25. eskola: 2025eko urtarrilaren 9koa
- Urte Berrirako zerrendak izeneko ulermen-jarduera, testu antolatzaileekin osatu beharrekoa, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ondoren, etxean bina esaldi egin ditzatela eskatu diet, honako galdera hauei erantzunez:
J Eta zuk, ikasle, 2025erako egin al duzu asmo, eginkizun,
nahi edo
betebehar berrien eta zaharren zerrendarik?
Zer egiTEARI utziko DIOZU aurten?
Eta zer egiTEARI ekingo DIOZU[1]?
OHARRA: Norbaitek berriz egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Zuzendu berri dugun jardueran honako esaldi hau irakurri ahal izan
dugu: “Ziur nago urtebeteREN BURUAN
pertsona horietako asko eta asko sasoi oneko morrosko desiragarriak izango
direla hainbeste ordu gimnasio lekuetan eman edo igaro ostean”. Gauza
bera al da “urtebete BARRU” eta “urtebeteREN BURUAN”? Ikasleei galdera hori
luzatu ostean, BARRU eta –®EN BURUAN arteko aldea azaldu diet.
BARRU / -®EN BURUAN:
BARRU
(“dentro de”) erabiltzeko erreferentzia momentuak oraina izan behar du, hau da,
momentu honetatik hasita kontatzen da; -®EN BURUAN (“al cabo de”),
berriz, beti erabil daiteke, erreferentzia momentua une hauxe denean,
iraganekoa denean eta geroaldikoa denean.
Hamabost urte BARRU erretiroa hartuko dut = hamabost urteREN BURUAN erretiroa hartuko dut = HEMENDIK hamabost urteRA
erretiroa hartuko dut.
Abuztuaren 1ean
Saloura joan nintzen eta bi asteREN BURUAN itzuli nintzen Irunera = …HANDIK bi asteRA itzuli
nintzen Irunera = Bi aste BARRU itzuli nintzen Irunera.
Datorren igandean oporrak hartuko ditut eta hamar egunEN BURUAN itzuliko naiz lanera = …HANDIK hamar egunERA itzuliko naiz lanera = (*hamar egun BARRU itzuliko naiz lanera) *(beste esanahi bat du, onartuko genuke baldin eta gaurtik hasiko bagina zenbatzen).
- Joan den egunean elikagaien bankuen gaineko
testu bat irakurri genuen. Batzuek gorriak ikusten dituzte eta estu
eta larri ibiltzen dira hilabete amaierara iristeko; hori dela-eta,
elikagaien bankuetara jo behar izaten dute elikagai edo jangai(en) bila. Beste
herritar askok, aldiz, dirutza
(=diru asko) xahutzen dute Eguberrietan
eta asko dira era bateko edo besteko gehiegikeriak
egiten dituztenak egunotan. Horixe
ikusi ahal izan dute girotzeko blogean ikusgai jarri diedan bideo-pasartean (“Zenbat diru
gastatuko duzu Eguberri hauetan?”) (Ikasbil db. 18015068).
Ondoren, bideoa-pasartearekin batera zetozen lau berridazketak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez (eurei kopia bana eman diet).
1. –en SEINALE:
Udazkenean gauden froga zera da,
hostoak erortzen ari direla.
Hostoak erortzen ari dira, udazkenean gaudEN SEINALE.
Gure herri eta hirietako kaleak argiz josita daude, Eguberriak
ate-joka dituguN SEINALE.
(Alegia, horrek erakusten du hori. Ideiak gurutzatu edo trukatu egiten dira)
2. – T(Z)EAGATIK
(kausazkoa) / partizipioa + -AGATIK (ERE)
(kontzesiboa)
Asko ikasTEAGATIK,
gainditu du azterketa (= asko ikasi duelako) (kausa adierazten du).
Asko ikasiAGATIK (ere),
ez du gainditu (= asko ikasi duen arren) (kontzesiboa).
3.–T(Z)EN UTZI // -T(Z)EARI UTZI
-t(z)en utzi: baimena ematea: Dabidek ez digu uzten mobila erabilTZEN; aitak ez digu utzi bere autoa gidaTZEN; gurasoek ez diete uzten asteburuetan gaupasa egiTEN.
- t(z)eari utzi: lehen egiten zen ekintza bat orain jada ez egitea: EdaTEARI utzi diot; erreTZEARI utzi diot; bingoan dirua jokaTZEARI utzi diot; ezkondu nintzenetik, gaupasak egiTEARI utzi diot; ikasle horrek klasera etorTZEARI utzi dio...
4. Partizipioa + AHALA
–en HEINEAN = -en NEURRIAN
ZENBAT ETA…-AGO, ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA)…-AGO
Urteak igaro = pasa(tu) AHALA,
gero eta zimur gehiago dauzkat.
Urteak igarotzen dirEN NEURRIAN, gero eta zimur gehiago
dauzkat.
Urteak igarotzen dirEN HEINEAN, gero eta zimur gehiago
dauzkat.
ZENBAT ETA
urte gehiAGO (izan = eduki = ditudan
= dauzkadan), ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA) zimur gehiago dauzkat.
Ikasturtea aurrera joan AHALA,
gero eta fotokopia gehiago dauzkagu.
Ikasturtea
aurrera doaN NEURRIAN, gero eta fotokopia gehiago dauzkagu.
Ikasturtea aurrera doaN HEINEAN, gero eta fotokopia gehiago
dauzkagu.
Ikasturtea
ZENBAT ETA aurrerAGO joan (= doan), ORDUAN ETA (=HAINBAT ETA) fotokopia gehiago dauzkagu.
Urtetik
urtera : de año en
año. Urtetik urtera, gero eta
zimur gehiago dauzkat begien inguruan.
Urteen joan-etorrian : en el transcurso de los años. Urteen joan-etorrian, Eguberriak ospatzeko ohiturak aldatu egin dira.
- Madrildik bidalitako eskutitza (Peñiscolatik bidalitakoaren parekoa) zuzendu dugu. Eskutitz horretan ikasleek testutik ateratako hainbat lokailu txertatu behar izan dituzte. Zuzenketak luze jotzen duen arren, oso egokia deritzot ariketa honi. Etxerako jarduera honen pareko indartze-ariketa – Tuteratik bidalitako eskutitza – banatu diet (erantzun-orriarekin batera).
- Hor atera zaigu honako hau: partizipioa
+ EZINIK = partizipioa + EZINDA (“nola?” galderari
erantzuten dio):
Berandu
iritsi naiz klasera, autoa aparkatu ezinIK = aparkatu ezinDA ibili
naizelako.
Eguberrietako
gehiegikerien ondoren, asko urtarrilean, hilabete amaierara iritsi ezinIK = iritsi ezinDA ibiltzen dira.
Lo hartu ezinIK =
Lo hartu ezinDA nabil.
Zarata honekin, gogoa bildu ezinIK gabiltza (= kontzentratu ezinIK) = gogoa bildu ezinDA gabiltza.
Alderantziz
ere egin daiteke: EZIN + partizipioa + -(r)IK = -TA:
Berandu
iritsi naiz klasera, autoa ezin aparkatuRIK = ezin
aparkatuTA ibili
naizelako.
Eguberrietako
gehiegikerien ondoren, asko urtarrilean, hilabete amaierara ezin iritsiRIK = ezin iritsiTA ibiltzen
dira.
Lo ezin hartuRIK = Lo ezin hartuTA
nabil.
Zarata honekin, gogoa ezin bilduRIK gabiltza (= ezin kontzentratuRIK) = gogoa ezin bilduTA gabiltza.
- Agian, urte berria hastearekin batera (= hasteaz batera), ikasleetako norbaitek hegoak astintzea erabaki du, hau da, independizatzea, bere kabuz (=bere kasa = bere kontura) bizitzera joatea, gurasoenetik alde egitea, alegia. Horrezaz jardun dugu solasean gaurkoan. Saia daitezela independizatzearen abantailak eta desabantailak bereizten. AHOZKO ADIERAZPENA: Hegatzeko garaia. “EAEko gazteek batez beste 31 urterekin hartzen dute hegoak astintzeko, hots, gurasoen etxetik (=gurasoENETIK) joateko erabakia. Ikasketak berandu arte luzatzen dituzte, eta kualifikazio edo gaitasun-maila handiagoko lanpostuak lortzen dituzte. Bien bitartean, gurasoen etxean (=gurasoENEAN) jarraitzen dute”. Berria.info”. Albiste honetatik abiatuta, gaiaz solasean aritu gara. Bikoteka egin dugu eta, ahal den neurrian, ikasle gaztetxo bat helduago batekin jarrita.
- Etxerako lanak:
- Tuteratik bidalitako eskutitza osa dezatela bertatik ateratako lokailuak hutsune egokietan txertatuz. Jarduera hau Peñiscolako eta Madrilgo gutunen antzekoa da eta, beraz, indartze-ariketa gisa ongi etorriko zaie (ebazpen orria ere eman diet, egin ondoren, norberak zuzen dezan).
- Aditza: Indikatiboko iraganeko NOR-NORK vs.
NOR-NORI-NORK bereizteko berariaz prestatutako ariketa (“Anderrek ni
Ken Zazpi taldearen kontzertuan ikusi NINDUEN (nor-nork), baina (berak
niri) ez ZIDAN (nor-nori-nork) batere kasurik egin”) (erantzunak
ere badituzte, eurek zuzentzeko).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- NOIZNAHI
EGITEKOA: Dendarik denda,
merkeenen bila izeneko
cloze-testa; izan ere, garai honetan izan ohi da merkealdia. Ariketarekin
batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu diet, non, erantzun zuzenak
agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi dizkiedan. Irakur dezatela arretaz, nahiz
eta erantzunak ongi eduki!!
[1] Zer egiteari ekin edo Zeri ekin = zer egiten hasi. EKIN = HASI. Baina nori
edo zeri
kasua eraman behar du derrigorrez. Lanari ekin diot = Lanean hasi naiz.
Euskara ikasteari ekin diot = euskara ikasten hasi
naiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina