2022/03/24

B2.2 mailako 43. eskola, 2022ko martxoaren 21 eta 22koa

 

43. eskola, 2022ko martxoaren 21 eta 22koa

- Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. Gehien kostatzen direnak NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK sistemetako adizkiak direnez, hauek lantzeko espreski sortutako indartze ariketa (NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK) bidali nien joan  den astean. Zalantzarik izan duten galdetu eta balizko zalantzak argitu.

- Baldintza ahaztuko balitzait izeneko ariketa, alegiazko baldintzazko lau erregimenak – nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork – nahastuta dituena, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

- Kausazko perpausak. Joan den egunean, kausazkoak egiteko bost menderagailu ikusi genituen: -(e)LAKO, ETA, BAIT-, -T(z)EAGATIK eta -T(z)EARREN,-(e)NEZ (GERO). Adibide hauen bidez gogorarazi dizkiet:

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELAKO, ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

= Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELAKO.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarTZEAGATIK, ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

= Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarTZEAGATIK.

Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate,  Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri  BAITu.

Ukrainarrek gaueko 22:00etarako etxean egon beharra daukate, Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri du ETA.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duENEZ (GERO), ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

- Errepaso labur horren ostean, etxerako zuten ariketa (Euri asko egin duelako...) zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Euri asko egin duelakozuzendu ahala, falta zaizkigun kausazkoak azaltzeko probestu dut. -(E)LA ETA (eta honen kidekoak: -(e)la medio, -(e)la kausa, -(e)la bide, -(e)la zio) eta ZEREN (eta). Horretarako, joan den eguneko kausazkoen teoria-txostena baliatu dut. Azken honi dagokionez, azalpen zehatza apunteetan daukaten arren, zera azpimarratu nahi nuke:

-          Idatziz hiru aukera dituela:

o   bera bakarrik erabil daiteke, nahikoa baita kausaltasuna adierazteko (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukat espezialistarenean).

o    -BAIT kausazkoarekin indartu daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua baitaukat espezialistarenean).

o    –(e)N-ekin konbina daiteke (Bihar ezin izango naiz klasera etorri, zeren hitzordua daukadan espezialistarenean). 

-     Ahoz bat-batean hitz egiten dugunez, hots, inprobisatzeko joera dugunez eta beraz, esaldia noiz amaituko dugun ez dakigunez, barra-barra erabiltzen dela, “ze...” moduan. Aurrean “ze...” esan eta lixto, gero, nahi adina luza dezakezu kausa eta irakurleak edo entzuleak ez dauka amaiera arte itxaron beharrik hori guztia kausa dela jakiteko. Nik neuk askotan erabiltzen dut.

Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri duELA ETA,  ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako.

Ukrainarrek etxean egon beharra daukate gaueko 22:00etarako, ZEREN Ukrainako gobernuak etxeratze-agindua indarrean jarri du / BAITu / duEN.

-       Gatozen orain beste emakume aitzindari bat ezagutzera: Virginia Woolf idazle eta pentsalaria. ENTZUNAREN ULERMENA: Virginia Woolf, feminismoaren aitzindari (=aurrendari = bide urratzaile)(x0,9). Virginia Woolf  feminista zen. Euskadi Irratiko erreportaje honetan, bere biografia kontatzen dute eta bere liburu bat (“Gela bat norberarena”) euskaratu duen Maria Colera itzultzailearen iritzia ere bildu dute. Ikasleei itemak azaldu ostean, birritan entzun dute entzungaia eta, jarraian, hirugarren entzunaldia egin eta eten ahala, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak eta hauek berresteko transkripzio zatiak arbel digitalean jarrita.

-    AHOZKO BITARTEKOTZA: Diskriminazioa edo bazterkeria arrazoi askorengatik izan daiteke: emakume izateagatik, beste kultura nahiz erlijio batekoa izateagatik… Horregatik da oinarrizkoa eta ezinbestekoa diskriminazio oro errotik (=sustraitik) saihestea eta gure gizarteko aniztasuna onartzea nahiz errespetatzea. Hauxe da, hain zuzen ere, Irungo HEOko Hezkuntza Proiektuaren helburuetako bat: gure eskolako aniztasunak aintzat hartzea eta hauen trataera lantzea. Aniztasun hori lau motatakoa izan daiteke: genero aniztasuna, kultur aniztasuna, aniztasun sozio-ekonomikoa eta gaitasun pertsonalen aniztasuna.

Zure semeak / alabak gure Hizkuntza Eskolan ikasten du eta aniztasunaren gaia interesgarria iruditzen zaio eskolarako lan bat egiteko. Horretarako, grafiko batzuk bildu ditu han-hemen, baina lanak ditu grafiko horiek ulertzeko (=kosta egiten zaio ulertzea). Lagun iezaiozu.

Lehenengoa egiten neuk lagundu diet, datu deigarrienak edo atentzioa ematen dutenak zeintzuk diren nabarmenduz eta ondorio nagusiak ateraz.

-  ETXERAKO LANAK:

-          Kausazko perpausak lantzeko 2. ariketa (Esan duzun guztiarekin ez nago ados...).

-      Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa.

-     BALDINTZA – batez ere, alegiazkoa edo hipotetikoa – laburbiltzen duen eskema irakur dezatela eta horko edukiak eurenganatu.

-          Eginak izan:

o   Garaian garaikoa

o   Andoaingo adierazpen instituzionala

o   Tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina