2025/03/26

B2.2 mailako 44. eskola, 2025eko martxoaren 20koa

 

44. eskola: 2025eko martxoaren 20koa

-   AHALERA. Hasteko, joan den eguneko azalpena laburbildu eta Gramatika eta ariketak II liburuko 11. orrialdeko 1. eta 2. ariketetan zalantzarik baduten galdetu diet. 2. ariketari dagokionez, ahalera adizki horiek orainaldikoak, alegiazko = hipotetikoak ala iraganekoak diren adierazi behar izan dute. Pistatxo bat: Hasieran D- baldin badauka, orainaldia den seinale; hasieran L- baldin badauka, alegiazko edo hipotetikoa den seinale (3. pertsona) eta amaieran –EN baldin badarama, iraganekoa den seinale. 

-   Gramatika eta ariketak II  liburuko 11. orrialdeko  3. ariketan – ezintasuna nola adierazi – aukera bat baino gehiago daudenez, erantzun-orria arbelean jarri eta zuzendu egin dugu ariketa, esaldi bakoitza lau modutan adieraziz. Ondoren, erantzun-orria banatu dut.

Ohar bitez honako honetaz: Indikatiboa darabilgunean (“dut”, “naiz”…), partizipioa gehitu beharko diogu: “hartu”, “kontzentratu”; Ahalerako adizkiak (“naiteke”, “dezaket”…) erabiltzean, aldiz, aditzoina: “”har__”, “kontzentra__”.



EZIN DUT kaferik HARTU           EZIN NAIZ kontzentraTU

EZ DEZAKET kaferik HAR_        EZ NAITEKE kontzentra_

EZIN DEZAKET kaferik HAR_    EZIN NAITEKE kontzentra_

EZIN HAR_ DEZAKET kaferik  EZINKONTZENTRA_ NAITEKE

 

-  Gramatika eta ariketak II liburuko 12. orrialdera jo dugu ondoren; bertan, orainaldiko ahaleraren erabilera eta taula ezagunenak dituzte: NOR eta NOR-NORK 3. pertsonakoak. Orainaldiko ahalera zertarako erabiltzen den ere azaltzen du (eurek etxean irakurria izan behar lukete):

a.       Posibilitate hurbila, gerta daitekeen zerbait eta ahalmen edo gaitasun egiaztagarri bat adierazteko.

b.      Baimena eskatzeko.

c.       Mesedea eskatzeko.

d.      Proposamenak nahiz planak egiteko.

 

-     Horiek lantzeko, 13. orrialdeko ariketak (erantzunak banatu nizkien eurek etxean zuzen zitzaten) eta nik emandako ariketa analitiko osagarriak egin dituzten galdetu diet eta zalantzarik baduten. Izanez gero, argitu. Nik ohartxo bat egin nahi izan diet:

OHARRA:  Errepara diezaiotela 13. orrialdeko 2. ariketako adibideari:

 

 Ingelesez astiro hitz egiten badiote, dena ulertzen du.  

= Ingelesez astiro hitz egiTEN BAdiote, dena uler dezake.

 

Hemendik zer ondorio atera daiteke? Ba, ahalera hau erabil daitekeela baldintza errealaren bigarren zatian, ondorio gisa:

Euria egiTEN BAdu, busti egingo gara.

= Euria egiTEN BAdu, busti egin_ gaitezke.

UlerTZEN ez BAduzu, irakasleari galdetu behar diozu.

 = UlerTZEN ez  BAduzu, irakasleari  galde_ diezaiokezu.

Antsietateak jota baldin BAzabiltza, pastilla hau har ezazu.

 = Antsietateak jota baldin BAzabiltza, pastilla hau har_ dezakezu.


- Ondoren, Gramatika eta ariketak II liburuko 14. orrialdera jo dugu. Orainaldiko ahalerarekin jarraitu dugu, bai, baina oraingoan, sistema guztiak ikusi ditugu: nor / nor-nori / nor-nork (pertsona guztiak) / nor-nori-nork. Hau arbelean azaldu diet, nire azalpena (“Orainaldiko ahalera igarobidea”) eta eskema (“Indikatibotik ahalerarako urratsak orainaldia”) arbelean jarrita, urratsez urrats edo pausoz pauso. Laburbilduz, Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusienak honakook dira:

Nor orainaldiko adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). 14. orrialdeko lehenengo taulari erreparatu diogu.

 

Nor-nori orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula):  Indikatiboko orainaldiko          ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu> dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio > dakizkiOke… Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror_ dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil_ dakiGUke                                      

 

Nor-nork orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki        –ZAKE bihurtzen da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. 14. orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan erreparatu diegu, ikasleak ohar daitezen, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen dutela, hau da,  hasieran nor pertsona markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu > naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte > gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida­_ zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak ariketak egitera derrigor_ gaitZAKE > haiek zuek  haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz_ zaitZAKEtete 

 

Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka: dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu (pluralean ere bai) eta NORI eta NORK pertsona marken artean, -KE tartekatuko dugu:                               Beraz:                                                                             DIEZA(zki) + NORI pertsona marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue > diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu > diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin_ diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal digute = haiek guri lagun_ diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi_ diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz_ diEZAzkieKEte

-       Sistema bakoitzean, Indikatiboko adizkietatik Ahalerako adizkietara igarotzeko urrats nagusiak azaldu ahala, ariketa praktiko bat egin behar izan dute ikasleek, taulei erreparatu gabe eta nik emandako trikimailuak aplikatuz. Egin ahala, zuzendu egin dugu.

-   AHOZKO BITARTEKOTZA: Gorabehera handirik ez eguneroko saskian / Merkealdia: baliarazi zure eskubideak. Hendaiara uda igarotzera joango den Oliteko lagun batek deitu egin dizu, eguneroko saskia merkeago non den jakiteko, ez baitaki erosketak Iparraldean ala Hegoaldean egin. Deituiozu telefonoz eta alde bietako prezioetan dauden aldeak komenta iezazkiozu.

-       Ikusirik ikasleek iritzia edo ustea adierazteko NORENTZAT kasua barra-barra erabiltzen dutela (gaztelaniako “para” kalkatzeagatik, noski), iritzia eskatzeko eta iritzia emateko erabil ditzakegun egituren azalpena egin diet, horretarako berariaz prestatutako nire orria baliatuz. Arreta berezia merezi du IRITZI aditzak (trinko nahiz perifrastiko moduan):

Zer iruditzen zaizu nire alkandorA (zer sing.)?

Zer deritzozu nire alkandorARI (zeri sing.) ?

Zer irizten diozu nire alkandorARI (zeri sing.)?

Zer iruditzen zaizu klaseak lorategian emaTEA (zer sing. Nominal.)?

Zer deritzozu klaseak lorategian emaTEARI (zeri sing. Nominal. > sing.)?

Zer irizten diozu bihar  jai egiTEARI (zeri sing. Nominal. > sing.)?

Zer iruditzen zaizkizu nire praka berriAK (zer pl.)?

Zer deritzEzu nire praka berriEI (zeri pl.) ?

Zer irizten diEzu nire praka berriEI (zeri pl.)?

-       AHOZKO ADIERAZPENA (30´ bigarren saioa): Alokairuko umetokia eta intseminazio bidezko ugalketa mintzagai. Gaurkoan, aurreko klasean bezala, kosta ahala kosta haurra izateko egunotan ezagutuko ditugun bi hautabideak ditugu hizpide. Gaurkoan, bigarrenari heldu diogu: Haur ilehori, begiurdin beltzaran bat nahi nuke, mesedez. Jarridazu oparitarako. Izenburu horren pean, hazia edo semena Internetez erosi eta etxean intseminazioa egiteko ugalketa-prozedurari buruz aritu dira hizketan. Izan ere, Espainian bakarkako ama izan nahi dutenek intseminaziora jotzen badute, klinika homologatuetan egin lezakete tratamendua, baina bada beste aukera bat ere, askoz merkeago ateratzen dena eta Iparraldeko herrialde batzuetan zilegi dena: norberak intseminazioa etxean egitea, postaz jasotako hazia txertatuz. Girotze bideo-pasarte bat ikusi ondoren, horrezaz jardun dute hitz eta pitz. Honakook galdetu dizkiet:

e.       Ea ongi iruditzen zaien hemen horrelako ugalketa-sistema zilegi ez izatea ala aukera (=hautabide) ona litzatekeen haurrik izan ezin dutenentzat nahiz bikotekiderik gabe ama izan nahi dutenentzat. 

f.        Ikuspegi etiko batetik zer iruditzen zaien haziak horrela erostea eta amek eurek izango dituzten haurren ezaugarri fisikoak (nahiz psikikoak) aldez aurretik hautatzea.

g.      Haurdunaldi subrogatua baino gogorragoa iruditzen zaien ala ez eta, legeztatzekotan, bietako zein legeztatuko luketen.

-                 Etxerako lanak:

-       Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko ariketak, orainaldiko Ahalerako sistema guztiak (nor, nor-nori, nor-nork, nor-nori-nork) lantzekoa (neuk prestatutako erantzun-orriak banatu dizkiet).

-       Gaurko bitartekotza fitxak trukatu eta presta ditzatela.

-   EGINA IZAN BEHAR DUZUE: EZIK = EZEAN / IZAN EZIK / EZ EZIK…ERE bereizteko berridazketak (250. fitxa).

-       EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Genero berdintasunaren gaiari helduta, Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa: Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feminista”. Jarduera honetan, ikasleek erantzun bakoitzari dagokion galdera hautatu behar dute (258. fitxa).

-    EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Ginekologiaren ama ezkutua izeneko jarduera, testua bertatik ateratako esaldiekin osatzean datzana (256. fitxa).

-       EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Igogailuan izeneko ulermen-jarduera (246. fitxa)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina