2023/03/25

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 43. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 42.a. Martxoak 22 eta 23.

 

Arratsaldekoen  43. eskola eta goizekoen 42.a: 2023ko martxoaren 22 eta 23koa

-     Joan den egunean zuzendu genuen Zer egin behar nuke Googlek nitaz dakien informazio guztia ezabatzeko?  cloze-testa erreferentziatzat hartuta, lehenik, HAU GUZTIA / HAUEK GUZTIAK deklinabide taula ipini diet arbelean eta denon artean zuzentzeaz gain, taula osatua eman diet.

Ohar berezia merezi izan du NORTAZ edo ZERTAZ kasuak; izan ere,  honetaz guztiaz” da eta ez “honez guztiaz”. Hau da, gaia adierazteko, zertaz ari garen adierazteko, HONETAZ / HORRETAZ / HARTAZ GUZTIAZ erabiltzen da (eta ez HONEZ / HORREZ / HAREZ GUZTIAZ):

Gaur hainbat arazoZ (mugagabea, izenekin -Z) hitz egingo dugu = hainbat arazoRI BURUZ hitz egin dugu (arazoTAZ)

Gaur zure arazoAZ (sing.) aritu gara hizketan = zure arazoARI BURUZ aritu gara hizketan.

Gaur zure arazoEZ (plurala) hitz egingo dugu = zure arazoEI BURUZ hitz egin dugu.

Gaurko solasaldian,  HONETAZ hitz egingo dugu = HONI BURUZ hitz egingo dugu (honez hitz egingo dugu).

Baina egia da “honez” forma izan badela. Kontua da testu antolatzaile edo lokailu gisara erabiltzen dela, hau da, ideia bati beste bat eransteko edo gehitzeko, eta ez gaia adierazteko. Testu antolatzaile gisa erabiltzen dugunean, hiru aukera dira zilegi: HONEZ GAIN = HONETAZ GAIN = HONEZAZ GAIN:

Gaurko klasean, hasteko, baldintza lantzeko ariketak zuzenduko ditugu; gainera, entzungai bat jarriko dizuet; halaber, gramatika azalpen batzuk emango dizkizuet eta, HONEZ GAIN = HONETAZ GAIN = HONEZAZ GAIN, mintza saio bat egingo dugu sare sozialen gainean.

Oroitarazi diet, halaber, ohikoa dela hauetakoak iritzi artikulu nahiz gutun formalen azken ondorio edo konklusioa adierazteko lokailu gisa erabiltzea: HAU GUZTIA DELA ETA, HONEGATIK GUZTIAGATIK, ARRAZOI HAUENGATIK GUZTIENGATIK, HONEN GUZTIAREN ONDORIOZ…

-    Ondoren, zuzendu beharreko perpausak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Berriro gogorarazi diet lehenik erakuslea doala eta jarraian “guzti” zenbatzailea, aurrekoaren kasu berean deklinaturik. Baina erakuslea  mugagabean deklinatzen den bezala, “guzti” singularrean nahiz pluralean deklinatu beharko dutela. Horrek nahasaraz litzake.

-          Zuzendu berri dugun ariketan agertu zaizkigula-eta, arreta berezia eskaini diegu:

A)    Batetik, IRITZI aditzari. Aditz honek, trinkoa izan ala ez, ZERI edo NORI eskatzen du, IRUDITU aditzak ez bezala (nahiz eta biak esanahi berekoak izan). Hona hemen zenbait adibide:

§  HONI guztiARI zer DERITZOdan (= zer IRIZTEN DIOdan) galdetu dit = HAU guztiA zer IRUDITZEN ZAIdan galdetu dit.

§  Zer DERITZOZUE (= zer IRIZTEN DIOZUE) hurrengo klasea eskola ondoko zelaian emaTEARI? = Zer IRUDITZEN ZAIZUE hurrengo klasea eskola ondoko zelaian emaTEA?

§  Dabid, oso ongi DERITZOGU (=IRIZTEN DIOGU) hurrengo klasea kanpoan emaTEARI = Dabid, oso ongi IRUDITZEN ZAIGU hurrengo klasea kanpoan emaTEA.

B) Bestetik, honako egitura honi: -KO BA- + Indikatiboa. : Leku HORIETARA GUZTIETARA joan beharko nuke mundua ezagutuKO BADUT. Azkeneko egitura honi erreparatu diogu, atentzioa ematen baitu. Izan ere, ez da baldintza erreala (ezagutzen badut), ezta hipotetikoa ere (ezagutuko banu), bien arteko nahasketa bat baizik. Egitura berezia da. Aditz nagusiak –KO darama (baldintza hipotetikoak bezala) eta laguntzailea, berriz, Indikatiboko adizki erreala da (badut). Konbinazio bitxi honek adiera edo esanahi berezia du, helburuzkoa, “Zertarako?” galderari erantzuten diona:

“… mundua ezagutuKO BADUT = mundua ezaguTZEKO = mundua ezaguTZEARREN =  mundua ezagutu nahi badut”.

Hona hemen beste adibide batzuk:

Lana gogor egin beharko dut, gaindituKO BADUT (=gaindiTZEKO = gaindiTZEARREN = gainditu nahi badut).

Betaurrekoak jantzi beharko dituzu, ongi ikusiKO BADUZU (= ikusTEKO = ikusTEARREN  = ikusi nahi baduzu).

-          Goizeko taldean: Baldintzaren ondoren, zer datorkigu? Bada,….AHALERAko adizkiak!

EUSKAL AHALERA. Azalpen orokorra egin diet, Gramatika eta ariketak II liburuko 10. orrialdean daukatena. Dena den, 10. orrialdeko edukia nahiko nahasia izan daitekeelakoan, nik orrialde horren laburpen bat prestatu diet eta berau erabili dut nire azalpena egiteko, liburuko teoria baino argiago eta ordenatuago dagoelakoan (“Ahalera sarrera).

Ø  osaera (nola osatzen den)

Ø  aditzoinaren erabilera (salbuespenak salbuespen)

Ø  hiru aldiak (oraina, alegiazko edo hipotetikoa, iragana)

Ø  eta, azkenik, ezintasuna adierazteko aukera desberdinak:

ezin dut ikusi = ez dezaket ikus_ =  ezin dezaket ikus_ = ezin ikus_ dezaket;

ezin naiz isildu = ez naiteke isil_  = ezin naiteke isil_  = ezin isil_ naiteke.

 

Ø  EZIN DUT kaferik HARTU             EZIN NAIZ kontzentratu

Ø  EZ DEZAKET kaferik HAR_          EZ NAITEKE kontzentra_

Ø  EZIN DEZAKET kaferik HAR_      EZIN NAITEKE kontzentra_

Ø  EZIN HAR_ DEZAKET kaferik      EZIN kontzentra_ NAITEKE

-      Orainaldiko ahalera. Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko 1. ariketa egin dugu zuzenean. Aditzoinak sortu behar izan dituzte –I edo      –TU aditz-aspektu marka kenduta (gogorarazi izan badirela zenbait salbuespen).

-     Jarraian, Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko 2. ariketa egin dugu zuzenean. Ahalera adizki horiek orainaldikoak, alegiazko = hipotetikoak ala iraganekoak diren adierazi behar izan dute. Pistatxo bat: Hasieran D- baldin badauka, orainaldia den seinale; hasieran L- baldin badauka, alegiazko edo hipotetikoa den seinale (3. Pertsona) eta amaieran –EN baldin badarama, iraganekoa den seinale. 

-     Gramatika eta ariketak II  liburuko 11. orrialdeko  3. ariketan – ezintasuna nola adierazi – aukera bat baino gehiago daudenez, arratsaldeko taldean, erantzun-orria arbelean jarri eta zuzendu egin dugu ariketa, esaldi bakoitza lau modutan adieraziz; goizeko taldean, etxerako bidali ez nienez, zuzenean egin dugu. Ondoren, bi taldeetan erantzun-orria banatu dut.

Ohar bitez honako honetaz: Indikatiboa darabilgunean (“dut”, “naiz”…), partizipioa gehitu beharko diogu: “hartu”, “kontzentratu”; Ahalerako adizkiak (“naiteke”, “dezaket”…) erabiltzean, aldiz, aditzoina: “”har__”, “kontzentra__”.

EZIN DUT kaferik HARTU           EZIN NAIZ kontzentraTU

EZ DEZAKET kaferik HAR_        EZ NAITEKE kontzentra_

EZIN DEZAKET kaferik HAR_    EZIN NAITEKE kontzentra_

EZIN HAR_ DEZAKET kaferik  EZINKONTZENTRA_ NAITEKE

 

-   Gramatika eta ariketak II liburuko 12. orrialdera jo dugu ondoren; bertan, orainaldiko ahaleraren erabilera eta taula ezagunenak dituzte: NOR eta NOR-NORK 3. pertsona. Orainaldiko ahalera zertarako erabiltzen den ere azaltzen du (posibilitate hurbila, gerta daitekeen zerbait eta ahalmen edo gaitasun egiaztagarri bat adierazteko, baimena eskatzeko, mesedea eskatzeko eta proposamenak nahiz planak egiteko). Eurek etxean irakurria izan beharko lukete.

 

-   Horiek lantzeko, 13. orrialdeko ariketak (erantzunak banatu dizkiet eurek etxean zuzen ditzaten) eta nik emandako ariketa analitiko osagarriak egin dituzten galdetu diet eta zalantzarik baduten. Izanez gero, argitu. Nik ohartxo bat egin nahi izan diet:

OHARRA:  Errepara diezaiotela 13. orrialdeko 2. ariketako adibideari:

 

 Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena ulertzen du  = Ingelesez astiro hitz egiTEN BAdiote, dena uler dezake.

 

Hemendik zer ondorio atera daiteke? Ba, ahalera hau erabil daitekeela baldintza errealaren bigarren zatian, ondorio gisa:

o   Euria egiTEN BAdu, busti egingo gara = Euria egiTEN BAdu, busti egin_ gaitezke.

o   UlerTZEN ez BAduzu, irakasleari galdetu behar diozu = UlerTZEN ez  BAduzu, irakasleari  galde_ diezaiokezu.

o   Antsietateak jota baldin BAzabiltza, pastilla hau har ezazu = Antsietateak jota baldin BAzabiltza, pastilla hau har_ dezakezu.

-       Arratsaldeko taldean: Ondoren, Gramatika eta ariketak II liburuko 14. orrialdera jo dugu. Orainaldiko ahalerarekin jarraitu dugu, bai, baina oraingoan, sistema guztiak ikusi ditugu: nor / nor-nori / nor-nork (pertsona guztiak) / nor-nori-nork. Hau arbelean azaldu diet, nire azalpena (“Orainaldiko ahalera igarobidea”) eta eskema (“Indikatibotik ahalerarako urratsak orainaldia”) arbelean jarrita, urratsez urrats edo pausoz pauso. Laburbilduz, Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusienak honakook dira:

o   Nor orainaldiko adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). 14. orrialdeko lehenengo taulari erreparatu diogu.

 

o   Nor-nori orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula):  Indikatiboko orainaldiko          ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu> dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio > dakizkiOke… Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror_ dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil_ dakiGUke                                     

o   Nor-nork orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki        –ZAKE bihurtzen da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. 14. orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan erreparatu diegu, ikasleak ohar daitezen, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen dutela, hau da,  hasieran nor pertsona markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu > naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte > gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida­_ zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak ariketak egitera derrigor_ gaitZAKE > haiek zuek  haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz_ zaitZAKEtete 

 

o   Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka: dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu (pluralean ere bai) eta NORI eta NORK pertsona marken artean, -KE tartekatuko dugu:                               Beraz:                                                                             DIEZA(zki) + NORI pertsona marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue > diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu > diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin_ diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal digute = haiek guri lagun_ diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi_ diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz_ diEZAzkieKEte

-          Arratsaldeko taldean: Izenorde bihurkariak (“neure burua” eta kidekoak) lantzeko bazuten ariketa bat. Bertan, eskutitz bateko zenbait esaldi – erdarakadaz josia – zuzendu behar zituzten izenorde bihurkariak erabiliz. Arretaz zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez.

-       AHOZKO ADIERAZPENA: Hegatzeko garaia (arratsaldean, 20 bat minutuz; goizean, 30-40 minutuz). “EAEko gazteek batez beste 31 urterekin hartzen dute hegoak astintzeko, hots, gurasoen etxetik (=gurasoENETIK) joateko erabakia. Ikasketak berandu arte luzatzen dituzte, eta kualifikazio edo gaitasun-maila handiagoko lanpostuak lortzen dituzte. Bien bitartean, gurasoen etxean (=gurasoENEAN) jarraitzen dute”. Berria.info”. Albiste honetatik abiatuta, gaiaz solasean aritu gara.

 -  ETXERAKO LANAK:

1.HORI GUZTIA deklinabide taula osa dezatela.

2. Euskal egitura jatorrak 2023 (II)

3. Kausazko perpausei buruzko teoria irakurri eta ideia nagusiak azpimarra ditzatela, nahiz eta klasean laburbilduko diedan.

4. Botiken publizitatea deritzon cloze-testa, joan den astean bidalia, zuzen dezatela, nire azalpenei arretaz erreparatuta, eta idatzi zenbat egin dituzten ondo.

5. Idazlana, adizki hipotetikoak erabiliz: Bidegorria.

6. Arratsaldeko taldean: Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko ariketak egin ditzatela, orainaldiko ahalera (nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork) lantzekoak. Goizeko taldean, orain artekoak oraindik egin gabe baldin badituzte, (13. orrialdekoak eta neuk joan den egunean banatutako osagarriak) egin ditzatela.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina