2024/04/19

B2.2 mailako 46. eskola, 2024ko apirilaren 19koa

 

46.  eskola:  2024ko apirilaren 19koa

-   Lacoste eta bere krokodilo famatua jarduera zuzendu dugu. Bertan, hainbat esaldi txertatu behar zituzten; bestalde, testuan agertutako hainbat hitz euren sinonimoekin uztartu behar zituzten. Azkenik, 3. ariketa (esaldiak berridaztekoa) zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Besteak beste, berridazketa horietan BERRIren bi erabilera desberdin agertu zaizkigu:

-        A) “75 urte bete berri(ak) ditu”:  aditz partizipioa + berri(a): ekintza hori oraintsu, berriki, orain dela gutxi gertatu dela adierazten du: etorri berria, ireki berria, bete berria, ikusi berria, estreinatu berria, iritsi berria, jaioberria, ezkonberria...

Adibidez:

-          Denda hori zabaldu berria da ; lehen, lokal horretan ileapaindegi bat zegoen.

-          «Printze txikia » musikala estreinatu berria da.

-          Aneren bigarren semetxoa  jaioberria da.

-          Ezkonberriek ezin izango dute bidaiarik egin.

-          Politikari ustel hori  zigortu berri_ dute = orain dela gutxi zigortu dute = duela gutxi zigortu dute = berriki zigortu dute = oraintsu zigortu dute.

-          Denda hau zabaldu BERRIA da.

-          Denda hau zabaldu BERRI(a) dute;  lege hori indarrean jarri BERRI(a) dute; ariketa zuzendu BERRI(a) dugu.

-          Bitxilore hauek zelaian bildu BERRI(ak) ditut.

OHARRA: Euskaldun zaharrek badute honen kontrakoa esateko joera ere: Ez da etorri zaharra.

-     B) “apustu honen berri izan zuen”:  ZEREN berri izan: Zerbaiti buruzko informazioa jasotzea, jakitea edo “enteratzea” / ZEREN berri eman: zerbaiti buruzko informazioa ematea, besteei jakinaraztea.

Adib.: Badut horren berri (=badakit). Renon euskara ikasteko beka baten berri izan dut. Irratiak istripu baten berri eman du. Euskara ikasle-txartelaren berri eman nizuen orain dela hilabete.

OHARRA: Beti singularrean darama aditza, nahiz eta ZEREN kasua pluralean egon: Arazo batzuEN (pl.) BERRI EMAN DIT (dizkit); Ingurukoei gure asmoEN (pl.) BERRI EMAN GENIEN (genizkien); Hilabete honetako gastuEN (pl.) BERRI EMAN ahal DIDAZU? (dizkidazu).

-    Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa lantzeko Gramatika eta ariketak II liburuko 19. orrialdeko ariketak egin dituzten galdetu eta balizko zalantzak argitu.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-         Ariketa horietan, bi ohar egin dizkiet:

o   3. ariketan: “Aizu, Idoia, ez dakit ariketa nola egin. (Zer egin behar den) azal_ ZENIEZADAKE (zer egin behar den)?”

Galdetzailearen (zer, noiz, nola, norekin, nondik…) ondoren, adizki jokatua erabiltzen badugu, zehar-galdera denez, -(e)N gehitu behar zaio: Azal zeniezadake ZER egin behar dEN? = … ZER egin behar dudaN?; azal zeniezadake NOLA egin behar dEN?= …NOLA egin behar dudaN?

Norbaitek ba al daki horrelako egoeren aurrean NOLA jokatu behar dEN?

Bada galdetzaileekin erabiltzeko beste aukera bat: partizipioa. Hori bai, galdetzailea + partizipioa erabiltzeko, inpertsonala ez denean, subjektu bera izan behar du bi esaldietan; bestela, ezin da egitura hori erabili.

Ez dakit (nik) ZER egingo dudaN (nik) = Ez dakit ZER egin (part.).

Ez dakit (nik) ZER egingo duzuN (zuk) = EZ dakit ZER egin.

Nik badakit horrelako egoeren aurrean (nik) NOLA jokatu behar dudaN = nik badakit horrelako egoeren aurrean NOLA jokatu (part.)

Nik badakit horrelako egoeren aurran zuek NOLA jokatu behar duzuEN = Nik badakit horrelako egoeren aurrean zuek NOLA jokatu.

Galdetzaileekin sekula erabili behar ez duguna nominalizazioa da: Zuk argi al daukazu  ZEIN karrera egin? (zein karrera egitea).

Ez dakit berarekin  NOLA hitz egin (part.) (nola hitz egitea) nire hitzekin ez mintzeko. Ez dakit gai honetaz NOREKIN hitz egin (part.) (norekin hitz egitea) = Ez dakit gai honetaz NOREKIN hitz egingo dudaN.

Ez dakit horrelako opari bitxiak NON erosi (part.) (non erostea) = Ez dakit horrelako opari bitxiak NON eros daitezkeEN.

Zineman ez dakit ZER ikusi (part.) (zer ikustea) = Zineman ez dakit ZER ikusiko dudaN.

Guk badakigu horrelako egoeren aurran NOLA jokatu (part.) (nola jokatzea) = Guk badakigu horrelako egoeren aurrean NOLA jokatu behar dEN / duguN.

o   2. ariketan: “Trena barik (=trena hartu beharrean) autobusa hartuko bazenu, zer ordutan hel_ ZINTEZKE?”

Esaldi honek horretarako aitzakia eman didanez, BEHARREAN azaldu diet.  Nahiz eta esanahi bakarra duen, hiru erabilera desberdin ditu:

§   Bi osagai aurkajarriz (adiz bera dutelarik).

§   Bi aditz desberdin aurkajarriz eta bigarren aditza EGINekin  indartuz, predikatuan beste osagairik ez dagoenez, aditza delako galdegai edo protagonista eta beraz, derrigorrez markatu behar delako.

§  Bi aditz aurkajarriz baina bigarrena indartu gabe, bigarren aditz horrek badaramalako beste osagairen bat eta beraz, aditza ezin delako izan protagonista edo galdegaia, beste osagai hori baizik. Ondorioz, aditz partizipio horrek ez darama EGIN indartzailerik.

-  Internet eta sare sozialen gaiari helduta, zibersegurtasunari buruzko ulermen-jarduera – “Ziberseguruak al gara? –, esaldiak testuan txertatzekoa (bi distraktoreak saihestuz), zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Honako ohar hauek egin dizkiet:

o   Indarrean jarri / indarrean egon (lege bat, arau bat, neurri bat…). Adib.: Indarrean jarri dute abortuaren aurkako lege berria. Indarrean dago arau hori. Indarrean dagoen legediaren arabera, galarazita dago (=debekatuta dago) kongresuaren aurrean elkarretaratzeak egitea. Birusaren hedapenari aurre egiteko, hainbat neurri jarri ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak.

o   Pentsatzeak (zerk) beldurrak airean jartzen nau.

      Pentsatze hutsak (zerk, baina indartua) beldurrak airean jartzen nau.

o   Beldurrak airean nago (=oso beldurtuta nago)

o   Kirioak airean nago = nerbioak airean nago (=oso urduri nago).

o   Pozak airean nago (=oso pozik) = pozez txoratzen nago.

-   AHOZKO BITARTEKOTZA: Diskriminazioa edo bazterkeria (3, 4 eta 5. grafikoak) arrazoi askorengatik izan daiteke: emakume izateagatik, beste kultura nahiz erlijio batekoa izateagatik… Horregatik da oinarrizkoa eta ezinbestekoa diskriminazio oro errotik (=sustraitik) saihestea eta gure gizarteko aniztasuna onartzea nahiz errespetatzea. Hauxe da, hain zuzen ere, Irungo HEOko Hezkuntza Proiektuaren helburuetako bat: gure eskolako aniztasunak aintzat hartzea eta hauen trataera lantzea. Aniztasun hori lau motatakoa izan daiteke: genero aniztasuna, kultur aniztasuna, aniztasun sozio-ekonomikoa eta gaitasun pertsonalen aniztasuna.

Zure semeak / alabak gure Hizkuntza Eskolan ikasten du eta aniztasunaren gaia interesgarria iruditzen zaio eskolarako lan bat egiteko. Horretarako, grafiko batzuk bildu ditu han-hemen, baina lanak ditu grafiko horiek ulertzeko (=kosta egiten zaio ulertzea). Lagun iezaiozu.

-   AHOZKO ADIERAZPENA: Elkarrizketa: Elikadura osasungarria, osasuntsu egon gaitezen. Laugarren eta bosgarren puntuak izan ditugu mintzagai.

            Elikadura osasunGARRIA[1], osasunTSU egon gaitezen

o   Nolakoa izan behar luke zure ustetan elikadura osasungarriak? Zer jan behar litzateke? Hobe al da barazki-jaleak edo beganoak izatea haragia jan beharrean? Gizakia ez al da, ba, berez, orojalea? Tokian tokiko eta sasoian sasoiko (=garaian garaiko) produktuak erosteko joerarik ba al dago? Elikadura osasungarria garestia da?

o Elikadura desegokiak eragin ditzakeen gaixotasunak: gizentasuna, anorexia, kolesterola, diabetesa… Adituen esanetan, gizentasuna arazo larria bihurtzen ari da: “2030ean herritarren %60 lodiak (=gizenak) izango gara”. “Euskal Herrian duela 15 urte baino hiru bider ume gizen gehiago dago”.

-          Etxerako lanak:

o   Alegiazko ahalera edo hipotetikoa lantzeko indartze-ariketa (erantzunekin): “Alegiazko ahalerak edo hipotetikoak eragiten dizkigun buruhausteak!

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Nola bihurtu zure etxea ziberleku segurua” eta Zibersegurtasuna haurrekin”. Ikasleek binaka adostuta, bitartekotza ariketa hau presta dezatela etxean, asko jota 15 minutuz.

o   Iritzi artikulua: Bi gai aukeran: Fashion izan nahi, kosta ahala kosta / Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna edo berdintasun eza.

o   Edertasuna izeneko ulermen-jarduera, testua esaldi zatiekin osatzean datzana.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

·         EKARRI KAUSAZKO PERPAUSEN TEORIA

·         EKARRI ARRASTO DIGITALA

-  Oraindik eginak ez badituzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

o   ALEGIAZKO AHALERA edo HIPOTETIKOA. Gramatika eta ariketak II liburuko 5. gaiko ariketak (19. orrialdea) (erantzun-orria ere banatu diet).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

o   Zuzendu ondoriozko perpausak edo kontzesiboak lantzeko berridazketak nire erantzun-orriekin.

o   Beste emakume aitzindari = aurrendari = bide-urratzaile bat: Remigia Etxarren. Berari buruzko cloze-testa (erantzunak eta azalpenak ere banatu dizkiet, eurek zuzen dezaten eta zuzendu ez ezik, nik idatzitako azalpenei arretaz errepara diezaieten): Remigia Etxarren, bizitza hari-harian.

o   Egitura, esapide eta esamolde jatorrak euskaraz (II) (gelan zuzenduko dugu).

o   Kausazko perpausak. Irakurri teoria txostena.

o   Arrasto digitala izeneko cloze-testa.

o   Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txertatu behar dira hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] OsasunGARRIa: osasuna eragiten edo ematen duena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina