaren 23 eta 24koa 

- Genero indarkeriaren azpigaiarekin jarraituz, Andoaingo udalak herrian izandako sexu erasoen harira plazaratutako ohartarazpena edo adierazpen instituzionala, hutsuneak betetzekoa, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Oharrak:

·   Helarazi (heldu + arazi: hacer llegar). Oso aproposa gutun formaletan erabiltzeko. Adib.: Eskutitz honen bidez, nire kexa helarazi nahi nizuke, joan den astean erositako mikrouhin-labea ez baitabil. Eskola honetako langile guztiok gure dolumina helarazi nahi genioke auto-istripuan gurasoak galdu dituen ikasleari.

·    Aurre egin = kontra egin (“afrontar, hacer frente a”) // Aurrea hartu (“prevenir”). Aurre egitea, arazo bat daukagunean arazo hori konpontzen saiatzea da; aurrea hartzea, berriz, arazoa agertu aurretik saihestea. Adib.:

Minbiziari aurre egiteko, tratamendu oldarkorrak erabiltzen dira, kimioterapia eta erradioterapia, esatera baterako.

Minbiziari aurrea hartzeko, komenigarria da urtean behin emakumeek euren bularren azterketa sakon bat egitea. 

- Gogorarazi diet tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) egina ez badute, egitea komeni zaiela eta nire erantzun orriekin (azalpenekin datoz) zuzentzea.

- Kausazkoak lantzeko bigarren ariketa – Esan duzun guztiarekin ez nago ados” – zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Zuzendutakoan, ohar garrantzitsu baten berri eman diet: 

 Ikasleok, 2. ariketan, ohartu edo jabetuko zineten euskaraz – gaztelaniaz ez bezala – kausa bat baino gehiago elkarrekin doazenean, bakoitzak bere kausazko marka eraman behar duela ezinbestean (gaztelaniaz nahikoa izaten da lehenengoari jartzea). Adibidez: He llegado tarde, porque me he despertado tarde, no arrancaba el coche y he perdido el autobús” > Berandu heldu naiz, berandu esnatu naizELAKO (1. kausa), autoa ezin nuELAKO (2. kausa) martxan jarri eta autobusa galdu dudaLAKO (3. kausa).

Argi geratu da, beraz, euskaraz kausa bat baino gehiago kateatuta doazenean, kausazko perpaus bakoitzak eraman behar duela bere kausazko partikula edo marka baina… orain honako zalantza hau sor dakizueke zuei… Marka bera eraman behar dute? Ala marka desberdina eraman dezakete?  Hona azalpenerako adibideak:

a)                  Berandu iritsi naiz, autoa ez zebilELAKO eta autobusa berandu iritsi dELAKO ( bi kausa autonomo eta, beraz, marka bera).

b)                  Buruko minak lehertzen nago, izugarrizko ajea dudaLAKO, bart gauean gaupasa egin BAITut (bi kausak ez dira autonomoak; bata bestearen barruan dago, bata bestearen kausa da; horregatik, aldea nabarmentzeko, marka desberdinak).

1. adibidean, berandu iristeak bi kausa edo arrazoi autonomo dauzka, ETA lokailuarekin lotuta (=uztartuta). Beraz, marka bera eraman behar dute; biek –(e)LAKO, biek BAIT-, -(e)NEZ (GERO)… (zuzendu berri dugun ariketan ikusi ahal izan dugun bezala).

Zergatik iritsi naiz berandu?

Lehenengo arrazoia edo kausa: autoa ez ibiltzea.

Zergatik iritsi naiz berandu?

Bigarren arrazoia edo kausa: autobusa berandu iritsi izana.

 

2. adibidean, ordea, egoera bestelakoa da. Bi kausak ez dira autonomoak, bata bestearen menpekoa baizik; bata bestearen kausa dira, ez dira maila berean dauden kausak. Horregatik, bien arteko aldea nabarmentzeko, marka desberdina eraman behar dute:

Zergatik zaude buruko minak lehertzen?

Kausa edo arrazoia honako hau da: Izugarrizko ajea (=bestondoa = biharamuna) edukitzea.

Zergatik daukazu izugarrizko ajea?

Honen kausa edo arrazoia honako hau da: bart gauean gaupasa egin izana.

Beste modu batera esanda, bart gauean gaupasa egin izana ez da zuzenean buruko mina izatearen kausa, ajea edukitzearen kausa baizik.

Ulertu baldin badute, gai izan behar dute adibideotan maila bereko kausak diren ala ez bereizteko:

Ez du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ia idazlanik egin ez duelako, eskolako liburua erosi ere egin ez duelako eta etxerako lanak oso noizean behin egiten zituelako.

(Lau kausak maila berean daude, lauak dira ikasturtea gainditu ez izanaren arrazoi edo kausa autonomoak. Horregatik daramate marka bera eta horregatik doaz ETA batek lotuta).

Ez du ikasturtea gainditu, ikasturte osoan klasera oso gutxitan etorri delako, ama ospitalean izan baitu luzaroan gaitz sendaezin batek jota.

(Hemengo bi kausak ez dira autonomoak; ikasturtea gainditu ez izanaren kausa klasera gutxitan etorri izana da eta, klasera gutxitan etorri izanaren kausa, berriz,  ama ospitaleratuta eduki izana. Horregatik daramate marka desberdina, kausazko bat bestearen barruan dagoelako, bestearen menpekoa delako).

- AHOZKO JARDUERA:  Ba-…Ba-…Ba… Ikasleak oilategian. Alegiazko baldintza edo hipotetikoa lantzeko orain arte egindako ariketa gehienak (egoera hipotetikoena salbu) idatzizkoak izan dira, etxean egin eta zuzentzekoak. Gaur ahozko joko bat egin dugu. Ikasleei 12 alegiazko galdera dituen orria banatu diet eta, hirunaka bilduta, gurpilean, elkarri galdera horiek egiten jardun dute. Jakina, galdera horiei osorik erantzunarazi diet, baldintza eta ondorio hipotetikoaren erabileran treba daitezen (beste modu batera ere egin liteke, ikasle gutxiago izanez gero:  bakoitzari galdera bana eman, kasleak  zutitu eta ikasgelako gainerako ikaskideei galdera hori egin. Hau egin ondoren, bi ikasleek elkarri  galdera trukatu eta esku artean duten galderarekin beste ikasle batengana jo). Jarduera honen bidez, ikasleen arteko interakzioa lantzeaz gain, adizkien pertsona aldaketa ere lantzen da. Luzaroan jardun dugu eta merezi izan duelakoan nago.

Ahozko jarduera horretan agertu diren honako egitura hauen berri eman diet:

  • Nik bera oiloak ferratzera = antzarak ferratzera = pikutara bidaliko NUKE (nor-nork, nik bera, osorik)
  •  Oker EGON  (arrazoirik ez izatea, “estar equivocado”) /  Zuzen EGON  (arrazoi izatea, “estar en lo cierto”). Irakasleak alfer hutsa naizela esango BALIT, oker dagoela erantzuno NIOKE / zuzen dagoela erantzungo NIOKE.
  • Uko egingo NIOKE txertoa jarTZEARI.

- Alegiazko baldintza edo hipotetikoari amaiera emateko, behin eta berriz azpimarratu diet baldintza hipotetikoak derrigorrez ondorio hipotetikoa eraman behar duela eta ez lehenaldiko adizkia:

Errepide hobeak edukiko bagenitu, istripu gutxiago gertatuko LIRATEKE (ziren). Europako beste herrialde batzuetan Gobernuek soldata bat ordaintzen diete ikasten aritzen diren ikasleei; hemen ere hori gauza:tuz gero (=gauzatuko balitz), gazte gehiagok ikasiko LUKETE (zuten) eta lehenago independizatuko LIRATEKE (ziren). Akats hau ohikoa izaten da; saihets dezatela.

- Jarraian, euskaraz ditugun hiru baldintzak laburbildu dizkiet, bai erabilerari dagokionez, bai osaerari dagokionez. Honako azalpen honen kopia bana eman nien bere garaian:

o   ERREALA: gertatzeko aukera handia dagoenean, posibilitate handia dagoenean, erabiltzen da: Elena etortzen BADA, Tomasen ondoan eseriko DA (si viene,…se sentará). Formalki, nahikoa da BA- partikula Indikatiboko aditzari – orainaldi nahiz lehenaldikoari – eranstea; beraz, ez da osatzen zaila. Hori bai, ohar bitez oraindik gertatu gabeko ekintzak adierazteko, geroaldirako, alegia, ez dela –KO erabiltzen, -TZEN baizik: Bihar ere euria egiTEN BADU, aterkia ekarri beharko dugu.

o   ALEGIAZKOA edo HIPOTETIKOA: errealean baino aukera edo posibilitate gutxiago dago gertatzeko. Hipotesiak egiteko erabiltzen da eta, halaber, amets eta desioak adierazteko: Kinielan hamabost asmatuKO BANITU, dirutza ederra irabaziKO NUKE.  Hortik datorkio izena. Elena etorriKO BALITZ, Tomasen ondoan eseriKO LITZATEKE (si viniera o viniese,…se sentaría). Errealean baino aukera gutxiago dago Elena klasera etortzeko, baina etor liteke oraindik. Formalki, bai baldintzaten atalean, bai ondorioarenean, aditz nagusiak KO/-GO darama (“koko”) eta laguntzailea osatzeko Indikatiboko iraganeko adizkietatik abiatu behar da. Hauei amaierako –(e)n kendu eta BA- ipini.

o   IRREALA edo LEHENALDIKOA: Horrela deritzo, bere garaian gertatu beharrekoa gertatu ez denez, orain jada gertatzeko inolako aukera edo posibilitaterik ez dagoelako. Horregatik da “irreala”. Hau barra-barra erabiltzen dugu zerbaitetaz damutzen garenean edo besteen jokabidea kritikatzen dugunean: Gehiago ikasi (izan) BAZENU, azterketa gaindituKO ZENUEN = ZENUKEEN, baina alferkerian ibili zarenez, irailean errepikatu beharko duzu. Hona beste adibide bat: Elena etorri (izan) BALITZ, Tomasen ondoan eseriKO ZEN = ZATEKEEN (si hubiera o hubiese venido, …se habría sentado) (baina ez da etorri eta jada ez da etorriko). Formalki, baldintzaren atalak –KO galduko du aditz nagusian (zentzu osoa du honek, gertatzeko aukerarik ez baldin badago nola eramango du, ba, geroaldiko –KO?) baina laguntzailea hipotetikoko adizki bera izango da; ondorioaren atalean, berriz, alderantziz: -KO darama aditz nagusiak, baina laguntzailea lehenaldikoa edo iraganekoa da (bi aukera daude: Indikatiboko iraganeko adizkiak erabili edo, bestela, ondorio iraganekoak).

- Jarraian, baldintza irrealaren edo lehenaldikoaren azalpen teorikoa egin diet (etxean astiroago irakur ditzatela txosteneko orriak):

o   Lehenik, iraganeko baldintza edo irrealaren esanahiaz eta adieraz ohartarazi ditut (bere garaian gertatu ez zenez, orain ez dago gertatzeko inolako aukerarik edo posibilitaterik. Horregatik deritzo “irreala”).

o  Ondoren, zertarako erabiltzen den azaldu diet (askotan, besteen hutsegiteak kritikatzeko edota nork bere damua adierazteko).

o   Jarraian, osaerari erreparatu diogu (arreta berezia merezi dute IZAN laguntzaileaz osatutako aditz konposatuek, hau da, behar izan, nahi izan, ahal izan, ezin izan, merezi izan, balio izan, bizi izan, axola izan… eta kideko aditz esapideek, derrigorrezkoa baitute “izan” hartzea baldintza irrealean). Aditz arruntek, berriz, aukerakoa dute “izan” (etorri_ banintz = etorri izan banintz) baldintza irrealean.

·         Hipotetikoa. Aditz normala: EtorriKO balitz, hemen eseriKO litzateke

·         Hipotetikoa (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan, …): Hiru aukera:

A)                Etorri NAHIKO BALU, beharKO BAZENU…

B)                Etorri NAHI IZANGO BALU, behar IZANGO BAZENU…

C)                Etorri NAHI­_ BALU…, BEHAR_ BAZENU…

·      Irreala. Aditz normala: Etorri_ (izan) balitz, hemen eseriKO zen. Aukerakoa dute “izan”.

·      Irreala (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan…): Derrigorrez hartu behar dute “izan”: Nahi IZAN BALU, behar IZAN BAZENU…

o   Azkenik, iraganeko ondorio adizkiak nola sortzen diren azaldu diet, hipotetikoarekiko aldeaz ohar daitezen. Esan bezala, baldintza ataleko aditz laguntzailea (balitz, banu, bagenio, balitzaigu, bazintugu, banindute, balitzaizkizue, bagina, bazenit…) hipotetikoko bera da; ondorioko aditz laguntzailea, berriz, ondorio hipotetikoari –(e)N gehituta lor dezakegu (eta hirugarren pertsonetan L- pertsona marka berriro iraganeko Z- bihurtuta). Dena den, aukeran dago iraganeko ondorio adizkiak erabili ala Indikatiboko iraganekoak erabili: egingo nuen = egingo nukeen; iritsiko nintzen = iritsiko nintzatekeen; eroriko zitzaidan = eroriko zitzaidakeen; emango nion = emango niokeen; gonbidatuko gintuzun = gonbidatuko gintuzkezun; hartuko ninduen = hartuko nindukeen; eskertuko zion = eskertuko ziokeen; haserretuko zen = haserretuko zatekeen. Hori bai, bataren zein bestearen aldeko hautua egin, ondorioko aditz nagusiak –KO eraman beharko du ezinbestean.

- AHOZKO ADIERAZPENA II (20´): Emakumeak…gizonen pare…ala menpe?  Bikoteka, emakumeen nazioarteko egunaren harira,  mintza-fitxa bereko 4. puntua izan dugu mintzagai.

- ETXERAKO LANAK:

-  Kausazko perpausak lantzeko 3. eta 4. ariketak, -(e)NEZ (GERO) lantzeko berariazkoak.

-     Aniztasuna eta bazterkeriari buruzko hurrengo hiru bitartekotza-fitxak presta ditzatela.

-          Baldintza irreala teoria irakur dezatela astiro.

-          Igogailuan izeneko ulermen jarduera.

-          Iraganeko baldintza edo irreala lantzeko 1. eta 2. ariketak (norberak zuzen ditzala).

-         AUKERAKO JARDUERA-SORTA: Hilekoagatik baja eman behar LITZATEKE? izeneko jarduera multzoa:

§  Lehenik, IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA: Hilekoagatik baja emateko Italian egindako proposamena. Itemak irakurri ostean, hirutan ikusi behar dute bideo-pasartea eta, jarraian, zuzendu, erantzun orriak erabiliz.

§  Zer diote italiar emakumeek? Bideo-pasartearen zati hori berriro ikusi eta ariketa honetako bi galderei erantzun.

§  Testua osatzen. Ikusitako bideo-pasartearen transkripzioa da eta testutik ateratako zatiekin osatu behar dute berau.

B2.2 maila: Andoaingo Udalaren adierazpena. EBAZPENA

B2.2 maila: Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna / berdintasunik eza mintzagai (2. saioa)

B2.2 maila: Alegiazko baldintza edo hipotetikoa ahoz lantzeko jokoa: Oilategia

B2.2 maila: Kausazko kateatuak eta bata bestearen menpeko kausazkoak

B2.2 maila: Kausazko perpausak lantzeko 3. eta 4. ariketak (3. orrialdea)

B2.2 maila: Hirugarren baldintza, Irreala edo Iraganekoa

B2.2 maila: Iraganeko baldintza edo irreala. Azalpena eta taulak

B2.2 maila: Iraganeko baldintza edo irreala lantzeko 1. eta 2. ariketak (eta EBAZPENA)

B2.2 maila: Aniztasuna eta bazterkeria

B2.2 maila: Igogailuan

B2.2 maila: Hilekoa(ren)gatik baja eman behar litzateke?

B2.2 maila: Hilekoa(ren)gatik baja eman behar litzateke? Jarduera-sorta

B2.2 maila: Hilekoa(ren)gatik baja eman behar litzateke? Jarduera-sortaren EBAZPENA

 

2022/03/24

B2.2 mailako 43. eskola, 2022ko martxoaren 21 eta 22koa

 

43. eskola, 2022ko martxoaren 21 eta 22koa

- Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. Gehien kostatzen direnak NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK sistemetako adizkiak direnez, hauek lantzeko espreski sortutako indartze ariketa (NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK) bidali nien joan  den astean. Zalantzarik izan duten galdetu eta balizko zalantzak argitu.

- Baldintza ahaztuko balitzait izeneko ariketa, alegiazko baldintzazko lau erregimenak – nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork – nahastuta dituena, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

- Kausazko perpausak. Joan den egunean, kausazkoak egiteko bost menderagailu ikusi genituen: -(e)LAKO, ETA, BAIT-, -T(z)EAGATIK eta -T(z)EARREN,-(e)NEZ (GERO). Adibide hauen bidez gogorarazi dizkiet:

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELAKO, ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

= Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELAKO.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarTZEAGATIK, ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

= Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarTZEAGATIK.

Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate,  Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri  BAITu.

Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri du ETA.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duENEZ (GERO), ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

- Errepaso labur horren ostean, etxerako zuten ariketa (Euri asko egin duelako...) zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Euri asko egin duelakozuzendu ahala, falta zaizkigun kausazkoak azaltzeko probestu dut. -(E)LA ETA (eta honen kidekoak: -(e)la medio, -(e)la kausa, -(e)la bide, -(e)la zio) eta ZEREN (eta). Horretarako, joan den eguneko kausazkoen teoria-txostena baliatu dut. Azken honi dagokionez, azalpen zehatza apunteetan daukaten arren, zera azpimarratu nahi nuke:

-          Idatziz hiru aukera dituela:

o   bera bakarrik erabil daiteke, nahikoa baita kausaltasuna adierazteko (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukat espezialistarenean).

o    -BAIT kausazkoarekin indartu daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua baitaukat espezialistarenean).

o    –(e)N-ekin konbina daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukadan espezialistarenean). 

-     Ahoz bat-batean hitz egiten dugunez, hots, inprobisatzeko joera dugunez eta beraz, esaldia noiz amaituko dugun ez dakigunez, barra-barra erabiltzen dela, “ze...” moduan. Aurrean “ze...” esan eta lixto, gero, nahi adina luza dezakezu kausa eta irakurleak edo entzuleak ez dauka amaiera arte itxaron beharrik hori guztia kausa dela jakiteko. Nik neuk askotan erabiltzen dut.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELA ETA,  ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

Ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako, ZEREN Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri du / BAITu / duEN.

-       Gatozen orain beste emakume aitzindari bat ezagutzera: Virginia Woolf idazle eta pentsalaria. ENTZUNAREN ULERMENA: Virginia Woolf, feminismoaren aitzindari (=aurrendari = bide urratzaile)(x0,9). Virginia Woolf  feminista zen. Euskadi Irratiko erreportaje honetan, bere biografia kontatzen dute eta bere liburu bat (“Gela bat norberarena”) euskaratu duen Maria Colera itzultzailearen iritzia ere bildu dute. Ikasleei itemak azaldu ostean, birritan entzun dute entzungaia eta, jarraian, hirugarren entzunaldia egin eta eten ahala, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak eta hauek berresteko transkripzio zatiak arbel digitalean jarrita.

-    AHOZKO BITARTEKOTZA: Diskriminazioa edo bazterkeria arrazoi askorengatik izan daiteke: emakume izateagatik, beste kultura nahiz erlijio batekoa izateagatik… Horregatik da oinarrizkoa eta ezinbestekoa diskriminazio oro errotik (=sustraitik) saihestea eta gure gizarteko aniztasuna onartzea nahiz errespetatzea. Hauxe da, hain zuzen ere, Irungo HEOko Hezkuntza Proiektuaren helburuetako bat: gure eskolako aniztasunak aintzat hartzea eta hauen trataera lantzea. Aniztasun hori lau motatakoa izan daiteke: genero aniztasuna, kultur aniztasuna, aniztasun sozio-ekonomikoa eta gaitasun pertsonalen aniztasuna.

Zure semeak / alabak gure Hizkuntza Eskolan ikasten du eta aniztasunaren gaia interesgarria iruditzen zaio eskolarako lan bat egiteko. Horretarako, grafiko batzuk bildu ditu han-hemen, baina lanak ditu grafiko horiek ulertzeko (=kosta egiten zaio ulertzea). Lagun iezaiozu.

Lehenengoa egiten neuk lagundu diet, datu deigarrienak edo atentzioa ematen dutenak zeintzuk diren nabarmenduz eta ondorio nagusiak ateraz.

-  ETXERAKO LANAK:

-          Kausazko perpausak lantzeko 2. ariketa (Esan duzun guztiarekin ez nago ados...).

-      Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa.

-     BALDINTZA – batez ere, alegiazkoa edo hipotetikoa – laburbiltzen duen eskema irakur dezatela eta horko edukiak eurenganatu.

-          Eginak izan:

o   Garaian garaikoa

o   Andoaingo adierazpen instituzionala

o   Tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio).