2023/01/15

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 25. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 24.a. 2023ko urtarrilak 11 eta 12

 

Arratsaldekoen  25. eskola eta goizekoen 24.a: 2023ko urtarrilaren 11 eta 12koa


-    ELKAR izenordearen erabilera azaldu nien oporren aurretik. Gaur, azalpen horren ideia nagusiak gogorarazi dizkiet (idatziz eman nizkien bere garaian).

Ongi erreparatu aditzari, horren arabera ondorioztatzeko ELKAR izenordeak esaldi horietako bakoitzean zein kasu-marka hartu behar duen (aditz horrek kasu marka hori eskatzen duelako: Adibidez, “ezkondu”, “egon”, “bizi”, “bidaiatu”, “hitz egin”, “afaldu”, “oheratu”… aditzek NOREKIN kasua eskatzen dute eta beraz, ELKAR izenordea kasu horretan deklinatuko da: ELKARREKIN; “ezagutu”, “agurtu”, “maitatu”…aditzek, berriz, NOR kasua eskatzen dute eta, hortaz, ELKAR izenordea NOR kasuan joango da). Pernandok erosleari esan dio (astoak) elkarrekin egon direla (NOREKIN + egon) eta ezin dutela elkar ikusi (NOR + ikusi).

 

Aditz laguntzaile egokia nola ipini zalantzak izanez gero, hona hemen  trikimailutxo bat: ELKAR partikula singularreko 3. pertsona bailitzan hartuta: ipotxa, amona, Irungo alkatea, Aitziber…).

 

maite dira”, “ezagutzen dira”, “ikusten gara”, “agurtu dira... bezalako erdarakadak onartezinak dira erreziprokotasuna adierazteko; izan ere, aditz hauek UKAN motakoak dira (transitiboak, alegia) eta ezin dira erabili IZANekin.

 

-    Ondoren, ELKAR izenorde elkarkaria lantzeko etxean egin behar izan zituzten hiru ariketak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Egia da arratsaldeko taldean lehenengoa zuzendua genuela, baina gaur etorritako ikasle gehienak egun hartan etorri ez zirenez, labur bada ere, zuzendu egin dugu.

 

OHARRA: Ariketa honetan agertu zaigun “ulertu” aditzaren erabileraren berri eman diet,  jakin dezaten noiz erabiltzen den.

-   NOR-NORK laguntzailearekin (Zure lana, familia eta lagunak utzi eta ardiz inguratuta mendiko borda batean bizitzera joan zarela?? Nik zu ez zaitut ulertzen. Nola egin duzu burugabekeria hori?)  (ez dut ulertzen zure bizimodua, zure pentsaera edo pentsamoldea, zure filosofia, zure jarrera, zure portaera, egin duzuna….)

-      eta noiz NOR-NORI-NORK-ekin (Nik zuri ez dizut ulertzen esaten ari zarena, nire frantses maila oso baxua baita) (ez dut ulertzen zer esaten ari zaren, adibidez, hizkuntza desberdina darabilgulako).

-       Eguberriak igaro berri ditugu. Ikusi dugun bezala, batzuek dirutza xahutzen dute jai hauetan eta izugarrizko gehiegikeriak egiten dituzte; beste batzuek, berriz, gorriak ikusten dituzte eta estu eta larri ibiltzen dira hilabetea amaitzeko. Hori dela-eta, elikagaien bankuetara jo behar izaten dute elikagai edo jangai(en) bila. Badirudi urte-sasoi honetan bakarrik gogoratzen garela beharrean edo premian daudenez. Edozein saltoki handiren aurrean topa ditzakegu boluntarioak elikagaien bankurako jangai eske(an). Elikagaien bankuek, ordea, urte osoan zehar gauzatzen dute euren lan isila. Elikagaien bankuak deritzon cloze-testa zuzentzen amaitu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ohar hauen kopia bana eman nien joan den egunean.

o   Gaur eskolaN bertaN bazkalduko dut.

Gaur alkateAREKIN beraREKIN hitz egin dut, ez bere idazkariarekin.

Eskolara joan naizenean irakasleAREKIN beraREKIN hitz egin dut, ez zuzendariarekin… 

BAINA: Iazko alkate_ beraREKIN jarraitzen dugu Irunen.

Iazko irakasle_ beraREKIN gaude aurten: Dabidekin. 

o   Birdeklinaketa: LanaREKIN duten interesa > LanaREKIKO interesa; zuREKIN dudan harremana > ZuREKIKO harremana; IrakasleEKIN daukaten jarrera > IrakasleEKIKO jarrera; SemeaRENTZAT erosi dudan oparia > semeaRENTZAKO oparia…

o   ZERTAZ + jabetu =ohartu =konturatu. Bai, HORRETAZ jabetu = ohartu = konturatu naiz.

o   Hausnartu = gogoeta egin.

o   Iragarri = aurreikusi. IragarLEa: zerbait iragartzen edo aurreikusten duena, hau da, iragarPENak egiten dituena (etorkizun iragarlea, eguraldi iragarlea…).

o   Aldarrikatu: Emakumeek soldata igoera aldarrikatzen dute  (reivindicar, proclamar) > Aldarrikapena = aldarria (reivindicación).

o   NORI = ZERI + aurre egin (kontra egin): ArazoARI aurre egin behar diozu, arazoEI aurre egin behar diezu, negar egin beharrean.

o   “mantendu” aditza euskaraz gutxiago erabili behar genuke. Adib: “mantén la distancia de seguridad” > “Segurtasun tartea ZAINDU edo GORDE (mantendu)” “Mantendremos la puerta abierta” > “Atea zabalik edukiko = utziko dugu”  (mantenduko dugu)

o   ESKER ONEKOAK (nolakoak) dira nire ikasleak; ESKER TXARREKOAK (nolakoak) dira.

o   ESKERTZEKOA DA = ESKERTZEKO MODUKOA DA = “ESKERTZEA MEREZI DUENA”

-         
Eguberriekin estuki lotuta dago LOTERIA. Ikasleei loterian sosik tokatu zaien galdetu diet eta datorren urtean edo urteren batean tokatuKO BALITZAIE, zer eginGO LUKETEn.

 

-    Ahoz banan-banan galdera horri erantzun diote; jakina, erantzuteko esaldi osoa egin zezaten behartu ditut, alegiazko adizkiak sar zitzaten. Horrek emandako aitzakia baliatuta, euskarako BALDINTZA errepasatzeari ekingo diogu.

-   EUSKAL BALDINTZA. Gaurkoan,  hiru baldintzen (erreala, hipotetikoa, irreala) azalpen orokorra egin diet. Horietako bakoitza zertarako erabiltzen den azaldu diet eta formalki nola osatuta dagoen:

ERREALA: gertatzeko aukera handia dagoenean, posibilitate handia dagoenean, erabiltzen da:

Junkal  etortzen BADA, lehenengo ilaran eseriko DA (si viene,…se sentará).

Formalki, nahikoa da BA- partikula indikatiboko aditzari – orainaldi nahiz lehenaldikoari – eranstea; beraz, ez da osatzen zaila. Hori bai, ohar bitez oraindik gertatu gabeko ekintzak adierazteko, geroaldirako, alegia, ez dela –KO erabiltzen, -TZEN baizik:

Bihar ere euria egiTEN BADU (egingo badu), aterkia ekarri beharko dugu.

ALEGIAZKOA edo HIPOTETIKOA: errealean baino aukera edo posibilitate gutxiago dago gertatzeko, baina aukera egon, badago. Hipotesiak egiteko erabiltzen da eta, halaber, amets eta desioak adierazteko:

Kinielan hamabost asmatuKO BANITU, dirutza ederra irabaziKO NUKE.  Hortik datorkio izena.

Junkal etorriKO BALITZ, lehenengo ilaran eseriKO LITZATEKE (si viniera o viniese,…se sentaría).

Errealean baino aukera gutxiago dago Junkal klasera etortzeko, baina etor liteke oraindik. Formalki, bai baldintzaren atalean, bai ondorioarenean, aditz nagusiak KO/-GO darama (“koko”) eta laguntzailea osatzeko indikatiboko iraganeko adizkietatik abiatu behar da. Hauei amaierako –(e)n kendu eta BA- ipini.

IRREALA edo LEHENALDIKOA: Horrela deritzo, bere garaian gertatu beharrekoa gertatu ez zenez, orain jada gertatzeko inolako aukera edo posibilitaterik ez dagoelako. Horregatik da “irreala”. Hau barra-barra erabiltzen dugu zerbaitetaz damutzen garenean:

Gehiago ikasi (izan) BAZENU, azterketa gaindituKO ZENUEN = ZENUKEEN, baina alferkerian ibili zarenez, irailean errepikatu beharko duzu.

Hona beste adibide bat:

Junkal etorri (izan) BALITZ, lehenengo ilaran eseriKO ZEN = ZATEKEEN (si hubiera o hubiese venido, …se habría sentado) (baina ez da etorri eta jada ez da etorriko).

Formalki, baldintzaren atalak –KO galduko du aditz nagusian (zentzu osoa du honek, gertatzeko aukerarik ez baldin badago nola eramango du ba geroaldiko –KO?) baina laguntzailea hipotetikoko adizki bera izango da; ondorioaren atalean, berriz, alderantziz:   -KO darama honek ere, baina laguntzailea lehenaldikoa edo iraganekoa da (bi aukera daude: indikatiboko iraganeko adizkiak erabili edo, bestela, ondorio iraganekoak).

Hurrengo egunean ekingo diogu alegiazko baldintza edo hipotetikoa errepasatzeari.

-       DEKLINABIDEA:Deklinabidea gogoratzeko txostena banatu nien oporren aurretik. Bertan, deklinabide taulak dituzte (izen arrunt nahiz bereziak, bizidunak  nahiz bizigabeak, bokalez zein kontsonantez amaituak; pertsona izenordeak, leku-adberbioak, erakusleak eta izenordain zehaztugabeak. Baita zenbatzaile zehaztugabeek aditzarekin eskatzen duten komunztadura – singularra / plurala – erakusten duen taulatxo bat ere).  Txostena aterarazi eta, esku artean dutelarik, honako  oharrok egin dizkiet:

o   Arreta berezia ipin dezatela –A berea edo organikoa duten hitzetan, hauek mugagabean ez baitute galtzen –A hori: hainbat tabernaTAN eskatzen dute COVID ziurtagiria. Edozein eskolaTAN matrikula dezakezu haurra. Zein plazaTAN izango da omenaldia? Zenbat alaba dauzka? Zein animalia edukiko zenuke etxean? Zein neskari ahaztu zaio poltsa? Zenbat pertsona (pertson) elkartu da elkarretaratze horretan?

(pluralean bai: pluralean beti A+E > E: tabernEtan, eskolEtan, plazEtan…. Eta ez ahaztu, hitz baten pluralean bi E metatzeko, hitzak amaieran –E propioa behar duela: umeEK, etxeEN, kaleETAN…).

          Arretaz erreparatu diogu berezko -A edo -A organikoa duten hitzen     zerrendari, baita -A propioa duten mailegu eta atzizkiei ere.

o    –A berea edo organikoa duten hitzetan, -A hori gal daiteke hitz elkartu eta konposatuetan:

§  Baldin eta hitz horren amaieran –IA baldin badago: geologi ikasketak, ortografi akatsak, bidai agentzia (=bidaia agentzia  = bidaia-agentzia)…

§  Eliza, burdina, hizkuntza, natura, literatura hitzetan: kultur jarduerak = kultura jarduerak = kultura-jarduerak.

o   Leku izen

·         batzuek –A berea dute (DonostiA, GetariA…) eta beraz, beti eutsiko diote -A horri.

·         beste batzuek ez dute –A-rik  (Altsasu, Urretxu…) eta beraz, ez dute sekula hartuko.

·         eta beste batzuek, berriz, -A hori kasu batzuetan bakarrik hartzen dute, ez delako berezko –A, determinatzailea baizik (Azpeiti(a), Hondarribi(a)…): Zein kasutan? NOR eta NON kasuetan.

DonostiA (a berea du): DonostiaN, DonostiaKO, DonostiaRA, DonostiaTIK

GipuzkoA (a berea du): GipuzkoaN, GipuzkoaKO, GipuzkoaRA, GipuzkoaTIK

Hondarribia (a hori ez da berea, determinatzailea baizik. Nor eta Non kasuan agertuko zaigu; beste kasuetan, berriz, ez): HondarribiaN, HondarribiKO, HondarribiTIK, HondarribiRA.

Iruñea (gauza bera): IruñeaN, IruñeKO, IruñeRA, IruñeTIK

Azpeitia (gauza bera): AzpeitiaN, AzpeitiKO, AzpeitiRA, AzpeitiTIK

-          AHOZKO BITARTEKOTZA: Haurrak txertatu ala ez / Usurbilgo Udalaren aurrekontua. Joan den egunean adostu bezala, binaka jarrita, ahozko bitartekotza jarduera hau egiten jardun dute.  Usurbilgo aurrekontuaren bitartekotza jarduera egin aurretik, zenbait gomendio eman dizkiet (idatziz eta ahoz).

AURREKONTUEN INFOGRAFIA INTERPRETATZEKO zenbait aholku:

o Honako datu hau (=ehunekoa = portzentajea) deigarria (=nabarmena = azpimarragarria) egin zait = iruditzen zait

= Datu (=ehuneko =portzentaje) honek atentzioa eman dit: Usurbilgo udalak aurrekontuaren % 1,02 bakarrik bideratzen du aniztasunaren trataerara (genero aniztasuna, kultur aniztasuna…).

o   Bideratu + ZERTARA? (aniztasunaren trataerara, euskara sustatzera, zerbitzu eta obretara, adinekoen zainketara, zaborraren kudeaketara, langileen trebakuntzara = langileak trebatzera, garapen ekonomikora, kultur jarduerak antolatzera, herritarren ongizatea bermatzera, auzoak hobetzera, ingurumena zaintzera eta babestera, berdintasuna lantzera = jorratzera…).

o   Ehunekoak, printzipioz mugagabean: aurrekontuaren %20, herritarren %20k, %20ri, %20rentzat, %20ren ustezSalbuespena: konkretuak direnean (adibidez, erlatibozko batekin doanean): Eskola honetan ikasten duten ikasleen %20%a, %20ak, %20ari… Udalak genero-berdintasunera bideratzen duen zenbatekoaren (=diru-kopuruaren) %23a tratu txarrak jasateagatik bakarrik bizi diren emakumeentzat da. Usurbilgo udalak ongizatera bideratzen duen zenbatekoaren (=diru-kopuruaren) ia %2a turismo sustatzeko da.

o   Superlatiboa maiz erabiltzen da (askotan erlatibozkoarekin konbinatuta) horrelako infografien irakurketan: Usurbilgo udalak herritarren udal zerbitzuetara bideratzen du diru GEHIEN. Udalaren aldetik diru GEHIEN jasotzen duen arloa Hezkuntza da. Udalak bizikidetza eta memoria berreskuratzera bideratzen du diru GUTXIEN.

o  Baita konparaziozkoak ere: Usurbilgo udalak diru GEHIAGO / GUTXIAGO bideratzen du zerbitzu eta obretara, ingurumena zaintzera BAINO. Udalak kirolak sustatzera gizarte politikak bultzatzera BAINO diru GEHIAGO / GUTXIAGO zuzentzen du.

-          ETXERAKO LANAK:

-   Loteriari buruzko jardura bikoitza (“Gabonetako loteria: ezin (dugu) etsi, jokatu gabe”). Batetik, testu barneko cloze-testa egin behar dute eta, bestetik, testutik ateratako zazpi esaldiak dagozkien hutsuneetak txertatu.

-          Idatzizko bitartekotza lantzeko idazlantxoa: Estatistika Institutu Nazionala.

-   Iraganeko NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK adizkiak gehiago bere kabuz landu nahi dituenak www.euskaljakintza.com eta www.santurtzieus.com web-orrietan badituela zenbait ariketa adierazi diet. Nahi duenak egin ditzala, norberak zuzentzekoak baitira. Nire blogean badute esteka edo lotura, nahi izanez gero, handik zuzenean sartzeko.

-  Alegiazko baldintza edo hipotetikoari buruzko teoria irakur dezatela eta taulei arretaz erreparatu. Hurrengo egunean ekingo diogu azalpenari.

-  Asteko irakurgaia, mintzarako presta dezaten, binaka adostuta: “Argindarra preziorik garestienean da oraindik ere”.

-           EGINAK IZAN eta EKARRI:

-           ELKAR izenordea lantzeko ariketak II (Iñigo Mendiaurre)

-           Kontzesiboen indartze-ariketak (eta zuzenduak, hurrengoan zalantzak argitzeko).

-          Aita San Antonio, Urkiolakua.

-          ARRATSALDEKOEK: Erreklamatzen ere jakin behar da + oharrak

-          GOIZEKOEK: Pernando amezketarra

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina