2022/03/02

B2.2 mailako 36. eskola, 2022ko otsailaren 16 eta 17koa

 

36.eskola, 2022ko otsailaren 16 eta 17koa

-  Joan den astelehenean / asteartean, San Valentin eguna izan zela-eta, horren harira, Maitasunaren arriskuak deritzon ulermen-jarduera zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez.

BELDUR IZAN…OTE…-EN egituraren erabilera gogorarazi diet:

Beldur naiz kalean irristatu eta eroriko ote naizEN (= ez dut erori nahi).

Beldur naiz eskolara garaiz iritsiko EZ ote naizEN (garaiz iritsi nahi dut).

-     Ondoren, Otsailak 14, San Valentin eguna, San Valentin egunaren harira eman nien cloze-testa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Zenbait ohar egin dizkiet:

a.   idatziRIKO lerroak = idatziTAKO lerroak (erlatibozkoak, -KO hori behar dute, klip baten modura, ondoren datorkien izenari itsasteko).

b.   Minez edo pozez idatziak izan dira (honek ere, aurreko erlatiboak bezala, ekintza amaitua dagoela adierazten du, baina ondoan ez darama izenik).

c.   HELDU + nori (nor-nori-nork faltsua); Ezin ditut kaxa hauek guztiak eraman; helduiozu, mesedez, kaxa honi.

d.      Tradizioa ez da gaur goizekoa; AITZITIK, aspaldikoa da.

e.   Lanpostu bat eskaini didate enpresa horretan, baina nik UKO EGIN diot = muzin egin diot lanpostu horriiiiii (uko egitea = muzin egitea: ezetz esatea, ez onartzea).

f.        Nekez = kostata

g.    Aitzina: aurrea (Iparraldean)  > denborazkoak egin litezke: partizipioa + aitzin: Hil aitzin = hil aurretik =hil baino lehen

h.      Gibela: atzea (Iparraldean)

i.        Hiltzean: hiltzen ari zen momentuan

j.        Hildakoan: hil ondoren , hil eta gero

k.       HILTZERAKOAN: juxtu hil baino lehen. Hiltzerakoan, senide guztiak  bere inguruan bil zitezen nahi izan zuen.

l.        HILTZEAN: juxtu momentu horretan

m.    HILDAKOAN: hil eta gero, hil ondoren. Hildakoan, herriko hilerrian ehortzi (=lurperatu) zuten.

n. -MEN: atzizki honek gaitasuna edo ahalmena adieraz dezake: ikusmena, entzumena, ukimena, usaimena, ulermena, dastamena, irudimena (irudiak sortzeko ahalmena edo gaitasuna), sormena (sortzeko ahalmena edo gaitasuna), nahimena (zerbait nahi izateko ahalmena, borondatea)…

o.      GEROZTIK = ORDUTIK = ORDUDANIK = HARREZKERO. Gotzain hau hil zutenETIK (noiztik)…

p.      AURRERANTZEAN: HEMENDIK AURRERA (handik aurrera).

Arreta berezia merezi izan du AITZITIK aurkaritza lokailuak. Horren azalpena eta adibideak biltzen dituen taula banatu eta azaldu diet, lokailu hau aurkaritza adierazten duten beste zenbait lokailu (berriz, ostera, aldiz, ordea) ez bezalakoa dela azpimarratuz.

-    ENTZUNAREN ULERMENA: Lurrinen historia (x1, x0,9). Igaro berri den San Valentin egunean, baliteke ikasleetako norbaiti bere maiteak lurrinen bat (=perfumeren bat) ekarri izana. Gaur egun  gero eta lurrin gehiago ditugu, bai emakumezkoentzat, bai gizonezkoentzat, eta hauen iragarkiak barra-barra botatzen dituzte, batez ere, Eguberriak, Aitaren nahiz Amaren Eguna edota San Valentin eguna hurbiltzen doazen heinean (=hurbildu ahala). Perfumeen edo lurrinen historiari buruzko entzungaia izan dugu entzungai. Bi aldiz entzun dugu eta, ondoren, jarduera zuzendu dugu,  erantzun zuzenak behar bezala argudiatuz. Zenbait ohar ere egin dizkiet:

a.       Kiratsa:usain txarra.

b.    JARIO aditzaren adizki trinkoak (3. pertsona): Janari horri (nori) kiratsa DARIO = janari horrek (zerk) kiratsa botatzen du. Janari hari (nori) kiratsa ZERION = janari hark (zerk) kiratsa botatzen zuen. Iturriari (nori sing.) ur freskoa DARIO; iturriei (nori pl.) ura DARIE; tximiniari (nori sing.) kea DARIO; tximiniei (nori pl.) kea DARIE /ZERIEN.

c.       Garai batean = aspaldi = lehen = antzina

d.      Arloa = alorra = esparrua = saila = eremua

e.  Hedatu = zabaldu  > hedapena > Hedabideak (albistea hedatu edo zabaltzeko bideak: prentsa, telebista, irratia…) = komunikabideak.

f.        Herri xehea = gizarte-maila apaleko jendea

g.   Loraldia = hazkundea =hazkuntza = gorakada // gainbehera: Krisiaren ondorioz, etxebizitzen salmentak gainbehera egin du.

h.       Lurrin(ik) SalduENETAKOA, mirestuENETAKOA

i.        Baliteke bihar euria egiTEA= Litekeena da bihar euria egiTEA (ekintza ez da oraindik gertatu).

Baliteke Olentzerok igaro berri diren Eguberrietan lurrinen bat ekarri IZANA (ekintza amaitua, gertatua dago).

Baliteke datorren urtean Olentzerok lurrinen bat ekarTZEA (ekintza oraindik ez da gertatu).

j.        Eguberriak hurbiltzen doazen heinean = hurbiltzen doazen  neurrian = hurbildu AHALA (bilakaera adierazten du).

k.      Saihestu = ekidin: evitar

l.        Liluratu: fascinar > lilugarria (lilura eragiten duena, liluratzen duena)

-   AHOZKO JARDUERA: bitartekotza. Ikasleak binaka bildu dira. Ondoren, A ikasleak Internet eta mugikorraren nahiz ordenagailuen erabilerari buruzko hiru grafiko azaldu behar izan dizkio B ikasleari. Hiru grafiko hauek lurraldearen, sexuaren  eta biztanleriaren jarduera nahiz helburuaren araberako Internet, mugikor eta ordenagailuaren erabilerari buruzkoak dira.

Jarraian, B ikasleak A ikasleari sare sozial nagusiei eta 15-29 urteko gazteek egiten duten erabilerari buruzko bi grafiko azaldu behar izan dizkio.

-  Bitartekotza jarduera honi ekin aurretik, ehunekoak edo portzentajeak mugagabean deklinatzen direla – salbuespenak salbuespen – adierazi diet: biztanleen %20, %20k, %30ek, %20ri, %30i, %30entzat, %20rentzat… Halaber, grafikoak interpretatzen dituztenean, superlatiboa erabiltzea ohikoa izaten dela adierazi diet eta berau bi modutara erabiltzen dela: erlatibozko batean txertatuta edo erlatibozkorik gabe esaldi sinpleago batean. Arratsaldeko taldean aholkuok idatziz eman dizkiet jarduera egiterakoan kontuan izan ditzaten. Goizeko taldean: Itzultzen garenean emango diet.

-          ETXERAKO LANAK:

§  Botiken publizitatea izeneko cloze-testa (erantzunekin). Ongi etor dakizueke datorren astean egingo dugun proba zuria prestatzeko.

§  AUKERAKO JARDUERA: ENTZUNAREN ULERMENA: Phubbing-a: pantailak maiteago pertsonak baino. Azkenaldi honetan sare sozialak eta mugikorra hizpide ditugu, baita hauek sorraraz dezaketen menpekotasuna ere. Horren harira, Phubbing-a: pantailak maiteago pertsonak baino izeneko aukerako entzumen jarduera nire blogean daukazue eskura, nahi duenak entzun eta jarduera egin dezan.

§  AUKERAKO JARDUERA: ENTZUNAREN ULERMENA: Perfumea. Bizpahiru bider entzun eta aukeratu erantzun zuzena. Erreparatu taula honi:

- LANAK IZAN …-T(z)EKO edo  -T(z)EN = ASKO KOSTATU…-T(z)EA

 

Batzuek lanak izaten dituzte gustuko perfumea topatzeko = topatzen (= asko kostatzen zaie gustuko perfumea topatzea). Lanak izaten ditut eskolara garaiz iristeko = iristen (=asko kostatzen zait eskolara garaiz iristea). Ohean hain gustura egoten naiz goxo-goxo, lanak izaten ditut goiz jaikitzeko = jaikitzen (=asko kostatzen zait goiz jaikitzea). Donostiara autoz joan naizenean, lanak izan ditut aparkatzeko = aparkatzen (=asko kostatu zait aparkatzea). Gehiago saiatu ezean, lanak izango dituzu ikasturtea gainditzeko = gainditzen (=asko kostako zaizu ikasturtea gainditzea).

 

- Perfume hori ez da beste mundukoa = perfume hori ez da hainbestera(ino)koa.

 

§  EGINAK IZAN:

§  T(z)EA nominalizazioa lantzeko ariketa analitikoa (erantzunekin).

§ Gramatika eta ariketak II liburuko 25. gaiari dagozkion ariketak, 103. orrialdekoak (erantzunak, hurrengoan banatuko dizkizuet).

§  –(e)Z GERO eta –(e)NEZ GERO bereizteko berridazketak.

§  Ahots morroiak deritzon ulermen-jarduera.

§  Deklinabidea lantzeko bigarren orrialdea (“Zenbait herritan = herrik ez dituzte Inauteriak ospatzen”).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina