2025/01/22

B2.2 mailako 28. eskola, 2025eko urtarrilaren 21ekoa

 

28. eskola: 2025eko urtarrilaren 21ekoa

·        ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? (3.). Sei albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute, beti ere, dauden bi distraktoreak saihestuz. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharra:

1.      “Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

·         Deklinabidea gogoratzeko txostena banatu nien oporren aurretik. Bertan, deklinabide taulak dituzte:

o Izen arrunt nahiz bereziak, bizidunak  nahiz bizigabeak, bokalez zein kontsonantez amaituak.

o   Pertsona izenordeak.

o   Leku-adberbioak.

o   Izenorde erakusleak.

o   Izenordain zehaztugabeak.

o Zenbatzaile zehaztugabeek aditzarekin eskatzen duten komunztadura – singularra / plurala – erakusten duen taulatxo bat. 

Txostena aterarazi eta, esku artean dutelarik, honako  oharrok egin dizkiet:

o   Arreta berezia ipin dezatela –A berea edo organikoa duten hitzetan, hauek mugagabean ez baitute galtzen –A hori:

Edariak erosterakoan, ainbat dendaTAN eskatzen diete gaztetxoei nortasun agiria, adin txikikoak diren ala ez egiaztatzeko.

Edozein eskolaTAN matrikula dezakezu haurra; denetan heziketa ezin hobea jasoko du.

Zein plazaTAN izango da hildako mendizaleari egingo zaion omenaldia? Zenbat alaba dauzka?

Etxe-abere bat aukeratu beharko bazenu, zein animalia edukiko zenuke etxean?

Zein neskari ahaztu zaio poltsa?

Zenbat pertsona (pertson) elkartu da udaletxe aurrean elkarretaratze horretan?

Zein tabernatan egingo dugu hamaiketakoa?

Pluralean bai, galtzen da -A hori: pluralean beti A+E > E: tabernEtan, eskolEtan, plazEtan…. Eta ez ahaztu, hitz baten pluralean bi E metatzeko, hitzak amaieran –E propioa behar duela: umeEK, etxeEN, kaleETAN.

                        Arretaz erreparatu diogu berezko -A edo -A organikoa duten hitzen     zerrendari, baita -A propioa duten mailegu eta atzizkiei ere. Ondoren, leku izenetara jo dugu:

·         Leku izen

1.      batzuek –A berea dute (DonostiA, GetariA…) eta beraz, beti eutsiko diote -A horri.

2.      beste batzuek ez dute –A-rik  (Altsasu, Urretxu…) eta beraz, ez dute sekula hartuko.

3.   eta beste batzuek, berriz, -A hori kasu batzuetan bakarrik hartzen dute, ez delako berezko –A, determinatzailea baizik (Azpeiti(a), Hondarribi(a), Iruñe(a)…): Zein kasutan? NOR eta NON kasuetan.

DonostiA (a berea du): DonostiaN, DonostiaKO, DonostiaRA, DonostiaTIK

GipuzkoA (a berea du): GipuzkoaN, GipuzkoaKO, GipuzkoaRA, GipuzkoaTIK

Hondarribia (a hori ez da berea, determinatzailea baizik. Nor eta Non kasuan agertuko zaigu; beste kasuetan, berriz, ez): HondarribiaN, HondarribiKO, HondarribiTIK, HondarribiRA.

Iruñea (gauza bera): IruñeaN, IruñeKO, IruñeRA, IruñeTIK

Azpeitia (gauza bera): AzpeitiaN, AzpeitiKO, AzpeitiRA, AzpeitiTIK

·  Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR sistema. Etxera bidalitako ariketa analitikoetan zalantzarik bai? Hala balitz, argitu.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

·     Joan de eguneko klasean, ahozko itzuli bat egin genuen, adizki hipotetikoak lantze aldera, honako galdera honi erantzunez: "ZER EGINGO ZENUKE DATOZEN EGUBERRIETAN LOTERIA TOKATUKO BALITZAIZU?"


Ahoz banan-banan galdera horri erantzun zioten eta nik erantzun guztiak jaso nituen. Gaur, esaldi horiek banatu dizkiet, baina adizki hipotetikoak ezabatuta,                 eurek jar zitzaten. Klasean aritu gara egiten. Erantzun orria (hau da, esaldiak euren adizkiekin,                 joan den egunean jaso bezala) atzealdean dutenez, etxean zuzen dezatela esan diet.

·         AHOZKO BITARTEKOTZA: Joan den egunean labur eta erdipurdi egin genuela eta, gaurkoan behar adina denbora eskaini diogu jarduera honi.

o   Hasteko, bikoteetako bikotekide batek, urte hasieran ekitaldi ekonomiko berria hasten dela kontuan izanik,  Usurbilgo udalaren aurrekontuaerakusten duen infografia azaldu dio besteari. Horretarako, zenbait aholku azaldu dizkiet hasi baino lehen.

o   Ondoren, beste bikotekideak, merkealdian edo beherapen garaian bete-betean murgilduta gaudela-eta, Sexuaren araberako erosketa joerak edo ohiturakerakusten dituzten infografiak interpretatu ditu.

·     AHOZKO ADIERAZPENA: Elkarrizketa: Dena erdi prezioan! A zer mauka! Izeneko mintza-fitxa baliatuz, binaka aritu dira merkealdiaren gainean hizketan. Gaurkoan, lehenengo puntua izan dute mintzagai (hurrengoan jarraitzekotan geratu gara):

Bai, Errege egunaren biharamunean hasi zen ofizialki merkealdia edo beherapen-garaia. Mota guztietako saltokiek (bai denda fisikoek, bai on-line dendek) euren salgaien prezioa merkatzen dute urtean bitan (neguko eta udako merkealdietan) eta, tarteka topa daiteke maukaren bat (=pagotxaren bat).

Zuk zeuk ba al duzu merkealdian erosketak egiteko joera(rik)? Ala urte osoan zehar erosten duzu? Merezi izaten al du merkealdia hasi arte itxarotea, nahiz eta ordurako gure neurriko edota gustuko arropa agortuta egoteko arriskua izan?

-            Etxerako lanak:

-      Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR sistema lantzeko Euskaljakintza.com web-orriko bi ariketak (neuk egokituak). Klasean zuzentzekoak. 

     OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-          Beherapenak edo merkealdia: kalitate bera prezio txikiagoan izeneko cloze-testa.

-   EGINA EZ BADUTE, EGIN DEZATELA: Eguberrietarako bidalitako deklinabide ariketa (Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak), hurrengo egunean zalantzak argitzeko. 

     OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     EGINA EZ BADUTE, EGIN DEZATELA: Berdintasunezko konparazioa lantzeko ariketak (Gramatika eta ariketak II liburuko 182-3. orrialdeetakoak). Erantzunak ere banatu nizkien, egin ostean, zuzen zitzaten. Hurrengo egunean argituko ditugu balizko zalantzak.

-     NOIZNAHI EGITEKOA: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu diet, non, erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi dizkiedan. Irakur dezatela arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!

     OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina