42. eskola: 2025eko martxoaren 18koa
- Gramatika: konparaziozko perpausak. Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketatik (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua) (187. fitxa). Azken sei esaldiak egin behar zituzten. Zuzendu egin ditugu:
i. Loliren senarrak gauza asko dakiela dirudi, baina ez daki horrenbeste, sasijakintsu[1] hutsa da.
Beraz, Loliren senarrak EZ daki dirudiEN (=ematen duEN) ADINA = BESTE (gauza_), sasijakintsu hutsa da.
ii. Banandutako senar-emazte horiek orain (A) ezkonduta zeudenean (B) BAINO HOBETO konpontzen (=moldatzen) dira elkarrekin. Beraz:
Banandutako senar-emazte horiek ezkonduta zeudenean (B) EZ ziren (konpontzen = moldatzen) (elkarrekin) orain (A) BEZAIN ondo = ongi (konpontzen = moldatzen) (elkarrekin).
Banandutako senar-emazte horiek orain (A) EZ dira (konpontzen = moldatzen) (elkarrekin) ezkonduta zeudenean (B) BEZAIN gaizki = txarto konpontzen (elkarrekin).
Banandutako senar-emazte horiek ezkonduta zeudenean
(B) orain (A) BAINO OKERRAGO (gaizkiago) konpontzen = moldatzen ziren
(elkarrekin).
iii. Hiri handiak (A) herri txikiak (B) BAINO zaratatsuAGOAK izaten dira. Beraz:
Hiri handiak (A) EZ dira (izaten) herri txikiak (B) BEZAIN isilak = lasaiak (izaten).
Herri txikiak (B) EZ dira (izaten) hiri handiak (A) BEZAIN zaratatsuak (izaten).
Herri txikiak (B) hiri handiak (A) BAINO isilAGOAK = lasaiAGOAK izaten dira.
iv. Ingeniaritza ikastea (A) filologia ikastea (B) BAINO zailAGOA da. Beraz:
Ingeniaritza ikastea (A) EZ da filologia ikastea (B) BEZAIN erraza = samurra.
Filologia ikastea (B) EZ da ingeniaritza ikastea (A) BEZAIN zaila.
Filologia ikastea (B) Ingeniaritza ikastea (A) BAINO errazAGOA da.
v. Loreak eta Leirek (A) Anderrek (B) BAINO nota HOBEAK ateratzen dituzte. Beraz:
Loreak eta Leirek (A) EZ dituzte (ateratzen) Anderrek (B) BEZAIN nota txarrak (ateratzen).
Anderrek (B) EZ ditu (ateratzen) Loreak eta Leirek (A) BEZAIN nota onak (ateratzen).
Anderrek (B) Loreak eta Leirek (A) BAINO nota txarrAGOAK ateratzen ditu.
vi. Hiriguneko bizitza-erritmoa (A) auzoetakoa (B) BAINO estresagarriAGOA izaten da. Beraz:
Hiriguneko bizitza-erritmoa (A) EZ da (izaten) auzoetakoa (B) BEZAIN lasaia = lasaigarria (izaten).
Auzoetako bizitza-erritmoa (B) EZ da (izaten) hirigunekoa (A) BEZAIN estresagarria (izaten).
Auzoetako bizitza-erritmoa (B) hirigunekoa (A) BAINO lasaiAGOA = lasaigarriAGOA izaten da.
- Inauterien historia (244.fitxa): Idatziaren ulermen-jardueraren zuzenketa azkarra.
- Horoskopoak esanda bezalaxe (245. fitxa): Idatziaren ulermen-jardueraren zuzenketa azkarra. Identifikazio pertsonalaren gaiaren barnean, gure izaeraren (izaera: izateko era edo modua) adierazle izan daitezke horoskopoak, horretan sinetsiz gero, jakina. Gaurkoan, “Horoskopoak esanda bezalaxe” ulermen-jarduera zuzendu dugu, esaldiak testuan txertatzean datzana. Arreta berezia merezi izan du egitura kontzesibo honek:
Datorrena datorrela, prest egon zaitez ( edozer etorrita ere, edozer etorri arren…)
Egiten duzuna egiten duzula, irakaslea ez da zurekin haserretuko (edozer eginda ere, edozer eginik ere, edozer egin arren…)
Zoazen tokira zoazela, hango ohiturak errespeta itzazu (edozein tokitara joanda ere, edozein tokitara joan arren…)
Ikusten duzuna ikusten duzula, zuk ez esan ezertxo ere inori (edozer ikusita ere, edozer ikusi arren…)
- Guraso izateko modu asko daude izeneko elkarrizketako hainbat esaldi berridatzi behar zituzten etxean. Hori zuzentzen jardun dugu. Lehenengo bostak zuzendu ditugu, beharrezko azalpenak emanez (zuzenketa-oharrak). 25 esaldi dira, ikasleek nik emandako egiturak erabiliz berridatzi behar zituztenak. Berridazketa batzuk ongi etorri zaizkigu zenbait eduki errepasatzeko (perpaus kontzesiboak, esaterako); beste batzuetan, berriz, egitura berriak agertu zaizkigu, hala nola, 2., 13. eta 18. berridazketetan agertu zaiguna: Ez du ZERTAN txarra IZAN = Ez du txarra IZAN BEHARRIK. Hurrengo egunean azaltzekotan geratu naiz.
Atera zaizkigun egiturak:
a. Bilakaera adierazten duten denborazkoak: part. + AHALA, aditz jokatua + -(e)N HEINEAN = -(e)N NEURRIAN, ZENBAT ETA…-AGO(a), ORDUAN ETA…-AGO(a).
b. NOREN edo ZEREN INGURUAN = NOREN edo ZEREN GAINEAN = NORI edo ZERI BURUZ.
c. a EZ EZIK, b ERE.
d. -T(z)EAZ GAIN.
e.
EZ BAKARRIK a, b ERE. (baizik)
f. a NAHIZ b = a ZEIN b.
g. BAI a, BAI b.
- EZ EZIK…ERE erabiltzeko ikasle batzuek dituzten zailtasunak ikusirik, gogorarazi diet:
i. (a) EZ EZIK, (b) ERE egitura erabiltzen dugunean, aditza (b) osagaiarekin komunztatu behar dela:
Alvaro eta Iban atzean eserita daude (plurala).
Baina…
Alvaro (a) EZ EZIK, Iban (b) ERE atzean eserita dago.
Alvaro (a) EZ EZIK, ni (b) ERE atzean eserita nago.
Alvaro (a) EZ EZIK, zu (b)ERE atzean eserita zaude.
Alvaro (a) EZ EZIK, David eta Iban (b) ERE atzean eserita daude.
ii. bi osagai elkartzeko, lotzeko edo uztartzeko erabiltzen dela egitura hau eta bi osaga horiek ezinbestean kategoria gramatikal berekoak izan behar dutela (bi izen, bi izenondo, bi aditzondo, bi aditz partizipio…). Beste modu batera esanda, “ez ezik” eta “ere”ren aurreko bi osagaiek galdera berari erantzun behar diote (Zer? Noiz? Nola? Norekin? Zer ekintza?...).
iii.
Gainera, uztartzen diren bi osagaiak aditzak direnean,
lehenengoa derrigorrez partizipioa izaten da (ez aditz jokatua!!!: joan naiz ez ezik, ikusi dugu ez ezik,
egin ditugu ez ezik…) eta bigarrena nahitaez indartu egin behar da, EGIN indartzailea erabiliz
edo aditz bera errepikatuz.
iv. Azkenik, aipatu diet EZ EZIK…ERE egitura, oro har, ongi erabiltzen dutela beste edozein kategoria uztartzeko, baina bi aditz lotzerakoan askotan oker egiten dutela; izan ere, ez da batere erraza: batetik, kontuan izan behar da bi aditz horiek partizipioak izan behar dutela eta ez adizki jokatuak; bestetik, derrigorrezkoa da bigarrena indartzea:
Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onartu (part.) (1. osagaia) EZ EZIK, hemengo askoren mespretxua jasan (part.) (2. osagaia) ERE egiten dute = …jasan (part.) (2. osagaia) ERE jasaten dute.
Horrelako ur handietan sartu nahi izan ezean, hona hemen beste aukera bat gauza bera adierazteko, samurragoa dena:
Etorkinek hona etortzen direnean, edozein lan onarTZEAZ GAIN, hemengo askoren mespretxua jasaten dute.
Ahalera hipotetikoa errepasatu (part.) EZ EZIK, lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE egingo dizuet = … lehenaldiko ahalera azaldu (part.) ERE azalduko dizuet.
= Ahalera hipotetikoa errepasaTZEAZ GAIN, lehenaldiko ahalera azalduko dizuet.
- ENTZUNAREN ULERMENA: Xabier Madariaga: “Kostu ekonomiko altua du baina oso pozik gaude”(0,9)(2x10=20´). Bitartekotza edo mediazioa. Izenburu horren pean, EITBko kazetari Xabier Madariagari egindako elkarrizketa izan dugu entzungai. Behin entzun dugu. Ikasleak binaka jarrita, bikotekide bakoitzak entzungaiaren zati bati jarri dio arreta – lehenengo zatiari ala bigarrenari – , ahalik eta datu eta informazio gehien biltzeko. Entzun ahala, eskematxo batean ideiarik esanguratsuenak edo adierazgarrienak idatzi dituzte, gero bikotekideari ahoz azaltzeko.
Andoaingo Aran eta Arianek osatutako bikote homosexuala ezagutu genuen. Haur bat izateko hautua (=aukeraketa) egin zuten eta Aran Olaiaz erditu zen. Biak gizonezkoak direnean, ordea, bestelako hautabide bat hartu behar izaten da, hala nola, adopzioa edota haurdunaldi subrogatua deritzona (=izenekoa). Halaxe egin zuten Euskal Irrati Telebistako kazetari eta lehenago Parisko berri-emaile zen Xabier Madariagak eta bere bikotekide Urko Pikazak. Lea eta Jon bikiak haurdunaldi subrogatuaren bidez izan zituzten eta esperientzia (=bizipen) ahaztezin honen berri eman digute Faktoria saioan.
- AHOZKO BITARTEKOTZA: Xabier Madariaga: “Kostu ekonomiko altua du baina oso pozik gaude”. Binaka adostu bezala, bikoteetako kide bakoitzak bere zatia laburbildu dio ahoz bikotekideari. Amaitutakoan, neuk ateratako ideiak idatziz banatu dizkiet, etxean irakurri eta informazioa zenbateraino jaso duten ikus dezaten.
- Etxerako lanak:
- Konparaziozkoak lantzeko berariaz prestatutako errepaso-testa (Etxebizitzak alderatzen. Testa).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Nik emandakoarekin, egiazta dezatela Xabier Madariagari egindako elkarrizketako ideia esanguratsuenak jaso dituzten eta zenbateraino ibili diren zuzen informazio hori kideari azaltzean.
- Bitartekotza fitxak presta ditzatela: Merkealdia. Baliarazi zure eskubideak eta Gorabehera handirik ez eguneroko saskian
- EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Igogailuan izeneko ulermen-jarduera (246. fitxa)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina