Arratsaldeko taldearen 16. eskola eta goizekoaren 15.a: azaroaren 21 eta 22koa
- Bi taldeetan: Turismoa Euskal Herrian. Etxean egin beharreko jarduera zuzendu dugu, erantzun zuzenak behar bezala argudiatuz. Itemetan agertu direnez, honako egitura hauek azaldu dizkiet, nahiz eta lehendik ere ezagunak dituzten, aurten agertu baitzaizkigu jada.
Gela hau (a) gela hori (b) BEZALAKOA da >>
Gela hau (a) gela hori (b) EZ BEZALAKOA da.
= Gela hau (a) EZ da gela hori (b) BEZALAKOA.
Kristauen ohiturak (a) musulmanenak (b) EZ BEZALAKOAK dira.
= Kristauen ohiturak (a) EZ dira musulmanenak (b) BEZALAKOAK.
Nik (a) zuk (b) BEZALA hitz egiten dut frantsesez >>
Nik (a) zuk (b) EZ BEZALA hitz egiten dut frantsesez.
= Nik (a) EZ dut zuk (b) BEZALA hitz egiten frantsesez.
Gogoratu: “Bere horretan + utzi / egon / geratu...”: lehen zegoen bezala, ukitu gabe, inongo aldaketarik egin gabe.
Aurten etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa bere horretan utzi dugu.
Gogoan izan: a EZ EZIK, b ERE. Egitura honek bi osagai elkartzen ditu:
“Turismoa ez ezik, beste jarduera ekonomikoak ere…”
Honen parekoa da:
“Ez bakarrik turismoa, beste jarduera ekonomikoak ere…”
= “Turismoa eta beste jarduera ekonomikoak…”
= “Bai turismoa, bai beste jarduera ekonomikoak…”
= “Nola turismoa, hala beste jarduera ekonomikoak…”
= “Turismoa nahiz beste jarduera ekonomikoak…”
= “Turismoa zein beste jarduera ekonomikoak…”
- Bi taldeetan: Hamaika aldiz esana diet erlatibozkoaren ondoko izenak edo erreferenteak aditz nagusiarekin komunztatu behar duela, baina horrek ez du esan nahi aditz nagusia UKAN denean erlatibozkoaren ondoko izen hori beti NORK kasuan agertuko zaigunik. NORK = ZERK kasuan agertuko da, baldin eta ondoko izen hori UKAN aditz nagusiaren subjektua bada; aditz nagusi horren objektua baldin bada, ordea, NOR = ZER kasuan egongo da. Azalpena ulerterrazagoa gerta dakien, honako adibide hauek ipini dizkiet.
- Bi taldeetan: Lehenengo eskola eguna. Aurreko ikasturteetako ikasleek ekoiztutako 28 esaldi banatu nizkien ikasleei, baina erlatibozkoen kasu-marka (nor, nork, nori) kenduta (klasean ere egin liteke ariketa hau, ongi iritziz gero). Ikasleek esaldi horietako erlatibozkoak deklinatu behar izan dituzte. Ariketari ekin baino lehen, adierazi diet lehenik errepara diezaiotela esaldian ondoko izena edo erreferentea ageri den ala ez: ageri baldin bada, nahikoa dute erlatibozko aditzari –(e)N gehitzea; ageri ez bada, ordea, erlatibozko –(e)N horri gehi diezaiotela galdutako izenak edo erreferenteak zeraman kasu marka (nor, nork, nori…). Gogorarazi diet, halaber, erlatibozkoaren ondoko izenak (erreferenteak edo ondokoak) aditz nagusiarekin komunztatu behar duela eta ez erlatibozkoaren barruko aditzarekin:
- Bi taldeetan: Erlatibozkoak deklinatzeko ariketa horretako 17. esaldian honako hau agertu zaigu: KARGU HARTU aditz konposatua, gaztelaniazko “llamar la atención”. Baina “llamar la atención”ek bi adiera edo esanahi desberdin izan ditzake. Hona hemen euskarazko itzulpen egokiak:
- Altzoko HandiaK (nork) ATENTZIOA EMATEN zuen (llamaba la atención) (= Altzoko Handia deigarria zen). Goizean egunkarian irakurri dudan albiste horrek (zerk) ATENTZIOA EMAN dit (=deigarria egin zait albiste hori) (esa noticia me ha llamado la atención).
-
Berandu iritsi naizelako
irakasleak niri KARGU HARTU dit (=
errieta egin dit = errieta eman dit) (me ha llamado la atención). Atzo
ertzainak KARGU HARTU zidan segurtasun-uhala lotu gabe
neramalako; zorionez, ez zidan isunik jarri. Ez
erabili “atentzioa deitu dit/zidan”, ezta “bronka bota dit/zidan”
ere.
→ Euskaraz gaztelaniazko “echar” asko euskaraz erdarakadak dira:
Echar de menos, echar en falta > Zeren edo noren falta sumatu (=nabaritu).
Echar la bronca > Errieta egin = Errieta eman = Kargu hartu.
Echar la siesta > Siesta egin = lo-kuluxka bat egin.
Echar una mirada > Begirada bat eman = begiratu bat eman.
Echa cuentas > Atera kontuak!
Echar una mano > Lagundu.
Echar una foto > Argazkia atera = argazkia egin.
- Bi taldeetan: Halaber, 20. esaldia zuzendutakoan, BERA = BERBERA // BERDINA arteko aldea azaldu diet.
§ Zuk eta biok auto BERA = BERBERA daukagu: batzuetan nik erabiltzen dut eta beste batzuetan, zuk (auto bakarra da, partekatu egiten dugu).
§ Zuk eta biok auto BERDINA daukagu: biok Cupra bana (bi auto dira).
§ Mikel eta Ana anai-arrebak dira eta etxe BEREAN bizi dira, baina ez dute lo egiten gela BEREAN (=berberean).
§ Mikel eta Ana bizilagunak dira eta etxe BERDINEAN bizi dira (bi etxe dira, baina berdinak).
- Bi taldeetan: Lokailuak. Balizko zalantzak argitu. Joan den eguneko azalpenaren ostean, lokailuekin esaldiak osatzeko ariketa bat bidali nien etxerako, ideien arteko erlazioa kontuan izanik ideia horiek lokailu egokiarekin uztar zitzaten. Ebazpen-orria ere atxiki nien. Zalantzarik baduten galdetu eta balizko zalantzak argitu.
- Bi taldeetan: AHOZKO JARDUERA: Iraganeko NOR-NORI-NORK. Ikasleei ahoz iraganeko nor-nori-nork erabiltzeko esaldiak eginarazi dizkiet eta esaldi bera abiapuntutzat hartuta, konbinazio desberdinak eskatu dizkiet, adizki hauen erabileran treba daitezen.
- Bi taldeetan: Iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak lantzeko ariketak egin dituzten edo egiten ari diren galdetu diet. Egitearen garrantzia azpimarratu diet.
- Arratsaldeko taldearen: AHOZKO ADIERAZPENA: Ostalarien aukera, anfitrioien eztabaida. (30´) “Administrazioa euskaraz” aldizkariaren 110. alean (2020ko urrikoa) dator eztabaida hau. Dena irakur zezatela aholkatu nien, eta hirunaka adostuta, zati bat prestatu behar zuten elkarri ahoz laburbiltzeko (a zatia: Amaya Vildosolari egindako elkarrizketa; b zatia: Alvaro Crespo Atini egindakoa; c zatia: Alvaro Días-Muniori eginikoa). Horretan jardun dute. Goizekoan, askok prestatu gabe zeukatenez, ostegunerako utzi dugu.
- Bi taldeetan: Kaliforniara joandako lehenengo euskaldunen testigantzak izeneko ulermen orokorreko jarduera bidali nien etxerako. Euskaldunak hizpide ditugun lehenengo gai honetan, ikusiak ditugu euskaldun berezi edo bitxi batzuk, baita Euskal Herritik at bizi diren euskaldunak ere – diaspora – Argentinan eta Renon nahiz San Frantziskon, kasu. Gaurkoan, Kaliforniara joandako euskaldunei buruzko testua zuten, baina ez egun han bizi diren euskaldunei buruzkoa, garai batean esploratzaile edo konkistatzaile gisa hara joandakoena baizik: Vizcaino, De Anza… Ulermen-jarduera zuzendu dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz.
- Goizeko taldean: ENTZUNAREN ULERMENA: Asun Garikano: “Kalifornia Euskal Herriko beste probintzia bat” (x1). Identitate pertsonalaren gai honetan, besteak beste, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak – diaspora – (Argentinan, Venezuelan, Boisen) ditugu aztergai. Zuzendu berri dugun jardueran ezagutu ditugu garai batean Kaliforniara esploratzaile eta konkistatzaile joandako zenbait euskaldun (Vizcaino, De Anza…). Euren bizipenak bildu ditu Asun Garikanok Kaliforniakoak izeneko liburuan. Hasteko, itemak irakurri ditugu eta, ondoren, lehenengo entzunaldia egin dugu. Azalpenak eta bigarren entzunaldia, hurrengorako.
- ETXERAKO LANAK:
o Bi taldeetan: Erlatibozkoetako ondoko edo erreferentearen kasu-marka egokia ipintzen ikasteko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa da, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak ere banatu dizkiet, egin ostean eurek zuzentzeko. Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.
o Bi taldeetan: Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, ate-joka dugula eta, horrekin lotura estua duen jarduera, Ciudad de Juarezen emakumeak hiltzen deritzona, genero indarkeriaren gaia eta testu antolatzaileen erabilera uztartzen dituena.
o Bi taldeetan: Egin ez badituzte, egin ditzatela iraganeko NOR-NORI-NORK lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak.
o Goizeko taldean: Irakurgaia: Ostalarien aukera, anfitrioien eztabaida. “Administrazioa euskaraz” aldizkariaren 110. alean (2020ko urrikoa) dator pisu turistikoei buruzko afera (=auzia = gai eztabaidagarria). Egokiena dena irakurtzea litzatekeela adierazi diet eta, hori bai, hirunaka adostuta, zati bat presta dezatela hurrengo klasean elkarri ahoz laburbiltzeko (a zatia: Amaya Vildosolari egindako elkarrizketa; b zatia: Alvaro Crespo Atini egindakoa; c zatia: Alvaro Días-Muniori eginikoa).
o EKARRI: Bidaiatzeko aholkuak. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte araudiaren hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina