2014/05/29

Tarteko Mailako 55. eskola, maiatzaren 26 eta 27koa



55.  eskola, maiatzaren 26 eta 27koa

Goizeko taldean

-                 Denborazkoak lantzeko berridazketak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

-                 Ingurumena fitxako 8. ariketa zuzentzen amaitu dugu.
o   EZ DAGO sua pizTERIK  = ezin da sua piztu = ez / ezin daiteke sua piz(tu)
o   EZ ZEGOEN sua pizTERIK = ezin zen sua piztu.
o   EZ DAGO paperik lurrera botaTZERIK = ezin da = ezin daiteke paperik lurrera bota
o   EZ DAGO gelan erreTZERIK / BADAGO kafea edaTEA.
o   Badago hor aparkaTZERIK? Ez, ez dago hor aparkaTZERIK / Bai, badago hor aparkaTZEA.
o   -tzeaz + ARDURATU. Adibidez, gelako festarako, X arduratuko da edariak erosTEAZ; y arduratuko da tortilla egiTEAZ; Z arduratuko da musika ekarTZEAZ…
o   AHAL IZAN, EZIN IZAN, BEHAR IZAN eta NAHI IZAN aditzen funtzionamendua. Zer daramaten, IZAN ala UKAN.
 -                 ENTZUNAREN ULERMENA: Frantziako ongilea. Galderak irakurri ostean, lau bat aldiz entzun dugu albistea eta ikasleek hainbat galderari erantzun behar izan diete. Jarraian, zuzendu egin dugu, behar bezala argudiatuz.
-                 AHOZKO ADIERAZPENA. Elkarrizketa (25´) . Uda honetan euskara non hobetu? Euskaltegian ala barnetegian? Ikasleak binaka jarri eta elkarrizketarako fitxa bana esku artean dutelarik, honetaz jardun dute hizketan, adostasun batera heldu nahian. Ikasle batek euskaltegira joatearen aldeko argudioak eman dizkio bere ikaskideari eta, honek, berriz, barnetegi batera jotzearen abantailak azaldu dizkio.
-                 Nork esan du? izeneko ariketa librea, erlatibozko deklinatua lantzekoa, zuzentzen aritu gara arbel digitalean. Aukera desberdinak bota dituztenez – ariketa librea da – denak apuntatu ditugu arbel digitalean; ondoren, iazko ikasleen erantzunak irakurri ditugu ozenki. Ohartarazi ditut “NORK esan du?” galderaren erantzuna den erlatibozkoak NORK kasuan egon behar duela, singularrean nahiz pluralean. Luze jotzen duen arren,  merezi duen ariketa da. Ez dugu amaitu.
-                 ETXERAKO LANAK:
o   Baldintza hipotetikoa lantzeko, Gramatika eta ariketak liburuko  74,5,6,7.  Orrialdeak (74 eta 76. orrialdeetan taulak dauzkate eta 75 eta 77. orrialdeetan, berriz, ariketak (norberak zuzentzeko).
o   Ekar ditzatela merkealdiari buruzko cloze-testa
o   Ekar dezatela sagardotegiei buruzko ulermen jarduera
o   Ekar dezatela Jokalari bakartien kluba izeneko jarduera
o   Ekar ditzatela ELKAR errepasatzeko ariketak.

Arratsaldeko taldean

-                 Denborazkoak lantzeko berridazketak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.
-                 Beherapenei edo merkealdiari buruzko cloze-testa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Zuzendu ahala, hamaika ohar egin dizkiet ikasleei eta zuzenketa amaitu ostean, inprimatu eta oharrok banatu dizkiet, eurek eduki ditzaten.
-        ENTZUNAREN ULERMENA:  Nolako oinetakoak. Beherapenetan jantziak ez ezik, oinetakoak ere erosten ditugula eta, hauei buruzko entzungai bat jarri diet, ikasleek hutsuneak bete ditzaten.  Ikasleek hirutan entzun behar izan dute entzungaia eta, jarraian, arbel digitalean zuzendu dugu, egiazta eta zuzen ditzaten. Gaiarekin lotu dugu, merkealdian nolako oinetakoak erostea komeni den adierazteko aproposa delakoan. Amaieran, berriz entzun dugu, erantzun zuzenak aurrean dituztela hobeto uler dezaten eta erantzunak egiazta ditzaten.  
-        Baldintza hipotetikoa. Gramatika eta ariketak I  liburuko 71. orrialdeko 1. ariketa zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. 3. ariketa zuzentzen hasi gara, baina gehienek egin gabe zutenez, erdi zuzendua geratu da eta hurrengorako etxean amai dezatela esan diet.
-      AHOZKO ADIERAZPENA I: Afari nudistak New Yorken eta Azalean piercinak eta tatuajeak : Mintza fitxa bat banatu diet, hainbat galdera hipotetiko dituena, gai horietaz solas daitezen eta, bide batez, ahoz alegiazko baldintza praktika dezaten. Ikasleek fitxan dituzten alegiazko galderei erantzungo diete: Ba al daramazu piercingik? Ba al daukazu tatuajerik? Jarriko al ZENUKE piercingik? Egingo al ZENUKE tatuajerik? Non? Zu joango al ZINATEKE horrelako afari nudista batera? Zergatik? Honela, testua probextuz, adizki hipotetikoak ahoz lantzeko aukera ematen du jarduera honek. Ikasle gutxi badira, irakasleak zirika ditzake ikasleak eta mintza-saio hori bideratu.
-        AHOZKO ADIERAZPENA II. Realityak.  Telebista aldatzen ari da.  Binaka egin dute, elkarrizketa moduan. Egoera hipotetikoak lantzeko mintzagai aproposa da, ea reality horietakoren batean parte hartuko luketen, zergatik...Ikasle gutxi izanez gero, denon artean mintza gintezke gaiaz.
-        ETXERAKO LANAK:
o   Baldintza hipotetikoa lantzeko, Gramatika eta ariketak liburuko  74,5,6,7.  Orrialdeak (74 eta 76. orrialdeetan taulak dauzkate eta 75 eta 77. orrialdeetan, berriz, ariketak (norberak zuzentzeko).
o   Ekar dezatela Mendian gora izeneko ulermen-jarduera
o   Ekar dezatela sagardotegiei buruzko ulermen jarduera
o   Ekar dezatela Jokalari bakartien kluba izeneko jarduera
o   Ekar ditzatela ELKAR errepasatzeko ariketak.
o   Ekar dezatela Nork esan du? Erlatiboa lantzeko jarduera.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina