Arratsaldekoen 44. eskola eta goizekoen 43.a: 2023ko martxoaren 27 eta 28koa
- ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? (4). Sei albistetxo entzun dituzte eta bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute, beti ere, dauden distraktoreak saihestuz. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharra:
“Zaharrak berri”.
Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun
diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko
“sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.
- Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II). Ikasleek euskarazko egitura, esapide nahiz esamolde jatorra hautatu behar zuten, gaztelaniatiko kalkoak saihestuz. Zuzendu ahala, zenbait ohar egin dizkiet. Ariketa aberasgarria guztiz euren aberastasun lexikoa hobetzeko. Arreta berezia eskaini diegu honako bi hauei:
Moduzko -ELA(RIK).
Gogoan duzue?
Beraz, gaztelaniazko “con…en…” itzultzeko, ez
erabili “norekin…non”. Kalko hori saihestu. Nola? –LA(RIK) moduzkoa erabiliz. Adib.: ha entrado a clase con el cigarro en la boca > zigarroarekin ahoan
> ahoan zigarroa duELA(RIK) sartu da klasera; nuestro abuelo siempre
andaba con la txapela en la cabeza > txapelarekin buruan > gure
aitona beti txapela buruan zuELA(RIK) ibiltzen zen. Mendizaleak mendira
abiatu dira, motxilekin bizkarrean > Mendizaleak mendira abiatu dira,
motxilak bizkarrean dituzteLA(rik) =
daramatzateLA(rik)” (nola abiatu
dira?). Artzaina bere ardiengana doa, makilarekin eskuan > Artzaina
bere ardiengana doa, makila eskuan duELA(rik)
(nola doa?). Eztarriko mina duela eta, Miren zapiarekin lepoan etorri da
klasera > Eztarriko mina duela eta, Miren zapia lepoan duELA(rik) etorri da klasera (nola etorri
da?).
Halaber, jakizue, egitura osoa ezabatu
daitekeela: Txapela buruan ibiltzen da Olentzero. Mendizaleak mendira
abiatu dira, motxilak bizkarrean. Artzaina bere ardiengana doa, makila
eskuan. Miren zapia lepoan etorri da klasera.
Partizipioa +
BEHARREAN.
Badakizue noiz erabili behar den eta nola? Nahiz eta esanahi bakarra duen, hiru
erabilera desberdin ditu:
Bi
osagai aurkajarriz (adiz bera dutelarik): Uda honetan,
Mediterranioko kostaldera joan
BEHARREAN, Loyrako gazteluak ikustera joango gara Frantziara.
Bi
aditz desberdin aurkajarriz eta bigarren aditza EGINekin indartuz (egin, egiten, egingo), predikatuan
beste osagairik ez dagoenez, aditza delako galdegai edo “protagonista” eta
beraz, derrigorrez markatu edo indartu behar delako: Bidaia luzeetan, autobusean
noalarik, mugikorrarekin ibili
BEHARREAN, irakurri
EGITEN dut.
Bi aditz aurkajarriz baina bigarrena indartu gabe, bigarren aditz horrek badaramalako beste osagairen bat eta beraz, aditza ezin delako izan “protagonista” edo galdegaia, beste osagai hori baizik. Ondorioz, aditz horrek ez darama EGIN indartzailerik. Bidaia luzeetan, autobusean noalarik, mugikorrarekin ibili BEHARREAN, libururen bat (ZER?) irakurtzen dut.
- Orainaldiko ahalerako adizkiak. Arratsaldeko taldean, joan den egunean azaldu nienez, errepaso gisa gogorarazi diet. Goizeko taldean: Gramatika eta ariketak II liburuko 14. orrialdera jo dugu. Orainaldiko ahalerarekin jarraitu dugu, bai, baina oraingoan, sistema guztiak ikusi ditugu: nor / nor-nori / nor-nork (pertsona guztiak) / nor-nori-nork. Hau arbelean azaldu diet, nire azalpena (“Orainaldiko ahalera igarobidea”) eta eskema (“Indikatibotik ahalerarako urratsak orainaldia”) arbelean jarrita, urratsez urrats edo pausoz pauso. Laburbilduz, Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusiak honakook dira:
- Nor orainaldiko adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). 14. orrialdeko lehenengo taulari erreparatu diogu.
- Nor-nori orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula): Indikatiboko orainaldiko ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu> dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio > dakizkiOke… Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror_ dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil_ dakiGUke…
- Nor-nork orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki –ZAKE bihurtzen da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. 14. orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan erreparatu diegu, ikasleak ohar daitezen, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen dutela, hau da, hasieran nor pertsona markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu > naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte > gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida_ zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak ariketak egitera derrigor_ gaitZAKE > haiek zuek haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz_ zaitZAKEtete…
- Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka: dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu (pluralean ere bai) eta NORI eta NORK pertsona marken artean, -KE tartekatuko dugu: Beraz: DIEZA(zki) + NORI pertsona marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue > diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu > diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin_ diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal digute = haiek guri lagun_ diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi_ diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz_ diEZAzkieKEte…
- Arratsaldeko taldean: Sistema bakoitzean, Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusiak gogorarazi ahala, praktiko bat egin behar izan dute ikasleek Indikatiboko adizkiak Ahalerara pasatzeko, taulei erreparatu gabe eta nik emandako trikimailuak aplikatuz. Jarraian, zuzendu egin dugu.
- AHOZKO ADIERAZPENA: Osakidetza, euskal osasun sistema publikoa (30´). Osasun arloari helduta, gaurkoan Osakidetza izan dugu hizpide. Binaka nahiz hirunaka bilduta, gai honetaz jardun dute solasean. Osakidetzaren funtzionamendua eraginkorra den ala ez, zertan egiten duen huts, zertan goraipa daitekeen, beste erkidego eta herrialde batzuetako sistemaren aldean zer abantaila eta desabantaila dituen, osasun sistema pribatuaren aldean zeintzuk, medikuen iraupena gaixo bakoitzarekiko, itxaron-zerrendak, Osakidetzako giza nahiz material baliabideak, prebentzio kanpainak, murrizketak, azkenaldi honetako mobilizazioak…
-
ETXERAKO
LANAK:
- Orainaldiko ahalera (nor, nor-nori, nor-nork eta
nor-nori-nork). Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko
ariketak. Arratsaldeko taldean: eginak izan behar lituzkete; egin dituztenek,
zuzen ditzatela neuk eman diedan erantzun orriarekin; egin ez dituztenak, garaiz
dabiltza egin eta zuzentzeko. Goizeko taldean,
gaur azaldu diedanez, gaur bidali dizkiet ariketa horiek (erantzunekin batera).
- Gaur
Osakidetzaz aritu gara solasean, baina medikuntza tradizionaletik haratago
badira bestelako sendabideak ere, medikuntza naturista eta akupuntura,
besteak beste. Horiei buruzko bakarrizketa fitxak eman dizkiet, binaka
adostuta, hurrengo eskolan elkarri horretaz hitz egin diezaioten.
-
EKARRI HAURRAK ETA MUGIKORRAK
-
Ekarri kausazko perpausen teoria
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina