2022/11/29

B2.2 maila. ARRATSALDEKO TALDEAren 18. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 17.a. Azaroak 28 eta 29

 

Arratsaldeko taldearen  18. eskola eta goizekoaren 17.a: azaroaren 28 eta 29koa

-      Bi taldeetan: ENTZUNAREN ULERMENA: Asun Garikano: “Kalifornia Euskal Herriko beste probintzia bat” (x1). Identitate pertsonalaren gai honetan, besteak beste, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak – diaspora –  (Argentinan, Venezuelan, Boisen) ditugu aztergai. Joan den astean zuzendu genuen jardueran ezagutu genituen garai batean Kaliforniara esploratzaile eta konkistatzaile (bezala) joandako zenbait euskaldun (Vizcaino, De Anza…). Euren bizipenak bildu ditu Asun Garikanok Kaliforniakoak izeneko liburuan. Hasteko, itemak irakurri ditugu eta, irakurri ahala, beharrezko azalpenak eman dizkiet (eurei kopia bana  eman diet):

o   NOREN + ESANETAN = NOREN + HITZETAN = NORK + DIOENEZ = NORK + ESATEN DUENEZ  (* Noren arabera)

Urkullu lehendakariAREN ESANETAN, birusari aurre egiteko beharrezkoa  da neurri zorrotzak hartzea.

 = Urkullu lehendakariAREN HITZETAN, hartu diren neurriei esker lortu da intzidentzia-maila jaistea.

= Urkullu lehendakariAK (nork) DIOENEZ, kutsatuen kopuruak behera egingo du aurrerantzean (=hemendik aurrera).

(*Urkulluren arabera,…)

AdituEN ESANETAN, azukrea oso kaltegarria da osasunerako.

= AdituEN HITZETAN, koronabirusaren aurkako txertoaren 3. dosia hartu beharko da luze baino lehen.

= AdituEK (nork) DIOTENEZ, pandemia hau luzaroan jasan beharko dugu oraindik.

(*Adituen arabera,…)

→ Erabili NOREN + ARABERA beste kasu batzuetarako: datuEN ARABERA, estatistikEN ARABERA, eguraldiAREN ARABERA, inkestAREN ARABERA, egoerAREN ARABERA… Baina ez pertsona baten hitzak testura ekartzeko.

o   PARTIZIPIOA + BERRI(A)

Orain dela gutxi gertatua dela adierazten du. Adib.: Duela gutxi argitaratu da = Argitaratu + BERRIA da. Adib. gehiago: Ezkonberria, jaioberria,… Denda hori zabaldu berria da; jertse hau estreinatu berria da; nire autoa erosi berria da; bidaiatik iritsi berria naiz; irakurri berri dut liburu hori; egin berri dut zuk agindutakoa, ekarri berri dute zuk Amazonen erositako erlojua…


→ Egitura hau  ere erabil liteke, nahiz eta askoz gutxiago erabiltzen den: Denda hori ez da zabaldu zaharra; nire autoa ez da erosi zaharra; ez naiz iritsi zaharra, liburu hori ez dut irakurri zaharra…

o   BAINO EZ = BAIZIK EZ = BESTERIK EZ = BAKARRIK

Hamaika ikasle BAKARRIK etorri dira

Hamaika ikasle BAINO EZ dira etorri

Hamaika ikasle BAIZIK EZ dira etorri

Hamaika ikasle BESTERIK EZ da etorri (sing.)

Gaur Dabidek bi ariketa BAKARRIK bidali dizkigu etxerako.

Gaur Dabidek bi ariketa BAINO EZ dizkigu bidali etxerako.

Gaur Dabidek bi ariketa BAIZIK EZ dizkigu bidali etxerako.

Gaur Dabidek bi ariketa BESTERIK EZ digu (sing.) bidali etxerako.

o          Berebiziko garrantzia = izugarrizko garrantzia

Estreinakoz = lehenengo aldiz

Nondik norakoak: hitz honek, testuinguruaren arabera, esanahi bat edo beste har dezake: Proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkigun (=proiektuaren ezaugarriak). Marko Poloren nondik norakoak izan genituen entzungai (=Marko Poloren ibiliak, Marko Polo nondik nora ibili zen). Zure kezken nondik norakoak ezagutu nahiko nituzke (=zure kezken arrazoiak).

o   ZENA (zenak, zenari, zenarekin…). Hildako defuntuekin erabiltzen da. Berez, erlatibozko bat da eta deklinatu egiten da. Gure amona zena maitagarria zen. Lady Di zena oso emakume dotorea izan zen. Gure aitona zenak (nork) askotan esaten zuen hori.

Gure osaba zenari (nori) asko gustatzen zitzaion niri adarra jotzea.

Gure aitona zenarekin (norekin) askotan joaten nintzen perretxikotara.

o   Urteen joan-etorrian. Denboraren bilakaera adierazten du.  

Nik urteen joan-etorrian, gero eta zimur gehiago dauzkat

= Urteak igaro AHALA, gero eta zimur gehiago dauzkat

= Urteak igarotzen dirEN HEINEAN, gero eta zimur gehiago dauzkat. (urteak pasata gero zimur gehiago dauzkat).

-      Ondoren, behin entzun dugu – joan den astean entzun genuen behin – eta  zuzendu egin dugu, arbelean erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz eta erantzun okerrak baztertuz. Berriro entzun nahi izanez gero, blogean izango dute audioa entzungai.

-      Bi taldeetan: Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, hitz bankuko hitzak txertatu behar zituzten hutsuneetan eta, halaber, mugagabearen erabilera errepasatzeko testa egin. Zuzendu egin dugu, beharrezko argibideak emanez eta testuarekin batera dituzten oin-oharrak azalduz.

-  Bi taldeetan: Zuzendu berri dugun jardueran agertu diren mugagabeek emandako aitzakia baliatuz, mugagabearen erabilera txosteneko 3. eta 6. puntua azaldu dizkiet:

 

3. ZER, ZEIN  eta ZENBAT GALDETZAILEEKIN agertzen diren hitzak (galderetan eta zehar-galderetan).

-          Zer ordu__ da?  (zer orduA da?)

-          Zein etxeTAN bizi zarete? (zein etxeAN, zein etxeETAN)

-          Zenbat zuhaitz__ kimatu dituzu? (zenbat zuhaitzA, zenbat zuhaitzAK)

-          Zein bizilagunI tokatu zaio loteria? (zein bizilagunARI, zein bizilagunEI)

-          Zenbat laguneKIN izan zarete oporretan? (zenbat lagunAREKIN, zenbat lagunEKIN)

-          Zein kaleTAN (zein auzoTAN) bizi zara? (zein kaleAN, zein kaleETAN, zein auzoAN, zein auzoETAN) > Erantzuna singularrean izango da, zehatza edo konkretua delako: Puiana auzoAN (sing.) bizi naiz; Nafarroa kaleAN (sing.) bizi naiz. Zein unibertsitateTAN (mugagabea) ikasi duzu? Deustuko unibertsitateAN (sing.) ikasi dut.

 OHARRAK:

1. Hitzak  amaierako –a bokala berea edo propioa duenean, mugagabean ez du galtzen: zein dendaTAN, zenbat seme-alaba, zein fabrikaTAKO, zer gauza, zein eskolatara...

2. ZER eta ZEIN harridura perpausetan daudenean, ez da mugagabea erabiltzen: zer politA den!!, zein ederrAK diren!! Zer jatorrA zaren!!

6. ZENBATZAILE ZEHAZTUGABEEKIN (ZENBAIT, ASKO, GUTXI, HORRENBESTE, HAINBESTE, HAINBAT, UGARI, GEHIAGO, GUTXIAGO, NAHIKOA, PILO BAT, MAKINA BAT, ANITZ, FRANKO, DEZENTE, HAMAIKA...)

-          Herritar_ askoK zekien = zekiten alkatea ustelkeriagatik espetxeratu zutela.

-          Hainbat arazo__ izan genuen= genituen bidaia hartan.

-          Herri honetan jende__ gutxi bizi da, herritarrek inguruko hirietara jo baitute bizimodua ateratzeko.

-          Nahikoa ardo__ edan duzu jada; utz iezaiozu edateari, mozkortu ez zaitezen.

-          Zertarako duzu horrenbeste diru__?

-          Aurtengo uzta-bilketan sagar__ ugari bildu dute = dituzte eta gustura agertu dira sagardogileak.

-          Zenbait lagunI aitortu diot = diet egindakoa.

-          Lan__ gehiago egin behar zenuke, zorria baino alferragoa zara.

-          Herritar__ anitz = Anitz herritar__ bildu zen herriko plazan.

-          Istilu _franko gertatzen da = dira Israelen egunero.

-          Abokatu horrek diru__ dezente irabazten omen du irabazten duen epaiketa bakoitzeko.

-          Makina bat istiluTAN sartuta dabil zuen semea!

-          Hainbat herritarrI  bidegabea iruditzen zaio = zaie auzoan aparkatzeagatik ordaindu behar izatea.

OHARRA: Hauetako gehienek – izena zenbakarria baldin bada – aditzean singularra eta plurala onartzen dituzte.

-           Arratsaldeko taldean: AHOZKO JARDUERA: MINTZA KATEATUA.

“Igande goizean zuk (nork) gu (nor) Urbasan ikusi GINTUZUN, perretxikotan genbiltzala(rik)”.

Ikasle bakoitzak ondoko ikaskideari konbinazio bat eskatu dio esaldi bera probextuz; batzuetan, NORK edo ZERK aldatuta; beste batzuetan, subjektuari eutsi eta NOR edo ZER aldatuta, eta, besteetan, biak (subjektua eta objektua) aldatuta. Horrela, iraganeko NOR-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean.

Jarraian, beste saio bat egin dugu, NOR edo ZER 3. pertsona (hura / haiek) duten adizkiekin.

-  Bi taldeetan: AHOZKO ADIERAZPENA: BITARTEKOTZA: Sexuaren araberako erosketa joerak edo ohiturak” eta “Genero indarkeria edo indarkeria matxista”. Ikasleak binaka jarrita, bakoitzari bitartekotza-fitxa bana eman diot. Fitxa hauen gaiak, berariaz aukeratu ditut; izan ere, joan den ostiralean, Azaroak 25, batetik, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen eta, bestetik, Black Friday eguna, erosketak egitera bultzatzen gaituena. Horren harira, batetik, Ciudad de Juarezeko errealitate gordina ezagutu genuen, non emakume asko hiltzen edota bortxatzen baitituzte, eta bestetik, erosketen zurrunbilora garamatzaten egun seinalatuen gainean hitz egiten jardun  genuen. Beraz, egoki iritzi diot bi gai hauek hautatzeari gaurko bitartekotza egiteko.

     Ikasleei denbora-tarte bat utzi diet, euren jarduna presta zezaten eta, ondoren, ahoz azaldu diote elkarre euren infografian edo grafikoetan duten informaziorik esanguratsuena.

-          ETXERAKO LANAK:

-       Bi taldeetan: Gaur zenbait aholku edo gomendio ezagutu ditugu, gure bidaietan ezustekorik edo ustekaberik izan ez dezagun. Nolanahi ere, aholku horiek gorabehera, litekeena da nolabaiteko arazoren bat sortzea bidaian zehar.  Horrelakoetan, ohikoa izaten da erreklamazioa jartzea, baina jakina, hori behar bezala egiten jakin behar da. Horren harira, Erreklamatzen ere jakin egin behar da izeneko jarduera bikoitza egin dezatela esan diet: batetik, lexikoa lantzeko egokia deritzot, hitz-bankuko hitzak testuan txertatu behar baitituzte eta, bestetik, gramatika lantzeko aproposa da, parentesi arteko hiru aukeren artean zuzena hautatu behar baitute.

-        Bi taldeetan: Autokarabanaz bidaiatzea modan jarri da. Barraskiloen modura deritzon jarduran, batetik ENTZUMEN ARIKETA bat egin behar dute. Itemak arretaz irakurri (parentesi arteko sinonimoak eta oin-oharretako azalpenak barne) eta entzungaia birritan entzun. Bestetik, idatzizko elkarrizketan ideien arteko kohesio edo lotura adierazteko lokailu egokia hautatu behar dute, emandako hiru aukeretan zuzena dena, alegia.

-          JARRAITU EGITEN:

-          Bi taldeetan: Joan den astean, erlatibozkoetako ondoko edo erreferentearen kasu-marka egokia ipintzen ikasteko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, eman nien, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Beltzez dagoen aditz nagusiari erreparatuta, kasu egokia hautatu behar dute ikasleek. Erantzunak ere banatu nizkien, egin ostean eurek zuzentzeko. Ariketa hau egitea zein garrantzitsua den gogorarazi diet eta oraindik egin ez duenak egin dezala aholkatu diet.  Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.

-  Bi taldeetan: Jarrai dezatela Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak (194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak), egiten(erantzunak ere banatu nizkien).

-   Bi taldeetan: Gogorarazi diet tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) egina ez badute, egitea komeni zaiela eta nire erantzun orriekin (azalpenekin datoz) zuzentzea.

B2.2 maila (BI TALDEAK): Sexuaren araberako erosketa joerak / Genero indarkeria edo indarkeria matxista

B2.2 maila (BI TALDEAK): Asun Garikano: "Kaliforniakoak". Zuzenketa-oharrak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Asun Garikano: "Kaliforniakoak"

B2.2 maila (BI TALDEAK): Asun Garikano: "Kaliforniakoak"

B2.2 maila (BI TALDEAK): Asun Garikano: "Kaliforniakoak". EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Bidaiatzerakoan kontuan izan beharreko zenbait aholku. EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. MUGAGABEAren erabilera galdetzaile eta zenbatzaile zehaztugabeekin

B2.2 maila (BI TALDEAK): Erreklamatzen ere jakin egin behar da

B2.2 maila (BI TALDEAK): Puri-purian dagoen bidaiatzeko modua: autokarabanaz

B2.2 maila (BI TALDEAK): Puri-purian dagoen bidaiatzeko modua: autokarabanaz

 

2022/11/26

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 17. saioa, GOIZEKO TALDEAren 16.a. Azaroak 23 eta 24

 

Arratsaldeko taldearen  17. eskola eta goizekoaren 16.a: azaroaren 23 eta 24koa

-      Bi taldeetan: Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ate-joka dugula eta, Ciudad de Juarezen emakumeak hiltzen deritzon jarduera, genero indarkeriaren gaia eta testu antolatzaileen  erabilera uztartzen dituena, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

Kontuz 6. itemarekin. Erantzun zuzena IZAN ERE da, ondoren datorren ideia aurrekoaren kausa baita (ez ondorioa):

§  Askok ez dute familiarik; izan ere, mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira (familiarik ez edukitzearen kausa, gurasoak AEBetara joan izana da).

§  Asko mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira; hortaz = ondorioz, askok ez dute familiarik (familiarik ez edukitzea, gurasoak AEBetara joan izanaren ondorioa da). 

Ez dute familiarik; IZAN ERE, mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira

= Ez dute familiarik, ZEREN mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira

= Ez dute familiarik, mugan bizi dirELAKO eta gurasoak AEBetara joanak dirELAKO.

 

Mugan bizi dira eta gurasoak AEBetara joanak dira; HORTAZ = ONDORIOZ = BERAZ =HORREGATIK =HORRENBESTEZ = HORI DELA ETA, ez dute familiarik.

Azalpenen artean, arreta berezia eskaini diogu hiru denborazko hauen arteko aldeari: -T(z)ERAKOAN /  -T(z)EAN / -TAKOAN. Orri osagarri bat eman diet, hirurak bereiz ditzaten, ikasleen zenbait oker eta beste zenbait adibide zuzen biltzen dituena. Bereizketa hau hamaika bider azaldua dudanez, eurek irakur dezatela esan diet. Nik jarduera honi buruzko oharretan ipini diedana laburbildu diet:

–T(z)ERAKOAN (justu aurretik) / -T(z)EAN (bitartean) /                                 -TAKOAN (justu ondoren) denborazkoak:

BazkalTZERAKOAN (= justu bazkaldu aurretik, bazkaldu baino lehen), eskuak garbitu behar dira.

BazkalTZEAN (bazkaltzen ari zarenean, bazkaldu bitartean), janaria ongi murtxikatu behar da.

BazkalduTAKOAN (=bazkaldu ondoren, bazkaldu ostean, bazkaldu eta gero), hortz-haginak garbitu behar dira.

Emakume hauek hiltzen dituzte, torturak jasanDAKOAN (=torturak jasan eta gero, torturak jasan ondoren). Izan liteke torturak jasaTEAN hiltzea ere, hau da, torturak jasaten ari diren bitartean.

**Baina torturak jasaTERAKOAN (= jasan baino lehen) hiltzea ezinezkoa da.

ORO = GUZTIA > OROTARA = GUZTIRA. Nire arazo guztiak = nire arazo_ oro = nire arazoak oro.

Ciudad de Juarezeko egoeraren balizko konponbideak datoz testuaren amaieran. Konponbideen enumerazio edo zerrendaketa bat denez, euren artean ez dago kausa /ondorio harremanik:

§  Alde batetik, borroka sozialerako fronteak sortu.

§  Bestetik, gobernuei presioa egin.

§  Halaber = gainera, haurrak berdintasunean hezi. 

§  Gainera, emakumeek berdintasun ekonomikoa lortu behar dute.

§  Inpunitateari dagokionez, nazioarteko auzitegiak sortu.

-   Bi taldeetan: Esaldi bat aitzakiatzat hartuta,  Iraganeko edo Lehenaldiko NOR-NORK adizkiak errepasatu ditugu.

Dabidek (nork) joan den egunean gu (nor) aditzak ziztu bizian (=oso azkar) esatera (zertara?)  behartu (=derrigortu) GINTUEN, adizkien erabileran trebatzearren (=trebatzeko)“.  Eta nik haiek?  Eta zuk gu?  Eta guk zuek?  Eta zuek ni?      

Horretarako, hasteko, adizki horien eskema banatu diet eta beharrezko azalpenak eman dizkiet: eskema nola dagoen egituratua, pertsona markak edo morfemak aurrean ala atzean doazen… Eskemaren azpiko bost oharrak arretaz azaldu dizkiet. Behin eta berriz azpimarratu diet 5. oharrak dioena, hau da, kontu izan dezatela NOR edo ZER 3. pertsona denean, adizki horietan NORK edo ZERK subjektuaren pertsona marka edo morfema aurrean baitoa (nuen, zenuen, genuen, zenituzten…), gainerakoetan ez bezala. Izan ere, gainerakoetan,  atzean doa NORK edo ZERK subjektuaren pertsona marka (ninduzun, zintudan…). Beraz, NOR edo ZER 3. pertsona (hura / haiek) duten adizkiak EZINGO DIRA eskema horretatik atera, ezingo dira eskema horretan “enkajatu”. 

Ondoren, adizkien taulak banatu dizkiet, bai horizontalki dagoena, bai bertikalki eskema eta adizkiak dakartzana. Lehenengoari arretaz erreparatu diogu eta ikasleei ohartarazi diet adizki horietan NOR pertsona marka aurrean doala, eta beraz, berdin hasten direla, 3. pertsonetan ez bezala; izan ere, hauetan NORK marka da hasieran doana eta, beraz, subjektuaren arabera, modu desberdinean hasten dira 3. pertsonako adizkiok.

-          Bi taldeetan: AHOZKO JARDUERA: MINTZA KATEATUA.

“Jakin-minak (zerk 3. sing. = hark) bultzatu edo animatu NINDUEN (nor: ni)  “Kaliforniakoak” liburua idaztera” esan digu Maite Garikanok.

Ikasle bakoitzak ondoko ikaskideari konbinazio bat eskatu dio esaldi bera probextuz; batzuetan, NORK edo ZERK aldatuta; beste batzuetan, subjektuari eutsi eta NOR edo ZER aldatuta, eta, besteetan, biak (subjektua eta objektua) aldatuta. Horrela, iraganeko NOR-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean.

-      Bi taldeetan: AHOZKO ADIERAZPENA (30´): Erosketen zurrunbiloan buru-belarri sartzera garamatzaten (=eramaten gaituzten) egun seinalatu horiek… Datorren ostiralean, azaroak 25, ditxosozko Black Friday (“Ostiral Beltza”) eguna izango dugu, Eguberrietako erosketa-aldi zoroari hasiera ematen diona. Egun hori aitzakiatzat hartuta, mintza-fitxan dituzten puntuen gainean solastu dira binaka nahiz  hirunaka jarrita.

 Bai, datorren ostiralean, azaroak 25, ditxosozko Black Friday (“Ostiral Beltza”) eguna izango dugu, Eguberrietako erosketa-aldi zoroari hasiera ematen diona (egia den arren saltoki batzuek egun hori asteburura luzatzen dutela eta, honela, Black Weekend (“Asteburu Beltza”) delakoa sortu dutela). Ondoren, Cyber Monday – urdina, baina ez ekologikoa – datorkigu, tresna elektronikoetan sekulako beherapenak eskaintzen dituen eguna. Eguberrietako erosketen zurrunbiloaren ostean, otsailaren 14an, San Valentin eguna ospatzen da, bikotekideari zerbait oparitzeko egun seinalatua. Martxoan, berriz, San Jose eguna, tradizioz, “Aitaren Eguna”. Maiatzean, Amaren Eguna. Ezkongabe baldin bazaudete eta bikotekiderik ez baduzue, lasai, zuentzat ere bai baita egun jakin bat eta igaro berria da, gainera: azaroak 11, Single-en Eguna.

Egun zehatz (=jakin = konkretu) horien aitzakian, gure ingurukoentzat nahiz geure buruarentzat eros genitzakeen hamaika balizko[1] opari (askotan, gutiziak, ez baitira beharrezko gauzak izaten) iragartzen dizkigute hedabideetan: arropa, lurrinak – sarkorrenetatik freskoenetara – , punta-puntako gailu elektronikoak… 

-        Goizeko taldean: AHOZKO ADIERAZPENA (II): Ostalarien aukera, anfitrioien eztabaida. (25´) Administrazioa euskaraz” aldizkariaren 110. alean (2020ko urrikoa) dator eztabaida hau. Dena irakur zezatela aholkatu nien, eta hirunaka adostuta, zati bat prestatu behar zuten elkarri ahoz laburbiltzeko (a zatia: Amaya Vildosolari egindako elkarrizketa; b zatia: Alvaro Crespo Atini egindakoa; c zatia: Alvaro Días-Muniori eginikoa).

-   Arratsaldeko taldean: ENTZUNAREN ULERMENA: Asun Garikano: “Kalifornia Euskal Herriko beste probintzia bat” (x1). Identitate pertsonalaren gai honetan, besteak beste, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak – diaspora –  (Argentinan, Venezuelan, Boisen) ditugu aztergai. Joan den egunean zuzendutako jardueran ezagutu genituen garai batean Kaliforniara esploratzaile eta konkistatzaile joandako zenbait euskaldun (Vizcaino, De Anza…). Euren bizipenak bildu ditu Asun Garikanok Kaliforniakoak izeneko liburuan. Hasteko, itemak irakurri ditugu eta, ondoren, lehenengo entzunaldia egin dugu. Azalpenak eta bigarren entzunaldia, hurrengorako.

-          ETXEKO LANAK:

o   Bi taldeetan: Hurrengo iritzi artikulua, honako bi gai hauetako bat aukeran: Birusaren atzaparretatik ihes egitea lortu dugu? / Erosketen zurrunbiloan buru-belarri sartzera garamatzaten egun seinalatu horiek.

o   Bi taldeetan: Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak (194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak) (erantzunak ere banatu dizkiet).

o   Bi taldeetan: Tratu txarrei buruzko cloze-testa (Eguneroko albisteak, Maite Asensio) (ebazpena banatu diet erantzunekin eta beharrezko azalpenekin).

o   Bi taldeetan: Andoaingo udalak herrian izandako sexu erasoen harira plazaratutako ohartarazpena edo adierazpen instituzionala, hutsuneak betetzekoa: Andoaingo adierazpen instituzionala.

o   Bi taldeetan: AUKERAKOA: Nahi duenak Asun Garikanoren  Kalifornia Euskal Herriko beste probintzia bat izeneko entzungaia etxean entzun dezake (gaur, behin baino ezin izan dugu entzun).

o   Bi taldeetan: Joan den eguneko klasean, erlatibozkoetako ondoko edo erreferentearen kasu-marka egokia ipintzen ikasteko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, eman nien, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Beltzez dagoen aditz nagusiari erreparatuta, kasu egokia hautatu behar dute ikasleek. Erantzunak ere banatu nizkien, egin ostean eurek zuzentzeko. Ariketa hau egitea zein garrantzitsua den gogorarazi diet eta oraindik egin ez duenak egin dezala aholkatu diet.  Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.

o   EKARRI: Bidaiatzeko aholkuak. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte araudiaren hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.



[1] Balizko: posible

B2.2 maila (BI TALDEAK). Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Ciudad de Juarezeko egoera. EBAZPENA

B2.2 maila (BI TALDEAK): Ciudad de Juarezeko egoera. Zuzenketa-oharrak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Ez nahastu -T(z)ERAKOAN / -T(z)EAN / -TAKOAN denborazkoak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Zoritxarreko tratu txarrak (cloze-testa)

B2.2 maila (BI TALDEAK): Zoritxarreko tratu txarrak (cloze-testaren EBAZPENA + AZALPENAK)

B2.2 maila (BI TALDEAK): Andoaingo eraso sexista gaitzetsi nahi genuke

B2.2 maila (BI TALDEAK): Black Friday eta pareko egun komertzialak mintzagai

B2.2 maila (BI TALDEAK): Birusaren atzaparretatik ihesi / Erostera garamatzaten egun seinalatu horiek

B2.2 maila (BI TALDEAK): Asun Garikano: "Kaliforniakoak"

B2.2 maila (BI TALDEAK): Asun Garikano: "Kaliforniakoak"

B2.2 maila (BI TALDEAK): Asun Garikano: "Kaliforniakoak". OHARRAK

B2.2 maila (BI TALDEAK): Iraganeko NOR-NORK. Ahozko katea

B2.2 maila (BI TALDEAK): Iraganeko NOR-NORK. Adizkien osaera-eskema eta oharrak

B2.2 maila (BI TALDEAK): Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketen EBAZPENA

 

2022/11/22

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAREN 16. eskola eta GOIZEKOAREN 15.a. Azaroak 21 eta 22

 

Arratsaldeko taldearen  16. eskola eta goizekoaren 15.a: azaroaren 21 eta 22koa

-        Bi taldeetan: Turismoa Euskal Herrian. Etxean egin beharreko jarduera zuzendu dugu, erantzun zuzenak behar bezala argudiatuz. Itemetan agertu direnez, honako egitura hauek azaldu dizkiet, nahiz eta lehendik ere ezagunak dituzten, aurten agertu baitzaizkigu jada.

Ezezko konparazioa da. EZ BEZALA(KOA). Konparazioa egiteko modu honetan, bi konparagaiak elkarren ondoan jartzen dira, hau da, baiezko konparazioek bezalako ordena du:

Gela hau (a) gela hori (b) BEZALAKOA da  >>

Gela hau (a) gela hori (b) EZ BEZALAKOA da.

= Gela hau (a) EZ da gela hori (b) BEZALAKOA.

Kristauen ohiturak (a) musulmanenak (b) EZ BEZALAKOAK dira.

= Kristauen ohiturak (a) EZ dira musulmanenak (b) BEZALAKOAK.

Nik (a) zuk (b) BEZALA hitz egiten dut frantsesez >>

Nik (a) zuk (b) EZ BEZALA hitz egiten dut frantsesez.

= Nik (a) EZ dut zuk (b) BEZALA hitz egiten frantsesez.

 Gogoratu: Bere horretan + utzi / egon / geratu...: lehen zegoen bezala, ukitu gabe, inongo aldaketarik egin gabe.

Aurten etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa bere horretan utzi dugu.

 Gogoan izan: a EZ EZIK, b ERE. Egitura honek bi osagai elkartzen ditu:

Turismoa ez ezik, beste jarduera ekonomikoak ere…”

Honen parekoa da:

Ez bakarrik turismoa, beste jarduera ekonomikoak ere…”

 = “Turismoa eta beste jarduera ekonomikoak…

= “Bai turismoa, bai beste jarduera ekonomikoak…”

= “Nola turismoa, hala beste jarduera ekonomikoak…”

= “Turismoa nahiz beste jarduera ekonomikoak…”

= “Turismoa zein beste jarduera ekonomikoak…”

-        Bi taldeetan: Hamaika aldiz esana diet erlatibozkoaren ondoko izenak edo erreferenteak aditz nagusiarekin komunztatu behar duela, baina horrek ez du esan nahi aditz nagusia UKAN denean erlatibozkoaren ondoko izen hori beti NORK kasuan agertuko zaigunik. NORK = ZERK kasuan agertuko da, baldin eta ondoko izen hori UKAN aditz nagusiaren subjektua bada; aditz nagusi horren objektua baldin bada, ordea, NOR = ZER kasuan egongo da. Azalpena ulerterrazagoa gerta dakien, honako adibide hauek ipini dizkiet.

-          Zuloa duEN galtzerdiA (nor,zer) armairuan dago. 
-          Zuloa duEN galtzerdiA (nor, zer)  /AK zaborretara bota dut (nik)(nork). 
-          Zuloa duEN galtzerdiA / AK (nork, zerk) erronboak (zer) ditu.

-      Bi taldeetan: Lehenengo eskola eguna. Aurreko ikasturteetako ikasleek ekoiztutako 28 esaldi banatu nizkien ikasleei, baina erlatibozkoen kasu-marka (nor, nork, nori) kenduta (klasean ere egin liteke ariketa hau, ongi iritziz gero). Ikasleek esaldi horietako erlatibozkoak deklinatu behar izan dituzte. Ariketari ekin baino lehen, adierazi diet lehenik errepara diezaiotela esaldian ondoko izena edo erreferentea ageri den ala ez: ageri baldin bada, nahikoa dute erlatibozko aditzari –(e)N gehitzea; ageri ez bada, ordea, erlatibozko –(e)N horri gehi diezaiotela galdutako izenak edo erreferenteak zeraman kasu marka (nor, nork, nori…). Gogorarazi diet, halaber, erlatibozkoaren ondoko izenak (erreferenteak edo ondokoak) aditz nagusiarekin komunztatu behar duela eta ez erlatibozkoaren barruko aditzarekin:



 

 

-     Bi taldeetan: Erlatibozkoak deklinatzeko  ariketa horretako 17. esaldian honako hau agertu zaigu: KARGU HARTU aditz konposatua, gaztelaniazko “llamar la atención”. Baina “llamar la atención”ek bi adiera edo esanahi desberdin izan ditzake. Hona hemen euskarazko itzulpen egokiak:

-       Altzoko HandiaK (nork) ATENTZIOA EMATEN zuen (llamaba la atención)  (= Altzoko Handia deigarria zen). Goizean egunkarian irakurri dudan albiste horrek (zerk) ATENTZIOA EMAN dit  (=deigarria egin zait albiste hori) (esa noticia me ha llamado la atención).

-       Berandu iritsi naizelako irakasleak niri KARGU HARTU dit (= errieta egin dit = errieta eman dit) (me ha llamado la atención). Atzo ertzainak KARGU HARTU zidan segurtasun-uhala lotu gabe neramalako; zorionez, ez zidan isunik jarri. Ez erabili “atentzioa deitu dit/zidan”, ezta “bronka bota dit/zidan” ere.

→ Euskaraz gaztelaniazko “echar” asko euskaraz erdarakadak dira:

Echar el ojo > Norbait edo zerbait begiz jo.

Echar de menos, echar en falta > Zeren edo noren falta sumatu (=nabaritu).

Echar la bronca > Errieta egin = Errieta eman = Kargu hartu.

Echar la siesta > Siesta egin = lo-kuluxka bat egin.

Echar una mirada > Begirada bat eman = begiratu bat eman.

Echa cuentas > Atera kontuak!

Echar una mano > Lagundu.

Echar una foto > Argazkia atera = argazkia egin.

-       Bi taldeetan: Halaber, 20. esaldia zuzendutakoan, BERA = BERBERA // BERDINA arteko aldea azaldu diet.

§ Zuk eta biok auto BERA = BERBERA daukagu: batzuetan nik erabiltzen dut eta beste batzuetan, zuk (auto bakarra da, partekatu egiten dugu).

§ Zuk eta biok auto BERDINA daukagu: biok Cupra bana (bi auto dira).

§ Mikel eta Ana anai-arrebak dira eta etxe BEREAN bizi dira, baina ez dute lo egiten gela BEREAN (=berberean).

§ Mikel eta Ana bizilagunak dira eta etxe BERDINEAN bizi dira (bi etxe dira, baina berdinak).

-   Bi taldeetan: Lokailuak. Balizko zalantzak argitu. Joan den eguneko azalpenaren ostean, lokailuekin esaldiak osatzeko ariketa bat bidali nien etxerako, ideien arteko erlazioa kontuan izanik ideia horiek lokailu egokiarekin uztar zitzaten. Ebazpen-orria ere atxiki nien. Zalantzarik baduten galdetu eta balizko zalantzak argitu. 

-       Bi taldeetan: AHOZKO JARDUERA: Iraganeko NOR-NORI-NORK.  Ikasleei ahoz iraganeko nor-nori-nork erabiltzeko esaldiak eginarazi dizkiet eta esaldi bera abiapuntutzat hartuta, konbinazio desberdinak eskatu dizkiet, adizki hauen erabileran treba daitezen.

-       Bi taldeetan: Iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak lantzeko ariketak egin dituzten edo egiten ari diren galdetu diet. Egitearen garrantzia azpimarratu diet.

-       Arratsaldeko taldearen: AHOZKO ADIERAZPENA: Ostalarien aukera, anfitrioien eztabaida. (30´) Administrazioa euskaraz” aldizkariaren 110. alean (2020ko urrikoa) dator eztabaida hau. Dena irakur zezatela aholkatu nien, eta hirunaka adostuta, zati bat prestatu behar zuten elkarri ahoz laburbiltzeko (a zatia: Amaya Vildosolari egindako elkarrizketa; b zatia: Alvaro Crespo Atini egindakoa; c zatia: Alvaro Días-Muniori eginikoa). Horretan jardun dute. Goizekoan, askok prestatu gabe zeukatenez, ostegunerako utzi dugu.

-   Bi taldeetan: Kaliforniara joandako lehenengo euskaldunen testigantzak izeneko ulermen orokorreko jarduera bidali nien etxerako. Euskaldunak hizpide ditugun lehenengo gai honetan, ikusiak ditugu euskaldun berezi edo bitxi batzuk, baita Euskal Herritik at bizi diren euskaldunak ere – diaspora – Argentinan eta Renon nahiz San Frantziskon, kasu. Gaurkoan, Kaliforniara joandako euskaldunei buruzko testua zuten, baina ez egun han  bizi diren euskaldunei buruzkoa, garai batean esploratzaile edo konkistatzaile gisa hara joandakoena baizik: Vizcaino, De Anza… Ulermen-jarduera zuzendu dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.

-      Goizeko taldean: ENTZUNAREN ULERMENA: Asun Garikano: “Kalifornia Euskal Herriko beste probintzia bat” (x1). Identitate pertsonalaren gai honetan, besteak beste, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak – diaspora –  (Argentinan, Venezuelan, Boisen) ditugu aztergai. Zuzendu berri dugun jardueran ezagutu ditugu garai batean Kaliforniara esploratzaile eta konkistatzaile joandako zenbait euskaldun (Vizcaino, De Anza…). Euren bizipenak bildu ditu Asun Garikanok Kaliforniakoak izeneko liburuan. Hasteko, itemak irakurri ditugu eta, ondoren, lehenengo entzunaldia egin dugu. Azalpenak eta bigarren entzunaldia, hurrengorako.

-          ETXERAKO LANAK:

o   Bi taldeetan: Erlatibozkoetako ondoko edo erreferentearen kasu-marka egokia ipintzen ikasteko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa da, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak ere banatu dizkiet, egin ostean eurek zuzentzeko. Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.

o   Bi taldeetan: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, ate-joka dugula eta, horrekin lotura estua duen jarduera, Ciudad de Juarezen emakumeak hiltzen deritzona, genero indarkeriaren gaia eta testu antolatzaileen  erabilera uztartzen dituena.

o   Bi taldeetan: Egin ez badituzte, egin ditzatela iraganeko NOR-NORI-NORK lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak.

o   Goizeko taldean: Irakurgaia: Ostalarien aukera, anfitrioien eztabaida. “Administrazioa euskaraz” aldizkariaren 110. alean (2020ko urrikoa) dator pisu turistikoei buruzko afera (=auzia = gai eztabaidagarria). Egokiena dena irakurtzea litzatekeela adierazi diet eta, hori bai, hirunaka adostuta, zati bat presta dezatela hurrengo klasean elkarri ahoz laburbiltzeko (a zatia: Amaya Vildosolari egindako elkarrizketa; b zatia: Alvaro Crespo Atini egindakoa; c zatia: Alvaro Días-Muniori eginikoa).

o   EKARRI: Bidaiatzeko aholkuak. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte araudiaren hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.