2023/03/15

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 40. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 39.a. Martxoak 13 eta 14

 

Arratsaldekoen  40. eskola eta goizekoen 39.a: 2023ko martxoaren 13 eta 14koa

-    Begiradak izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Onintze Enbeitiak Berria egunkarian argitaratutakoa da. Batetik, esaldiak txertatu behar izan dituzte testuko hutsuneetan, eta bestetik, iritzi-zutabe horren ideia nagusia, mamia, muina zein den aukeratu behar izan dute bost ideiaren artean.

-      Bestea vs. Beste bat. Ikasleen idazlanetan sarritan topatu dudan akats baten berri eman nien joan den astean: BESTEA (= BESTEAK, pluralean) eta BESTE BAT (=BESTE BATZUK, pluralean) arteko nahasketa; izan ere, oso ohikoa da mugagabea (BESTE BAT) erabili beharko luketen kasuetan ikasleek mugatua (BESTEA) erabiltzea. Azalpena argitzeko, txostentxo bat prestatu nien, non bien deklinabide taula, biak bereizteko zenbait adibide eta ikasleek urteotako idazlanetan egindako esaldi okerrak – neuk zuzenduak – ageri diren. Klasean taula eta neuk prestatutako adibideak irakurri eta azaldu nizkien eta ikasleen esaldiak eurek etxean irakur zitzatela esan nien; halaber, bazituzten hiru ariketa egiteko. Gaur, hiru ariketa horiek zuzendu ditugu, beharrezko azalpenak emanez.

-          Batak (=batek) ez dauka gogorik, eta besteak bai (bi direla esan nahi du).

-          Bata(=bat)  ona da, baina bestea, txarra (bi direla esan nahi du).

-          Batari (=bati) gustatu zaio; besteari, ez (bi direla esan nahi du).

-          Batarekin (=batekin) oso gustura dago; bestearekin, ez nago batere gustura (bi direla esan nahi du).

-          Nire familia medikua bajan dagoela eta, beste mediku batekin eman didate hitzordua (bi mediku baino gehiago daude anbulatorioan).

-          Kantariak kontzertua amaitu zuenean, bertaratutako zaleek “Beste bat!!” oihukatzen zioten (“bestea” jarriko bagenu, abeslari horrek bi abesti bakarrik dituela esan na.hiko genuke edo abesti konkretu bat eskatzen ari direla).

-          Salouko gure hotela beteta zegoenez, beste hotel batera joan behar izan genuen (Saloun bi hotel baino gehiago daude).

-          Cascante herrian bi ostatu baino ez daude. Batean galdetu genuen eta ez zeukatela logela hutsik erantzun ziguten; hortaz, beste ostatura jo behar izan genuen. Zorionez, han bazen lekua (bi ostatu bakarrik direlako).

-          Alegiazko baldintza edo hipotetikoa:

-    Nor-nork. Euskaljakintza.com web-guneko bi ariketak eginak izan behar lituzkete. Eurek zuzen ditzatela. Nola sar daitezkeen erakutsi diet (zuzenean bilatzailean “euskaljakintza.com” jarrita edo, bestela, nire blogean duten estekaren edo loturaren bidez).

-    Esaldi horietako batean honako esapide hau agertu zaigu: Nik hi jipoituko bahindut, nik odolkiak ordainetan jasoko nituzke.

Odolkiak (=txerrikiak) ordainetan jaso / izan. Esamolde honen jatorria baserrietako txerri hilketetan dago. Baserritarrek txerriKIak (txerriaren produktuak) inguruko baserritarrei banatzen zizkieten (urdaiazpikoa, solomoa, hankak, odolkiak…) baina gero, beste baserritarrengandik jasotzekotan, haiek euren txerriak hildakoan. Egun, baserri mundutik haratago hedatu da eta testuinguru batzuetan – ariketa honetan, kasu –  zera esan nahi du, norbaitek zerbait egin badizu, zuk ere itzuli egingo diozula, beste zerbait egingo diozula ordainetan / mendeku gisa. Ez du beti mendeku adiera, esanahi positiboa ere izan lezake: “Zuk gaur ingeleseko azterketa prestatzen laguntzen badidazu, nik bihar zuri euskarakoa prestatzen lagunduko dizut, zeren txerrikiak ordainetan izaten dira”.

-   Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORI-NORK sistema. Neuk bidalitako orria (www.euskaljakintza.com web-orriko bi ariketak, baina neuk moldatuak) zuzentzeko orria – azalpenak oin-oharretan dituztelarik – banatu diet, eurek etxean zuzen dezaten.

Azalpenak:

-  TZERAKOAN (justu zerbait gertatu aurretik) / -TAKOAN (ondoren): Etxera irisTERAKOAN, telebista ikusten dut >Etxera iritsiTAKOAN, telebista ikusten dut.

                         AfalTZERAKOAN, eskuak garbi itzazu.

                                                AfalTZEAN, janaria ongi murtxikatu.

                                                          AfalduTAKOAN, hortz-haginak garbi itzazu

-    NOREKIN + ZORRETAN + EGON: Ni bankuarekin zorretan nago (“estar en deuda con”). Mila esker ni salbatzeagatik!! Zurekin zorretan egongo naiz bizitza osoan.

-      ZORPETUTA + EGON / BIZI: Gaur egun zenbat jende bizi den zorpetuta besteen aurrean itxurakeriak egiteagatik! (“estar / vivir endeudado/a”).

-  ZORRAK + KITATU: Etxebizitza erosteko hainbeste urtez zorpetuta egon ondoren, azkenean lortu dut banketxearekiko zorra kitatzea (“saldar una deuda”).

-    Eskertu + singularra, ekintza bat (ekarri izana / ekartzea) eskertzen delako, nahiz eta objektua pluralean egon (“liburuak”).

-      Dabidek Itziarri kargu hartu dio berandu iritsi delako (gaztelaniazko “llamar la atención”) =  Dabidek Itziarri errieta egin dio = errieta eman dio. Ikusia dugu beste “llamar la atención” bat ere, adiera edo esanahi desberdina duena: Grafiko honetan, Internet erabiltzen duten ikasleen kopuruak  atentzioa eman dit (atentzioa deitu dit), ehuneko edo portzentaje hori oso altua delako.

-      Izenondoa + HUTSA: Lotsagabe hutsa zara, alfer hutsa  zara, bekaizti hutsa zara, tonto hutsa zara, arduragabe hutsa zara…. Kualitate txarra indartzeko erabiltzen da. Adibide on bakarra: Artista hutsa zara!!!

-     Odolkiak (=txerrikiak) ordainetan jaso / izan. Esamolde honen jatorria baserrietako txerri hilketetan dago. Baserritarrek txerriKIak (txerriaren produktuak) inguruko baserritarrei banatzen zizkieten (urdaiazpikoa, solomoa, hankak, odolkiak…) baina gero, beste baserritarrengandik jasotzekotan, haiek euren txerriak hiltzean. Egun, baserri mundutik haratago hedatu da eta testuinguru batzuetan – ariketa honetan, kasu –  zera esan nahi du, norbaitek zerbait egin badizu, zuk ere itzuli egingo diozula, beste zerbait egingo diozula ordainetan / mendeku gisa.

-        TUTIK ERE EZ= EZER(TXO) ERE EZ + JAKIN, ESAN, ULERTU, ENTZUN, IKUSI. Adib. Ez dakit tutik ere zentral nuklearrei buruz. Ez dut tutik ere ulertzen.

-        ESKERTU + singularra, ekintza bat (oparitu izana / oparitzea) eskertzen delako, nahiz eta objektua (loreak) pluralean egon.

-      Baldintza ahaztuko balitzait izeneko ariketa, alegiazko baldintzazko lau erregimenak – nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork – nahastuta dituena, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

-       EUSKAL BALDINTZA. Gaurkoan,  hiru baldintzen (erreala, hipotetikoa, irreala) errepasoa egin diet. Horietako bakoitza zertarako erabiltzen den gogorarazi diet eta formalki nola osatuta dagoen:

ERREALA: gertatzeko aukera handia dagoenean, posibilitate handia dagoenean, erabiltzen da:

Junkal  etortzen BADA, lehenengo ilaran eseriko DA (si viene,…se sentará).

Formalki, nahikoa da BA- partikula indikatiboko aditzari – orainaldi nahiz lehenaldikoari – eranstea; beraz, ez da osatzen zaila. Hori bai, ohar bitez oraindik gertatu gabeko ekintzak adierazteko, geroaldirako, alegia, ez dela –KO erabiltzen, -TZEN baizik:

Bihar ere euria egiTEN BADU (egingo badu), aterkia ekarri beharko dugu.

ALEGIAZKOA edo HIPOTETIKOA: errealean baino aukera edo posibilitate gutxiago dago gertatzeko, baina aukera egon, badago. Hipotesiak egiteko erabiltzen da eta, halaber, amets eta desioak adierazteko:

Kinielan hamabost asmatuKO BANITU, dirutza ederra irabaziKO NUKE.  Hortik datorkio izena.

Junkal etorriKO BALITZ, lehenengo ilaran eseriKO LITZATEKE (si viniera o viniese,…se sentaría).

Errealean baino aukera gutxiago dago Junkal klasera etortzeko, baina etor liteke oraindik. Formalki, bai baldintzaren atalean, bai ondorioarenean, aditz nagusiak KO/-GO darama (“koko”) eta laguntzailea osatzeko indikatiboko iraganeko adizkietatik abiatu behar da. Hauei amaierako –(e)n kendu eta BA- ipini.

IRREALA edo LEHENALDIKOA: Horrela deritzo, bere garaian gertatu beharrekoa gertatu ez zenez, orain jada gertatzeko inolako aukera edo posibilitaterik ez dagoelako. Horregatik da “irreala”. Hau barra-barra erabiltzen dugu zerbaitetaz damutzen garenean:

Gehiago ikasi (izan) BAZENU, azterketa gaindituKO ZENUEN = ZENUKEEN, baina alferkerian ibili zarenez, irailean errepikatu beharko duzu.

Hona beste adibide bat:

Junkal etorri (izan) BALITZ, lehenengo ilaran eseriKO ZEN = ZATEKEEN (si hubiera o hubiese venido, …se habría sentado) (baina ez da etorri eta jada ez da etorriko).

Formalki, baldintzaren atalak –KO galduko du aditz nagusian (zentzu osoa du honek, gertatzeko aukerarik ez baldin badago nola eramango du ba geroaldiko –KO?) baina laguntzailea hipotetikoko adizki bera izango da; ondorioaren atalean, berriz, alderantziz:   -KO darama honek ere, baina laguntzailea lehenaldikoa edo iraganekoa da (bi aukera daude: indikatiboko iraganeko adizkiak erabili edo, bestela, ondorio iraganekoak).

BALDINTZA MOTAK:

-          Baldintza erreala, gertatzeko aukera handiak dituena:

Saiatzen (baldin) bazara, ikasketak amaitzea lortuko duzu. Norbaitek txirrina jotzen (baldin) badu, ez iezaiozu ireki atea, ez baitago inorekin fidatzerik. Euria egiten (baldin) badu, blai eginda helduko gara etxera.

-          Alegiazko baldintza edo hipotetikoa, “KOKO”, gertatzeko aukera urriagoak dituena, baina gerta liteke

SaiatuKO BAZINA, ikasketak amaitzea lortuKO ZENUKE. Euria eginGO BALU, blai eginda helduKO GINATEKE etxera.

-          Lehenaldiko baldintza edo irreala, jadanik gertaezina:

Saiatu (IZAN) BAZINA, ikasketak amaitzea lortuKO ZENUKEEN = ZENUEN. Euria egin (IZAN) BALU, blai eginda helduKO GINATEKEEN = GINEN etxera.

Ondoren, EZEZKO BALDINTZEN ordena zein den gogorarazi diet eta, amaitzeko, berriz gogorarazi diet zein garrantzitsua den denbora koherentziari eustea, hau da, baldintza hipotetikoa baldin bada, ondorioak ere hala izan behar duela, eta ez iraganekoa, ez baitago denbora kronologian atzera egiterik.

Baldintzaren atalean, ordena EZEZKOETANez” aditz nagusiaren eta laguntzailearen artean tartekatu; beraz, baldintzaren atalean, baiezko perpausek eta ezezkoek ordena bera dute:

-          Baldintza erreala:

Ulertzen EZ baduzu, galdedazu.

-          Alegiazko baldintza edo hipotetikoa:

Hainbeste gantz jango EZ balu, mutiko hori argalago egongo litzateke. Miren antzezlana ikustera etorriko EZ balitz, bere eserlekuan eseri ahal izango zinateke.

-          Baldintza irreala edo lehenaldikoa:

Autoeskolan hainbeste ordu eman  (izan) EZ banitu, ez nuen = ez nukeen lortuko gidabaimena ateratzerik.

Ondorioaren atalean, ezezkoek ezezko ohiko ordena dute: ez nuke egingo, ez  nintzateke joango, ez litzaidake gustatuko, ez nioke kontatuko…

DENBORA KOHERENTZIA:

Bai baldintzaren atalean, bai ondorioan, adizki HIPOTETIKOAK erabili behar dira, ez lehenaldikoak!!!! Izan ere, ezin da inola ere baldintza hipotetikotik lehenaldiko ondoriora igaro, denbora-kronologiaren aurka joatea litzateke.

-     Gure hirian bidegorri gehiago egingo BALITUZTE, ongi irudituko LITZAIDAKE (zitzaidan) eta nik erabiliko NITUZKE (nituen)

-    Gure auzoan kale-argi gehiago egongo BALIRA, ez LIRATEKE (ziren) hainbeste delitu gertatuko eta ilundu arren, haurrak kalean jolastu ahalko LIRATEKE (ziren).

-    Udalak TAO sistema jarriko BALU, jendearen desadostasuna handia izango LITZATEKE (zen) eta hizkuntza eskolara etortzea garestia bihurtuko LITZATEKE (zen).

-    Gaixotasun hori Euskal Herriraino helduko BALITZ, Osakidetzak gaitz horri aurre egiteko neurriak hartuko LITUZKE (zituen).

- Jarraian, baldintza irrealaren edo lehenaldikoaren azalpen teorikoa egin diet (etxean astiroago irakur ditzatela txosteneko orriak):

§  Lehenik, iraganeko baldintza edo irrealaren esanahiaz eta adieraz ohartarazi ditut (bere garaian gertatu ez zenez, orain ez dago gertatzeko inolako aukerarik edo posibilitaterik. Horregatik deritzo “irreala”).

§  Ondoren, zertarako erabiltzen den azaldu diet (askotan, besteen hutsegiteak kritikatzeko edota nork bere damua adierazteko).

§  Jarraian, osaerari erreparatu diogu (arreta berezia merezi dute IZAN laguntzaileaz osatutako aditz konposatuek, hau da, behar izan, nahi izan, ahal izan, ezin izan, merezi izan, balio izan, bizi izan, axola izan… eta kideko aditz esapideek, derrigorrezkoa baitute “izan” hartzea baldintza irrealean). Aditz arruntek, berriz, aukerakoa dute “izan” (etorri_ banintz = etorri izan banintz) baldintza irrealean.

·         Hipotetikoa. Aditz normala: EtorriKO balitz, hemen eseriKO litzateke

·         Hipotetikoa (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan, …): Hiru aukera:

                                               Etorri NAHIKO BALU, beharKO BAZENU…

                                                Etorri NAHI IZANGO BALU, behar IZANGO BAZENU…

                                                Etorri NAHI­_ BALU…, BEHAR_ BAZENU…

                                          -          Irreala. Aditz normala: Etorri_ (izan) balitz, hemen eseriKO zen. Aukerakoa dute “izan”.

                                           -          Irreala (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan…): Derrigorrez hartu behar dute “izan”: Nahi IZAN BALU, behar IZAN BAZENU…

-      Azkenik, txosteneko taulei banan-banan erreparatu diegu eta iraganeko ondorio adizkiak nola sortzen diren azaldu diet, hipotetikoarekiko aldeaz ohar daitezen. Esan bezala, baldintza ataleko aditz laguntzailea (balitz, banu, bagenio, balitzaigu, bazintugu, banindute, balitzaizkizue, bagina, bazenit…) hipotetikoko bera da; ondorioko aditz laguntzailea, berriz, ondorio hipotetikoari –(e)N gehituta lor dezakegu (eta hirugarren pertsonetan L- pertsona marka berriro iraganeko Z- bihurtuta: Luke > ZukeEN; Litzaidake > ZitzaidakeEN; Lizkiguke > ZizkigukeEN ). Dena den, aukeran dago iraganeko ondorio adizkiak erabili ala Indikatiboko iraganekoak erabili: egingo nuen = egingo nukeen; iritsiko nintzen = iritsiko nintzatekeen; eroriko zitzaidan = eroriko zitzaidakeen; emango nion = emango niokeen; gonbidatuko gintuzun = gonbidatuko gintuzkezun; hartuko ninduen = hartuko nindukeen; eskertuko zion = eskertuko ziokeen; haserretuko zen = haserretuko zatekeen. Hori bai, bataren zein bestearen aldeko hautua egin, ondorioko aditz nagusiak –KO eraman beharko du ezinbestean.

-   AHOZKO ADIERAZPENA: Internet bidez erostea (30´). Gaurkoan, mintza-fitxa honen lehenengo bi puntuak izan dituzte mintzagai. Hiztegi lagungarria banatu diet.

Arriskuak gorabehera, batzuek Internet giza harremanetarako erabiltzen dute, lagun nahiz bikotekideak bilatzeko. Beste askok, berriz, nahiago izaten dute jendea aurrez aurre ezagutu, baina Internetera jotzen dute erosketak egiteko orduan. Egia esan, gero eta gehiago dira Internetez erosten dutenak (arropa, gailu elektronikoak, janaria – supermerkatu batzuek ematen baitute horretarako aukera – eta hamaika gai gehiago  Eta birus madarikatu honek gure mugikortasuna mugatu duenetik, Internet bidezko erosketek egundoko (=sekulako = izugarrizko) hazkunde (=hazkuntza) izan omen dute. Interneten ia denetarik aurki genezake salgai, baita “haziak” ere, kar-kar-kar.

-          ETXERAKO LANAK:

-    Baldintza ahaztuko balitzait. Alegiazko baldintza edo hipotetikoko lau sistemak (nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork) nahasian dituen ariketa hau gaur zuzendu dugu, baina norbaitek berriro egin nahi izanez gero, blogean du eskuragarri, H5P formatuan, interaktiboki egiteko.

-    Baldintza irrealari buruzko teoria eta taulak dakartzan txostena irakur dezatela astiroago, tauletako adizkiei eta adibideei erreparatuz.

-   Iraganeko baldintza edo irreala lantzeko lehenengo bi ariketak egin ditzatela (eta eurek zuzendu). Ebazpena atzealdean dute.

-          Ahots morroiak izeneko jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.

-   Nola bihurtu zure etxea ziberleku segurua” eta Zibersegurtasuna haurrekin”. Ikasleek binaka adostuta, bitartekotza ariketa hau presta dezatela etxean, asko jota 15 minutuz. Horrelako aholkuak emateko zenbait egitura erabil ditzakete:

-          Komenigarria da / litzateke = gomendagarria da / litzateke …-T(z)EA

-          Partizipioa +behar(ko)  ZENUKE

-          Komeni zaizu…-T(z)EA

-          Nik, zu izango banintz,…. nuke

-          …-T(z)EKO aholkatzen = gomendatzen dizut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina