2022/10/19

B2.2 mailako 6. saioa, 2022ko urriaren 17 eta 18koa (Pilarika ostekoa)

 

6.      eskola: 2022ko urriaren 17 eta 18koa (Pilarika ostekoa)

-     Bi taldeetan: ENTZUNAREN ULERMENA: Zizahoriak. Udazkenean ohikoa izaten da gure mendietara perretxikoTARA (=perretxiko bila) joatea. Perretxiko horietako bat, ezagunenetakoa agian, zizahoria da. Horri buruzko entzungaia entzun dugu bitan eta, jarraian, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Nahi duenak, berriro entzun dezala blogean.

Oharrak:

-    Lurrak ematen dituen produktuak “bildu” egiten dira, ez “hartu”: loreak bildu, perretxikoak bildu, babarrunak bildu, tomateak bildu, sagarrak bildu, gaztainak bildu…

-      PerretxikoTARA joan: Mugagabean. –TARA mugagabe horrek adiera edo esanahi berezia dauka: “produktu horren bila” joatea esan nahi du: PerretxikoTARA joango gara datorren igandean (=perretxiko bila = perretxikoak biltzera); ehiztari askok jotzen dute Etxalarrera usoTARA (=uso bila = usoak ehizatzera); Bermeoko arrantzaleak antxoaTARA irten dira goizaldean (=antxoa bila =antxoak arrantzatzera); gure aita askotan joaten da Jaizkibelgo arroketara karramarroTARA (=karramarro bila, karramarroak biltzera); gazte horiek larunbat gauero irteten dira neskaTARA (// neskengana).

Non kasuan ere ager daiteke mugagabe hori: Goiz osoa igaro dugu mendian perretxikoTAN (= perretxiko bila = perretxikoak bilatzen). Bi aste hegaluzeTAN (=hegaluze bila = hegaluzeak arrantzatzen) eman = igaro = pasa = egin ondoren, atzo itzuli ziren Lekeitioko arrantzaleak lehorrera (=atzo lehorreratu ziren).

-    Goizeko taldean: Agotea, arraza madarikatua deritzon ulermen-jarduera zuzendu dugu,  beharrezko azalpenak emanez. Jarraian, testu amaierako esaldia arbeleratu eta azaldu diet, oso aipu polita delakoan.

“Animalia eta lurren jabe zenak garrantzitsuagoa zela pentsatzen zuen, nahiz eta jakituriak eta trebeziak jabetzak baino balio gehiago izan”.

-   Bi taldeetan: Agoteei buruzko testuaren amaierako esaldi horri erreparatu diogu. Horrek emandako aitzakia baliatuta, Lehenengo eskola egunaizeneko ariketa, erlatibozko esaldi libreak egitekoa, zuzendu dugu (arbel digitalean idatziz jaso ditut erantzun guztiak eta hurrengoan eurei banatzekotan geratu naiz). Ariketa librea izaki, nahi izanez gero, luze jo dezake, baina merezi du, erlatibozkozkoak lantzeaz gain, beste hainbat gramatika ohar egiteko nahiz ohiko akatsen berri emateko ere balia baitaiteke zuzenketa hau. Bi taldeetan ikasle gutxi zeudenez, bakoitzaren esaldi guztiak zuzendu ahal izan ditugu.

-   Bi taldeetan: Erlatibozko perpausen azalpena. Erlatibozko perpausen teoriako punturik esanguratsuenak azaldu dizkiet,  nahiz eta arratsaldekoek aurretiaz teoria osoa etxean irakurria izan behar luketen (Goizekoei gaur esan diet). Gramatika eta ariketak II, liburuko 40. gaia azaldu diet, 152 eta 153. orrialdeetan datorrena:

§  152. orrialdeko  A, B (ordena: -(e)N + ondokoa) eta C (ezezko erlatibozkoen ordena) atalak. 

§  153. orrialdeko D (ondoko osagaiaren kasua) atala.

Dena den, neure azalpenerako prestatutako txostena banatu diet, liburuko teoriaren osagarri eta argigarri.

-      Bi taldeetan: AHOZKO BITARTEKOTZA: Ahozkotasunaren eta mintzapraktikaren garrantziaz jakitun, bi testu eman nizkien, mintzarako presta zitzaten: Mintzalaguna: ia hogeita hamar urte, euskaraz mintzatzen eta Mintzanet.net, euskara praktikatzeko beste aukera bat. Binaka jarrita, elkarri laburbildu diote prestatu duten testua.

-          ETXERAKO LANAK:

o   Bi taldeetan: AUKERAKO JARDUERA baina gomendagarria (ebazpena blogean): Orain 43 lagun ari dira Argentinan euskara irakasten izeneko testua irakurri eta

§  Irakurri ahala, erreparatu beltxez dituzuen sinonimoei

§  Irakurtzen zoazten heinean, erreparatu, halaber, zenbakituta dauden oharrei (testuaren amaieran dauzkazue), aurtengo hainbat eduki zeuenganatzeko.

§  Aukeratu zazpi erantzunei dagozkien galderak, hiru distraktoreak saihestuz. 

o   Bi taldeetan: Erlatibozkoak I. Ikasleek, gaurko azalpenean azpimarratu ditudan hiru puntuak kontuan izanik (erlatibozkoen ordena, ezezkoena eta aditz nagusiarekiko komunztadura), bi esaldi lotuz erlatibozkoak osatu behar dituzte.

o   Arratsaldeko taldean: AUKERAKOA baina osso GOMENDAGARRIA (ebazpena blogean): Orain arte ikusitako zenbait egitura errepasatzeko, aukerako indartze-ariketa: Ahozkotasuna lantzearen garrantzia testutik ateratakoen parekoak. Benetan gomendagarria deritzot ariketa hau egiteari.

o   Goizeko taldean: ERLATIBOZKO PERPAUSAK: Gaur erlatibozko perpausen teoriako punturik esanguratsuenetako batzuk azaldu dizkiedanez,  eurei etxean teoria osoa (40. gaia) irakutzeko aholkatu diet. Gramatika eta ariketak II, 152 eta 156. orrialdeetan dator:

§   152. orrialdeko  A, B eta C (ezezko erlatibozkoen ordena)  eta 153. orrialdeko D (ondoko osagaiaren kasua).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina