2025/01/29

B2.2 mailako 30. eskola, 2025eko urtarrilaren 28koa

 

30. eskola: 2025eko urtarrilaren 28koa

-  Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORI lantzeko ariketa analitikoetan zalantzarik baduten galdetu eta, izanez gero, argitu. Ohar bitez, bi esalditan, ikusi ez ditugun adizkiak ageri direla (“ni zuri > nintzaizuke) (“ni zuei” > nintzaizueke).

-   Beherapenak edo merkealdia: kalitate bera prezio txikiagoan izeneko cloze-testa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez (zuzenketa-oharren ale bana eman diet).

Posposizioa (nori buruz, noren gainean, noren arabera, -rik gabe, noren inguruan, noren alde, noren aurka…) + -KO + izena. -KO horren beharra daukate, “klip” baten moduan, ondoren datorren izenari lotzeko:

BESTELA = OSTERANTZEAN: gogoan izan bi lokailu hauek baldintza zentzua (“si no ...”) daukatela: aurreko perpausean  esaten dena betetzen ez bada, zer gertatuko den adierazten dute. Gehienetan, bigarren  esaldiaren hasieran ageri dira.

AITZITIK aurkakotasun lokailua (“al contrario”, “al revés”): ez dago A eta B elementuen arteko aurkakotasunik (horretarako ditugu “berriz”, “ordea”, “aldiz” eta “ostera”), ideia biren artekoa baizik.  Normalean, lehenik zerbait ukatzen da eta, ondoren, kontrako ideia adierazten da.

UTZI aditzak bi nominalizazio desberdin eraman ditzake, eta daraman nominalizazioaren arabera, esanahia guztiz aldatzen da.

-T(z)EN  utzi: baimena ematea

- T(z)EARI  utzi:lehen egiten zen ekintza bat orain jada ez egitea (“dejar de…”)

IRAUN, PISATU eta NEURTU aditzak, singularrean.

Klase honek 125 minutu irauten DU (ditu); 60 kilo pisatzen DUT / ditut; igerileku honek 20 metro neurtzen DU / ditu.

“Gabonak helTZEAN” edo “Gabonak irisTEAN”, “azterketa hurbilTZEAN”, “urte berria hasTEAN”, “urte amaiera gerturaTZEAN”…          Baina…  

“Gabonak helTZEAREKIN BATERA” (=  helTZEAZ BATERA)  jendea neurririk gabe erosten hasten da.

Partizipioa + AHALA  = Aditz jokatua + –(e)n HEINEAN =  Aditz jokatua + -(e)n NEURRIAN

Hirurek denbora bilakaera adierazten dute; aldea, adizki jokatua daraman ala ez :

-   Konparaziozkoak errepasa ditzagun adibideen bidez izeneko txostentxoa banatu eta laburbildu diet. Bertan, adibideen bidez, errepasatu ditugu:

1.      Berdintasunezko konparaziozko pepausak osatzeko partikulak:

BEZAIN

ADINA = BESTE = BEZAINBESTE

ADINAKO = BESTEKO

2. Desberdintasunezko konparaziozko perpausak osatzekoak: 

BAINO…-AGO(a)(k)

BAINO…GEHIAGO / GUTXIAGO

Arreta berezia ipini diet berdintasunezko konparazioetan eta, hauen artean, honako bereizketa hau – joan den egunean azaldu niena – gogorarazi diet: kantitatea adierazteko, ADINA = BESTE = BEZAINBESTE erabiltzen da (Zenbat? galderari erantzuten dio eta “asko”ren konparazioa litzateke). Intentsitatea adierazteko, berriz – zenbatu edo kontatu ezin diren izenekin, abstraktuekin, adibidezADINAKO = BESTEKO = BEZAINBESTEKO erabiliko dugu  (Zenbateko? galderari erantzuten dio eta, nolabait esateko, “handia”ren konparazioa litzateke).

Herrietan (A) ez da ibiltzen hirietan (B) ADINA auto_ .

(zenbat auto?)(auto asko).

Herrietan (A) ez dago hirietan (B) ADINAKO trafikoA .

(zenbateko trafikoa?) (trafiko handia) (trafiko asko).

Hirietan (A) ez dago herrietan (B) ADINAKO lasaitasunA (zenbateko lasaitasuna?) (lasaitasun handia) (lasaitasun asko).

Nik (A) zuk (B) ADINAKO interesA daukat gai horretan.

(interes handia) (interes asko) .

Nik (A) zuk (B) ADINAKO gogoA daukat udako oporrak iristeko. (gogo handia) (gogo asko).

 

-       Konparaziozkoak eginez salgai dauden etxebizitzak alderatzen hasi baino lehen, honako hau galdetu diet. Zein da zuzena?

 

Etxebizitzetako prezioa? / Etxebizitzen prezioa?

 

Ondoren, euren idazlanetako zenbait esaldi jarri dizkiet arbelean, ea NOREN / NONGO artean egokia aukeratzen zuten. Ozenki aritu gara.

 

·         Geletako / Gelen kalitatea ez zetorren bat ordaindu genuenarekin.

·         Nire ustez, aurreikusita dagoen Hilton hotela zabalduko balute, Hondarribia herriko / herriaren nortasuna eta xarma galduko lirateke.

·     Bestalde, hoteleko / hotelaren kokapena ez zen aproposena, eta garraio publikoa hartu behar izaten genuen joan-etorrietarako.

·   Gazteak hain berandu emantzipatzeko arrazoietako bat honako hau izan liteke: etxebizitzako / etxebizitzaren prezioa gorantz doa eten gabe.

·         Baserriko  / Baserriaren kokapena aproposa da landetxe bat zabaltzeko.

·     Etxeetako / etxeen prezioa edo alokairukoa / alokairuarena jaitsiko balitz, gazteek gurasoenetik lehenago egingo lukete alde.

·   Nork finkatzen du gaur egun lurreko / lurraren salneurria ? Erakunde publikoek ? Espekulatzaileek ?

 

-    Ondoren, esaldi horietatik abiatuta, bi deklinabide kasu hauen azalpena egin diet eta zenbait adibide jarrita, kasu egokia aukeratzen jardun dugu denon artean.

 

1. Pertsonek eta animaliekin, hau da, bizidunekin,  beti NOREN kasua erabiliko dugu,  ez NONGO (salbuespenen bat bada. Adib. “gazteetako bat hurbildu zitzaigun” (“uno de los jóvenes”).

2. Baina horrek ez du esan nahi NOREN kasua  bizidunekin bakarrik erabiltzen denik. Adib.: EskolaREN izen ona zabaldu da Irun osoan. ZaborrAREN kudeaketa gai kezkagarria bihurtu da. HiriAREN abantailak askoz gehiago dira herri batENAK baino. EtxebizitzEN prezioa gora doa eten gabe.

3. Kolorea, tamaina, altuera, sakonera, izena, usaina, dimentsioak, egoera, kokapena, ospea edo fama, kalitatea, kualitateak,  propietateak, nortasuna, ezaugarriak, prezioa, balioa, abantailak, eragozpenak, alde onak, alde txarrak...  NOREN kasuan.

4. NONGO kasuak lekua adierazten du.

5. NOREN kasuak, berriz, jabetza edo propietatea adierazten du.

6. NOREN eta NONGO kasuak erlatibozko perpaus batekin interpretatu beharko bagenitu:

NOREN: NORK duen, daukan…zerbait edo norbait adierazten du: Aitona-amonEN baserria: Aitona-amonEK DAUKATEN baserria.

NONGO: NON dagoen, dabilen….zerbait edo norbait adierazten du: AlkizaKO eliza: AlkizaN DAGOEN eliza.

 

-       AHOZKO JARDUERA: Etxebizitzak alderatzen: Etxe egokienaren bila. Ikasleek salgai dauden hainbat etxebizitzaren datuak izango dituzte esku artean. Binaka jarrita, etxeak edo etxe horien ezaugarriak alderatu behar izan dituzte, berdintasunezko nahiz desberdintasunezko konparaziozko perpausak, nolakotasuna zein kopurua adierazten dutenak eginez. Oso denbora gutxian aritu garenez, hurrengoan berriro jarduera honi heltzekotan geratu gara. Adib.:

 

·    Irungo erdigunean salgai dagoen etxea (A) Behobia auzoan dagoena (B) BEZAIN argitsua da (nolakoa da?)

·        Puiana auzoan salgai dagoen etxeak (A) Jaizubian dagoenak (B) ADINA = BESTE (euro_) balio du (zenbat balio du?)

·        Luis Mariano etorbidean salgai dagoen etxeak (A) Dunboa auzoan dagoenak (B) ADINA = BESTE metro koadro_ dauzka (zenbat metro dauzka?)

·        Letxunborro etorbidean salgai dagoen etxeak (A) Palmera-Montero auzoan dagoenak (B) ADINAKO = BESTEKO argitasuna dauka (zenbateko argitasuna?)

·        San Juan plazan salgai dagoen pisuak (A) Luis Mariano hiribidean dagoenak (B) ADINA = BESTE logela_ dauzka, baina komun_ GUTXIAGO (zenbat logela? Zenbat komun?).

-            Etxerako lanak:

-     Deklinabidea lantzeko ariketa. Osatu hutsuneak deklinabide atzizki egokiak  erabilita ( Getariako arrantzaleek…). Lehenengo orrialdea egina ez badute, egin dezatela eta egina baldin badute, zuzen dezatela gaurko ebazpen-orriekin.

OHARRA: Gogoan izan, norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dagoela blogean.

-     NOR-NORI sistemako Alegiazko baldintza edo hipotetikoa lantzeko neuk prestatutako ariketa (klasean zuzentzeko).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-          NOREN vs. NONGO deklinabide kasuak bereizteko berariaz prestatutako ariketa.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-    Ondo pentsatu urtarrileko aldapako beherapenetan erori aurretik izeneko jarduera. Gaur zuzendu dugun jarduerako testua oinarritzat duen ariketa honetan, esaldiaren 1. zatia eta 2.a uztartu behar dituzte ikasleek. Esaldi horietako informazioa ezaguna egin bide zaie, gaurko testuan (“Beherapenak edo merkealdia: kalitate bera prezio txikiagoan”) agertu baita.

-        BITARTEKOTZARAKO bi fitxa, bina adostuta, bakoitzak bat presta dezan: Gorabehera handirik ez eguneroko saskian eta Beherapenak.

-     NOIZNAHI EGITEKOA: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu diet, non, erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi dizkiedan. Irakur dezatela arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina