2023/01/27

B2.2 maila: ARRATSALDEKO TALDEAren 29. eskola eta GOIZEKO TALDEAren 28.a. Urtarrilak 25 eta 26

 

Arratsaldekoen  29. eskola eta goizekoen 28.a: 2023ko urtarrilaren 25 eta 26koa

-         Guraso izateko modu asko daude izeneko elkarrizketako hainbat esaldi berridatzi behar zituzten etxean. Hori zuzendu dugu. 25 esaldi dira, ikasleek guk emandako egiturak erabiliz berridatzi behar zituztenak. Berridazketa batzuk ongi etorri zaizkigu zenbait eduki errepasatzeko (perpaus kontzesiboak, esaterako); beste batzuetan, berriz, egitura berriak agertu zaizkigu, hala nola, 2., 13. eta 18. berridazketetan agertu zaiguna: Ez du ZERTAN txarra IZAN = Ez du txarra IZAN  BEHARRIK. Hurrengo egunean azaltzekotan geratu naiz.

Atera zaizkigun egiturak:

·  Bilakaera adierazten duten denborazkoak: part. + AHALA, aditz jokatua + -(e)N HEINEAN = -(e)N NEURRIAN, ZENBAT ETA…-AGO(a), ORDUAN ETA…-AGO(a).

·    NOREN edo ZEREN INGURUAN = NOREN edo ZEREN GAINEAN = NORI edo ZERI BURUZ.

·         a EZ EZIK, b ERE.

·         -T(z)EAZ GAIN.

·         EZ BAKARRIK a, b ERE. (baizik)

·         a NAHIZ b = a ZEIN b.

·         BAI a, BAI b.

·   Perpaus kontzesiboak (ARREN, NAHIZ ETA, BA- ERE, -AGATIK ERE, -TA ERE, GABE ERE).

·         BESTERIK EZ = BAIZIK EZ = BAINO EZ = BAKARRIK.

·         DEMAGUN…-(e)LA = EMAN DEZAGUN…-(e)LA.

·         Kausazko perpausak (-eLAKO, BAIT-, ETA).

·         -TZAT + HARTU / JO / UKAN / EDUKI.

·         BAINO…-AGO / BEZAIN.

·         Ezintasuna nominalizazioarekin: EZ DAUKAT / EZ DAGO…-T(z)ERIK.

·         Ahalmena nominalizazioarekin: BADAUKAT / BADAGO…-T(z)EA.

·         ZILEGI IZAN (zilegiak).

-    ENTZUNAREN ULERMENA: Bakarkako amak (x 0,9) izeneko entzumen-ariketa. Aran eta Arianek elkarrekin egin zuten haur bat izateko hautua (=aukeraketa). Badira, ordea, bakarrik, beren kabuz (=beren kasa = beren kontura), ama izatea erabakitzen duten emakumeak ere, haurra adoptatuz edo klinika batean intseminazioz. Itsasne dugu horietako bat. Itemak azaldu ostean, ikasleek birritan entzun dute audioa. Gero, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Oharrak:

-          Nolako? Galderari erantzuten dio: bakarkaKO ama. -KO hori behar du ondoren daukan izenari lotzeko: nolaKO ama?

-          UrteOTAN = urte HAUETAN

-          HALAKO + Zenbaki zehatza: Konparaziozko egitura da. Zuk bost otarrainxka jan dituzu; nik, zuk halako bi jan ditut (hamar, beraz), zure bikoitza, alegia. Zuk platerkada babarrun jan duzu, eta nik, zuk halako bi (=zure bikoitza). Ez da asko erabiltzen eta normalean, zenbaki baxuekin. Albistegian agertu zitzaigun. Bakarka ama izatea erabakitzen duten emakumeen kopurua lehengo kopurua HALAKO HIRU da (=hirukoiztu egin da).

-          20 urterekin edo = 20 bat urterekin = 20

-          Gogoan izan: hilTZERAKOAN (justu hil baino lehen) // hilDAKOAN (hil ondoren.

-          Adurra = lerdea = baba

-          JARIO aditzaren adizki trinkoak (dario, darie, zerion, zerien). Likido nahiz gasekin erabiltzen dira. La Palmako uharteari laba dario (uharteak laba botatzen du). Kasu honetan, “adurra” edo “lerdea” DARIO > ZERION > nola egoten zen? Adurra ZERIOla(rik) (moduzkoa). Moduzko -ela(rik), NOLA? galderari erantzuten diona. Zure haur jaioberria egun osoan adurra dariola(rik) egoten da.

-          Balizko = posible

-          Gertagarria: gerta daitekeena. Egingarria: egin daitekeena. Biak dira “factible”

-          Partizipioa + NAHIAN = -T(Z)EKO ASMOZ = -T(Z)EKO ASMOTAN: izan nahian = izateko asmoz = izateko asmotan.

-          GAI atzizkiaren erabilera: -GAI(a):  etorkizunean zeregin edo rol hori izango duena edo izan dezakeena: presidenteGAIa = lehendakariGAIa: presidente edo lehendakari izango dena edo izan daitekeena; hautaGAIa: hautatua izan daitekeena (candidato); apaizGAIa: etorkizunean apaiz izateko ikasten ari dena; emazteGAIa = andreGAIa: ezkondu ondoren emazte edo andre izango dena; senarGAIa: senarra izango dena. AitaGAIA: egunen batean aita izango dena edo izan daitekeena.

-          Luzaroan = denbora luzean egon naiz autobusaren zain.

-          Itsasne bizkaitarra denez, bizkaera peto-petoa darabil egin dioten elkarrizketan. Hona bere jarduna ulertzeko zenbait arrasto:

nuen > NEBAN: erabaki nuen ama izan nahi nuela = erabaki neban ama izan nahi nebala

naiz > NAZ.

gutxi > GITXI; urrun > URRIN

hitz egin > BERBA EGIN

ere > BE (ni ere = neu be): ni ere aditua naiz gai horretan = neu be aditua naz gai horretan

gabe > BARIK

-®ekin > -GAZ: lagun batekin etorri naiz eskolara = lagun bategaz etorri naz eskolara.

-     AHOZKO ADIERAZPENA (30´): Haur ilehori, begiurdin beltzaran bat nahi nuke, mesedez. Jarridazu oparitarako. Izenburu horren pean, hazia edo semena Internetez erosi eta etxean intseminazioa egiteko ugalketa-prozedurari buruz aritu dira hizketan. Izan ere, bakarkako ama izan nahi dutenek intseminaziora jotzen badute, klinika homologatuetan egin lezakete tratamendua, baina bada beste aukera bat ere, askoz merkeago ateratzen dena: norberak intseminazioa etxean egitea, postaz jasotako hazia txertatuz. Girotze bideo-pasarte bat ikusi ondoren, horrezaz jardun dute hitz etea pitz. Honakook galdetu dizkiet:

§  Ea ongi iruditzen zaien hemen horrelako ugalketa-sistema zilegi ez izatea ala aukera (=hautabide) ona litzatekeen haurrik izan ezin dutenentzat nahiz bikotekiderik gabe ama izan nahi dutenentzat. 

§  Ikuspegi etiko batetik zer iruditzen zaien haziak horrela erostea eta amek eurek izango dituzten haurren ezaugarri fisikoak (nahiz psikikoak) aldez aurretik hautatzea.

§  Haurdunaldi subrogatua baino gogorragoa iruditzen zaien ala ez.

-          ETXERAKO LANAK:

-          Deklinabidea: bigarren orrialdea (33. esalditik aurrerakoak).

-        Hurrengo iritzi artikulua. Horretarako, bi gai dituzte aukeran: Bi aita dauzkat, eta?  / “Haur bat eduki nahi, kosta ahala kosta”.

-         OHARRA: artikuluari ekin aurretik, Zer deritzozu sexu bereko bikoteak ezkondu ahal izateari ? galderari erantzunez, zenbait ikaslek emandako iritzi taulatxoak irakur ditzatela aholkatzen diet, agian euren iritzi artikulua idazteko baliagarriak gerta dakizkielakoan. Arretaz erreparatu azpiko oin-oharrei.

-          Arrasto digitala izeneko cloze-testa.

-    Errusian haur bat adoptatzearen abentura. Familia ereduei eta haurrak izateari nahiz adoptatzeari buruz ari garenez, Errusiako haurren adopzioarekin lotutako jarduera honetan, lehenik, albiste bat entzun behar dute eta entzungai horrekin bi ariketa egin behar dituzte (lehenengoan, erreportajea ondoen laburbiltzen duen esaldia hautatu, eta bigarrenean, a), b) eta c) artean aukeratu). Ondoren, kontrastea adierazteko egituren adibideak biltzen dituen taula arretaz irakurri behar dute eta sei esaldi berridatzi beharko dituzte kontzesiboak erabiliz.

Albistearen laburpena: Blokeoa bertan behera utzi dute = indargabetu dute = baliogabetu dute eta horrek adopzio prozesua arindu eta azkartu du, baina txanponak badu bere IFRENTZUA: bikote homosexualek edo guraso bakarrek adoptatu ezinik jarraitzen dute.

Adierazi dugun zerbaiten kontrastea, zailtasuna, oztopoa edo muga adierazteko BAINA lokailua erabiltzen dugu. Baina, gauza bertsua adierazteko beste egitura batzuk ere erabiltzen ditugu:

o   alde batetik, perpaus kontzesiboak: -NAHIZ ETA / ARREN / BA-... ERE/ -AGATIK (ere), / -TA ERE / -RIK ERE / GABE ERE.

NAHIZ ETA adopzioaren prozesua neketsua izan ( = NAHIZ ETA adopzioaren prozesua neketsua den), adoptatzeak abantaila asko dauzka (bi aukera: aditz jokatu gabea, hau da, partizipioa edo jokatua + -EN).

Adopzioaren prozesua neketsua izanAGATIK (ERE), adoptatzeak abantaila asko dauzka (aditz jokatu gabea, hau da, partizipioa).

Adopzioaren prozesua neketsua izanDA ERE = izanIK ERE, adoptatzeak abantaila asko dauzka (aditz jokatu gabea, hau da, partizipioa).

Haurrak familia berrira egokitzeko arazoak izan BAditu ERE, azkenean ondo moldatu da (Aditza beti jokatzen dugu BA-…ERE erabiltzen dugunean).

Haurrak familia berrira egokitzeko arazoak izan ARREN (=Haurrak familia berrira egokitzeko arazoak izan dituen ARREN), azkenean ondo moldatu da (bi aukera: aditz jokatu gabea, hau da, partizipioa  edo jokatu + -EN).

o   Bestetik, kontzesibo balioa duten lokailuak, klip baten modura bi ideia, bi paragrafo, bi esaldi lotzen dituztenak: HALA ERE / HALA ETA GUZTIZ ERE / DENA DEN / DENA DELA / NOLANAHI ERE / EDONOLA ERE.

Adopzioaren prozesua neketsua da; HALA ERE, haur bat adoptatzeak abantaila asko dauzka.

Adopzioaren prozesua neketsua da; DENA DEN, haur bat adoptatzeak abantaila asko dauzka.

Adopzioaren prozesua neketsua da; NOLANAHI ERE, haur bat adoptatzeak abantaila asko dauzka.

Adopzioaren prozesua neketsua da; EDONOLA ERE, haur bat adoptatzeak abantaila asko dauzka.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina