2023/01/31

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 30. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 29.a. Urtarrilak 30 eta 31

 

Arratsaldekoen  30. eskola eta goizekoen 29.a: 2023ko urtarrilaren 30 eta 31koa

-  ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 1. Zazpi albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharra: bi taldeetan hiru aldiz entzun dugu, ariketa hau zaila egiten baitzaie.

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

-     Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR sistema lantzeko Euskaljakintza.com web-orriko bi ariketak (neuk egokituak) egin genituen klasean joan den astean (joan den astelehen eta astearteko eskoletan). Gaur, zuzendu egin ditugu. (OHARRA: nahi duenak eskuragarri ditu blogean H5P formatuan, interaktiboki egiteko).

-     Esaldietako batean, -T(z)EKOA(K) + IZAN egitura atera zaigunez, asmoa edo intentzioa adierazten duena, honen erabilera gogorarazi diet (lehenago atera zitzaigun, Erreklamatzen ere jakin egin behar jardueraren zuzenketa-oharretan).(Gramatika eta ariketak II liburuko 89. orrialdean ere badute azalpen labur bat). Bitxia da; izan ere, -T(z)EKOA(K) + izan ez da komunztatzen objektuarekin, subjektuarekin baizik:


Herriko zineman (haiek) botaTZEKOAK DIREN filma (sing.) 

= botaTZEKOTAN dauden filma = botaTZEKO ASMOA DUTEn filma (haiek botako dute, antolatzaileek).

Pello eta Miren (=haiek) ezkonTZEKOAK DIRA


= ezkonTZEKOTAN DAUDE edo DABILTZA = ezkonTZEKO ASMOA DUTE.

(Ni) etxe berria erosTEKOA NAIZ

= erosTEKOTAN NABIL edo NAGO = erosTEKO ASMOA DUT.


(Ni)  kirolerako zapatila berriak erosTEKOA NAIZ

 = erosTEKOTAN NABIL edo NAGO = erosTEKO ASMOA DUT.

-    Irungo Udala (subjektua: nor sing.) Palmera-Montero gunean babes ofizialeko etxebizitzak (objektu plurala) egiTEKOA DA = egiTEKOTAN DABIL = egiTEKO ASMOA DU.

-   Udal agintariak (subjektua: nor plurala) Palmera-Montero gunean babes ofizialeko etxebizitzak (objektu pl.) egiTEKOAK DIRA.

-  Irungo Udala (subjektua: nor sing.) orube horretan doako aparkalekua (objektu sing.) egiTEKOA DA.

-    Udal agintariak (subjektua: nor plurala) orube horretan doako aparkalekua (objektu sing.) egiTEKOAK DIRA.

-          Gure aita (subjektua: nor sing.) datorren urtean etxeko leihoak (objektu pl.) aldaTZEKOA DA.

-  Nire gurasoak (subjektua: nor plurala) datorren urtean etxeko leihoak (objektu pl.) aldaTZEKOAK DIRA.

-      Gure aita (subjektua: nor sing.) datorren urtean auto berria (objektu sing.) erosTEKOA DA = Gure aitak…auto berria erosteko asmoa du = Gure aita… auto berria erosTEKOTAN DAGO = erosTEKOTAN DABIL.

-  Nire gurasoak (subjektua: nor plurala) datorren urtean auto berria (objektu sing.)  erosTEKOAK DIRA.

Ikusten den bezala, subjektua singularra baldin bada, -T(Z)EKOA DA erabiliko dugu; subjektua plurala bada, berriz, -T(Z)EKOAK DIRA. Berdin dio objektua (autoa, leihoak, etxebizitzak, aparkalekua) sing. ala plurala den.


Honen berri ere eman diet:

Zu igerilekura joango  bazina, ni zurekin joango nintzateke,  zer gerta ere, ez baitakizu igeri ondo egiten (=badaezpada ere).

-      Familia ereduen gaiaren barnean, egun bakarrik bizitzeko hautua egiten dutenak gero eta gehiago direla jakin genuen, single izenez ezagutzen ditugunak, alegia. Batzuk gustura daude single egoeran, baina beste batzuek bikotekidea (bikotea) topatu nahi izango lukete, kosta ahala kosta (=nola edo hala). Horretarako, bada Internetera jotzen duenik, kaixomaitia.com bezalako web-guneetara (entzuna dugu Xabierren lekukotza); beste batzuek, ordea, nahiago dute hautabide (hautatzen edo aukeratzen den bidea =alternatiba) tradizionalagoa, hala nola, Urkiolako San Antoniori eskatzea. Horren harira, San Antonio deritzon ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez (hainbat oin-ohar ipini nizkien lagungarri jarduerarekin batera, horietako asko, ikusitako edukien errepaso gisa).

Izerdi larria sentitu du bizkarrean behera (larritasunak eragiten duen izerdia da, ez nekeak eragindakoa, adibidez, istripu batetik ozta-ozta libratu garenean edo azterketa hasterakoan sentitzen duguna).

-   AHOZKO ADIERAZPENA (30´): Alokairuko umetokia eta intseminazio bidezko ugalketa mintzagai. Gaurkoan, joan den asteko bi hautabide hauek izan ditugu hizpide. Horretarako, joan den astean agertu zitzaizkigun ideia nagusiak bildu ditut eta bakoitzaren gainean denbora jakin batez hitz eginarazi diet. Hurrengoan amaitzekotan geratu gara.

-          ETXERAKO LANAK:

-      NOR-NORI sistemako Alegiazko baldintza edo hipotetikoa lantzeko neuk prestatutako ariketa (klasean zuzentzeko). Joan den astean bidali nizkien bi ariketak (ebazpenekin) eginak behar lituzkete. Hurrengoan galdetuko diet zalantzarik baduten.

-    -T(z)EKOA(k) + IZAN egitura lantzeko espresuki prestatutako berridazketak (ebazpen orria atzealdean daukate).

-   Binaka adostuta presta dezatela bitartekotza fitxa bana: Eguraldi makurrarekin gidatzeko gomendioak eta Zelan edo nola identifikatu fake news bat.

-         Zuzen dezatela deklinabidea lantzeko 2. orrialdea (33. esalditik aurrerakoak) gaur banatu diedan erantzun-orriarekin.

-     Jarraitu dezatela ELKAR izenordea lantzeko indartze-ariketa egiten – pixkanaka egin zezatela aholkatu nien – oraindik amaitu ez badute.

-          Egina ez badute, egin dezatela “Arrasto digitala” izeneko cloze-testa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina