2024/04/17

B2.2 mailako 43. eskola, 2024ko apirilaren 9koa (Aste Santu ostekoa)

 

43.  eskola:  2024ko apirilaren 9koa (Aste Santu ostekoa)

-          Orainaldiko Ahalerako adizkiak lantzeko indartze-ariketa zelan egin duten galdetu eta balizko zalantzak argitu. Urratsak gogorarazi dizkiet:

Nor orainaldiko adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). 14. orrialdeko lehenengo taulari erreparatu diogu.

 

Nor-nori orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula):  Indikatiboko orainaldiko          ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu> dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio > dakizkiOke… Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror_ dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil_ dakiGUke      

                               

Nor-nork orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki        –ZAKE bihurtzen da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. 14. orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan erreparatu diegu, ikasleak ohar daitezen, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen dutela, hau da,  hasieran nor pertsona markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu > naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte > gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida­_ zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak ariketak egitera derrigor_ gaitZAKE > haiek zuek  haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz_ zaitZAKEtete 

 

Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka: dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu (pluralean ere bai) eta NORI eta NORK pertsona marken artean, -KE tartekatuko dugu:                             Beraz: 

DIEZA(zki) + NORI pertsona marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue > diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu > diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin_ diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal digute = haiek guri lagun_ diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi_ diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz_ diEZAzkieKEte

-   Egungo emakumeei buruzko ulermen-jarduera zuzendu dugu, Karmele Jaiorena, “Andreak” izenekoa. Bertan, ikasleek zenbait esaldi txertatu behar izan dituzte testuan, hiru distraktoreak saihestuz.

-          Zuzendu berri dugun testuko esaldi bat hartu dugu abiapuntu:

hain ikusten dira konbentzituta egiten ari direnaz, hain duin, beraien malla, zapatila eta ibiltzeko jakekin, gozamena ematen du haiek ikustea”.

Esaldi hori aitzakiatzat hartuta, ondoriozko perpausen erabilera azaldu diet adibideen bidez. Ikus dezaketen bezala, egitura hauek guztiak dira erabilgarriak eta esanahi berekoak:

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan,  pertsona batzuk ezin izaten dira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, NON pertsona batzuk ezin izaten dira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, EZEN pertsona batzuk ezin izaten dira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, NON pertsona batzuk ezin izaten BAITira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, NON pertsona batzuk ezin izaten dirEN bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, EZEN pertsona batzuk ezin izaten BAITira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, EZEN pertsona batzuk ezin izaten dirEN bagoietan sartu.

Denak berdinak dira. Ikusten duzuenez, aukera anitz dituzue. Oker dagoen bakarra honako hau duzue, gaztelaniatik kalkatua izateagatik:

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, pertsona batzuk ezin izaten dirELA bagoietan sartu (gaztelaniaren kalkoa delako, “anda tanta gente…que…”ren kalkoa, alegia, erderakada).

HAIN gustura gaude, pena ematen digu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, NON pena ematen digu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, EZEN pena ematen digu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, NON pena ematen BAITigu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, NON pena ematen diguN ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, EZEN pena ematen BAITigu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, EZEN pena ematen diguN ikasturtea amaitzeak.

= HAIN gaude gustura,…

Denak berdinak dira. Oker dagoena honako hau da:

HAIN gustura gaude, pena ematen diguLA ikasturtea amaitzeak (erdarakada delako, “estamos tan agusto, que…”ren kalkoa).

HEMOS ESTUDIADO TANTO, QUE ESPERAMOS APROBAR EL EXAMEN J

Hainbeste ikasi dugu, azterketa gainditzea espero dugu.

Hainbeste ikasi dugu, NON azterketa gainditzea espero dugu.

Hainbeste ikasi dugu, EZEN azterketa gainditzea espero dugu.

Hainbeste ikasi dugu, NON azterketa gainditzea espero BAITugu.

Hainbeste ikasi dugu, NON azterketa gainditzea espero duguN.

Hainbeste ikasi dugu, EZEN azterketa gainditzea espero BAITugu.

Hainbeste ikasi dugu, EZEN azterketa gainditzea espero duguN.

Hainbeste Ikasi dugu, azterketa gainditzea espero duguLA.

-        Genero berdintasunari buruz ari gara azkenaldi honetan. Etxerako bazuten irakurgai bat, “Gaztea, liraina eta argala izan behar duzu…emakumezkoa bazara” izenekoa. Testu horretan argi adierazten da, telebistako emakumezko aurkezleei, gizonezkoei ez bezala, horrelako ezaugarriak eskatzen zaizkiela, berdintasunik ezaren seinale. Emakumeei askotan argalak eta lirainak izatea eskatzen zaie, gizonezkoei ez bezala, baina egia da, halaber, gero eta gizon gehiago direla itxuraz arduratzen direnak. Fashion izan nahi, kosta ahala kosta izeneko ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ulermen itemak ez ezik, sinonimoak ere zuzendu ditugu. Oharrak (ale bana eman diet):

o   Ziztu bizian = ziztu batean etorri naiz (= oso azkar).

o   Jo! Autoa bi minutuz utzi (dut) eta isuna jarri didate! Marka da, gero!! = Hori ere ikusi behar! = Hamaika ikusteko / entzuteko jaioak gara!

o   Bertsua (=beretsua) = antzekoa

o   Istripu baten berri izan dut = jakin dut istripu bat gertatu dela

o   Istripu baten berri eman dizuet = jakinarazi dizuet istripu bat gertatu dela.

OHARRA: ZEREN + BERRI +IZAN / EMAN egiturak aditza beti singularrean darama, nahiz eta ZEREN kasua pluralean egon: Arazo batzuEN (pl.) BERRI EMAN DIT (dizkit); Ingurukoei gure asmoEN (pl.) BERRI EMAN GENIEN (genizkien); Hilabete honetako gastuEN (pl.) BERRI EMAN ahal DIDAZU? (dizkidazu).

 

o   Gai honen harira / harian / haritik = ildo berean / beretik = honekin lotuta = gai honekin duen zerikusiagatik… (euren idazlanetarako lokailu egokia).

Azkenik, jardueraren amaieran duten taulatxoari arretaz erreparatu diogu; bertan datorkie  GERO(Z) ETA... –AGO/-AGOA/-AGOAK konparaziozko egitura, bilakaera adierazten duena. Behin baino gehiagotan ohartarazi izan ditut ohiko akats honetaz ere: zenbat eta... gero eta... eta ordena egokiaz:

GERO(Z) ETA…-AGO/A/AK + aditza. Hona hemen ikasleen idazlanetako zenbait akats: Egun, gero eta gehiago hegazkinez bidaiatzen dugu > Egun, gero eta gehiago bidaiatzen dugu hegazkinez. Gaur egungo gaztetxoak gero eta lehenago ordenagailua erabiltzen hasten dira > Gaur egungo gaztetxoak gero eta lehenago hasten dira ordenagaiua erabiltzen. Gero eta gutxiago kotxeak lorez beteta ikusten dira > Gero eta gutxiago ikusten dira kotxeak lorez beteta = Gero eta kotxe gutxiago ikusten dira lorez beteta.

-       AHOZKO ADIERAZPENA: Fashion izan nahi kosta ahal kosta (30-35´) testuaren atzeko aldean datozen mintzarako lehen lau puntuak izan ditugu mintzagai, bakoitzerako denbora-tarte mugatua utzita.

-          Etxerako lanak:

o   Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko ariketak egin ditzatela, orainaldiko ahalera (nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork) lantzekoak (erantzun-orria banatu diet).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Aniztasunari buruzko bitartekotza fitxak presta ditzatela: 3. 4. eta 5. fitxak

o   Max Factor izeneko ulermen jarduera, testua esaldiekin txertatzean datzana.

o   Ondoriozko perpausak. Gramatika eta ariketak II liburuko 204-205. orrialdeetan daukate teoria, 56. gaian, alegia (azalpena nahasia iruditzen zait, nik uste nahikoa dutela adibideei erreparatzea. Konturatuko dira adibide horietako aukerak nik ipini dizkiedan berak direla).

o   Ondoren, ondoriozko egitura hauek (kontsekutiboak, gaztelaniaz) lantzeko, Gramatika eta ariketak II liburuko 206 eta 207. orrialdeetako ariketak egin ditzatela. Hori bai, 2. ariketa ez dezatela egin (erantzun-orria ere banatu diet, egin ahala eurek zuzen ditzaten).

-   Oraindik eginak ez badituzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

o   Baldintza Hipotetikoa eta Irreala errepasatzeko ariketak (eta erantzunak).

o   Orainaldiko Ahalera lantzeko indartze-ariketa. Bertan, 50 esaldi ipini dizkizuet, AHAL + indikatiboa erabiliz. Zuek horren baliokidea den ahalerako adizkia erabili beharko duzue (ahaztu gabe aditzari –I /-TU kentzea, hau da, “aditzoina” erabiltzea, salbuespenak salbuespen). Nahasian dituzue NOR, NOR-NORI (3. pertsonak), NOR-NORK (guztiak) eta NOR-NORI-NORK sistemak. Egin eta zuzen itzazue (erantzunak ere badituzue).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II) (gelan zuzenduko dugu).

o   Kausazko perpausak. Irakurri teoria txostena.

o   Luis eta Benjamin Gomez arkitektoak. Entzunaren ulermena lantzeko ariketa (entzungaia eta erantzun-orria, blogean eskuragarri).

o   Botiken publizitatea  izeneko cloze-testa (ebazpen eta azalpen orriak ere eman dizkizuet).

o   AUKERAKO JARDUERA-SORTA: Hilekoagatik baja eman behar     LITZATEKE? izeneko jarduera multzoa (erantzunak blogean eskura):

o   Jarraitu irakurtzen “33 ezkil” eleberria (Miren Gorrotxategi).

o   Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feministaizeneko ulermen-jarduera, galderak eta erantzunak uztartzekoa.

o   Arrasto digitala izeneko cloze-testa.

o   Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina