2025/01/17

B2.2 mailako 27. eskola, 2025eko urtarrilaren 16koa

 

27. eskola: 2025eko urtarrilaren 16koa

-       Joan den egunean, baldintzaren ikuspegi orokorra azaldu nien eta euskaran ditugun hiru baldintza desberdinen berri eman nien (erreala / alegiazkoa edo hipotetikoa / irreala edo iraganekoa), zertan desberdintzen diren azpimarratuz. Gaurkoan, etxean irakurria behar luketen txostena baliatuz, txostenaren lehenengo orrira jo eta hiru baldintzen arteko alde hori gogorarazi diet; ondoren, 2. baldintzari heldu diogu bete-betean: ALEGIAZKO BALDINTZA edo HIPOTETIKOA. Azalpen zehatza eman diet txosteneko adibideak irakurri ahala:

                                                              i.      Formalki –KO-KO daramatela, bai baldintza ataleko aditz nagusiak, bai ondorio atalekoak. Horregatik deitzen diot “koko”.

                                                            ii.      Ezezkoen ordena baiezkoenaren berdina da hiru baldintzetan, (menpeko esaldietan ohikoa den bezala). Hona hemen ikasle baten idazlaneko adibide okerra:

“Guri dagokigunez, gure herriko dendak etorkizunean itxita ikusi EZ nahi baditugu (> ikusi nahi EZ baditugu), tokian tokiko dendetan erostea komeniko litzaiguke”.

                                                          iii.      Alegiazko baldintzaren erabilera, hots, zertarako erabiltzen den (amets nahiz desioak adierazteko, mesedeak eskatzeko, proposamenak egiteko, zerbait modu leunean edo adeitsuan adierazeko).

                                                          iv.      Ondoren, baldintza hipotetikoko adizkiak nondik sortzen diren azaldu diet:

Arau orokorra:

Indikatiboko iraganeko adizkiei amaierako –(e)N kendu eta aurrean BA- ipini, ñabardurak ñabardura.

Hirugarren pertsonako adizkietan (3. pertsona hori izakia nahiz objektua izan daiteke), iraganeko Z- > L- bihurtzen da: zuen > *bazu > baLu).

Adibidez:

                                                             v.      NOR. Ni atzo mendira joan NINTZEN.

> Ni datorren asteburuan mendira joango BANINTZ_

 

                                                          vi.      NOR-NORI. Niri mugikorra galdu ZITZAIDAN.

>Niri mugikorra galduko *BAZITZAIDA_ > *BALITZAIDA_ > BALITZAIT_...

 

                                                        vii.      NOR-NORK: Zuk atzo ogia erosi ZENUEN.

>Zuk gaur ere ogia erosiko  BAZENU_...

Hark gu bere etxean hartu GINTUEN.

>Hark gu bere etxean hartuko BAGINTU_...

Mikelek ogia erosi ZUEN.

>Mikelek ogia erosiko *BAZU_ > BALU_…

 

                                                      viii.      NOR-NORI-NORK: Zuk guri musu bat eman ZENIGUN.

>Zuk guri musu bat emango BAZENIGU_....

                                                          ix.      Zuk niri musu bat eman ZENIDAN.

>Zuk niri musu bat emango *BAZENIDA_ > BAZENIT_

                                                             x.      Mikelek guri musu eman ZIGUN.

>Mikelek guri musu emango *BAZIGU > BALIGU_….

 

Azkenik,  teoriaren amaierako taulan duten oharra azpimarratu diet, hagitz garrantzitsua delakoan.


Ohar horrek zera dio, baldintza atalean baldintza hipotetikoa erabiliz gero, ondorioak ere hipotetikoa izan behar duela derrigorrez (eta ez lehenaldia): Loteria tokatuKO BALITZAIT, Mirakontxan etxe dotore bat erosiKO (nuen) NUKE.

Hona hemen ikasle baten idazlanetik ateratako adibide okerra:

Nire landetxea zabalduKO BANU, inguruko zelaiak garbi egonGO (ziren) LIRATEKE; horrez gain, kanpotarrek Euskal Herriko ohiturak eta kultura ezagutuKO (zituzten) LITUZKETE eta nekazaritza-sektorea sustatuKO (zen) LITZATEKE, zeren bertako produktuak erosiKO LITUZKETE (zituzten).

-     Ondoren, Alegiazko baldintza edo hipotetikoaren barnean, NOR sistema errepasatu dugu, taula arbelean jarrita. Ohar bitez, sistema honetan ondorioak –TEKE daramala (gainerako sistemetan, -KE bakarrik).

-        AHOZKO ITZULIA: Eguberriekin estuki lotuta dago loteria (joan den egunean zuzendu genuen honi buruzko jarduera). Ikasleei loterian sosik tokatu zaien galdetu diet eta datorren urtean edo urteren batean tokatuKO BALITZAIE, zer eginGO LUKETEn.




Ahoz banan-banan galdera horri erantzun diote; jakina, erantzuteko esaldi osoa egin zezaten behartu ditut, alegiazko adizkiak sar zitzaten.

-          Berdintasunezko konparazioa:

                                                              i.      Hasteko, joan den egunean azaldutakoa gogorarazi diet, batetik,  Berdintasunezko konparazioa errepasa dezagun” orrian daukaten azalpena eta, bestetik, Gramatika eta ariketak II liburuko 49. gaiaren (180-181.or.) laburpena erabiliz.

                                                            ii.      Ondoren, etxerako zuten ariketa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek 30 esalditako hutsuneak osatu behar zituzten, HAIN / BEZAIN / HAINBESTE / ADINA (=BESTE) erabiliz, kontuan izanik:

1.      Termino bakarra dagoen ala bi termino konparatzen diren.

2.      Kantitatea ala kualitatea adierazten duen.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  Binaka jarrita, gaurko  bitartekotza fitxak prestatzekotan geratu ziren: batetik, merkealdian edo beherapen garaian murgilduta gaudela-eta, Sexuaren araberako erosketa joerak edo ohituraketa, bestetik, urte hasieran ekitaldi ekonomiko berria hasten dela kontuan izanik,  Usurbilgo udalaren aurrekontua”. Gaur, elkarrekin egin dute ahozko bitartekotza, baina hurrengoan berriro egitekotan geratu gara.

-            - Etxerako lanak:

Ekarri: DEKLINABIDEA LANTZEKO TXOSTENA!!!!

-      Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR sistema. Bi ariketa analitikoak egin eta zuzen ditzatela.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     Berdintasunezko konparazioa lantzeko ariketak (Gramatika eta ariketak II liburuko 182-3. orrialdeetakoak). Erantzunak ere banatu dizkiet, egin ostean, zuzen ditzaten.

-          Iritzi artikulua: Hegatzeko garaia.

-     EGINA EZ BADUTE, EGIN DEZATELA: Eguberrietarako bidalitako deklinabide ariketa (Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak), hurrengo egunean zalantzak argitzeko.

-     AUKERAKO JARDUERA: ENTZUNAREN ULERMENA: Perfumea. Bizpahiru bider entzun eta aukeratu erantzun zuzena.

-          EGINA EZ BADUTE, EGIN DEZATELA: Aditza: Indikatiboko iraganeko NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK bereizteko berariaz prestatutako ariketa (“Anderrek ni Ken Zazpi taldearen kontzertuan ikusi NINDUEN (nor-nork), baina (berak niri) ez ZIDAN (nor-nori-nork) batere kasurik egin”) (erantzunak ere badituzue, zeuek zuzentzeko).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     NOIZNAHI EGITEKOA: Dendarik denda, merkeenen bila izeneko cloze-testa; izan ere, garai honetan izan ohi da merkealdia. Ariketarekin batera, zortzi orrialdeko txosten bat banatu diet, non, erantzun zuzenak agertzeaz gain, horiei buruzko azalpenak zehatz-mehatz idatzi dizkiedan. Irakur dezatela arretaz, nahiz eta erantzunak ongi eduki!!

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina